Bi kanta ETAren amaierarako

Lehengo ostiralean, Euskadi Irratiko Faktoria saioan daukadan tartetxoan, asteko albiste nagusiarentzako (ETAren desegitea), bi kanta aukeratzeko eskatu zidaten. Hauek izan ziren ipiniarazi nituenak, eta haiekin batera esan nituen hitzak.

New Order, “Elegia” (Low-Life LPtik, 1985)

Hitzik gabeko zerbaitekin hasi nahi nuen, zerbait pixka bat tristearekin, eta zer hobeto, beti pop munduaren alorretik mugitu gabe, musika gotikoaren edo siniestroaren oihartzuna dakarren New Orderren instrumental hau baino. Izenburuak dena esaten du: “Elegia”, hildakoengatik lantua.

ETAren desagerpenaren testuinguruan gogoratzeko une bat izatea beharrezkoa iruditzen zaidalako: biktimez, hildakoez noski, baina baita zaurituez, torturatuez, jazarriez, mehatxupean bizi izan direnez, arrazoi batengatik edo bestearengatik Euskal Herritik alde egitera behartuta ikusi izan direnez, eta haien inguruko guztiez ere.

New Order taldearen musika, oro har, alaiagoa da, behintzat ezagunena dena. Baina galera batetik zetorren taldea, ze aurretik Joy Division ziren, baina, ondo jakina den bezala, etapa berri bati ekin behar izan zioten partaideek haien kantariak, Ian Curtisek, bere buruaz beste egin zuelako. Ondoren egin zutena oso ezberdina izan zen, baina beti eduki zuten garbi nondik zetozen, minetik, eta horregatik, beren technopop dantzagarriko kanten ondoan hau bezalako pieza tristeak txertatzen zituzten, Curtisen memorian beti.

Nik uste dut euskal gizarteak halako zerbait egin beharko lukeela, gatazka luze honek eragin duen alferrikako min hori guztia gogoratzeko. Guztia, bando guztietakoa. Alde batetik, maiz, min batzuen aurrean, beste alde batera begiratu dugulako, edo ezikusiarena egin dugulako. Nik neuk lehenengoa: uste dut denok daukagula zertaz damutu, horren inguruan.

Bestetik, aurreko euskal gatazkaren amaieran, Gerra Zibilarenean alegia, ez zelako egon hori egiteko aukerarik. Eta gerra horrek utzi zituen zauriak ez dira oraindik sendatu. Ea oraingoan hobeto egiteko gai garen.

Nik uste dut baietz, optimista izan nahi dut alor honetan. Bizitzari balio gehiago ematen ikasi dugu prozesu honetan zehar, eta hor, adibidez, uste dut oso gogoratzekoa dela Gesto Por La Paz/Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea edo Elkarri bezalako ekimenen ekarpena, gatazka humanizatzeko bidean.

Baina tira, nahikoa hitz egin dut jada, entzun dezagun musika pixka bat…

R.E.M., “It’s The End Of The World As We Know It (And I Feel Fine)” (Document albumetik, 1987).

Baina pentsatzen dut egun hauetakoak batez ere alaitasunerako uneak direla, eta horregatik hau ixteko erritmo biziko baina eduki paradoxikoko kanta bat aukeratu dut. Ze, azken finean, R.E.M.en kanta honek munduaren akaberaz hitz egiten du, eta horretarako gertakarien eta egoeren jario etengabe bat jaurtitzen du entzulearen gainean, anabasa bat, baina mezu argi bat: “Munduaren amaiera da, ezagutzen genuen bezala alegia (eta ederki sentitzen naiz)”.

Izan ere, batzuek, betikoek, gutxietsi nahi izan dute albistea. Bada, ez dut uste. Nik pentsatzen dut oso albiste ona dela autodisoluzioarena. ETA izan delako Euskal Herriari azken berrogeita hamar edo berrogei urte hauetan zehar gertatu zaion gauzarik okerrena, eta, ondorioz, desagertzera doala ospatzeko moduko zerbait delako.

Batzuek hori baino ez dugu ezagutu: nire bizitza osoan zehar egon da presente ETA. Eta hasieran, kontutan hartuta nondik gentozen (diktadura frankistatik) eta zein testuingurutan hazi gintuzten (nire kasuan, gehiago edo gutxiago abertzaletasunarekin zer ikusia izan zuen batean), zerbait positibo bezala ikusi genuen ETA: nire kasua, behintzat, hori da.

Horregatik, niri behintzat, oso neketsua eta mingarria egin zitzaidan ikuspegi-aldaketa. ETAren irudiaren eta ETA beraren degenerazio hori. Nire kasuan zenbait gertaera gakorekin lotzen dudana: Ryan ingeniariaren hilketa, Casas senatariarena, Yoyesena, narkotrafikoarekin erlazionatuta omen zeuden gizagaixo haiena, Hipercorreko sarraskia… Eta horrek guztiak, zer esanik ez, aurreko ikuspegi positibo hura ezbaian jartzera eraman ninduen: ez bakarrik eragindako bortxa eta min guztia, baizik erakundearen militarismoa, bertikalismoa, abangoardiakeria, paternalismoa ere, une batetik aurrera jasanezinak egin zitzaizkidanak. Nire kasuan behintzat hala izan zen: horrelako bitartekoak erabiltzen zituen erakunde batekin ezin ados egon, helburua nobleena edo loriatsuena izanda ere. Helburua bera zalantzan jartzen baitzuten bitartekoek.

Nire belaunaldikooi bitxia, berria, ineditoa egingo zaigu ETArik gabeko mundu horretan bizitzea, esan bezala, besterik ez dugulako ezagutu. Mundu baten akabera da, bai, ezaguna, ezagunegia egiten zitzaigun mundu batena. Munduak konplikatua izaten jarraitzen du, beste erronka batzuk daude, ugari. Baina zama horretaz, behintzat, libratu gara. And I feel fine.