Pello Lizarraldek, “Ipuina engainua da” liburuari buruz

[Irailaren 12an nire Ipuina engainua da bilduma berria aurkeztu nuen Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorearekin eta Pello Lizarralde idazlearekin batera. Hauek dira Pellok ekitaldian liburuari buruz irakurri zituen hitzak, zeinengatik, zer esanik ez, oso eskertuta bainatzaio. Argazkia Joni Ubedarena da].

Garai batean sinetsita nengoen idazle baten ausardia neurtzeko ezinbestekoa zela bere lanen formek eta egiturek zuten aberastasunari erreparatzea. Urteak joan ahala ohartu naiz idazle ausartak, batez ere, bere baitan eta inguruan duenari beldurrik gabe begiratu eta gero, jasotakoa zorrotz ematen ikasi duela.

Iban Zaldua, hasi zenetik izan da idazle ausarta. Esango nuke beti konbentzitua egon dela, inori begiratu gabe, berea bilatu behar duela. Ipuina engainua da izeneko liburu berri honek ederki erakusten du hori.

Aurrekoetan bezala, bilduma anitza da, eta, hala ere, ipuinotan ez dugu aurkituko estilo ariketarik,, generoetan esperimentatzeko asmorik edo antzekorik. Aniztasun hori beste zerbaiten ondorioa da. Gutxi edo ezer irakurtzen ez duten idazleak hainbeste ugaritu diren honetan, ez da ohikoa ikustea zein neurritan betetzen dituen literaturak Iban Zalduaren bizitza eta obra.

Aniztasun horrek baditu arriskuak, eta Iban Zalduak ederki itzuri egin die. Beharbada ipuin guztiek ez zaituzte berdin gogobeteko, baina hemen ez dago kirrinka egiten duenik. Adar batetik edo beste batetik atereak izan, koherentzia dago, izan ere, beste ezer baino lehen hemen idazle izan aurretik aurreiritzi gutxiko irakurle bat dago, eta bereganatuak dituen forma horiek baliatuz bere mundua eta, bide batez, gurea ekartzea lortzen du.

Liburu baten Izenburuak beti lagundu beharko liguke liburuaren muinera iristen. Ez da nahikoa deigarria izatea. Ipuin hitzaren adieretako bati kasu eginez gero, bilduma honen izenburua erredundantea da. Adiera horretatik tiraka, Iban Zalduak, hain ongi erabiltzen duen ironia erabiliz, jauzi bat proposatzen digu. Eta horrekin batera galdera bat heldu da: ez ote da fikzioa, ipuina oraingo honetan, hainbeste ertz dituen errealitate honi erantzuteko erarik zintzoena eta eraginkorrena?

Iban Zalduaren jarraitzaileak badaki kostante bat dela bere obran literaturak izan behar dituen eginkizunen eta mugen gaineko kezka. Azken bilduma honetan ere badaude adibide bikainak, esate baterako, Ipuina adulterioa da, saiakera itxurako ipuina edo ipuin itxurako saiakera, edo Tailerraren ostean. Zorionez, biek ala biek idazlearen eta bere lanaren konpromisoez aritzen diren batzuen bizioa saihesten dute: irtenbideak ematekoa. Zalduak galderak eta zalantzak jartzen ditu paper gainean. Ondorengo lana gure kontu dago.

Liburu bat irakurtzen ez bukatzeko arrazoietako bat aspertzea izaten da. Okerragoa da haserrea eragin digulako uztea, gehienetan idazleak tranpa egin duelako, ez digulako nahiko begirune erakutsi, alegia. Leziorik emateko asmorik gabe idazteak konpontzen du gaitz hori. Zintzoa izango bada, idazleak bere burua jarri behar du obraren muinean. Zaila da liburu batek mundu zabala hartzea. Asmo gehiegizkoa litzateke, eta, hala ere, badaude zeure mundua edo horren atal bat bikain jasotzen dutenak. Eta Iban Zalduarena irakurtzean erraza da inguratzen gaituena antzematea. Horretarako ongi aukeratu behar da non eta nor jo, nor eta zer destatu, ahaztu gabe gu ere ez garela urrun ibiliko.

Oraingo ipuin hauetan, egile honen aurreko liburuetako beste askotan bezalaxe, beldurra eta gezurra gailentzen dira, eta liburua zeharkatzen dute alderik alde. Planta eginez ihes egitea lortuko dutela uste dute ipuinotako gizonek eta emakumeek, urrats txikiak egiten dituzte egunero beti hilgarria ez den amildegirantz.

Ipuina engainua da honek agerian uzten ditu, besteak beste, heroi izatearren muga arriskutsuak zeharkatzeko gai denaren gezurrak, arazoaren muinetik ihes egitearren huskeriatan nahasten direnen digresioak, urteak bete ahala beti lehengoan dagoela sinesten duenaren ameskeria barregarria, ilusio kolektibo handien kaxa irekitzeak eta ixteak eragiten duen nahigabea, beldurrak eragindako uste okerren metatzeak dakarren madarikazioa …

Aurrekoa guztia ez da gauza txikia. Eta bada gehiago. Turistentzako gida-liburu batean agertu ohi den bezala, liburu honek mérit le voyage. Bidaiak merezi du.

Entusiasmoaren alde

Entusiasmoaren garra bizirik mantentzea, kultura arloan, oinarrizkoa dela uste dut. Tira, kultura arloan eta, ziurrenik, bizitzaren edozeinetan. Irakurtzen, entzuten, ikusten, sentitzen ditugun ekoizpen kulturalekiko suhartasuna da bilatzen jarraitzera eramaten gaituena, eta, halako bitxiren bat aurkitzen dugunean, ingurukoekin konpartitzera, haren propagandista sutsuak bihurtzera. Ni neu espazio honetan behin baino gehiagotan egiten –transmititzen– saiatu naizen bezala. Gerta dakizuke berriki deskubritu dituzun gauzekin –adibidez, Bonnie Jo Campbell idazle estatubatuarraren Madres, avisad a vuestras hijas ipuin liburu gordinarekin (Dirty Works 2021), beste entusiasta batek, Pello Lizarraldek gomendatu ziguna, bide batez esanda–, edo “birdeskubritzen” dituzunekin –hitzaldi bat emateko enbarkadak, duela hilabete batzuk, Ramon Saizarbitoriaren Martutene berrirakurtzera eraman ninduen, eta ez dakit ondo atera zitzaidan ala ez, baina antolatzaileei behintzat horregatik natzaie eskertuta, nobelatzar hari berriro heltzeko betebeharra ezartzeagatik…–.

Ez zait iruditzen, ordea, entusiasmorako jitea eta bereizmenaren gaitasuna kontraesanean daudenik, duela ez hainbeste (euskal) sareetan (mikro)berpiztu zen arrazoia versus emozioa eztabaidan gertatzen zela bururatu zitzaidan bezala –gizakiok, animalia gisa, funtsean gorputza bagara, ez dut ikusten kontradikziorik arrazonamenduan oinarritutako emozioen aldeko aldarrian–. Alban Berg-ek zioen bezala, «musika, aldi berean, sentimenduaren eta ezagutzaren emaitza da, zeren bere dizipuluei, konpositoreei eta interpreteei, talentua eta entusiasmoa ez ezik, ikasketa eta hausnarketa luzearen emaitza diren ezagutza eta pertzepzioa ere eskatzen baitie».

Beste arteei ere hitzez hitz aplika dakiekeen zerbait iruditzen zait, literaturaren kasuan “konpositoreen” lekuan “egileak” edo “idazleak” ipiniz, eta “interpreteenean” “kritikariak”, akaso. Baldin eta figura biak derrigorrez hesi batek banatuta egon beharko balira, noski, horren argi ez daukadan zerbait: badakit boladan dagoela, «zakurrak ez du zakurrik jaten» printzipio gremialaren aplikazioaren ondorioz, baina ez da beti horrela izan, eta agian ez luke horrela izan behar. Lidia Txukovskaia idazle errusiarraren saiakera batean irakurri nuen bezala, gaztaroan ezagutu zituen zirkulu literarioko partaideei buruz, «elkarri parodiak idazten jakin zuten, –nobelez, nouvelleez eta ipuinez gain– epigramak osatu zituzten… Idazleak ziren, hau da, ez bakarrik sortzaileak, baizik eta baita kritikari basatiak ere, polemikoak, elkarri iseka egiteko gai zirenak».

(Txukovskaiak gehitzen zuen, penaz, hori guztia egiteko gai zirela gaztaroan ezagutu zituen idazle sobietarrak, baina ez «ez elkarri ‘jomugan’ jartzeko gai», testua idatzi zuenean, 1970eko hamarraldian, Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboaren Idazleen Batasuneko kideei leporatzen zien bezala, bera handik egotzi zutenean, botere sobietarrarekiko disidentea izateagatik. Baina hori beste gai bat da: hemen azpimarratu nahi nuena zen idazlea eta kritikari oldarkorra izatea ez dela, berez, kontradikzio bat).

Entusiasmo akritikoaren aldarria, alde horretatik, ez zait askorik interesatzen: heldutasun ezaren aldera labain egiteko joera izan ohi du, adiskidekeria gehiago edo gutxiago disimulatura, eta gorazarrezko adjektibo durunditsu bezain barne-hutsen erabileraren desmasietara. Etikoki zalantzagarria ez ezik, estetikoki irensgaitza iruditzen zaidana, gehiegitan.

Agian unea da hizkuntza mailako (beste) invent bat proposatzeko –euskaldunak halakoen zale garenez–, eta bi gauzaren artean desberdintzen hasteko: alde batetik, entusiasmoa edo gogoberotasuna –kritikoa, aktiboa, oinarriduna, dialogikoa, arnas luzekoa–, eta, bestetik, gogoberokeria –akritikoa, azalekoa, egotista, norabide bakarrekoa, instagramzalea–. Uste dut batez ere aldaera horretaz ari zela Andoni Egaña hauxe idatzi zuenean: «Jasangaitz gertatzen zaizkit entusiastak. Entusiasmoak denborarekin duelako harreman handia, iheskortasunarekin, une jakin batean entusiasta dena hurrengoan akaso ez delako» (Berria, 2020-V-19).

Eta, horrekin lotuta, esango nuke entusiasmoa, benetan kritikoa bada, izan daitekeela hesi bat, xumea bada ere, literaturaren munduan merkatua egiten ari den aurrerabide ia ezeztaezinaren aurka. Literaturan, mailak bereizteari uzten zaionean, merkatua baino ez baita geratzen. Merkatua, eta, behin behinean, ideologia, agian. Baina azken buruan, eta nagusiki, merkatua. Azaleko entusiastak besoak zabalik hartzen dituena, bide batez esanda: beti beharko ditu propagandistak; debaldekoak eta tolesgabeak badira, hobeto.

Azken aldi honetan entusiasmo literarioa hobekien transmititzen jakin didan liburua Ignacio Echevarría kritikariaren El nivel alcanzado izan da (Debate 2021), literatur lan ez-hispanikoen inguruko bere kritiken, hitzaldien eta oharren bilduma. Laurence Sterne-rengandik V.S. Naipaul-engana, Sthendal-engandik Iris Murdoch-engana, hamaika egile eta obraren inguruko iruzkin ezin interesgarriagoak, konexio pila bat iradokitzen dituztenak, egilearen background eruditu zabalaren oinarritik abiatuta. Aspaldi ez nituela liburu baten horrenbeste orrialde-izkin tolestu: are berez erakargarri begitantzen ez zitzaizkidan liburu eta autoreekiko kuriositatea piztu dit Echevarríak.

Baina hori posible da, neurri handi batean, Echevarría literatur eremu espainiarreko kritikari gupidagabe eta erosezinena izan zelako, garai batean –euskal irakurleak gogoratuko du, akaso, Soinujolearen semeari egin ziona, Babelia gehigarriko sinadura nagusia zenean, eta larrutik ordaindu zuena, bere tribunaren galera guztiz injustuarekin hain zuzen ere: kritikariak kikiltzeko jitearen ohitura oso da aspaldikoa–. Echevarríaz fida gaitezke, asmatu ala ez asmatu –hori beste kontu bat da–, ona eta txarra, ezinbestekoa eta baztergarria bereizten saiatu delako bere karreran zehar, eta hori nabaritzen delako zerbait sutsuki gomendatzen duenean.

Mitxiko Kakutani-k, The New York Timeseko literatur kritikari ohi txit beldurgarriak, hauxe erantzuten zuen bere azkeneko lanaz (Ex-Libris: 100+ Books to Read and Re-read, Penguin-Random House 2020), ea kritikari ala zale bezala idatzi zuela galdetu ziotenean: «Nire kritikari lana liburu berrien balorazio zintzoak egitea zen, eta azaltzen saiatzea zergatik uste nuen irakurtzea merezi zutela, edo ez; liburu hori autore baten obran kokatzen saiatzea eta, ez-fikzioaren kasuan, gai bereko beste batzuekin nola aldera daitekeen azaltzea. Ex Librisen maite ditudan liburuez idazten ari naiz, edo garrantzia dutela uste dudanez. Ez daukat erotzen ez nauen obrarik disekzionatu beharrik. Hau da, zorioneko lan bat, nire zale-entusiasmoa partekatzea».

Eta nik diot: zale-entusiasmo horretaz fida gaitezke, Kakutanik, aurretik, disekzio horiek zintzotasunez eta pertseberantziaz egiteko ausardia izan zuelako.

Hain zuzen ere.

[Artikulu honen bertsio dezente laburtuago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen, 2022ko martxoaren 5ean]

Piknik estralurtarra

I

Udazkeneko gure bigarren erdi-konfinamendua ustekabeko enkontru batek arindu zidan, Gasteizko Zuloa liburu dendan izan nuena Arkadi eta Boris Strugaski-ren Piknik estralurtarra nobelarekin: ordaintzera nindoala, begi-ertzarekin apalean ikusi, eta, bi aldiz pentsatu gabe, hartu eta gainontzeko liburu eta komikien pilan gehitu nuen. Anaia horiek II. Mundu Gerra osteko zientzia fikzio sobietarraren ordezkari nagusienetakoak izan ziren, eta gaztetan haien nobela bat edo beste irakurri nuen arren (Zein zaila den jainko izatea bikaina, adibidez), galduta nien pista, irakurle gisa. Liburua, gainera, film laudatu baten oinarria izan zen, Andrei Tarkovski-ren Stalker; nobelaren espainierazko azken edizio hark (Gigamesh, 2020), hain zuzen, izenburu nagusitzat erabiltzen zuen filmarena, ezagunagoa delakoan, eta azpi-izenburutzat, ordea, jatorrizkoa.

Ederki pasatu nuen irakurtzen: generoaren mugak gainditzen dituen lan horietako bat da, betiere argiki zientzia fikziozkoa izateari utzi gabe. Premisa iradokitzailea da oso: Lurrak estralurtarren bisitaldi misteriotsu bat jasan du, herrialde batzuetako eskualde jakin batzuei eragin diena, hildakoak eta suntsiketa batzuk sorraraziz. Ez dira bertan geratu, ordea: ez dirudi (printzipioz) inbasio baten abiapuntua izan denik. Baina espazioko bidaiariak egondako eskualdeetan («Zona» gisa izendatuak) fenomeno bitxiak hasiko dira gertatzen (fisikaren legeek ez dute ohi bezala funtzionatzen bertan; hildakoak berpizten dira; erradiaziorik ez badago ere, Zonekin kontaktuan dabiltzanek gaixotzeko joera dute, eta haien seme-alabek mutazio bitxiak garatzen dituzte…), eta estralurtarrek utzitako objektu eta sustantzia ezezagunez beteta agertuko dira («hutsak», «sorgin-gelatina», «heriotzaren argiontziak», «ilaunak»…), hainbeste ezen gizakientzako oso arriskutsua baita bertan bizitzea edo luzaroan ibiltzea. Ondorioz, gobernuek hesitu eta, zientzia ikerketa helburuetarako ezik, debekatuko dute haietara sartzea. Stalker delakoak dira, kontrabandisten moduan, bertan legez kanpo barneratzen ausartzen diren bakarrak, objektu estralurtarrak ateratzeko (eta merkatu beltzean saltzeko) edota «turista» kuriosoen gidari gisa (baina batzuetan gobernu-erakundeekin kolaboratzen dute, «esploratzaile» aditu gisa).

Istorioak badu, beraz, zientzia fikziotik, baina baita nobela beltzetik ere, giroan. Planteatzen duen kontu nagusienetako bat adimen estralurtarrekiko talkarena da: inbasioen (H.G. Wells-en Munduen gerratik aurrera) edo enkontru baketsu eta lagunkoien (ET eta enparauena) azpi-aldaerek proposatzen dutenaren kontra, gai izango al lirateke, minimoki bada ere, elkar ulertzeko jatorri eta garapen maila horren ezberdineko adimen mota bi? Nekez, ziurrenik. Funtsean, Ted Chiang-ek “Zure bizitzaren historia” ipuin ederrean mahai-gaineratzen zuen galdera bera alegia (izen bereko ipuin bilduman, 2002), hots, Arrival filmaren oinarria bihurtuko zen hartan (Denis Villeneuve, 2016). Strugaskitarren nobelaren izenburuak iradokitzen duen bezala, alienek egindako piknik kasual baten ostean utzitako zaborra eta kuxidadea baino ez lirateke izango, agian, Zonak. Eta gizakiek han aurkitzen dutena mirarizkotzat hartu, eta jatorrizko zioarekin zerikusirik ez duten helburuetarako (batzuetan oso helburu ilunetarako) erabiliko dituzte objektuok.

Piknik estralurtarra liburuak ez zuen ibilbide erraza izan: Strugaskitarrak idazle arrakastatsuak ziren arren, ezin izan zuten liburu formatuan argitaratu ahal 1980ra arte, oso bertsio zentsuratu batean. Idazle bereziki disidenteak izan gabe, eta ekintza herrialde kapitalista batean kokatzen bazuten ere (AEB edo, ziurrenik, Kanada izan zitekeen batean), erregimen brezhnevtarrak, bere estankamenduan, mesfidantzaz ikusten zituen Piknik estralurtarrak bezala giza naturaren inguruan ikuspuntu pesimista eta eszeptikoa aurkezten zuten lanak.

Nobelaren lehenengo bertsioa, ordea, arazorik gabe kaleratu ahal izan zuten, emanaldika, Leningradeko Aurora aldizkari literarioan, 1972an zehar; hor irakurri zuen Tarkovski zinemagileak, eta film baterako oinarri bikaina izan zitekeela erabaki. Baina hori beste istorio bat da, aski konplikatua orobat, hurrengo atalerako utziko dudana.

II

Beraz, Andrei Tarkovski zine zuzendari errusiarrak Strugaski anaien Piknik estralurtarra irakurri, eta hurrengo filma nobela horretatik abiatu zuen, idazleek eurek moldatutako gidoiarekin. Stalker izango zuen izenburu, nobelan agertzen diren «Zonetako» objektu alienigenen aipatu kontrabandisten gaitzizenagatik.

Intelektual familia baten jaioa, kristau ortodoxo petoa eta gaixotzeraino perfekzionista bezain kontentagaitza, Tarkovski gerraosteko zinema sobietarreko figura nagusiena zen orduan, baina, hain zuzen ere arrazoi horiengatik, eta disidentzia politikoan aritu ez arren, agintariek uste txarrez begiratzen zioten. 1972an Solaris errodatu bazuen ere (Stanislaw Lem-en 1961eko nobela homonimoan oinarritua), ez zen bereziki zientzia fikzioaren zalea; halere, Strugaskitarren lanean zerbait ikusi, eta proiektuari ekin zion. Ez zekien zeinen malkartsua suertatuko zitzaion.

Nobelako Zona misteriotsuaren kanpoaldeen kokapenetarako, ekoizpen taldeak Tadjikistan aukeratu zuen lehenengo unean, baina han gertatutako lurrikara batek ezinezkoa egin zuen errodajea. Azkenean Estoniara eraman zuten filmaketa, Tallinn inguruan industrializazio sobietar azeleratuak utzitako hondakinez beteriko aldirietara (tartean planta hidroelektriko abandonatu bat, eta industria kimikoaren eta energetikoaren bestelako guneak). Horretarako Tarkovskiri Alemaniatik propio bidalitako Kodak pelikula-mota berezi bat erabili zuten… horren berezia ezen, material guztia errebelatzera bidali zuenean, Moskuko estudioek, akats batengatik, ia guztiz hondatu baitzuten, urtebeteko lana alferrik galaraziz.

Tarkovski, zer esanik ez, etsita zegoen, baina hala ere aurkitu zuen modua proiektuak betirako galdutako filmen zerrenda gizendu ez zezan: estatuari bi ataleko filma egitera zihoala adierazi, eta finantzazioaren zabalkuntza bat eskatu zuen bigarrenerako, integralki erabiliko zuena film osoa atzera errodatzeko; agintariek eskaera onartu, eta horri esker amaitu ahal izan zuen (horregatik, bi ordu eta erdiko filma izan arren, hots, aski luzera «normalekoa», bi zatitan banatuta agertzen da, erdian atsedenaldirako tarte bat duela).

Ekipoa Estoniara itzuli zen, eremu industrial kutsatu haietan berriro filmatzera, baina, antza denez, ez zuten berriz ere pelikula bera errodatu: Tarkovskik gidoia berridazteko eskatu zien Strugaskitarrei (hamar bertsio egitera iritsi ziren, guztira, prozesuaren hasieratik), eta lanari ekin zioten berriro. Sekula ez dugu jakingo nolakoa zen lehenengo Stalker hura. Bigarren bertsioa 1979an estreinatu zen, azkenean, eta batzuentzat Tarkovskiren lan gorena litzateke.

Fama zen nobelak eta filmak zerikusi gutxi daukatela, eta, konprobatu ahal izan dudan bezala, hala da. Bai, generoaren zale handia banaiz ere, sekula ez nintzen ausartu Stalker ikustera, Tarkovskiren exigentzia-mailari nion errespetuagatik: nobelaren irakurketak bultzatu nau, azkenean, harengana. Eta ahaleginak merezi izan du: Piknik estralurtarra eleberria norabide askotan zabaltzen den bitartean (zientzia fikziora, noski, baina baita nobela beltzera eta bikote-kostunbrismora ere, besteak beste), Stalker filmean ibilaldi sinbolikoa gailentzen da, metaforikoa, fedearen inguruko hausnarketa bat bihurtuz (ez halabeharrez fede erlijiosoaren ingurukoa), zeinetan zientzia fikzioaren elementuak minimora murriztu baitira (hori esaten bide zien Tarkovskik Strugaskitarrei, gidoia berridazten zuten bakoitzean: «Kendu zientzia fikzioa, kendu zientzia fikzioa!»). Halere, ez zuen guztiz lortu: generoaren pelikula petoa izaten jarraitzen du, abenturazko film paradoxikoki geldo bat, baina tentsioz betea, paisaia benetan txundigarri batean zeharrekoa (ez oso ezberdina, susmatzen dut, garai berean Ezkerraldean edo Manchesterren aurki zitezkeen ingurune industrial dekadenteekin alderatuta…). Tarkovskiren zinemak, Pello Lizarralderen literaturak bezala, inguratzen duenaz kontziente egiten laguntzen dio ikusleari (edo irakurleari). Besteak beste.

Eta pelikulako Zonak, elementu bereziki «arrotzik» aurkeztu ez arren (filmean, neurri handi batean, naturak birkonkistatutako eremu industrial ohia bezala aurkezten zaigu), jarraitzen du estrainotasun artegagarri bat transmititzen, biziki indartsua: badakigu han gauzek ez dutela funtzionatzen kanpoan, mundu «normalean» bezala. Eta inor ez dela ateratzen handik sartu bezala.

Ezta Tarkovski eta bere ekipoa ere, antza denez: gehienak hurrengo urteetan gaixotzen eta hiltzen joan ziren; zine zuzendaria, minbiziaz, 1986an, 54 urte zituela. Nonbaiten irakurri nuen badagoela susmatzen duenik KGBk egindako pozoitze-saio bat izan zela kausa (Tarkovski, ordurako, Sobietar Batasunetik kanpo bizi eta lan egiten ari zen, bere herrialdean karrera zinematografiko bat garatzeko jartzen zizkioten traba gero eta handiagoak saihesteko). Baina Stalkerren parte hartu zuten ekipoko partaide batzuek (bizirik iraun zutenek, beste batzuk Tarkovskiren modu berean hil zirelako) beti defendatu izan dute errodajearen kokalekuetako kutsadura mailak izan zirela errudunak.

Jatorrizko nobelan bezala, zeinetan, aurreko zutabean aipatu bezala, Zonan sartu edo are handik hurbil bizi zirenek, denborarekin, gaixotzen amaitzen baitzuten, modu ezberdinetan. Alexis eta Boris Strugaskik nobelan bertan idatzi zuten: «Irudimenak ez dauka mugarik. Eta gero errealitateak sekula ez du zerikusirik imajinatu duzunarekin».

Edo agian bai.

[Artikulu honen bertsio laburragoak Ortzadar gehigarrian argitaratu ziren, 2021eko urtarrilaren 9an eta otsailaren 6an]