Profesionaltasun literarioaren auzia (II)

[Artikulu hau Galde aldizkariaren laugarren zenbakian argitaratu da].

Aurreko artikuluan euskal idazle profesionalaren figuraren “hazkundeaz” aritu nintzen, eta figura horren inguruan azken urteotan gero eta sarriago entzun edo irakurri ahal izan diren kritika negatiboez. Baina profesionaltasunaren aldeko aldarriak sendoak dira orobat, eta, lehengoan aurreratu bezala, espezializazioaren abantailen argudioarekin lotuta egon ohi dira: idazketan soilik eta esklusiboki aritzen diren idazleek abantaila gehiago aterako liokete beren jardunari beste lanbide bat eduki eta “asteburuko idazle” amateurrak direnek baino. Bernardo Atxagak behin baino gehiagotan esan du idazle profesionala dela beste erremediorik izan ez duelako, “mundu honetan gehien gustatzen zaidana mahaiaren aurrean egon eta idaztea” delako alegia, eta horri esker liburu gehiago idatzi ahal direla. Ezinbestekotzat jotzen zuen, ildo horretan, Joan Mari Irigoienek ere, argitaletxe batekin lotzen duen profesionalizazio kontratuaz hitz egitean: “gustura nago. Kontratu hori izan ez banu, berdin jokatuko nuen une batetik aurrera. Babilonia argitaratu nuenetik aurrera, zortea izan nuen Elkarrekoekin topo egiteko (…), baina haiekin akordiorik lortu ez banu, asmoa nuen berdin jokatzeko”. Kirmen Uribek ere pentsatzen du idazketak denbora franko eskatzen duela, eta gehitzen du “ni idazle profesionala naiz (…) irakurtzeko denbora izateko (…); niri ideia onak sortzen zaizkit irakurtzean”.

Ignacio Martínez de Pisón idazle zaragozarrak, egungo krisien testuinguruan –liburuarena, eta Espainiako ekonomiarena– oso grafikoki azaldu du berarentzat zein den idazle profesionalaren garrantzia: “Konkistatu genuen profesionalizazioa desagertu da (…); asteburuko idazle izatera itzuliko gara, astelehenetik ostiralera arteko behargin”, eta horrek, bere ustez, liburuen kalitateari kalte egingo dio: “igerilari bat Olinpiar Jokoen finalean nahi badugu, denbora guztian entrenatu beharra dauka. Soilik asteburuetan egin baldin badezake… ezingo da klasifikatu ere”.

Kontraste handia, beraz, joan den artikuluan agertzen ziren iritziekin, zeinetan neurri bateko mertzenariotasuna obraren kalitatearen kontrakotzat jotzen baitzen. Aitor dut nik ez daukadala iritzi guztiz sendo bat, alde bietako argudioek konbentzitzen bainaute egunaren arabera, hala idazle profesionalen merkatuarekiko mendekotasuna salatzen dutenenak, nola idazketari denbora (ia) osoa eskaintzearen abantailak azpimarratzen dituztenenak; azken batean, normalean idazle bakoitzaren kokapenaren ondorio izaten dira bateko edo besteko teorizazioak, eta “profesionalek” beren egoera justifikatzeko loriatzen dute esklusibismoa, “amateurrek” haien sorkuntza askatasuna goratzen duten arrazoi berberengatik: batean edo bestean daudelako, alegia. Izan ere, susmoa daukat talentua antzera dagoela banatuta profesionalen eta amateurren artean, hots, multzo bietatik ateratzen den maisulanen portzentajeak antzekoa izan behar duela, azken finean –jeinua, beste nonbaiten esan dudan bezala, bestelako kontua da: jeinu literarioak (eta artistikoak, oro har) ez du banaketa estatistiko homogeneorik onartzen, itxura guztien arabera–.

Beste arazo batek arduratzen nau, ordea: ze puntutaraino izan den euskal idazleen profesionalizazioaren ildo nagusia indar endogenoen ondorio, ala Espainiako sistema literarioak bidea emandakoa; izan ere, iritzi orokorraren arabera, 1980ko eta 90ko urteetan eratu zen, espainiar letretan, idazle profesionalen nolabaiteko “klase ertaina”, hots, idazletzatik eta bere ingurumarietatik –luxurik gabe baina, oro har– bizi zitekeen pertsonen multzoa… euskal esparruan profesionalizaziorako bideak bultzada jasan zuen garai bertsuan alegia. Eta horixe da, hain zuzen ere, orain krisian sartu bide dena, Peio H. Riaño kultur kazetariak “La muerte del escritor de clase media” artikuluan iragartzen zuen bezala (El Confidencial, 2013-IV-13). Horrekin lotuta, eta artikulu honen lehenengo partean aipatu nuen bezala, Unai Elorriagak idazle profesionalen taldea utzi izana, berak adierazi zuen bezala, ez da agian kasualitatea, testuinguru honetan; gorago aipatutako Joan Mari Irigoienek, elkarrizketa berean, hala zioen: “horrek gure mendekotasuna izugarria dela erakusten du. Madrilek esaten du zein den ona, edo oso ona, eta zein den bigarren mailakoa. Egokitu zaienentzat oso ondo dago hori, baina ez da oso egokia”. Agian gure egileen esportazioa bermatu duen eredua bera kolokan jartzeak azpiak jan dizkio profesionalizazioari, edo, behintzat, profesionalizatzeko modu jakin batzuei.

Izan ere, kontuan hartuta, publiko autoktono bat ziurtatuta izanik, merkatu-kuota finko bat erdiesten duten gutxienetakoak direla, akaso –eta soilik akaso– zinezko profesional bakarrak, gure letretan, nortzuk, eta bertsolariak lirateke… baldin eta benetako literatoak balira, noski –eta honek, korolario gisa, gure benetako idazle profesional bakarra Uxue Alberdi dela ondorioztatzera eramango gintuzke, azken finean… Baina, tira, utz diezaiodan, behingoz, lurralde labainkor horretan barrentzeari…–.

Azken batean, arazoa ez litzateke lanbidekoa, jarrerakoa baizik, Anjel Lertxundik Bost idazlen zioen moduan: “Idazleak profesionala izan behar duela esan dut lehen eta horrek hala behar du niretzat. Ez dut esan nahi, hala ere, idazleak literaturatik bizi behar duenik. Hori ametsa litzateke, eta ez dakit osasuntsua den ere. Baina izanak izan eta hortik bi euro aterako ez baditu ere, guztiz profesionala balitz bezala jokatu behar du idazleak beti-beti-beti”.

Agian hortxe dago gakoa.

Underwood Elliott Fisher Co. - Man and woman posing with giant typewriter

Profesionaltasun literarioaren auzia (I)

[Artikulu hau Galde aldizkariaren hirugarren zenbakian argitaratu da].

Aldizkari honetan literatura komertzialaren eta midcultaren inguruan aritu ondoren, kasik naturala iruditzen zait gure literatur alorreko “profesionaltasunaren” eta “amateurismoaren” arteko harremanez hitz egitea. Izan ere, azkeneko hogeita hamar urteotan aldatu den gauza ugarietako bat, euskal literaturan, profesionalizazioaren aurrerakadarena (aurrerakadatxoarena) izan da. Egia da idazle profesionaltzat jo ditzakegunak gutxiengo bat direla, edozein literaturatan bezala. Baina ez dute jadanik osatzen, inoiz esan den bezala, “esku bateko hatzekin” kontatu daitekeen talde bat: honezkero bi behar dira, behintzat. Une honetan idazle profesionaltzat jo ditzakegu, gutxienez eta ezagunenak aipatzearren –ziur bat edo beste ahazten zaidala, kategoria aski labainkorra den neurrian–, Aitor Arana, Pako Aristi, Jon Arretxe, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Joan Mari Irigoien, Koldo Izagirre, Edorta Jimenez, Anjel Lertxundi, Miren Agur Meabe, Fernando Morillo, Jasone Osoro, Kirmen Uribe eta Patxi Zubizarreta; duela gutxira arte talde horren partaide izan da Unai Elorriaga ere –profesionala izateari utziko diola iragarri baitu uda honetan bertan…–. Egia da maila oso ezberdineko profesionalak direla, eta zuzenean liburuen salmentetatik bizi daitezkeenak, baleude, are gutxiengo txikiago bat direla talde horretan bertan; hots, ia denek jo behar dute, neurri handiagoan edo txikiagoan, bestelako zer eginetara beren diru-sarrerak osatzeko –zutabegintza, gidoigintza, itzulpengintza, hitzaldiak, edizioa, enkarguzko lanak…–. Baina egia da, halaber, kontu horiek norberaren idazletzarekin daudela zuzenean erlazionatuta eta, hein batean, balizko profesionaltasun horren euskarri eta luzapen direla, aldi berean. Ez da, inondik ere, bide erraza; Zubizarretak dioenez, “barre ematen dit idazle profesionalei ezartzen zaien etiketa horrek, etengabe argitaratzen ibili behar dutelako. Nik pentsatu behar dut nola ordaindu autonomoen kuota eta nola egingo diedan aurre fakturei, askotan zer idatzi ez daukadan arren”.

Edozein modutan ere, eta iradoki bezala, horretarako apenas zegoen lekurik duela hogeita hamar urte: aldaketak, euskal literaturako gehienek bezala, Obabakoaken arrakastan du sorburua, lehendik ere garatzen ari bazen ere –Atxagak berak lehenagotik hartu bide zuen idazle profesional bihurtzeko erabakia–. Baina orduz geroztik, ez dakit errazago, baina, behintzat, “normalagoa” gertatu da euskal idazle “profesional” bihurtzea. Oraintsu arte, behintzat.

Kategoria –gure artean– erlatiboki berriaren aurkako kritikak, alabaina, hazten joan dira haren finkapenarekin batera. Gogorrenak, ziurrenik, Pello Lizarraldek behin baino gehiagotan azaldu dituenak izan dira. Esate baterako: “Idazle profesionalak merkatuari lotuta daude, idaztearekin zerikusirik ez duten konpromezuak dituzte eta ez dute munduaren pertzepziorik. Idazle profesionala bazara, zure kotxearen bolantea managerrak eramaten du. Ikusi ditudan adibideek hori erakutsi didate. Profesionalek askotan ustezko amateurrek baino okerrago idazten dute. Beste lan bat izateak ez du esan nahi okerrago idatzi behar duzunik”.  Izan ere, Lizarralderen ustez, “merkatuaren agindupean daudelako idazten dute idazle profesionalek okerrago. Eta hori da morrontza ikaragarri bat. Hori da taxuzko literaturaren pozoia. Merkatuak ez du lehen bezala agintzen, gehiago agintzen du”.

Ramon Saizarbitoriak ere bere zalantzak agertu ditu idazle profesionalaren irudiaren inguruan: garai bateko euskal idazleen profesionalizazioaren aldeko aldarriak gogora ekarriz, arlo horretan urrunegi joan ez ote den galdetzen zion bere buruari, eta amateurrak beharrezkoak direla azpimarratu, “amateurrek zerbait berezia ematen baitute. Esango nuke, gainera, nire belaunaldiko zenbait pertsonek lan hobea egin zutela amateurrak izan zirenean, gero profesional bihurtzeko aukera izan ondoren baino (…) Amateurrak hartu dezake bere gain, adibidez, arriskua; idazten ere hori oso ondo ikusten da: euskal literaturan gehienok amateurrak garen neurrian uste dut euskal literaturak arrisku gehiago hartzen dituela”. Kritika hori maila literarioan egin du halaber, adibidez Martutenen, rol horretan agertzen den Alberdi idazlearen bitartez; Martin, nobelako idazle protagonista, errentaduna da ordea, Flaubert bezala alegia, eta horrela merkatuaren gora-beheretatik aske utz dezake Saizarbitoriak.

Sektore horren kritikak idazle profesionalaren rolaren aurka –merkatuak gero eta gehiago menderatutako testuinguru batean–, behin batean Kurt Vonnegut idazle estatubatuarrak Salman Rushdieri esan zion horretan laburbildu daitezke, profesionaltasunaren bideari eutsi behar ote zion galdetu eta baiezkoa jaso ondoren: “Orduan jakin behar duzu iritsiko dela egun bat zeinetan ez baituzu idazteko libururik izango eta, hala ere, liburu bat idatzi beharko duzun”.

Idazlearen profesionalizazioaren aldeko iritziak ez dira, edonola ere, gutxiago, ezta sendotasun txikiagokoak ere, eta gehienak espezializazioaren abantailen argudioarekin lotuta egon ohi dira. Baina, patua lagun, horretaz hurrengo artikuluan arituko naiz.

Portrait of Emilio Terry (detail).