Publizitate asmotsua

Lan literario bat “posizionatzea”, are gurea bezalako merkatu estu batean, gero eta nekosoagoa bihurtzen ari da, hain da zabal-ugaria, Durangoko Landako gunetik pasatu ondoren –edo aurretik–, dendetara iristen diren berritasunen oihan joria –hori, liburuekin lehiatzen diren gainontzeko jarduera kultural guztiak kontuan hartu gabe, noski–. Argitaletxeak antolatutako prentsaurrekoaz gain –tentuz aukeratu beharreko egun-orduan, beste liburu edo ekitaldiren baten aurkezpenarekin teilakatu ez dadin, euskal prentsan burutxoa ateratzeko aukerak esponentzialki ez murrizteko–, gure lana hauspotzeko bir-aurkezpenak antolatzen ditugu Euskal Hiriko geografia ia guztian zehar –ahal dela, idazle edo kulturgile prestigiotsu batek edo gehiagok lagunduta–, errezitaldi musikatu-multimediatuak eskaintzen han eta hemen, sare sozialak bonbardatzen gure liburuaren aipu –positibo– ñimiñoenarekin, irrati-telebista-egunkari-aldizkari elkarrizketa guztietara joaten gara gogo onez, literaturaren jainkoei erregutzen diegu gure liburua ahalik eta irakurle klub gehienetan proposa dezaten –egilea eramateko ohiturarik izan ez arren, bertan liburuaz aritu behar zirela enteratu eta auto-gonbidatu diren idazleen berri iritsi zait: pentsa noraino iristen garen–. Eta abar.

Beti dago alternatiba salingertar-montoiatarra, zer esanik ez. Liburuaren alde deus ez egitean oinarritzen denez gero, antsietate gutxiago eragiten du idazlearengan, eta, propaganda gailu gisa, gorago deskribatutako horror vacuirako joera baino eraginkorragoa gerta daiteke. Onartu beharra dago, ordea, gutxi batzuen eskura baino ez dagoela, eta, izan ere, horretan du oinarri nagusi, minoritario izatean, joera zabalduz gero indarra galduko bailuke nabarmentzeko modu gisa.

Agian ordua iritsi zaigu, gure lanen publizitatea egitean, sortzaileago aritzeko eta beste estrategia batzuk probatzeko, adibidez haien kontra jartzen hastearena –berariaz, alegia–. Horixe izan zen gogora etorri zitzaidana Jon Ariza de Miguelen elkarrizketa zahar bat irakurtzean, ustez bere Haizeari begira nobela bultzatzeko (Elkar, 2017), bota zuelarik “Orain urte asko hautu bat egin nuen irakurriko nituzkeen liburuen inguruan: hilda dauden idazleak hobetsi nituen, ziur egoteko irakurtzen ari nintzena ona zela berez, eta ez unean-uneko famaz jantzitako liburu ustezko onak” (Hitzen Uberan, 2017-XI-10). Ez litzaidake bururatuko norberaren liburu guztiz berriaren zabalkundea autoboikoteatzeko modu hoberik zeren eta, pentsatu nuen, irakurleak arau horren ontasunaz konbentzituz gero, lehenengo ondorio logikoa obra huraxe ez irakurtzea eta are gutxiago erostea izango bailitzateke. Edo egilea zendu arte itxarotea, gutxienez.

(Halako irakurketa arauak autoinposatzea pixka bat lekuz kanpokoa iruditu zait beti, egia esan, lekuz kanpokoa irudituko litzaidakeen bezala bakarrik egile biziak irakurtzea, bakarrik euskaldunak, bakarrik itzulpenak, bakarrik gizonezkoak, bakarrik emakumezkoak, bakarrik norberaren soka politikokoak, sekula ez Peter Handke pro-serbiar madarikatu hori, eta abar: irakurketa gauza irekia eta kaotiko samarra izan beharko litzatekeenean hain zuzen ere… Hori, alde batera utzita idazlea hilotz egotea ez dela beti, kalitatearen ikuspuntutik, ezeren berme hutsezina, Ayn Randen berrargitarapen ugariek erakusten duten bezala, besteak beste. Baina gure liburuaren kontra ari garenez, edozerk balio dezake, zer demontre).

Beraz, deliberoa hartu dut nire hurrengo liburuaren prentsaurrekoaren egun-ordua ahalik eta okerren kokatzeko –Bernardo Atxagaren edo Susako edonorenaren batekin batera, adibidez–; haren alde ez, baizik eta aurka hitz egingo duten aurkezleak topatzeko –nik zer dakit, Javier Rojo, Tere Irastortza edo Jon Alonso, esaterako–; datorren urteko Durangoko Azokako sinadura saioetarako ahalik eta eskaintza sorta iraingarriena prestatzeko; errezitaldiak antolatzeko eta, sistematikoki, azken unean huts egin eta ezeztatzeko, ahal dela publikoa egoitzan dagoela ziurtatu ostean; sare sozialak saturatzeko nire liburuaren aipu negatiboekin –horretarako, eta euskal kritikaren egoera ezagutuz, batzuk nik neuk idatzi beharko banitu ere–; elkarrizketa eta irakurketa tailerretarako gonbidapen guztiei uko egiteko –edo, onartzekotan, Jon Ariza bezain asmotsu aritzeko nire lanaren aurka–.

Bai, ematen du honek guztiak ohiko promozio-kanpainak bezainbeste lan eskatuko duela, edo gehiago. Eta, gainera, ez dakit funtzionatuko duen. Baina aldaketa bat izango da, bederen.

publizitate

[Artikulu honen bertsio laburragoa Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2019ko ekainaren 1ean].