Euskaltzaindiaren Hiztegirako proposamen berriak

(Abuztuan, esan nizuen aurreko batean, urtean zeharreko artikulugile titularren ordez, Berria egunkarirako zutabe bat idatzi nuen, igandeetako Ele/Mele azpisekzioan. Ideiarik gabe geratzeko beldurra izaten dudanez, aste batzuetan zutabe posible bat baino gehiago idatzi nuen. Hau, Twitterren noizean behin agertzen den #hitzokei sailean inspiratua, luzeegi atera zitzaidan, eta ez nuen, azkenean, erabili. Aurreko batean egin nuen bezala, nire blogean berreskuratzen dut -horregatik deitzen da blog hau Oharrak eta Hondarrak, besteak beste…-).

Pixka bat dezepzionatu ninduen Euskaltzaindiak bere azkeneko Hiztegian onartu zuen hitz zerrenda dela eta: «portzierto» bai, eta «enpin» edo «zaharruno» ez? Ze arbitrariokeria mota da hau? («arbitrariokeria» ez dago, ezta ere, bertan, bide batez esanda).

Edonola ere, kontuak aditzera ematen du hizkuntza bizirik dagoela, pixka bat sikiera, eta Euskaltzaindiak, otorduz otordu eta erritmo jurasikoan bada ere, badakiela aurrerapausoak ematen. Hona hemen nire uztako proposamen batzuk, akademia txit gorenak hurrengo bileraren batean aintzat hartzea espero ditudanak:

Eznaizionalismo: norberaren nazio-nortasun eza kartsuki goratzea, munduko hiritarra zarela aldarrikatuz, besteen nazionalismo doilorra mingoski salatzen duzun bitartean (beste horien nazioak estatua ez duelarik, noski); ez-atxikimendu horretan oinarritzen den doktrina, espainiarra izanda bereziki.

Desprofil: sare sozialetako profil ez anonimoan (Whatsappean batez ere) zure argazkia ipini ordez, animalia, landare edo mineral batena jartzearen ondorioa. Bereziki aplikagarria norbera, bakarrik agertu beharrean, indibiduo gisa alegia, bikotekidearekin/seme-alabekin agertzen denean, familiaren apendize soila balitz bezala (izan ere, batzuetan bikotekidea edo seme-alabak baino ez dira agertzen…).

Euspontaneo: herriarengandik herriarentzako (barkatu, Herriarengandik Herriarentzako) sortutako edozein euskal adierazpen kultural berritzaile-apurtzaile, berezko eta natural-naturalari dagokiona. Batez ere ondoren, uneren batean, frogatzen delarik Ikasketa Kulturalen tailer bateko doktoregairen batek edo euskalgintzaren edozein laborategi soziolinguistikok diseinatu duela.

Vaskuelki: batuaren aurkari guztiek, dela euskalkiaren eta are sukalkiaren defentsa sutsuan aritzen direlako, dela euskañol iraunkorra aldarrikatzen dutelako (etorkizunean hobetzeko aurrerapausoak emateko inolako asmorik gabe), asmatu beharko luketen pidgin berria.