Arrastoan

Badakit egungo ni-aren poetiken gorazarrezko korronte nagusiaren kontra noala –alferrik–; ildo bat, bide batez esanda, zeinetan, Ignacio Echevarría kritikariak iradokitzen zuen bezala, “nartzisismoaren eta zintzotasunaren arteko nahasmena” ohikoa bihurtu baita –ustezko zintzotasuna oso gainbaloratua dago, autobiografismo zantzuekin batera eskaintzen zaigunean–. Hala ere, gero eta konbentzituago nago: literatura Nia arrastoan sarturik mantentzean datza, egoa ahalik eta gehien bridatzean alegia. Besteak beste, noski. Hots, ahal den neurrian, eta Ni horretatik abiatuta bada ere, kanporantz begiratzean, eta ez norberarenean goxo-goxo lokaztean –utz dezagun literaturatik kanpo, gaurkoagatik, poesia lirikoa, hainbeste olerkarik aldarrikatzen duten bezala: haientzako tantoa, behin behinean bederen–.

Horren adibide bikaina bezain paradoxikoa eskaintzen digu Benjamin Moser-ek idatzitako Susan Sontag-en biografia monumental-xeheak –nik gaztelaniaz irakurri dut, Anagrama argitaletxearen eskutik, Sontag. Vida y obra izenburupean–. Liburuak, ezin bestela izan, ertz asko dauka, XX. mendeko bigarren erdialdeko intelektual nabarmengarrienetako baten ibilerak kontatzen dituen neurrian: agian izen hori merezi izan duen azken nazioarteko “intelektualarenak”, hain zuzen ere. Hor dago, camp estiloaren azterketaren bitartez –edo Rauschenberg margolariaren artea The Supremes pop taldearekin gurutzatzean–, postmodernismoaren eta ikasketa kulturalen totum revolutumari ateak zabaldu zizkion idazle gaztea, eta, bestalde, goi kulturaren seriotasunaren galeraz lantua jotzen zuen jakinduria entziklopedikoko egile heldu eta zorrotza. Hor dago, orobat, garai bateko ezker erradikalaren tropo guztiak bereganatuz –Kubara edo Txinara egindako bidaia akritiko samarrak barne–, Vietnamgo gerrari adoretsu aurre egin zion idazle konprometitua, eta, helduaroan, “sozialismo errealeko” erregimenen izugarrikerien arbuioa egin ondoren, Sarajevon bere gorputza balen pean hamaika aldiz jartzeko adorea eduki zuen intelektual are konprometituagoa, Jugoslaviako gerraren gordinaren erdian kulturaren balioa aldarrikatu nahi izan zuelarik, hiri setiatuan Godoten esperoan antzezlanaren bertsio bat muntatuz. Eta hor dago pertsonai publiko irmo bezain erronkaria, eskuzabala bezain irekia, eta alor pribatuko emakume dudatsua, berekoia eta, maiz, zitala.

Baina, artikulu honen gai nagusiarekin lotuta, deigarria iruditu zaidana, egile estatubatuarraren bizitzaren eta lanen errepaso sakon horretan, da nola, hain pertsona egozentrikoa izanik –Moserrek froga ugari ematen ditu horren inguruan: berea ez da batere biografia atsegin-emailea, gurean gertatzen denaren kontra, azken aldiko letemaniak argi uzten duen bezala–, deigarria da nola hain egozentrikoa izanik, diot, Sontagek apenas idatzi zuen, agerian, bere buruaz, ez bere fikzioetan, ezta bere entseguetan ere –azken horiek dira, gehienen arabera, bere obraren lorpen iraunkorrena–. Eta egin zuenean, Hanoira egin zuen bidaia “konprometitua” kontatzean bezala, emaitzak ez zirela bereziki distiratsuak izan. Minbiziaz –eta gaixotasun hori inguratzen zuten irudi literario eta sozial kaltegarrien kontra– idatzi zuen Gaixotasuna metafora gisa liburuan ez digu kronikarik egiten berak, pronostiko guztien kontra, gainditu zuen minbiziari buruz, esaterako. Nekez imajina dezakegu gaurko edozein autofikziogile tamainako balentria burutzen.

Egia da, Moserrek frogatzen duen bezala, besteaz ari denean –kanpokoaz, munduaz, kulturaz–, funtsean, bere buruaz ari dela: Canettiren edo Benjaminen erretratuak egitean, Sontagez ari dela; Sartreren idazkera “anfetaminikoa” salatzean –eta, bide batez, Sartreri osotasunerako emendakin bat planteatzean–, ezin dela ahaztu bere obraren zati handi bat droga horren eraginpean idatzi zuela Sontagek berak. Eta utzi zuen egunerokoaren gai nagusia, ia bakarra –ehundik gorako liburuki!– Susan Sontag bera dela –batek ez du eguneroko bat idazten, eta posteritaterako gordetzen, egunen batean argitaratuko den esperantzarekin ez bada…–. Horregatik nioen paradoxikoa dela, gai honekin lotuta, bere jarduna.

Edonola ere, Sarajevoko bere esperientziaren emaitza literarioa ez zen han berak pasatutakoaren kronika edo eguneroko bat, gerra-argazkien eta basakerien irudien inguruko hausnarketa bat baizik, Besteen minari dagokionez lana. Izan ere, bere lehen ideia, hiri setiatura joatean, isiltzea zen: “Onena da ezer ez esatea, eta hori izan zen nire jatorrizko asmoa. Gutxi bada ere, norbera egiten ari denaz hitz egiteak (…) modu bat dirudi nork bere buruari garrantzia emateko”.

Hots, bere bizialdian, kontzienteki, aurre egin zion ni literarioaren bulkadari, arrastoan eutsi zion egoari, eta, gehienetan, barrutik kanpora idatzi zuen, barrukoa lehenengo planoan ipini gabe sekula. Eta, susmoa dut, horregatik suertatu zen, besteak beste, Sontagen lana horren eraginkorra, emankorra eta esanguratsua. Zorionez.

Eta gero gerokoak: hots, lorpenak eta loriak bezainbeste miseriak eta kontraesanak desestaltzen dituzten biografiak.

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2020ko urriaren 17an].