“Patria” gelditzeko etorri da (+ Berehalako plan estrategiko baterako proposamena)

[Testu honen bertsio labur(xe)ago 2017ko martxoaren 7an plazaratu nuen, Hala Bediko Araba Hizpide saioan irakurtzen dudan iritzi-zutabe gisa]

Garai batean ingenuo batzuek, Jokin Muñoz idazleak edo –aitor dut– nik neuk bezala, pentsatzen genuen euskal literatura garaikidearen nazioarteko sormarka, Munduko Letren Errepublikan ezagun egin ahal izango gintuen gai izarra, Euskal Gatazka dontsua izango zela, euskal terrorismoen inguruko fikzioa, edo, norberak bere aldetik deitzen zion bezala, Gauza (“La Cosa”).

Denborak erakutsi zigun zein oker geunden. Alde batetik, ematen zuen nazioarteko arrakastan, euskarazko literaturari tokatzen zitzaion portzentaje ñimiñoan, Amèlie ildoko nobela adeitsuek izango zutela lehentasuna (SPrako tranbia), edo euskal kostunbrismoa postmodernoki berritzen zuten produktuek (Bilbao-New York-Bilbao). Bestetik, gure terrorismoa oso txiki geratu zen XXI. mende honetako terrorismo globalaren bektore nagusien ondoan, are gehiago ETAk bide armatua utzi eta gure bake prozesu eternalari hasiera eman zion momentutik.

Baina paradoxikoki –Historiak txiribuelta horiek izaten ditu– agian Gauza bai izango dela erdarazko euskal literaturaren salbazioa, Fernando Aramburu idazle donostiarraren Patria eleberriaren arrakastak aditzera emango lukeen bezala. Oraingoz mundu hispanikoan eduki duena, Tusquets bere ohiko argitaletxearen eskutik, baina agian biderkatuko dena hemendik gutxira –ingelesezko itzulpenak, antza, Motherland izenburu freudiano-edipikoa eramango du–.

Ezin da ukatu Arambururen irrika: Gauzaren Inguruko Nobela Handia eraiki nahi izan du, jazarpenak eta hilketak etsaitutako bi familien istorioak txirikordatuz, 1980ko hamarraldiko berunezko urteetatik gaur egungo –ustezko– berrasdiskidetze uneetara arte, seiehun orrialde pasatxo erabiliz horretarako. Den-dena agertzen da: atentatuak, tortura, ETAren biktimek jasandako bullying soziala, euskal gizartearen indiferentzia, kartzela eta presoen sakabanaketa, komando baten jardunaren gorabeherak… Baina hori guztia prosa hanpatu batez aurkezten zaigu, estereotipotik apenas urruntzen diren pertsonaien bitartez, melodramaren baliabide ohikoak direla medio… Ez da harritzekoa liburua argitaratu eta horren gutxira telesail bihurtzeko akordio bat lotu izana: nobela hain da eskematikoa ezen apenas egin beharko baita gidoi sinpleenerako egokitzapen-lanik…

Obra, zer esanik ez, “ETAren garaipen literarioa” lortzeko tresna gisa sortu zen, egileak berak aldarrikatu bezala, eta baita Gauzaren inguruko “behin betiko nobela” bihurtzeko ere, argitaletxearen propagandak apalki defendatzen zuen bezala: euskal literaturak alor horretan egindako lan guztia alboratzen zen horrela, Ramon Saizarbitoriak, Jokin Muñozek, Xabier Montoiak, Bernardo Atxagak, Harkaitz Canok, Anjel Lertxundik, Mikel Hernandez Abaituak, Arantxa Urretabizkaiak, Jose Luis Otamendik, Eider Rodriguezek, Aingeru Epaltzak eta beste batzuek idatzitako guztia alegia… Baina zer axola: euskaraz argitaratu zuten horiek guztiek, hizkuntza gutxitu batean alegia; ia ikusezinak dira, beraz. Arambururentzat eta Tusquets argitaletxearentzat, bederen.

Agian arazoa da, gainera, aipatutako guztiak Literatura egiten saiatu zirela gaiarekin, Literatura maiuskulekin, eta ez foilletoia, Aramburu bezala. Eta agian horregatik, orobat, ez zuten haien lanek Patriaren oihartzuna lortu.

Akaso heldu zaigu ordua, Gauzaren Inguruko Euskarazko Nobeloi Handia lortzeko bide estrategikoan, literatur anbizioak bezalako tontakeriak abandonatzeko, eta adituengana propio jotzeko, konkurtso-oposaketaren bitartez, edo, zuzenean, izendapen aulikoaren aldaeraren bat erabiliz; nik zer dakit, Jon Arretxe, Jasone Osoro, Alberto Ladron Arana edo Karmele Jaiorengana… Eta Eusko Jaurlaritzako edo Nafarroako Gobernuko Kultura sailek ez badute horretarako berehalako kreditu-lerro bat irekitzen, crowdfunding baterako deia zabal genezake, presazkoa baita kontua, eta best-sellerrak ez baitira gaurtik biharrera manufakturatzen…

patria camelias 2