Fantastikoaz

Euskal literatura garaikidearen historian une bat egon zen zeinetan ematen baitzuen fantastikoak garrantzi berezia irabaziko zuela, gure letra berrituen osagarri ezinbesteko bihurtuko zela. Kafka, Calvino, Cortázar, Borges eta enparauen eskutik berrikuntza heldu zen, euskal ipuingintzara bereziki, eta generoaren aldaera desberdinen zaleok biziki poztu ginen Joseba Sarrionandiak, Bernardo Atxagak, Mayi Pelotek, Juan Garziak edo Karlos Linazasorok, besteak beste, egindako ekarpenekin, 1980-90 hamarraldien arteko buelta loriatsu hartan: euskal literaturak, azkenik –eta eskaintzaren aldetik bederen–, Munduko Letren Errepublikaren trena harrapatu zuenekoa.

Gero –zilegi bekit neurrigabeki sinplifikatzea– Carver iritsi zen eta ildo hori menostuta geratu zen gure literaturan: errealismoa nagusitu da, nabarmen, azken hamarraldi hauetako euskal unibertsoan –ingurukoetan bezala, bestalde: ez gara horren berezi eta orijinalak–. “Errealismoa”, fikzioaz ari garenean, beste konbentzio bat baino ez dela ahaztuta, “fantastikoa” bezain formulaikoa izan daitekeena. Hurrengo urratsa, zer esanik ez, “zintzotasun literarioaren” oldarrarena izan da, egotismoaren ordaina den auto-errealismoarena –autofikzioak ez ditu ia sekula elementu fantastikoak barneratzen–, eta are “ez fikzioa” delakorena. Baina horretaz hitz egin dut gehiagotan, eta ez dut hemen alamena ematen jarraitzeko asmorik –gaurkoz bederen–.

Horregatik guztiagatik bakarrik oso seinale ona iruditu zitzaidan Urt Zubiaurreren lehenengo ipuin liburuaren kaleratzea, Izenik gabeko lurrak (Erein, 2016); lan bat, tamalez, oihartzun berezirik gabe pasatu zena gure kulturaren erakusleihoetatik –hots, ohikoa dena baino oihartzun txikiagoarekin–. Opera prima gehienei dagozkien gorabeherak alde batera utzita, aire freskoaren arnasaldi bat iruditu zitzaidan –ados: barka  metaforagatik– egileak bertan darabilen fantastikorako hurbilketa, kontzientea, eraginkorra, lotsarik gabekoa, klasikoa bezain berritua: fantastikoa ez da, generoko idazle onengan bezala Zubiaurrerengan, errealitatetik eskapo egiteko bide bat, egiari –batzuetan egia sakonei– tamaina hartzeko beste modu bat baizik. “Bakardadea”, “Zoroarena” eta “Zama” bezalako narrazioak irakurtzea besterik ez dago horretaz jabetzeko.

Antzeko zerbait gertatu zitzaidan Pasazaite argitaletxeak egiten dizkigun opari eder horietako batekin: Hassan Blasin-en Kristo irakiarra bildumaz ari naiz (2017). Ekialde Hurbileko egoera belikoa hain da lazgarria ezen ematen baitu, hala ipuin horietan nola gaztelaniaz aurki daitekeen El loco de la plaza Libertad liburukoetan (Galaxia Gutenberg, 2015), fantastikoaren erabilerara baino ezin duela jo jazotakoa minimoki ulergarria egin dakion idazleari –eta baita irakurleari ere–. Blasinek berak iradokitzen du, elkarrizketa batzuetan, Irakeko gerra eta gerraostea amesgaizto bat izan direla, eta, beraz, amesgaiztoetako elementuekin baino ezin direla kontatu; naturaz gaindiko –edo azpiko– xehetasunek eragin ohi duten disonantziek beste dimentsio bat hartzen dute izugarrikeria haien guztien erdian. Izugarrikeria batzuk, bide batez esanda, ez direnak mugatzen gerra “urrun” haietara: gure Europa gotorlekura sartzen saiatzen diren errefuxiatuen istorioak ere elementu fantastiko esanguratsuez zipriztinduta ageri dira –Blasin berak, egun Finlandian bizi denak, Turkiako eta Bulgariako mugetan barna egin behar izan zuen, luze, ibilbide klandestino eta, gu europarrontzat, ezin lotsagarriago hori–.

Julio Cortázarrek Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitateko ikasleei 1980. urtean eman zizkien eskoletan esan zuen bezala: “Nik maite dudan fantasia, fantastikoa, imajinagarria, zeinarekin neure obra egiten saiatu bainaiz, inguratzen gaituen errealitate hori argiago eta indartsuago proiektatzeko balio duen guztia da, funtsean”.

 [Artikulu honen bertsio laburxeago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2018ko apirilaren 28an].

aszensore fantastikoa

Zientzia-fikzioaz

Batzuetan egia da sare sozialetan esaten duguna: benetako pena eman zidan Ursula K. Le Guin idazlearen heriotzak (Berkeley, 1929-Portland, 2018). Gaztaroan lagundu dizun liburu eta musiken bilduma, irudipena daukat, betiko gelditzen zaizu gogoan, zirkuitu inprimatu bat bezala, noizean behin eramaten zaituena atzera, ildo sakon horietara bueltan. Eta Le Guinekin behin baino gehiagotan gertatu zitzaidan: konpainia ederra izan zen niretzat.

Zientzia-fikzioa, une hartan, mundura eta batez ere hausnarketara irekitako leiho bat izan zen niretzat. Sinetsi nahi nuke kritikoago izaten lagundu ninduela, irekiago, gauzak zalantzan ipintzeko gaiago. Agian garai bertsuan irakurri nituen filosofiako liburu askok baino areago: hamalau-hamabost urte nituenean, hori zen nire letrazko bazka nagusia, eta baita inguruan ezagutzen nuen jende dezenterena ere.

Ni noizean behin itzultzen naiz generora. Baina irudipena daukat lehen baino gutxiago egiten dugula, oro har…

Bazegoen, jakina, aurreiritzi bat zientzia-fikzioaren aurka, irakurketa sinplearekin, kontsumo bizkorreko azpiliteraturarekin lotzen zuena: institutuko irakasleek horixe iradoki zidaten, zuzenean edo zeharka, nire irakurzaletasuna eremu aberatsagoetara –Italo Calvino, Juan Goytisolo, Marguerite Yourcenar, Julio Cortázarrengana…– “bideratzen” saiatu zirenean –eta baita lortu ere–. Egia da irakurtzen genuenaren ale askok –Isaac Asimoven lan batzuek, esaterako– nahiko maila literario eskasa izan zezaketela, irudimenaren prodigioak izan zitezkeen arren. Baina bazeuden jada beste egile batzuk, Stanislaw Lem, Philip K. Dick, J.G. Ballard edo Le Guin bera bezala, beste duintasun batez janzten ari zirenak zientzia-fikzioa, literaturzale asko horretaz oraindik jabetu ez badira ere.

Bitartean, zientzia-fikzioak beste eremu asko kolonizatu zituen, gero eta modu eraginkorragoan, batez ere ikus-entzunezkoen alorrean. Gogoan dut zein zoragarriak eta ohiz kanpokoak iruditzen zitzaizkigun Star Warsen lehenengo filmak, edo Alienen Nostromo ontziko giro itogarria, edo Blade Runneren paisaia hiritar aurre- edo post-apokaliptikoak. Egun hori guztia eta gehiago ohiko eta nonahiko bihurtu da gure pantailetan: filmetan, telesailetan eta bideojokoetan. Ez dugu zientzia-fikzioaren bila liburuetara jo behar jada: gure inguruan daukagu, kontsumo errazeko –errazagoko– ehunka produktutan barreiatuta.

Etorkizuna gero eta gehiago hurbildu da gugana, bestalde, eta orainaren iraungitze-data garai batean baino bizkorrago pasatzen da. Turbokapitalismoak eragindako denboraren azelerazio orokorrak kalte egin dio, ziurrenik, zientzia-fikzioaren tasun “antizipatzaileari”, literatura horren euskarri inportanteenetakoa zena. Zertarako imajinatu etorkizun urrunak, berehala harrapatuko bagaituzte edo, okerrago dena, laster geratuko badira erremediorik gabe zaharkituta?

Baina, are modu paradoxikoagoan, mainstreameko egileak hasi ziren zientzia-fikzioarekin gero eta gehiago interesatzen, eta lotsarik gabe ekin ahal izan zioten generoarekin esperimentatzeari Doris Lessing, Paul Auster, Margaret Atwood, Roberto Bolaño edo Kazuo Ishiguro gisako egile oso ezberdinek –besteak beste–. Literatura orokorraren ondare bihurtu da horrela, neurri batean behintzat, eta agian horrek ere apaldu du eremu berezi –kasik sektario– bezala zeukan estatusa.

Akaso kontua da literatura garaikidea egiteko beste biderik ez dagoela, egun, zientzia-fikzioa erabiltzea baino. Asmo garaikideko nobelak argitaratu bezain laster bihurtzen direlako, nahi gabe ere, nobela historiko –eta nobela historiko gisa sortzen direnak, prehistoriko, esan genezake…–. Ez dakit, beraz, gainbeheran dagoen genero bat den, ala, azaleko inpresioa bestelakoa izan arren, goraldi betean.

Edonola ere, eta hasierara itzuliz: gora Ursula K. Le Guin!

   [Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2018ko apirilaren 7an].

ursula k le guin bilaketarekin bat datozen irudiak