Durangoko azokara (ez) joateko motiboak (iragarpen bat baino, iragarki bat)

Aitor dut: Durangoko Azokarekin harreman anbibalentea daukat. Onartzen dut, alde batetik, gurea bezalako kultura txiki batentzat dakarren ahalegin titaniko eta sinesgaitza. Miresten dut ehunka bolondres eta militanteen lana, eta azken urteotan gune berri eta dinamikoak martxan jartzeko izan duen ekimena. Ulertzen ditut argitaletxeentzat, txikientzat eta ez horren txikientzat, dakartzan behin behineko onura ekonomikoak, are gehiago krisia eta beheraldia gure artean instalatu direnetik. Eskertzen dut aspaldiko adiskideekin berrelkartzeko aukera izatea, miresten ditudan idazle eta musikariekin hitz batzuk trukatzeko parada eskaintzea, eta baita irakurle batzuk ezagutzekoa ere.

Baina, bestetik, gogaitu egiten nau gune nagusiaren erritmo taylorista-fordistak –tamaina ertaineko liburu denda patxadaz esploratzearen plazer burges txikiaz horren urrun–. Literatura eta musikarako –ezta, batzuetan, euskararako ere– interes berezirik erakusten ez duen jendetzaren joan-etorri aldi berean urduri eta axolagabeek. Argitaletxe txikiei ezarri zaizkien standen prezio aldetiko traba gaindiezinek. Estetikaren eta Zeitgeist-aren uniformetasun orokorrak. Gauza handirik ospatzeko ez dagoen une horietako ospakizun giro nolabait eskizofrenikoak. Euskal erromeria postmodernoen egutegian koska bat gehiago marraztu izanaren sentsazio deprimenteak.

Ironia txikien lekuko izatearen plazera alde batera utzi gabe, noski. Gaztelaniaz idatzitako liburu monastiko-gastronomiko baten –edo, denboraldiaren arabera, antzekoren baten– gailentzea zerrenda estraofizialetan. Salmenta datu erreal beti isilduen oihartzun sorra. Literaturarekin apenas zer ikusirik duen idazlearen eta bere edizio elebidunen meten aurrean eratzen diren harategi-errenkada sobietikoak. Aurkezten duten liburua irakurri ez duten –eta nabaritzen zaien– aurkezleak. Konpromiso eta purutasun literarioaz arrandia egin ohi duten argitaletxeek komertzialtasun gordinenaren aurrean alegereki onartzen dituzten amore-emate taktikoak –edo, auskalo, agian estrategikoak, ez zait sekula argi geratu–.

Eta abar.

Horregatik guztiagatik, eta horren guztiaren despit, han izango naiz, euskarazko lan berria argitaratu dudan denboraldi (ia) guztietan bezala. Oraingoan abenduaren 6ko goiz eta eguerdian izango naiz bertan, larunbatean, 12:00ak arte Xabiroi aldizkariaren standean (IkasElkar-enean, Goienkale 86-91), Julen Ribasekin batera gure Azken garaipena albumaren aleak sinatzen (eta ekartzen dizkidazuen nire edozein libururenak, noski), eta orduz geroztik Elkarreko standean (Artekale 69-80), Inon ez, inoiz ez ipuin liburuarenez (edo nahi dituzuenenez) arduratzen, ziurrenik Ana Malagonen konpainia noblean (bere Lasai, ez da ezer gertatzen ezinbestekoa dedikatuko dizuena). Bide batez, Inon ez, inoiz ez erosten dutenei okasiorako propio apailatu dudan kaieratxo bat oparituko diet, “Genealogia” narrazio berri argitaragabeak eta udaberriko aurkezpenetan irakurri nituen ipuin eta sasimanifestu guztiek osatua. Komertzialtasun gordinenaren izenean beti, zer esanik ez.

DSCN2608[1]

Advertisements

Katarroa

[Inon ez, inoiz ez laneko azkeneko aurkezpen saioetan, beste kontu batzuen artean, ipuin hau irakurri izan dut, bonus track gisa. Azaltzen nuen bezala, libururako galbahea pasatu ez zuen testuetako bat izan zen, urteotan metatutakoen artean, eta “amu” bezala ondo funtziona zezakela aipatzen nuen nire hitzalditxoan: entzuleei gustatu ezkero, primeran, liburuan aurki daitezkeenak hobeak direlako, eta gustatzen ez bazitzaien, ondo ere bai, ziur egon zitezkeelako liburukoak askoz ere hobeak izango zirela. Hona hemen, beraz, “Katarroa”, Inon ez, inoiz ez libururako bidea burutzerik izan ez zuen ipuina.]

 

Katarroa

Hilabete baino gehiago eman genuen katarro harekin. Ezin etxetik bota. Alaba txikiak ekarri zuen, haurtzaindegitik. Mukiak, eztarriko mina, sukarra: ohiko sintomak, gizarte segurantzako medikuaren begirada axolagabea baino merezi ez duten horietakoak. Gero txikiak alaba nagusiari pasatu zion, eta horrek amari edo niri, ez gara horretan ados jartzen. Eta alaba txikia sendabidean zegoelarik, berriro harrapatu zuen, are gogorragoa, nik edo andreak kutsatuta, horretan ere ez gara ados jartzen. Handik egun batzuetara, txikiak alaba nagusiari itsatsi zion berriro ere, eta nagusiak guri. “Katarro zirkularra” deitzen genion, eta udaberri osoa gurekin igaroko zuela uste genuen.

Baina egun batetik bestera, banan bana, modu ia magikoan, denok sendatu ginen: alaba txikia, nagusia, andrea, ni neu (edo ni neu eta gero andrea, horretan ere ez gatoz bat).

Arraro samar sentitzen nintzen nire gorputz indarberrituaren baitan, eta gauza bera sumatzen nien etxeko besteei ere, ofizialki denok poz handia erakusten genuen arren. Baina alaitasun moduko hori artifiziala zen. Zer edo zer falta balitzaigu bezala gu izateko. Katarroak gure izanaren parte bat eraman izan balu bezala.

Horregatik, inori txintik esan gabe, gure katarroaren bila abiatu nintzen. Ziur nengoen Emmari, ondoko mahaiko lankideari kutsatu niola nik, bulegoan, baina osasuntsu aurkitu nuen hura ere; ez zitzaidan asko kostatu jakitea, ordea, hark bere gizonari kutsatu ziola, eta gizonak koinatuari. Koinatuak Gamarrako altzari denda batean egiten du lan, leku aski publiko batean, eta hara abiatu nintzen ni: arratsalde erdia pasatu nuen harekin, larruzko besaulkiak probatzen eta konparatzen, batere sinesgarria ez zen segurantza erakutsiz. Eztulka aritu zen elkarrekin eman genuen tarte guztia, eta pozik itzuli nintzen etxera, gure katarroa erreskatatu nuelakoan.

Eztulka topatu nuen emaztea. Berak ere arrastoa jarraitua zion gure katarroari, lan egiten duen eskolan, eta ikasketa buruarengandik berreskuratu zuela aitortu zidan. Berehala kutsatu zuen alaba gazteena, horrek ondoren nagusia, eta nagusiak ni.

Baina nik susmoa daukat ez dela gure katarroa, beste bat baizik, ezberdina, oso ezberdina. Andrearekin eztabaidatu dut maiz kontuari buruz, baina ez gara ados jartzen.

sweat

 

Ana Malagonen hitzak “Inon ez, inoiz ez” liburuaz

[Hauek izan ziren Ana Malagon idazleak eta, hala ere, adiskideak Zarauzko Literaturia 2014ko mikro-aurkezpenean Inon ez, inoiz ez nire ipuin liburuaren inguruan esan zituenak. Maiatzaren 31n egin genuen, bazkaltzeko orduan kasik, Garoa liburu dendan. Mila esker bihotzez, Ana!]

Zuen zorionerako, laburra izango naiz. Gose izango zaretelako. Fisiologikoki gose eta Iban Zaldua entzuteko gose. Eta jende askori gertatzen zaio, gose denean kabreatu egiten dela. Ez nuke hori nahi. Zuen pazientziarekin jolastuko dut, pixkat bakarrik. Hona hemen nire gaurko helburuak, ordenean: 1. Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez liburua oso ona dela eta irakurri behar duzuela esatea. 2. Aurrekoa justifikatze aldera, liburuaren gako batzuk ematea. 3. Nire subnormaltasuna disimulatzea (ez dut itxaropen handirik).

1. Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez liburua oso ona dela eta irakurri behar duzuela esatea. Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez oso ona da eta irakurri behar duzue. Esan dut. Ahal baduzue, denda hontan erosi. Liburuak seinalatzeko luminosoak falta dira, baina hor dago, eskuragai. Dagoeneko erosi eta irakurri baduzue, erosi berriz. Norbaiti oparitu.

Inon ez, inoiz ez liburu ona delako. Garrantzitsua.

Honekin amaitu nezake aurkezpena, zuen mesederako. Eta norbait garrantzitsua izango balitz, nahikoa litzateke zuek nire iritzia aintzat hartzeko.

Baina ez naiz. Eta horrregatik, nire bigarren helburua bete beharko dut.

2. Aurrekoa justifikatze aldera, liburuaren gako batzuk ematea.

Gako hauek ez liburu hontan bakarrik, Iban Zalduaren obran zehar aurki daitezkeen hiru ezaugarri dira. Ibanek maisutasunez jorratzen dituenak.

a. Testuinguruetatik eroritako outsiderrak Hemen eta orain. Inon ez, inoiz ez. Ez dira bildumaren atal nagusiak bakarrik. Ere bai. Liburua osatzen duten ipuinen ardatzean dagoen bidai bat ere bada. Testuinguru jakin bat hemen eta orain biziki bizitzetik , testuinguruaren aldaketarekin amildegian behera inon ez, inoiz ez batean erortzen diren pertsonaien bidaiak.

Egoera berriari egokitzeko arazoak dituzte. Deskontzertutik begiratuko diote errealitate berriari. Batzutan errealitate ukatu egingo dute. Bestetan, horren kontra errebelatu. Baina egokitu? Zaila dute egokitzea.

b. Hartu eta emanik gabeko hartu-emanak Harreman desorekatuen azpigenero-ez-ofizialean maisu da Iban. Informazio izkutaketak markaturiko harremanak jasotzen dituen azpigeneroan. Ipuingintza hori da neurri handi batean, ezta? Informazioaren kudeaketa. Ipuinak kontatzen dira ipuinetan (matrioska narratiboak dira, nolabait). Ipuinak isiltzen dira ipuinetan (izkutaketa jolas serio batean, nolabait). Ipuinak kontatu eta isildu egiten dira (koreografia batean, nolabait).

c. Surrealismo posibleak Fikzioaren aldarria egin du Ibanek bere azkeneko aurkezpen eta elkarrizketetan. Eta eskerrak, autofikzio-autobiografia-autolaguntzaren garai hauetan, fikzioa maite dugunok eskertzen diogu gurekin gogoratu izana.

Hala ere, fikzioa da bai, surrealista-fantastikoa izan daiteke batzutan, bai, baina batek nolabaiteko sentsazioa du posible dela, ez daki nola, baina posible dela, fantasia hori egunen batean teleberrian ikustea, norbaitek kontatuta beregana hurbiltzea edo lehenengo pertsonan bizitzea.

Bada fantasia, bada ironia, bada ezinegona.

3. Nire subnormaltasuna disimulatzea (itxaropen handiegirik gabe). Uhm. En fin. Ez, ez dut lortu. Baina saiatu naiz, benetan.

Irudia

Argazkiaren egilea: Peru Iparragirre @nomadagaldua

Mikel Ayerbe: “Edonon, hemen, edonoiz edo herenegun, orain, etzidamu”

[Hau da Mikel Ayerbe irakasle eta literatur kritikoak nire Inon ez, inoiz ez liburuaren Gasteizko aurkezpenerako (2014-V-13) prestatu zuen testua. Eskerrak eman nahi dizkiot aurkezpenagatik beragatik, eta blogean argitaratzen uzteagatik].

Iban Zalduaren lagun Mikel Ayerbek eta, halere literatur kritikariak, konpromisozko enkargu bat onartu zuen duela hilabete: Iban Zaldua idazlearen Inon ez, Inon ez ipuin-bilduma aurkeztea, hain zuzen. Pozik onartu zuen, nahiz eta “Made in Gasteiz” gisako aurkezpen bat izan, eta ez Euskal Literatur Sistemaren sinekdoke den Donostiako Udal Liburutegiko sotoa bezalako leku garrantzitsuan egin ohi zen aurkezpen “ofiziala”. Izan ere, Inon ez, inoiz ez liburua Ramon Saizarbitoria idazlearen, Ibon Egaña kritikariaren eta Xabier Mendiguren editorearen laguntzarekin aurkeztu zuen Iban Zalduak joan den apirilaren 5ean eta ordukoan, Mikel Ayerberi ikusle soila izatea egokitu zitzaion (beno, egia da azafato lanak ere egin zituela, idazleak egun horretarako espresuki idatziriko ipuina jendartean banatu baitzuen). Ayerbek berekiko pentsatu zuen oraingoan, ordea, Elkar liburu-dendan izango zela aurkezpena eta ez aurrez aurkeztu izan dizkion Zalduaren Euskaldun guztion aberria (Alberdania, 2008) edota Ese idioma raro y poderoso (Lengua de Trapo, 2012) lanen aurkezpenak bezala, Zuloa liburu-dendako zulo edo sotoan, eta horrela, agian, ikusgarritasun gehiago izango zuela kontuak, besterik ez bada, liburuak erosten dabilen voyeur jendearen begirada harrituen jomuga sentituko zelako.

Edonola ere, baietz esan zuen (besteak beste, por fin!, ipuin bat dedikatu diolako) eta ederki damutu da. Damutu egin da ez dakielako jadanik zer esan Iban Zalduaren lan berriaz. Ipuingile porrokatua eta eskarmentuduna dela esatea klixe bat iruditzen zaio. Berdin Txekhov, Kafka, Poe, Borges, Munro eta enparauen irakaspenak bere egin eta estilo propioa aspaldi lortu zuela esatea. Beraz, Zalduaren Inon ez, inoiz ez lanaren ondoren atera diren elkarrizketa guztiak irakurtzen ditu bata bestearen atzetik, ea horrela zerbait otutzen zaion: “Fikzioan sinesten segitzen duelako” titularra zeraman Donostiako aurkezpenaren hurrengo eguneko Berriako titularrak. Eta Ayerbe ere ados dago, errazagoa baitzaio azken horri ere fikzioan sinestea, errealitatean fedea izatea baino. Beste egunkari, aldizkari, blog, irratsaio eta medio guztietan errepikatzen da hiru atal dituela lanak eta hasierako “Inon ez” eta amaierako “Inoiz ez” atal fantastikoagoen artean, euskal gatazka edo La Cosa (sic) edota, genero minorraz ari garenez, las cositas-i buruzko ipuinak bildu dituela “Hemen, orain” erdiko atalean. Baina hori guztia esatea ez da batere orijinala, aurkibidean errazen ondorioztatzen den kontua delako (askoz zailagoa da, nonbait, liburua zenbait ipuinek osatzen duten ebaztea: 40, 38, 37,  37 eta erdi?)

Beraz, aurkezleak pentsatzen du Saizarbitoriak eta Egañak Donostiako aurkezpenean esandakoak plagiatzea, beno, plagiatzea plagiatzea ez, baizik eta bere egin eta berridaztea, omenaldi gisa. Eta horrelaxe ekartzen ditu paperera Egañak zerrendaturiko hainbat gauza: “absurduaren garrantzia (…) geruzetan aberasten eta korapilatzen diren ipuinak direla (…) denbora eta espazioaren kodeak irauli egiten direla ipuinotan (…) ikusgai eta ukigai dugun errealitatea bainoa are errealagoa den fikzio fantastiko bat sortzeko” (gogoan du Zalduak berak Borgesen aipu bat erabili zuela ideia hori indartzeko, baina kritikari-entzuleak ez zion kasu handiegirik egin, aipuen bidez hitz egiten duten idazle gehiegi entzun dituelako eta jada ez dakielako nork nor eta noren zer aipatzen duten), eta berriro Egañaren zerrendari helduz, “Idazketa”, “Jolasa”, “Nia”, “Obsesioa”, eta beste hitzak kopiatzeari ekiten dio. Zoritxarrez, ordea, berandu ohartu da Iban Zalduaren Oharrak eta hondarrak blogean zintzilikatuta dagoela Ibon Egañak aurkezpen egunean irakurri zuen hiztegi-testu bikaina eta beraz, oso agerian geldituko litzatekeela plagio hori eta, beraz, azkenean Egañaren hitzak ez erabiltzea erabakitzen du.

Bestetik, Saizarbitoriaren hitzekin ez da askorik gogoratzen Ayerbe, idazleari dion debozioak itsututa eta erabat gortuta, kezkatuago zegoelako idazlearen aurrean entzule arretatsuaren irudia ematearekin, Saizarbitoriak berak esaten zituenekin baino. Ipuin luze(ago)en indarraz hitz egin zuela gorde zuela buruan, eta “Gerra Zibilak” ipuina nabarmendu zuela ere bai (Ayerberi bene-benetako poza eman ziona, bide batez esan, Nuestras Guerras Gerra Zibila eta euskal gatazka oinarri dituen euskal idazleen ipuinen antologiarako Zalduaren ipuin hori bera hautatua baitzuen Ayerbek).

Puntu honetara iritsita, lagun-kritikari-aurkezleak berrirakurri egiten du ordura arte idatzitakoa eta Inon ez, inoiz ez liburuaz baino, bere buruaz gehiago hitz egin duela ohartzen da. Baina tira, lizentzia poetikotzat hartzen du: Zalduaren liburuan bertan ez al da ba, literatura autobiografikoaren, hots, autofikzionalaren, hots, autoegolatria-zilborristikoaren arriskuez hitz egiten? Eta beraz, idatzitakoa kritikari-aurkezlearen autoparodiaz mozorroturiko testua den neurrian, idatzitakoa bere horretan uztea erabakitzen du.

Hori bai, zerbait gehiago esateko premia sentitu, eta Zalduaren lanak ongi baino hobeto ezagutzen dituela garbi utzi beharko lukeela jabetzen da Ayerbe. Etxeko liburutegiko apaletara joan eta azken 5-6 urtetan grupy baten moduan Zalduaren irakurraldi guztietan bildu dituen liburutxoak arakatzen hasi da: Inon ez, inoiz ez liburuko ipuinen kronologia, aldaketak, berridazketak…; azken finean, berak egunen batean izan nahiko lukeen kritikari genetikoaren paperean jartzea erabakitzen du. Era berean, idazleak berak pasa zion Inon ez, inoiz ez-en eskuizkribua hartu eta argitaraturiko edizioarekin erkatu du, honako hau irakurri baitio Zalduari nonbait: “Ordenatzea bera baino, liburuaren azkeneko fasea izan da lan gehiena eman didana: erabakitzea zeintzuk ipuin sartu eta zeintzuk ez, zuzenketak eta egokitzapenak, atalen arteko orekak bilatzea, oreka horiek lortzeko falta zitzaizkidan ipuinak idaztea…”. Ondorio interesgarriak atera ditu kritikariak, baina tamalez, ez liburu aurkezpen batean esateko modukoak…

Eta azkenik, gehiegi luzatzen ari delako inpresioa duenez, maukapetik azken taktika ateratzea erabakitzen du: entzuleek entzun nahi dutena esatea, hain zuzen. Horrelakoetan, sarriegitan aurrez jakiten delako nortzuk bertaratuko diren. Horrenbestez, ziur dago baten batek entzun nahi izango duela Zaldua ez dela idazle tristea eta iluna (Ayerbek behintzat barre asko egiten du berarekin) eta bere literatura ere ez dela tristea eta iluna. Hori bai, oso kritikoa dela (eta zorionez, baita autokritikoa ere, bi kontzeptuak gutxitan baitoaz batera) eta bere etengabeko perfekzio nahiak eta autoexigentziak inbidia ematen dutela, errealitatea eta fikzioa, edota nahiago bada, norberaren ingurua eraldatzeko eta hobetzeko esperantza galdu ez duen norbait baitago ipuinon atzean, beretzako nahi ez duena besteentzat ere nahi ez duen norbait; baina ez alderantziz, besteak konformatzen direnarekin konformatzen ez den norbait baita Zaldua. Ayerbek zalantzak ditu azken hau ulertuko ote den, baina ziur da Zalduak koordinatzen duen irakurle klubera joaten eta bertaratuko direnek badakitela zertaz ari den.

Umorezko konturen bat ere aipatu behar, eta atzo El Correon irakurritako “Raphael niega su propia muerte” titularraren ostekoa (“El cantante […] tuvo que llamar ayer al programa de la televisión local ‘Qué tiempo tan feliz’, para desmentir un bulo de mal gusto. El bulo se extendió por Twitter y el hashtag #DEP-Raphael se convirtió en ‘trending topic’ en unos minutos.”) irakurtzea ere pentsatu du, Zalduaren Inon ez, inoiz ez ipuin-bildumako “Twitter bidezko heriotza” kontakizuna gogoan, errealitateak fikzioa gainditzen duenaren lekuko. Baina friboloegia iruditu, eta ez egitea erabakitzen du.

Eta azken-azkenik, eta aurkezpena “Made in Gasteiz” dela berriro errepikatuz, Inon ez, inoiz ez-en Gasteiz oso presente dagoela esango du, entzuleen artean M. ere egongo delakoan. Baina ez Zalduaren oheburuko irakurgaiak diren Ostegunak (eta Ostiralak eta Larunbatak) liburu(et)an bezala, baizik eta are errealistago, edo are fikzionalago, nahi bada: Amelia Barquinen argazkian oinarrituriko azala dugu batetik, Ibarrolaren “La mirada” edo hiritarrontzat “El coño” dena, Zalduraren Etorkizuna liburuko “Gargantuarena” gogora ekartzeaz gain, ez-leku (berandu bada ere, hitzak atera behar zuen) eta ez-orduaren kontzeptu iradokitzailez hain betea eta kargatua (eta gainera, liburuko “Boulevard-eko erlojua” bezala, juntadizo gune ere badena; uler bedi, A las ocho en el bule-ren homologo “A las nueve en el coño” gisa). Era berean, “Gaztainak” ipuinarekin identifikatzen ez dena ezin izango da Gasteiztar edo Gasteiztartutzat jo; edota “Ama” ipuineko polenak hiria estaltzen dueneko giroa ere hor dago; “Zapatería Beltrán, Café Moderno” ipuina eta abar…

Eta puntu honetara iritsita, Ayerbe kritikaria ongi jabetu da arratsaldeko seiak eta berro-hogei direla eta hemendik hamar minutura gelditu dela egilearekin Elkarren eta ez duela idatzitakoa errepasatu eta berridazteko ez denbora ez lekurik eta aurkezpen testu edo dena delakoa bere horretan uztea erabakitzen du.

Ederki damutuko zaion bigarren erabakia, inondik ere.

 

P.D.: Eta bai, aurkezpen egunetik hiru egunera, hots, orduko etzidamura, Zalduak Ayerberi irakurritako testua bere blogean jartzeko eskatu zion, eta baietz esan ostean, hirugarrenez damutu zaio, pentsatuz orain akats guztiak zuzendu beharko dituela eta K. Bere bizi guztiko editoreari bidali bere iritzia jakiteko, eta hiper-estekak gehitu, eta argazkia atera, etab., etab., etab…

Baina apur bat pentsatu ostean, hori ere ez egite erabaki du, oraingoan, batere damurik gabe.

Irudia

 

Ibon Egaña: 14 hitz “Inon ez, inoiz ez” liburuaren inguruan

[Hau izan zen Ibon Egaña kritikoak -eta, hala ere, lagunak- nire Inon ez, inoiz ez liburuaren aurkezpenean irakurri zuen testua. joan den apirilaren 5ean].

Inon ez, inoiz ez liburu handia da, zentzu askotan. Mardula, ugaria eta askotarikoa, ez da erraza izan, niretzat bederen, ezer koherenterik esatea bildumaren inguruan. Horregatik, irakurri ahala burura etorritakoei forma ematearren-edo osatu dut hiztegitxo hau liburuaren nondik norakoez zerbait argituko duelakoan.

1. Absurdua: demagun, inoiz iritsiko ez den agindu baten zain dauden komandokideak, edo bukle tenporal batean murgilduta dauden presoaren senideak. Bada absurdutik Iban Zalduaren ipuin berri hauetan, again bereziki bigarren atalean, euskal gatazka (La Cosa, bere terminologian) hizpide hartzen den ipuinetan. Erregistro dramatiko edo tragikotik aparte, absurdurantz egin du Zalduak, errepikatzearen errepikatzez edo itxarotearen itxarotez esperpentikoa bilakatutako errealitatea irudikatzeko, historiaren hari nagusiaren linealtasuna apurtzen duten korapiloak irudikatzeko.

2. Denbora da hiztegiko bigarren terminoa, eta haren lehengusua, espazioa. Inon ez, inoiz ez izenburuak salatzen du, eta Amelia Barquinen azaleko argazkiak ondo baino honeto irudikatzen denbora eta espazio propioak eratzen dituela Iban Zalduak ipuinotan, eta horixe du liburuak ezaugarri komunetakoa. Bestela esanda, espazio-denboren kontzepzio arrazionalaren pitzadurak bilatzen ditu etengabe Zalduak, errealitatearen neurri horien mugak ñabartu egiten ditu, eta malgutu eta nahieran manipulatzen ditu denbora zein espazioa, fikzioaren mesedetan. Ipuinaren, fikzioaren espazio-denbora propioak, fikzioan soilik litezkeenak, eraikitzen ditu trebetasunez Zalduak. Denborak lineala izateari uzten dio, atzera eta aurrera egiten dute pertsonaiek denboran, leku berri eta ezezagunak sortzen dira espazioak materialtasuna galtzen duen unean eta, hala, ipuinaren koordenada espazio-tenporaletan gatibu harrapatzen gaitu egileak.

3. Egunerokotasuna. Denbora eta espazioan pitzadurak sortu eta bestelako espazioak sortzen baditu ere, Zalduaren ipuinetako askok egunerokotasuna dute abiapuntu: bikote-harreman domestikoak, seme-alaben zaintza, etxeko istripuak… Ohikoa duen begi zorrotza ezartzen du horietan Zalduak, eta domestikotasunean bilatzen du bikote-harremanak disekzionatzeko bitartekoa, pertsonaien arteko elkarrizketek gidatuta sarritan, sinesgarritasun eta gertutasun beldurgarria lortuz. Denbora-espazio fikziozko eta are fantastikoen eta egunerokotasun banalenaren arteko orekan datza, bestalde, liburu hauen lorpenetako bat.

4. Ezustea. 38 ipuin (kontrazalakoarekin 39) bildu ditu Ibanek, eta guztiek lortzen dute irakurlea ezustean harrapatzea. Batzuetan amaierako danbatekoarekin, besteetan ipuinek erdibidean hartzen duten bihurgunearekin edo errebelazio txikiekin. Irakurlea erosotzen denean, erantzuna aurrez aurre duela uste duenean, bizkarretik erasotzen dio ipuinak ahulgunean.

5. F letran, Fikzioa, eta haren ahizpa, fantasia, batera datoz. Aske dabil Zaldua narrazio hauetan, aske eta trebe fikzioak eskaintzen dizkion baliabide ugari eta askotarikoak erabiltzen. Literatura, ezer izatekotan, fikzioa dela uste duen egile baten lana da hau; alegia, narrazioaren autonomian eta mundu fikziozko, imajinarioen berezkotasunean sinesten duen ipuingile baten lana. Autobiografiatik edo nitasunetik abiatzen den literaturaren antidotoa da  bilduma (modu esplizitu eta parodikoan, “Literatura autobiografikoaren arriskuak” deitu du ipuin bat), mundu narratibo eta fikziozkoen beregaintasunaren aldeko aldarria ia, eta fantasiari ipuingintzan dagokion lekua aitotzen dio.  Zientzia-fikzioaren forma hartzen du fikzioak inoiz, metamorfosi kafkianoarena ipuinen batean, beste batzuetan objektu edo elementu estrainioek mundu erreala aztoratzen dute, eta gorago esan bezala koordenada espazio-tenboralak irauli, mundu erreal bezain fantastikoei lekua egiteko. Fikzioa eta fantasia, beraz, eskutik helduta doaz, errealitatea irudikatzeko tresna fidagarrienak bihurtuta.

6. Geruzak. Harkaitz Canok zioen errealitatea, tipula bezala, hainbat geruzatan antolatuta dagoela. Halatsu Ibanen ipuinetako narrazioak. Kontakizunak beti (edo gehienetan) du geruza bat baino gehiago. Bada geruza bat kontatzen zaiguna, begibistakoa,  narrazioaren haria eramaten duena, baina bada beste azpiko geruza bat, lausoagoa, isilagoa, lurpeko errekasto bat bezala aurrera doana, eta irakurleak lerroartean irakurri beharrekoa. Irakurleak egin behar duen bi geruzen arteko josketan dago ipuin hauen plazer-iturrietako bat.

7. Heriotza.  Heriotza da Inon ez, inoiz ez honen gai behinenetakoa ere. Ez du, haatik, ipuin liburuak kutsu malenkoniatsu edo tetrikorik. Aitzitik, fikzioaz baliatzen da Iban heriotzaren eta bizitzaren arteko muga ere, errealitatearen eta fikzioaren artekoa bezala, ezbaian jartzeko. Hein batean, heriotzari protagonismoa emanez eta harekin harrapaketa-jolasean bezala arituz desdramatizatzen du ekidinezina dena. Batzuetan umoretik, beste batzuetan fantasiatik, hildako bizidunak edo bizidun birtualki hilak aurkituko ditugu orrialde hauetan zehar, eta batzuetan heriotzari garaipen txikiren bat kendu diogulakoan irribarrea ere etorriko zaigu aurpegira.

8. Idazketa. Edo, nahiago bada, literatura. Ez du liburu honetan Ibanen azkenaurreko  liburuko  pisurik idazketaren eta literaturaren gaineko gogoetak, egia da, baina idazketaren, fikzioaren, hitz batez, literaturaren ahalmenean sinesten duen egile baten narrazioak dira hauek. Horregatik, ipuin zenbaitetan, pertsonaien bizitza eta errealitatea bera hitz bat edo lerro bat idaztearen menpe dago; letra idatziak sortzen du mundua.

9. Jolasa. Literaturaren asmo ludikoari ez dio muzinik egiten Zalduak, eta jolas egiten du pertsonaiekin, espazio-denborarekin, eta baita irakurlearen espektatibekin ere. Errealitatea bihurritzera, deformatzera gonbidatzen gaitu Zalduak, eta jolas egiten du, halaber, narrazioaren formarekin inoiz.

10. Nia. Edo, hobeto esanda, “niaren gezurra” da liburuaren konstante garrantzitsuetako bat. Literatura autobiografikoaren arriskuez mintzo da Iban  eta ni-a ere fikzio ezegonkor gisa irudikatzen du. Espazio-denborekin bezala, niaren mugekin jolas egiten du Zalduak ipuinotan. Ni multiplikatuak ageri dira, bat eta hamaika diren pertsonaiak, isipilu narratiboetan aniztuak; ni lausoak eta ezegonkorrak, nortasuna trukatzen duten pertsonaiak; ni inpostoreak, ustez direnarekin bat ez datozen nortasunak; edo ni eszindituak, kontzientzia eta gogoa bitan banatu zaienak. Guztiarekin subjektuaren ezegonkortasuna eta haren errelatu koherentearen ezina dago behin berriro mahaigainean ipuinotan.

11. Obsesioa. Adulterioa, hiltzeko arriskuan dauden haurrak, komando bateko kideen egunerokotasuna… Idazle obsesibo baten lana da Inon ez, inoiz ez bilduma, eta arnasa estutzen dion horretan ezartzen du lupa berriro ere Ibanek. Eraberrituta irakurriko ditugu liburuan, haatik, Zalduaren kezkak eta obsesioak, beti koska bat gehiago estututa.

12. Orain, edo hobe agian “orain dela gutxi”. “Hemen, orain”, deitu dio Zalduak liburuko bigarren atalari, eta bertan bildu ditu 2006tik 2014 artean idatzitako eta gatazka politikoarekin lotura duten ipuinak. Gatazka politikoaren ertz eta erpin ugari fikziorako lehengai hartu eta ipuinaren forma askotarikoez eman ditu Ibanek, ikuspegi-aniztasuna aniztasun narratiboarekin konbinatuz, absurdua, ironia, eta paradoxa lagun hartuta, baina hondoko mina eta sufrimendua ezkutatu gabe.

13. Patua.  Eraikitzen dituen fikziozko artefaktuen esku uzten ditu Zalduak bere pertsonaiak, eta maiz aukeratu ez duten baina saihestu ezin duten patu baten menpe daude. Ipuin bakoitza kosmos txiki bat da, mundu autonomo bat, eta fikzioan ez du balio eguneroko arrazionaltasunak, bada zerbait pertsonaiez haraindikoa, patua, destinoa, hondamendirantz daramatzan indar bat. Historiaren zein istorioaren atzaparretan erortzen dira pertsonaiak, eta fikzioaren apetek agintzen dute ipuinean.

14. Zaldua, Iban. Alfabetoko azken letrak dakar azken lekura  Zaldua, Iban. Baina ziurrenik liburu honetaz esan daitekeen gauza onenetakoa da  Zalduaren ipuin liburu bat dela, horrek esan nahi duen guztiarekin, eta bere ipuingintza-ibilbidearen gailurretako bat. Ipuina genero gisa gutxik bezala ezagutzen duen egile baten lana da hau, fikzioaren indarrean sinesten duen egile batena, narratzearen artea, bere askotariko formetan goitik behera menperatzen duen norbaitena.

 

Autoanalisia

[Xabier Mendiguren, Ibon Egaña eta Ramon Saizarbitoriarekin batera egin nuen Inon ez, inoiz ez liburuaren aurkezpenean irakurri nuen ipuin hau, Donostian, apirilaren 5ean. “Bonus track” moduko bat da, ez baita liburuan agertzen: ekitaldirako propio idatzi nuen].

 

AUTOANALISIA

Idazleak egin behar duena idaztea da, eta zure liburuez asko
hitz egin behar baldin baduzu, seinale zure liburuek ez dutela
zure ordez hitz egiten. Malo, beraz.

Rafael Chirbes

Bere obraren interpretazioak biziki kezkatzen zuen. Ez zuen nahasterik edo gaizki ulerturik eragin nahi, eta, horregatik, bere aurreneko nobela argitaratu zuelarik, egiten zizkioten elkarrizketa guztietan saiatu zen ahalik eta sakonen ematen haren esanahi ageriko zein ezkutuen gako guztiak.

Hala ere, kritikak iritsi zirenean –hamar bat, liburua argitaratu ondorengo asteetan–, harrigarria egin zitzaion zein ezberdinak izan zitezkeen interpretazioak, are zein okerrak, haietako batzuk behintzat. Gauzak horren argi uzten tematu zen arren.

Horregatik, bigarren nobela amaitu zuenean, ezberdin jokatzea erabaki zuen: aurkezpenetik bertatik guztiz gardena izan nahi zuen idatzi zuenari buruz, eta azalpen luze eta zehatzak eman zituen, bertaratutako kultur kazetariek gogoan zituzten xeheenak –eta baita astunenak ere–. Hori gutxi balitz, ondorengo egunetako elkarrizketetan, sakon eta zabal erantzuteaz gain, behin baino gehiagotan zuzendu zituen galdekatzailearen baieztapenak, badaezpada.

Argitaratu osteko asteetan, pixkanaka, kritikak iritsi ziren –zazpi, guztira–, eta haietako batzuetan, espero bezala, idazlearen interpretazioa gailentzen zen arren –ez beti, ordea, berak nahi izan zuen zehaztasunarekin–, bestelako norabideetatik abiatzen zirenek, harrigarriki, gehiengoa osatzen jarraitzen zuten.

Bere hirugarren nobelarekin antzera jokatzea erabaki zuen –lanaren autoanalisian zentratutako prentsaurrekoa, elkarrizketa argigarri eta xeheak, are zuzendariari eskutitzak kritikariren baten esanak ezeztatzea premiazkoa zenean–, baina, horretaz gain, hitz-oste mardul bat gehitu zion lanari, berrogei orrialdetakoa, non are garbiago utzi baitzituen fikzioaren zentzu ezkutuen zirrikituak.

Lanak jaso zituen bost iruzkinek, ordea, apenas egin zioten jaramonik eranskinari, eta kritikoetako batek, harrokeriaz, mesprezatu ere egiten zuen, “alferrikako luzakintzat” joz, eta nobelari interpretazio propio guztiz erratu bat emanez, gainera.

Hori dela eta, bere hurrengo eleberria –autoeditatua–, hitz-osteaz gain, aitzinsolasaz hornitu zuen. Hasieran beste idazle batzuei enkargatu zien sarrera moduko testu bat, baina haiek jaso, konforme egon ez, eta baztertzen zituen berehala, ondoren beste idazle bati eskatzeko. Azkenean sarrera ere berak erredaktatzea erabaki zuen.

Liburuak izan zituen hiru kritikek aipatu zuten, hutsik egin gabe –eta, neurri batean, burlaizez–, nobelak berak baino orrialde gehiago zituztela, elkarrekin, sarrerak eta post scriptumak. Eta haietako bik, gainera, ez zuten bat egiten idazlearen iritzi sakon eta dokumentatuarekin.

Ez zen bosgarren nobelarik izan. Horren ordez, idazleak berrehun eta hogeita hamabi orrialdeko ikerketa oso bat argitaratu zuen –Interneten deskargagarria, doan– bere hurrengo nobelari buruz, Nonahi, edonoiz izenburukoa, oraindik idazten hasi gabea.

Idazleak espero –eta desio– zuenaren kontra, liburu elektronikoak kritika bat izan zuen, sareratu eta bederatzi hilabetetara: han, lanaren oinarri epistemologikoei traizio eginez, ariketa metaliterarioaren ausardia laudatzen zen,  nola idazleak “fikzioaren inguruko analisia fikzio bihurtzen zuen, azken batean”.

Egileak ondo baino hobeto zekien hura ez zela bere lanaren zioa, inola ere ez, eta, nobela berriaren erredakzioa atzera alboratuz, kritika haren gezurtamena idazten hasi zen.

Hirurehun eta berrogeita hamar orrialde inguru dauzka, oraingoz, burututa.

_

Argazkia: Литературный покер

(Argazkia Roberto Serranorena da).

“Inon ez, inoiz ez” liburuaren inguruko elkarrizketa

[Promozio kanpaina dela eta, Elkar aldizkariak elkarrizketa bat egin zidan, eta horren bertsio laburtu bat argitaratu da bere 35. zenbakian, 2014ko udaberrikoan alegia. Osorik dator POSTdata sailean, eta, orain, baita blog honetan ere].

Zure azken ipuin-liburuek (BiodiskografiakIdazten ari dela idazten duen idazlea) bazuten halako batasun bat, gaiaren aldetik. Zer esango zenuke oraingo honetaz? Zertan da desberdina?

Zentzu batean ipuin bilduma “klasikoagoa” dela esango nuke: jatorri eta tankera ezberdinetako narrazioak elkartzen dituen ale bat. Ez dago ideia edo ildo nagusi bat, gai batzuk eta obsesio batzuk errepikatzen diren arren, ohikoa den bezala. Alde horretatik lotuago ikusten dut Gezurrak, gezurrak, gezurrakLa isla de los antropólogos edo Etorkizuna bezalako liburuekin; haien segida litzateke, neurri batean.

Tamainaz, baina, zure obra guztiko luzeena da, ezta?

Bai, hala da. Eta ipuin gehiago ziren proiektua lehenengo urratsak ematen hasi zenean, aurreneko entresakan: narrazio dezente utzi ditut bidean. Baina, hala eta guztiz ere, nahiko mardula geratu zait, hori ezin da ukatu…

Liburuak baditu hiru parte, eta eranskin bat. Komenta ditzagun banan-banan. Lehen partea eta hirugarrena geroko utzita, erdikoan (“Hemen, orain”) azken urteetako gure bilakaera politikoaren erretratu bat egin duzu, ezta?

Helburua hori da, nolabait, euskal gauzaren alderdi batzuen gorabehera zenbait islatzea, kronologikoki, 2006tik gaur egunera arte, hots, Etorkizuna liburuak utzi zuen unetik gutxi gorabehera. Nola-halako kronika hautsi bat. Ziurrenik hori da atalik arriskutsuena, ez gaiaren ikuspegitik, baizik eta liburuaren arkitekturaren aldetik, kronologiak agintzen duelako eta ez ipuinen artean sor daitezkeen loturak edo alternantziak: ez dago hainbeste pentsatuta irakurketaren ikuspuntutik, historiaren aldetik baizik. Hein batean, behintzat. Atal horrek, niri, hor erdian txertatuta, The Beach Boys-en edo The Who-ren mini-sinfoniak ekartzen dizkit gogora, haien diskoetan sartzen zituzten mugimendu ezberdinez osatutako suite modukoak, “A Quick One, While He’s Away” bezala adibidez. Aldeak alde, noski.

Ez dugu esango ekidistantzia bilatu duzunik, baina bai zure ironiaren dardoak norabide guztietara banatu dituzula.

Ez dakit. Ez dakit ezta ere horren liburu ironikoa den, bere osotasunean hartuta. Niri asko gustatu zitzaidan Bernardo Atxagak, aspaldi, eta ekidistantzia salaketa horiei aurre egiteko imajinatzen dut, eman zuen nolabaiteko erantzuna, Garziarena aldizkariko “Herio I versus Herio II” artikuluan, non esaten baitzuen “Bataren eta Biaren artean gaudenak ez gaude erdian, baizik eta leku guztietan”. Leku guztietan egotea, xede gisa, inpekablea iruditzen zait idazlearen zereginaren definizio gisa. Baina horretarako oso idazle ona izan behar duzu, eta, ziurrenik, gauzak oso argi eduki. Ez da hori nire kasua: adinean gora egin ahala gauzak gero eta lausoago ikusteko joera nagusitu zait; nire ikuspuntuak tinkoagoak ziren hogei edo hogeita bost urterekin, gaur baino. Alde horretatik, nire zalantzen eta ezjakintasunen katalogoa da gehiago atal hori, eta liburua oro har, ziurtasunena baino.

Garaiaren kronika egiteko tresna egokia da fikzioa? Zer lortzen du, gertakarien kontaketa hutsak lortzen ez duena?

Bueno, niri balio didana da, eta erabili ahal dudan baliabide bat da, nire memoria zein den eta jorratzen ditudan gaiei buruz zer galdera eta zer zalantza dauzkadan kontuan hartuta. Baina horrek ez du esan nahi bata ala bestea egokiagoak direnik. Gertakarien kontaketa hutsa, halakorik existitzen bada, edo historia, edo soziologia, edo kazetaritza, hobeto edo okerrago gauza daitezke, eta bikaintasun maila horretan datza helburua lortzen duten ala ez. Literaturan bezala, alegia. Baina ez dut ikusten bata bestearen gainetik: fikzioaren bidea eta kontakizun “errealarena” ezberdinak dira, arau ezberdinen arabera funtzionatzen dute, horixe da dena. Fikzioa egiara hurbiltzeko bide makurragoa izan daiteke, baina ondo egiten bada, irakurlearengan enpatia sortzeko botere gehiago izan dezake, akaso; David Foster Wallacek zioen mundu errealean denok sentitzen garela bakarrik, eta benetako enpatia ezinezkoa dela, baina fikziozko lan batek pertsonaien minarekin identifikatzeko aukera ematen badigu, agian pentsa genezakeela beste batzuk gurearekin identifikatu ahal izango direla. Hor egon daiteke, agian, kosketako bat. Baina ez nago guztiz seguru.

Lehen eta hirugarren partean, badira ipuin errealistak, fantastikoak, tonu batetik bestera egiten dutenak… Nola egin duzu ipuinen banaketa?

Nobelagintzaren inguruan beti egiten dira metaforak generoak eskatzen duen “arkitekturari” buruz, baina ipuingintzari dagokionean gutxi akordatzen dira liburu bat osatzeak eskatzen duela bere “Lego lana” ere, piezak ondo ahokatzeko alegia; duela gutxi Ana Malagonek gogorarazi zigun bere mikroipuinen liburuaren aurkezpenean, eta arrazoia duela uste dut. Izenburuaren elementuen arabera ordenatu ditut ipuinak, eta “Inon ez” multzoan sartu ditut batzuk, eta “Inoiz ez” multzoan gainontzekoak. Zer dela eta batzuk batean eta besteak bestean, nahi izanez gero, irakurleak erabaki beharko du; ez dut uste komenigarria denik idazleak guztia azaltzea, alde horretatik. Baina atal bakoitzaren barruan saiatu naiz ipuinek segida nolabait logiko bat izan dezaten, nire Ipuingintzaren dodekalogoan adierazi nuenaren ildotik: “Ipuina beti egongo da oreka zailean ipuin liburuaren baitan, independentismoaren eta federalismoaren artean alegia: hain da desiragarri irakurleak ipuina irakurri eta liburua ixtera behartzea (hari buruz hausnar dezan), nola ipuin horren irakurketak hurrengoa leitzera bultzatzea berehala, eta hurrengoa, eta hurrengoa, eta hurrengoa. Beraz, konfederalismoaren erdibidea hobesten dut: ipuin batek liburuko bat edo beste gehiago irakurtzera eraman beharko luke, baina ez hainbeste ere. Ipuina, Poek iradoki bezala, eserialdi batean irakurri beharko litzateke; ipuin liburua, aldiz, ez. Auskalo asmatu dudan, oraingoan. Edonola ere, eta zorionez, ordena eta atalak idazlearen bide-orria besterik ez dira, eta irakurleak autonomia osoa dauka nondik hasi eta nondik jarraitu erabakitzeko, linealki edo saltoka irakurri nahi duen, eta abar. Nobela bat irakurtzen duenean baino autonomia pixka bat gehiago, hain zuzen ere.

Fikziorako asmamen indartsua ageri duzu, liburuz liburu agortzen ez zaizuna. Bertsolarien hizkera erabiliz, istorioak “etorri” egiten zaizkizu, ala “ekarri” egin behar izaten dituzu?

Metaforekin arazoak izaten jarraitzen dut, bistan denez… Ez dut gehiegi sinesten “etorri” / “ekarri” ustezko dikotomia horretan. Ipuinak idatzi egin behar dira, ez dago besterik. Eta gero zuzendu egin behar dira, edo zakarrontzira bota. Eta guztiak leku beretik datoz: bizipenetatik, memoriatik, iristen zaizkizun besteen bizipenetatik eta oroitzapenetatik, eta beste arte-lanetatik, batez ere irakurtzen dituzunetatik. Horrela da nire kasuan, behintzat, eta, susmatzen dut, baita beste askorenean ere. Horretaz gain, denbora behar dela esango nuke. Ez bakarrik idazteko, baizik eta kontatu nahi duzunarekiko gutxieneko distantzia bat hartzeko, tarte bat; alde horretatik ez dut bat-batekotasunean gehiegi sinesten, bat-batekotasuna ez zait literarioegia iruditzen. Azkeneko urte honetan deskubritu dudan gauza bat, susmatzen nuena baina orain arte modu guztiz kontziente batean jakin ez dudana zera da, oso triste nagoenean ezin dudala idatzi. Tristezia horretaz idatzi nahi nuke, agian, baina ez badago distantzia minimo bat zaila egiten zait, are ezinezkoa. Literatura distantziaren artea da. Distantziarena, ezen ez hoztasunarena: ez da gauza bera, badaezpada diot.

Ipuinen artean ere egiten dituzu konexio sutilak: irakurle ohartuarentzako keinuak?

Bai, eta horrek ipuinen ordenean eta atalen arteko simetrietan eragina du. Baina ez dira irakurle “berezientzako” keinuak, edo ez dute asmo hori behintzat; lehen aipatzen nuen ipuin liburuaren arkitekturarekin daude lotuta. Edonola ere, normala iruditzen zait, ipuin bilduma osagarrien elkartze hutsetik haratago doan zerbait dela sinesten dudan neurrian…

Literatura eta musika izan baziren zure aurreko ipuin-liburuen gai zentralak, hemen ere badira bien printzak, ezta?

Argi dago bi horiek, joera metaliterarioa eta pop musikaren inguruko literatura, bi ildo garrantzitsu direla nire azkenaldiko ekoizpenean. “A-89, La Transeuropéenne” ipuina, adibidez, oso ondo egokituko litzaioke Biodiskografiak liburuari, baina ondoren idatzi nuen, Hala bazan ekimenerako (Gasteiz, 2013), eta, beraz, ezin sartu Biodiskografiaken, sartu ez nuen bezala aurretik idatzitako beste “biodiskografiaren” bat, aurreko libururen batean aurki daitekeena, Itzalak bilduman oker ez banago. Baina, aurreko liburu biak ez bezala, Inon ez, inoiz ez honen izpiritua askotarikoa denez, uste dut badutela lekurik bertan, eta ez dutela trabarik egiten.

Sortzaile ez ezik, kritikari gisa ere aritzen zara, zure Oharrak & Hondarrak blogean. Zeure liburuekin, kritiken zain zara? Beldurrez?

Interesez irakurtzen ditut, noski, baina ez garai bateko antsiarekin. Kritika literatur munduaren ezinbesteko aktorea da, eta normala da harekiko ardura; kritikei jaramonik egiten ez dietela dioten idazleei ez diet gehiegi sinesten. Eta kritikaren arbuio orokorra ere, horren ohikoa gure gremioan, ez zait oso bidezkoa iruditzen: arazoa kritikoak izan daitezke –une jakin batean idazten ari diren kritikoen bataz besteko kalitatea, alegia–, ez kritika bere osotasunean; egia da kritiko horien guztien artean liburua bere gogoetak botatzeko aitzakia soil gisa erabiltzen dutenen portzentajea oso handia bada, edo kritikak ad hominem –eta ad mulierem– egiten dutenena, ba jendeak mesfidantza har diezaiokeela kritikari oro har. Baina hori une jakin batzuetan baino ez da gertatzen. Dena den, hau ez da idazleoi egin behar zaigun galdera: bost axola egileok kritikarekin dugun harremana. Edo bost axola eman beharko luke, behintzat: kritikaren benetako helburua irakurlea izan beharko litzateke; liburuen gaineko irakurleen arteko eztabaidaren jarraipena edo abiapuntua beharko luke kritikak. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.

AZALA INON EZ, INOIZ EZ .indd