Irakurtzen dudalako idazten dut

[Lehengoan Iñaki Mendizabalek galdera pare bat egin zizkidan, Deia egunkarirako, Aiztoa eta arkatza aipu-bildumaren argitarapenaren aitzakian. Hemen kopiatzen ditut, hala galderak nola eman nizkion erantzunak].

1. Zergatik idazten duzu?
Nik uste dut galdera horri ezin zaiola erantzun berdina eman beti, idaztera bultzatzen zaituena ez delako beti kontu berbera. Ez diakronikoki (bizitzaren etapa ezberdinetan bulkada bat egon ohi da besteen gainetik), ezta sinkronikoki ere (idatzi jakin bati ekiteko gogoa, pizgarria edo beharra ez da beti bera izaten). Beraz, motiboen zerrenda bat egitea beste irtenbiderik ez dago; nik hauek aipatuko nituzke, inolako hierarkizaziorik egin gabe: 1) irakurketaren plazera luzatzea, 2) ligatzea (ideal platoniko bezala, noski, eta Angel Erroren “poesia ligatzeko egiten da batez ere” hura gogoan: emaitzak ez du inoiz bat egin asmoarekin, nire kasuan behintzat; utz dezagun, beraz, “komunikatzeko nahian”…), 3) inbidia, 4) memoriaren alternatiba bat bilatzea (edo, nahiago baldin bada, norberaren memoria osatzea), 5) inbidia ematea (Augusto Monterrosok zioen bezala, “idazteko nire pizgarririk handiena nire izena egunkarian ikusi ahal izatea da, eta lagunen bat, ikustean, minberatzea”), 6) gauzen egoerarekiko nire desadostasuna islatzea, 7) kapritxoa (eta jolasteko gogoa), 8) letraz gaixo egotea, 9) testigantza pertsonal eta transferiezin bat transferigarri bihurtzen saiatzea, 10) mundua eta bizitza (une batzuez) alde batera utzi ahal izatea, eta (fama txarra duen arren) 11) ohitura (urteen poderioz horixe bihurtzen baita, askotan, idaztea: ohitura bat, ez halabeharrez txarrenetakoa). Baina motibo horietako gehienek, guztiak ez badira, ez dute azaltzen zergatik arte-adierazpen guztietatik idaztea hautatu nuen. Eta horrek, halabeharrez, irakurketaren gaira itzularaziko ninduke. Beraz, erantzun sintetikoa hauxe litzateke, ziurrenik: irakurtzen dudalako idazten dut.
 
2. Idazle hasiberri bati aholkuren bat eman behar izanez gero, zer esango zenioke? (idazle izateari buruz, idazketa-prozesuari buruz, sormenari buruz…)

Leiendak dioenez, Raymond Carverrek, idazketa tailer bat zuzendu zuelarik, ez zien ikasleei irakasten nola idatzi behar zuten: antza, irakurgaiak baino ez zizkien agintzen (ikasle haietako batzuen haserrerako). Baina ni, funtsean, ados nago Carverrekin: irakurketa da idazketaren eta idazletzaren oinarria, eta, beraz, asko, etengabe irakurtzea aholkatuko nioke. Denetik, omniboroki, konpultsiboki, baina literatura garaia zer den sekula bistatik galdu gabe; horretan, jakina, ez dago iritzi bateraturik, baina, zorionez, esango nuke ardatz batzuen inguruko kontsentsua behintzat badagoela (literatura ona zer ez den jakiteko, bederen, eta, agian, kanon bat eskuragarri izateko, dela errespetatzeko, dela suntsitzeko).

Emango niokeen bigarren aholkua, dena den, hauxe da: sekula ez egiteko jaramonik idazle zaharrago baten aholkuei.

Thoth Psychopompe, le second Hermès dans l'amenté.
Advertisements