Izenak

Kultur gune bat izendatzea beti da erabaki politiko bat. Kale bat edo plaza bat izendatzea bezala. Eta, ondorioz, beti izan daiteke eztabaidagarri.

Gasteizko alkateak, inor kontsultatu gabe, antza, eta Arabako ikastolen lehen bultzatzaileetakoa izan zena gogoan, “Izaskun Arrue” izena ezarriko dio  datorren neguan –dena ondo bidean– abian jarriko den hiri honetako Kafe Antzokiari. Nik abantaila bat ikusten diot izenari: emakume batena dela, eta, ondorioz, halako nomenklaturetan dagoen genero-desoreka nabarmena –pixka bat– zuzentzen lagun dezakeela.

Eta kito.        

Beste guztiak desabantailak iruditzen zaizkit. Edo, zuzenean, huts egiteak. Horietako batez mintzatu zen, ondo mintzatu ere, Txema Ramirez de la Piscina Berrian: andereño aitzindari horren lanei eta nekeei zor zaien errespetua aintzat hartuta ere, ez dirudi oso egokia, gauden koiunturan, euskara batuaren aurka aritu zen irakasle baten izena paratzea. Zeri, eta bertako euskal kulturaren erreferentzia berria izan beharko lukeenari. Are gutxiago Gasteizen, non batua hiriko euskalki nagusia baita hain zuzen ere. Zer esanik ez, Arrueri euskararen alde egin zuen guztia aitortzen diot: argi daukat zein inportantea izan zen bere lana. Baina gauza batek, sentitzen dut, ez du bestea kentzen.

Niri beste eragozpen pare bat bururatzen zait, gainera. Izen hori jartzea, bada, aldi berean –eta gauden koiunturan, orobat–, eskola pribatuaren aldeko aldarria egitea, Arrue Olabide ikastolako fundatzaileetako bat izan zelako, egun Gasteizko zentro segregatzaileenetako bat, eta, kasualitatea, alkatearen semeen eskola hain zuzen ere. Nolabaiteko sari (gehigarri) bat da zentro horrentzat, alegia. Ez da harritzekoa: ematen du Urtaran erosoago aritzen dela eskola itunduak bultzatzen –zein irribarretsu agertzen zen, apezpikuarekin batera, NClic eskola “esklusiboaren” lehenengo harria ipintzen…–, publikoak baino –Salburuako institutu berriaren lanen atzerakuntza etengabeek aditzera ematen duten bezala, esaterako–. Baina, tira, azken hamarraldi hauetan zerbait argi geratu bada zera da, eskola publikoak nahiko patronal eskasa daukala, kontzertatuekin alderatuta… Izan ere, pribatuaren patronalarena hobeto egiten du publikoaren patronalak, bere ardura nagusia izan beharko litzatekeenaren –publikoaren– alde baino. Eta hori kontuan hartu gabe itundutako eskolek baduela beren patronal propioak, beren interesak irmo defendatzen dituztenak…

(Ados, badakit: berriz ere galdu dut Urrezko Zeledoi edo hiriko seme kutun izendatua izateko itxaropena. Zer egingo zaio ba).

Bestalde: estrategikoa al da euskalgintzarekin hain modu zehatz eta zuzenean lotutako izen bat jartzea Kafe Antzokiari? Eta ez, adibidez, (euskal) kulturarekin lotutako beste zabalago bat? (Kafe Antzokiaren bultzatzailea den Lazarraga Kultur Elkarteak beste bat bide zuen buruan, baina ez da publiko egin zein zen haren proposamena, edo nik ez dut bilatzen asmatu behintzat). Edo izenik ez jartzea batere, eta “Kafe Antzokiarekin” eta marka erregistratu –edo ez erregistratu–  horrek sortzen dituen aspaldiko oihartzunak baliatzea? Euskalgintza kultura da, zentzu zabalean ulertuta, baina kultura euskalgintza baino askoz ere gehiago da, berez. Ez gara horrekin ohiko ghettizazio arriskuan erortzen ari? Guneari euskal kulturaren abarora –eta Bernardo Atxagaren nomenklatura ezaguna erabiltzearren– antipatikoak ziurrenik ez, baina sinpatikoak behintzat bai erakartzeko lehenengo oztopotxo mentala jartzen ari?

Agian hori da behar duguna, ez dut esaten ezetz: esparru ez bereziki misto bat, izenetik beretik euskal esentzien gotorlekutzat aldarrikatuko dena, aurrerapen soziolingustikoak aurrerapen, nagusiki erdaldun –eta batzuetan, sentitzen dut, euskararekiko pixka bat antipatiko– izaten jarraitzen duen gure Gasteiz honetan. Baina halakoetan Fermin Etxegoienek Totelak bere nobela-saiakeran –edo saiakera nobelatuan– Bilboko Kafe Antzokiaren rol historikoaz dioenaz gogoratzen naiz: nola espazio hark lortu zuen modernotasunaren ikur bihurtzea, hasierako urteetan batez ere, euskararen bestaldeko  biztanleei «nahasgarria zitzaielako hiriaren erdigunean horrenbeste euskaldun ikustea, haiengan ageriko arrasto folklorikorik antzeman gabe. Euskalduntasun garaikidea, oraingoan bai, hiriaren erdigunean errotzeko agertua balitz bezala» (azpimarra nirea da). Hori, bistan denez, ez zen lortu liburuan adibide bezala ematen diren Ruper Ordorikaren kontzertuen bitartez soilik, baizik eta baita programazio ireki eta eklektiko baten bitartez ere, euskaratik abiatzen eta antolatzen zena, noski, baina ez zena euskalgintza hutsean ahitzen, ezta gutxiago ere.

Ez dakit hura fenomeno errepikagarria den. Susmatzen dut ezetz. Ez dira, gainera, hogeita bost urte eta koska alferrik igaro: beste garai batzuk dira, euskararentzako argiagoak alde batzuetatik, ilunagoak bestetzuetatik.

Baina, kontu honi dagokionez –agian oker nago: oxala–, horrelako izen batekin hastea ez zait seinale (sinboliko) ona iruditzen.

Post data: gauza hauek argitaratzea ondo dago, batzuetan balio dutelako informazio gehiago jasotzeko. Adiskide batek, nire artikulu hau irakurri ostean, kontatu dit Izaskun Arrueren familiarekin harremana izan zuela garai batean, eta horregatik dakiela nola Arruek, Olabide ikastolako irakasle eta partaide izateari utzi zionean, euskara batuaren onarpenarekin ados ez zegoelako, ez zuela berak bakarrik alde egin, baizik eta seme gazteena ere atera zuela ikastolatik… non, eta Gasteizko Marianistas-en matrikulatzeko… Nire adiskideak handik urte batzuetara berraurkitu zuen Arrueren semea, hura EGA ateratzeko ahaleginean ari zela…
Xehetasun gehigarri txikia, baina esanguratsua iruditu zait.