Zure (euskal) historikotasunean sakontzeko merchandising-a

Ondo ezaguna da euskaldunok iragan historikoarekiko eta memoriarekin zerikusia duen ororekiko erakutsi ohi dugun jaidura, maila sinbolikoan batik bat. Sinbolikoan, diot, zeren eta iraganaren arrasto material bat kontserbatzea bada kontua, eraikin bat adibidez, euskaldunok ez gara, usu, horren historiazale portatzen, gure hirietako ekintza “urbanistikoek” eta ondare industrialaren eta are aurreindustrialaren kontserbazioaren suntsipenek behin eta berriro erakutsi duten bezala.

Baina, tira, xehetasun txiki hori kenduta, egia da iraganari gurtza handia egin ohi diogula euskaldunok, batez ere mito bihurtu dezakegunean: ez dakit, adagio zaharrak adierazi bezala, euskaldun bakoitzak filologo bat daraman bere baitan (agian bai, baina nik gehituko nuke, hala izatekotan, ez dela oso filologo ona, maiz, eta kategoria horretan sartuko nituzke are titulua eskuratutako batzuk ere), baina bai esan daiteke, zalantzarako tarte askorik gabe, guztiok daramagula mitozale bat barruan, muturtxoa, Alien jaioberri gisa, gure erraien artetik edozein unetan ateratzeko prest. Halakoentzako prestatu dugu, gure katalogoan, euskal izpiritu historizistaren berrespenerako produktu berri hauek, potentzial mitografiko gorena eskuratzeko ezin aproposagoak. Eta, aldi berean, ezin pertsonalagoak, edo pertsonalgarriak, behintzat, egungo Ni-aren aroari dagokion bezala. Zer esanik ez, salgai hauek guztiak berdin izan daitezke baliagarri gure turismoaren bultzadarako, eta, Rikardo Arregik esango lukeen bezala, ostalaritzaren onerako, hori bihurtu baita, azken aldion, gobernuen zio nagusia, eta ez, nik zer dakit, osasun edo hezkuntza publikoak, adibidez…

Goazen, beraz, denboraldi honetarako eskaintzarekin.

Irulegiko esku masturbatzailea. Zer, konformatuko al zara tixert, belarritako, eskumuturreko eta tatuaiak bezalako produktu zabarrekin? Hori izango da euskararen inguruko azken hamarkadetako aurkikuntzarik handienarekin izango duzun merchandising bitartezko harreman guztia? Ez da, bada, iritsi, euskara maitatzeko ez ezik, harekin gozatzeko unea, behingoz? Burdin Aroko brontzezko tinkotasun berarekin, baina Malaysiako kautxu-arbolek isuritako latex suabeenaren ukimenarekin, eta 24 orduko bateria-autonomiarekin, hona hemen zure une intimoenetarako trepeta. Eskuaren azala 36-37º zentigradutara barne-berogailuarekin (eta, Deluxe modeloan, tenperatura erregulatzailearekin), satisfyerra darama hatz luzean inkorporatuta. Argibideen orria, ekibalentzien taula oso batekin, karaktere iberikotara transkribatuta dator, erabiltzaileak unearen gozamen intelektuala luzatzeko aukera izan dezan (*).

Ostraka ludikoen sorta (24 pieza). Proposatzen dena da 4, 8, 10, 12 eta 20 aldetako pieza-sorta bat, terra sigillataren imitaziozko koloreko plastiko ekologiko-jasangarrian, Veleiakoak gogorarazten dituzten inskripzioekin, dadotan edo rol jokoetan aritzeko aproposak (are tortoloxetan ibiltzeko, nahi izanez gero). Produktuak larru artifizialeko poltsatxo sokadun batekin dator, oso eramangarria, non pieza guztiak sar baitaitezke. Iruña-Veleiakoa iruzur handia izateak ez du kentzen, ezta gutxiago ere, euskal herritar historiazaleak hortik probetxu atera dezan, sikiera bere jarduera jostagarrienetarako: modu horretan izan zitekeena nostalgiaz gogoratu ahal izango dugu, baina, kontu ez bereziki serioetara bideratuko dugunez erabilpena, ez diogu behar beste garrantzirik emango, eta barre batzuk bota ahal izango ditugu gainera.

Inperialista humanistaren (edo humanista inperialistaren) oinarrizko biblioteka. Sentitu nahi duzula XVI. mendeko euskalduntasunaren izpirituaren zabaltzaile unibertsal haien guztien (Elkanoren, Xabierko Frantziskoren, Legazpiren, Pedro Urtsuaren, Lope Agirrekoaren…) pareko? Bada, egungo munduan haien balentriak imitatzea zail samar jarri denez (eta ez denez politikoki oso zuzena), adimena lantzea baino ez zaizu geratzen, Errenazimentuko humanista perfektu bihurtzeko, haiek bezala alegia. Irailetik aurrera, astero, prezio ezin hobean, biblioteka humanista paregabea osatzeko aukera izango duzu: Rotterdamgo Erasmoren Eromenaren laudorioa, Makiaveloren Printzea, Tomas Mororen Utopia, Montaigneren Entseguak (bi liburukitan), Nafarroako Margaritaren Heptamerona… ezinbesteko klasiko greko-latindar zenbaitekin batera, noski. Lehenengo faszikuluarekin, opari, miniaturazko astrolabio bat, eta bilduma amaitzen duenarentzat, Lacanen eta Žižeken artikuluen antologia bat, itzulipurdi intelektualak egiteko abilezia entrenatzen jarraitzeko.

Garondoko basioaren barrenkoitzea eragiteko ebakuntza. Lagunak, jada ez da arazo zuen burezurrek mota pirenaiko-mendebaldarraren (hots, cro-magnontarraren) antza zipitzik ez badute: interbentzio kirurgiko txiki eta ia guztiz seguru batekin, garondoko basioa higatu, barrurantz sartu, eta zonalde horretan historiaurreko euskaldunek ehuneko handian aurkezten zuten oinarri zapala lor daiteke. Bizirik egon bitartean, ados, ez dizue ezertarako balioko, baina, errausketa saihesten baduzue, etorkizuneko arkeologoek ezingo dute zuren burezurrak jatorrizko pirenaiko-mendebaldarretatik desberdindu. Edonola ere, ebaketa guztiek bezala arrisku minimo bat dakarren arren (Osakidetzarekin itunduta dauden Keralty klinika espezializatuetan sinatzeko dauzkazue erantzukizunen eskaerari uko egiteko xehetasun guztiak), askoz ere seguruagoa da gure alor honetako aurreko produktu-izarra baino, odolaren Rh-a negatibizatzeko dialisia. Ausartenentzat, tradizionalistenentzat, eta, batez ere, Telesforo Aranzadi eta Jose Migel Barandiaranen miresle zintzoentzat.

Orreagako zalditeria arineko zaldikoa (bere kulunkarekin eta hede lauburudunekin). Nahikoa da derrotak ospatzeaz, gure hildakoak omentzeaz eta ganorazko festa nazional garaipenezkorik ez izateaz, eta eraman etxera euskal gudarosteek (arerio ez-euskaldunen aurka) irabazitako bataila bakarrenetakoaren oroigarri eder hau. Bai, printzipioz ematen du etxeko ume txikientzako jostailu aproposa dela, eta ondo dago gure seme-alabak aberriarekiko maitasun mugagabean heztea, zaldikoak inkorporatuta daraman soinu-banda lagun (Benito Lertxundirena, zer esanik ez). Baina zergatik utzi dibertsio patriotiko guztia etxeko adingabeen esku? Erosi nagusientzako zaldi kulunkariduna (hiru tamaina daude eskura: L, XL eta XXL), eta oroitu, zure egongelan edo logelan zamalkatzen duzun bitartean, euskaldunok handi izan ginen garaiak. Bizikleta estatiko gisa erabiltzeko aukera osagarriarekin, 99,9 euro gehiagoren truke.

Amaiurko kamamila. Ase zaitez heroitasunaren lurrinaz eta zaporeaz, zure arazo digestiboei irtenbide bat ematen diezun bitartean: gazteluaren maldetan bertan jasotako loreez osatua, infusioa egiteko prest poltsatxo ezin erosoagoetan, eta Nabarralde elkarteak ziurtatu eta zigilatuta. Hasieran, egiazki, gazteluko hondakinetatik ateratako harri-koxkor sinestamendatuak saltzea zen ideia, baina eraikinetik zein gutxi geratzen den kontuan hartuta, eta Aranzadi Elkartea gehiegi ez haserrarazteko, ingurumenarekin begirunetsuagoa den alternatiba horren alde egin zen, azkenean (oharra: Amaiurren bertan eskuratutako kamamilarekin batera –guztiaren %3a gutxienez– beste jatorri batzuetakoa ager daiteke nahastuta: lekua, azken finean, ez da horren handia, espero den eskaera guztia kontuan hartuta; nafar jatorriko kamamilaren ekarpena, edonola ere, ez da sekula %15etik jaitsiko).

Zalduntxo Personal Shopper. Lasai, gure moda-aholkulari ezin eraginkorragoek, akordatutako zerbitzua iraun bitartean, ez zaitu parpailez, galtzerdi zuriez eta ileorde hautseztatuez estaliko: Zalduntxo Personal Shopper kontzeptu bat da, XVIII. mendeko euskal ilustratuen moda ohituretara itzultzeko ahalegin bat baino. Haiengandik jasotzen duguna dotoreziaren zentzu jakin behar da, mendiko arropa nagusi bihurtu den euskal “estiloa” arbuiatu, eta janzteko ildo moderno, hiritar eta eroso bat garatzeko helburua duena (“hiritar”, zentzu donostiar/baionar batean, zer esanik ez: Zalduntxo Pertsonal Shopperrek berdin-berdin saihestu nahi du hala jite agro-menditar faltsua, nola bilbotar/burgostar tente-zurruna). Hala, Auzmendi, Arbelaitz, Pas Si Simple, Minimil, Krusset etab. dendetako eskaintza ezin oparoagoan zehar ibilbide bat proposatuko dizu Zalduntxo Personal Shopperrek (hornitzaileekin lortzen ditugun akordioen arabera denden zerrenda aldagarria izango da), eta, zure erosketen araberako portzentaje neurritsu baten trukean, euskaldun moderno, hots, garaikide eta ilustratu bati dagokion gisan janzten lagunduko zaitu.

Zumalakarregiren patata-tortilla. Dasta ezazu lege zaharraren esentzia (kulinarioa): 1835eko Bilboko setioan gudaroste karlistek erabilitako errezeta zehatzarekin eginda, bi bertsiotan (kipuladuna eta kipula gabea, alderdi hori ez baitituzte oraindik ebatzi historialariek), hutsean ontziratua garantia guztiekin, plastiko %100 birziklatuan, eta Eusko Labelen bermearekin. Kontsumoa interesgarriagoa eta, historikoki behintzat, egiatiagoa egiteko (neurri batean), ehun tortilletatik bat salmonellosiz kutsatuta joango da, eta guztiak salduko dira eskualdeko petrikilo eta homeopaten helbide elektroniko zein fisikoen zerrenda batekin, kontsumitzaileak urgentziazko arreta ahalik eta bizkorren eskura dezan (Osakidetzan eta Osasunbidean horren zail jartzen digutenez, azken aldi honetan). Emozioz beteriko sukaldaritza-esperientzia hemeretzigarrenmendetarra, zure eskura!

Bando Zuzenean Aritu Izanaren Parafernalia. Zure aitonak edo birraitonak, dena delakoagatik (ez gara motiboetan sartuko) erreketeekin, Falangerekin edo, oro har, Armada Nazionalaren gudarosteekin batera egin zuela borroka Gerra Zibilean? Lasai, ez zaitez lotsatu (azken finean, gerran zuzenean katramilatutako Hego Euskal Herriko gizonen familien erdiaren kasua da, gutxi gorabehera): Gogora Institutuarekin elkarlanean eskaintzen dizugun produktu honekin, zure arbasoaren ondasunen artean erakutsi ahal izango dituzu (altxatuen bandoari dagozkion balizko arrasto guztiak desagerrarazi ondoren, zer esanik ez) multzo pertsonalizatu bat zeinetan konbinazio diferenteak egin ahal izango baitira, Euzko Gudarostean, milizia iraultzaileetan edo armada errepublikarrean aritu zela demostratzeko. Sorta honoko unitate hauek osa ditzakete, zatika edo (Ez Dira Pasatuko bertsioan) osorik: “Gobierno de Euzkadi” legenda daramaten pezetak; CNT, EAE, EAJ, PCE edo UGTren (garai hartako) karneten faksimilak; fabrikazio sobietarreko Nagant M1895 errebolber bat (kolpekari desgaituarekin); Simon Bolibar, Gatzaren Matxinada, Jaurès, Meabe, Rosa Luxemburgo, Isaac Puente edo Olabarri batailoien intsignia brodatudun zamarra saretu bat; 1937ko La Lucha de Clases edo Eguna izparringien ebakin esanguratsuak; Intxortako lubakien/Burdinazko Gerrikoaren plano bat, paper horiztatuan. Guztia egoki zaharkitutako kutxa baten hondo bikoitzean ondo gordeta, frankismoaren gau luzean zehar oroitzapen horiek ezkutatuta edukitzeko aproposa zatekeena, baldin eta zure aitona edo birraitona, benetan, faxisten aurka borrokatu izan balitz.

NEBKENSNA ziurtagiria. Produktu honek euskal gizartearen berradiskidetzerako laguntza eskaini nahiko luke: “Ni Ere Biolentziaren Kontra Egon Nintzen (Sikiera Nire Artean)” ziurtagiriak 1968-2011 epealdiko ETA militarraren (eta ETAren asanblada eta bertsio guztien), GALen, KAAen, BVEen (eta estatu-terrorismoarekin lotutako edozein talderen), askotariko polizien tortura eta ekintza bortitzen, gizartearen sektore batzuetatik egindako jazarpenen eta abarren atzera begirako zure arbuio irmoa erakutsiko du, eta edozein unetan atera ahal izango duzu (NANaren tamaina bereko txarteletan banatuko da), eztabaidak trenkatzeko edo balizko kontu hartzeei aurre egiteko.  Konpatiblea da NEGTZAKEN (“Nik Ere Grisen / Txapelokerren / Zipaioen Aurrean Korrika Egin Nuen”) graduondoko tituluarekin, eta (1980 aurretik jaiotakoentzat) Kortatu / Zikatriz / Eskorbuto / RIPen kontzertuetan jauzika aritu zinela erakusten duten foto-muntaiekin (Hertzainak zerrendatik ezabatu berri dugu, bistako arrazoiengatik). Saldutako lehenengo ehun unitateek zure jakaren paparrean zintzilikatzeko moduko txapa bat eramango dute opari, “Poli-miliak zuzen zeuden, azken finean” lemarekin, egungo Sorturen exekutibaren argazkiaren azpian.

(*) Eskerrak eman nahi dizkiet, puntu honetako inspirazioagatik, Angel Errori eta Gorka Bereziartuari. Txorakeriaren erantzukizuna neurea da soilik, edonola ere. Bide batez, testu hau 2022ko Durangoko azokan banatu nuen, Ipuina engainua da nire liburuaren erosleen artean (Elkar, 2022).