Gerran eta maitasunean

Aurreko batean liburu-gomendio itxura zeukan artikulu bat irakurri nuen. Egia esan, arretaz leituz gero, ez zen horren argi geratzen narratzaileari liburua (La gente feliz lee y toma café) gustatu zitzaion ala ez, eta ez ote zen gehiago aitzakia (artikulua ipuin moduan idatzita zetorren) liburu hura irakurtzen ari omen zen ezezagun erakargarriarekin ligatzen saiatzeko, horregatik erabakitzen baitu irakurtzea artikulugileak, hizketarako gaia izateko…. Edonola ere, liburuaren ibilbidearen istorioa, polita bezain epikoa, erakarri egin ninduen: idazle hasiberri eta argitaragabearena (Agnès Martin-Lugand frantsesa), hamaika editorialen ezetza jaso ondoren bere eskuizkribua (Les Gens hereux lisent et boivent du café) Amazonen autoargitaratu eta arrakasta globala iristen duena. Azkenean nobela argitaletxe konbentzional batean kaleratzen da, hainbat hizkuntzatara itzultzen da (gaztelaniaz, esaterako, Alfaguarak atera du), eta aukera uzten pasatzen utzi zuten argitaletxeak ahoa bete haginekin geratzen dira. Davidek Goliat garaitu du berriz ere. Leonidasek eta bere hoplitek Jerjesen gudaroste ugariak (bale, une batez). Euskaldun zorritsu bezain bipilek Karlomagnoren armada.

Zalantzak banituen ere (izenburu hori…), epika literarioak garaitu nau eta bibliotekara joan naiz liburuaren bila.

Huts egite galanta.

Kontua da (Amazon preseski karitatearen ahizpatxoa ez dela ahaztu gabe, eta Alfaguarak aspaldi utzi ziola argitaletxe bermedun eta erreferentziazkoa izateari –kontrakoa baizik, esango nuke–), kontua da, diot, La gente feliz lee y toma café hori oso eleberri txarra iruditu zitzaidala, literatura erromantikoidearen topiko guztiak bildu eta estalki ez bereziki modernizatu batekin eskaintzen dituena. Dianek, protagonista eta narratzaileak, senarra eta alaba txikia galdu ditu auto istripu ikaragarri batean, eta, depresio latzean sartuta, mundutik urruntzen da urtebetez, adiskide bakarra duen Felixi (gayen inguruko topiko guztien laburbildura) utziz elkarrekin zeramaten Parisko kafetegi/liburu-dendaren ardura. Halako batean Irlandako herri galdu batera erbesteratzea erabakitzen du (zergatik Irlandara? Senarrak hara bidaiatzeko ametsa zeukalako, nahiz eta narratzaileak eguzkia eta hondartza gehiago maite) (bide batez, ezin diot nire alde materialista historikoari eutsi, zein dirurekin baina? Urtebeteko baja batez eta atzerriko sine dieko egonaldi batez ari gara, eta liburu-denda ez da, antza, oso negozio ona, ez Diane ezta –jakina–  Felix promiskuo eta buruarina –eta gaya– ere ez direlako enpresa kudeatzaile bereziki iaioak…). Diane tristea, beraz, hatza Hibernia zaharraren mapa gainean ipiniz “aukeratu” duen Mulrannyko herrixkara iritsi, bikote hipersinpatiko eta hiperirlandar bati cottage bat alokatu eta bertan bizitzen jartzen da, jabeen iloba bizilagun bakar duelarik, pareko etxean. Edward izeneko iloba horren lehen deskribapena irakurri bezain laster badakigu zer gertatuko den:

El sobrino en cuestión bajó del todoterreno. Su rostro duro y su expresión de desdén no me causaron simpatía alguna. Jack y Abby caminaron a su encuentro. Él se apoyó en la puerta de su coche cruzando los brazos. Cuanto más lo miraba, menos confianza me inspiraba. No sonreía. Rezumaba arrogancia. El tipo de persona que se pasa horas en el cuarto de baño cuidando su aspecto de aventurero descuidado. Se las daba de intocable.

Erromantzea, ezin saihestuzko gorabehera, haserrealdi eta desenkontru sortaren ostean, zerbitzatuta dago, eta, bide batez, baita depresioaren gainditzea ere (ezin faltatu tartean literatura turistikoaren erasoa, kasu honetan Aran irletarako bidaia batekin –Edward argazkilaria da, oso ona, zer gutxiago–).

Acababa de salir de la ducha. Había sido larga, caliente y relajante. Estaba desnuda ante el espejo, observando mi cuerpo. No le había prestado atención en mucho tiempo. Se había apagado con la muerte de Colin. Edward lo había despertado suavemente el día anterior. Presentía lo que iba a pasar entre nosotros esa noche. Hasta entonces, pensaba que ningún hombre iba a volver a tocarme. ¿Dejaría que las manos y el cuerpo de Edward reemplazaran a los de Colin? No debía de darle más vueltas. Recuperaba los gestos de mujer: cubrir mi piel de leche hidratante, poner una gota de perfume entre los senos, alisarme el pelo, elegir lencería, vestirme para seducir.

Baina bidea ezin erraza izan, noski, eta oztopo nagusia Megan izango da, emakume profesional independente eta (Diane ez bezala) asertibo bat. Hona hemen Edwarden arrebak Dianeri egiten dion deskribapena, haren ezorduko agerpenaz “¡Joder! Esa zorra tiene un radar. Y a Edward le faltan cojones” bota ondoren.

–¿Pero quién es esa tipa?
–Una arribista. Una killer. Una zorra. Siempre ha querido triunfar en la vida y tener una posición social. Por todos los medios y utilizando a todo el mundo. Empezó de la nada y se hizo a sí misma, trabajó como una loca para llegar donde está. Trabaja de cazatalentos en la agencia de colocación más importante de Dublín. Vendería a sus padres sin dudarlo para conseguir sus fines. No tiene piedad, es inteligente, astuta, y sobre todo manipuladora (…) Una verdadera mantis religiosa.

Azpigenero literario horren arau (ia) gehienak betetzen dira beraz, baina, inportanteena (SPOILER ALERT) Dianek bere goibelaldi luzea gaindituko duela eta Parisera itzuliko dela, bere negozioa (Les Gens kafe literarioa) berrabiaraztera (enprendedore burutsu bihurtuta gainera, De Guindos ekonomia ministroari inbiriya emateko modukoa) eta bere iragan lazgarriarekin bakeak egitera.

Acababa de llegar al café literario. Félix no estaba aún allí, lógico. Pero el cielo azul seguía estando allí arriba, sonreí cerrando los ojos. Era simplemente capaz de disfrutar de los pequeños placeres sencillos. Ya era algo, algo mejor. Toqué mi alianza. Un día me la quitaría. Quizás por Edward. Oí sonar el teléfono. Había llegado la hora de trabajar.

Bale: Amazoneko “autoedizioaren” 10.000 ale saldu zituen Martin-Lugandek, lehenengo aldia omen zen Frantziako argitaletxe konbentzional batek (Éditions Michel Lafonek) modu horretan plazaratutako liburu bat erosten zuela, bere itzulpen eskubideak hemezortzi herrialdeetan saldu dira… Baina kalitatea eta kantitatea ondo bereiztea komenigarria da. Baita literaturan ere. Edo literaturan batez ere.

Esango didazue ez dela artikulugilearen errua, nirea baizik (eta nire gain hartzen dut guztiz, beraz, liburutegira joateagatik); hark ez zuela espreski gomendatu liburua (gorago esan bezala), sexu hurbilketa baterako aitzakia zela batik bat, gerran eta maitasunean denak balio duela, are liburu txar bat hizpide gisa erabiltzeak… Bai? Denak? Ez dut uste. Genevako Konbentzioak zerbaitetarako sinatu ziren (gero herrialde gehienetako armadek errespetatzen ez dituzten arren, baina deus ez baino hobe da…). Liburuak eta maitasuna nahasten diren kasuetan antzera jokatu beharko litzateke, agian, irakurle zibilei eragindako kalteak minimizatzeko, bederen (eta Veronako, edo Terueleko, edo maitasunarekin lotutako beste edozein hiritako Konbentzioa sinatu; agian Errumaniako Konstantzan egin beharko litzateke ituna, antzinateko Tomisen, Ovidiok erbestea jasan behar izan zuen hiria, Ars amandi izkiriatzeagatik…).

Baina enroilatzen ari naiz. Laburbilduz: maitasunak ezin du justifikatu edozein hautu literario. Are gutxiago maitasunezko liburu batez ari bagara.

Eta bi soluziobide bururatzen zaizkit, liburu horretara eraman ninduen artikuluari dagokionean. Lehenengoa, erradikalagoa agian: liburua irakurri ondoren, osasun literarioa dela kausa, narratzaileak uko egin beharko ziokeen ligatzeko ahaleginari (edo, 1.B alternatiba, desioaren objektuarekin liburuaz gogor eztabaidatzeko prestatu, hurbilketa sexualaren emaitza oso badaezpadakoa bihurtuz). Bigarrena, egingarriagoa akaso: guztion eskura ipinitako artikuluan aipatutako liburua (eta egilea) aldatzea, kalitate oneko (eta ez halabeharrez maitasunezko) batengatik ordezkatuz. Osasun literarioaren alde hori ere.

lugand