Ahaztu nahiago ditugun gauzak

[Pasa den astelehenean Euskadi Irratiko Faktoria saioko Hiruhortza atalean irakurri nuen iritzi zutabea]

Uxue Apaolaza gainditzen ez diren kontuez aritu zitzaigun aurreko Hiruhortzan. Gerrak aipatu zituen, adibidez, eta gogorarazten zuen Ukrainakoaren aurreko asaldura mendebaldarra agian ez dela oso bidezkoa, kontuan hartuta gerrak ez diola utzi errealitate gordin izateari Europatik at, azken hamarkada hauetan zehar.

Baina ezin ukatu Ukrainakoak ekarri duela nobedaderik, Eurasiako txoko pribilegiatu honetan. Herrialde orain arte neutraletan, Suedia edo Finlandia bezalakoetan, NATOren aldeko iritzi-aldaketa, adibidez. Alemaniak, II. Mundu Gerraz geroztik ahalmen militarra murriztua ikusi zuenak (denoi agerikoak zaizkigun arrazoiengatik), Alemaniak, diot, berrarmatze programa gogor bati ekin dio, eta laster Britainia Handiak, hots, NATOren bigarren herrialde armatuenak baino gastu militar handiagoa egingo du.

Joera lehenagotik zetorren, ez gaitezen engaina, baita Espainian ere: “Defentsa” ministerioko aurrekontuak 2017tik ari dira hazten etengabe (covidaren krisiak berak ez zuen jite hori apaldu, pentsa). Baina Ukrainako gerra aitzakia perfektua da, berrarmatzearen bitartez, militarismoaren bidean sakontzen jarraitzeko.

Horren ondorioz, eta alde guztietatik krisi ekonomikoaren zantzuak iristen zaizkigula, badago sektore bat zeinetan perspektibak ezin zoriontsuagoak baitira: armagintza enpresenean hain justu. Aipatzen ez den industriaren azpiadar hori. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak argitaratzen dituen koiuntura industrialaren txostenetan berriki abisatu du, adarrez adar, enpresek ze doikuntza egin beharko dituzten, fakturazioan eta eskaeretan, hurrengo hilabeteetan, gerra dela eta. Perspektibak, kostuen igoeragatik eta hornikuntza-kateen hausturagatik, ez dira oso onak, imajina daitekeen bezala. Baina zerrenda errepasatu, eta elikadura, galdaketa eta forja, papera edo trenbide ekipamenduak bezalako adarren ondoan… sekula ez da aipatzen euskal armamentu industria, zeina badakigu pozarren dagoela egoerarekin.

Izan ere, EAEn bakarrik 100 enpresek baino gehiago egiten dute lan sektore honetarako;  Euskal Herrian, ipar eta hego, mendebalde eta ekialde, gehiago dira, noski. Siderurgiarekin eta metalurgiarekin lotutako gure historia ekonomikoaren parte inportante dira, eta, ondorioz, gure egungo ongizatearen oinarrietako bat (Jaurlaritzak “kode etiko” bat eta guzti dauka industria horretarako –orduan bai aipatu zuela, noski–, makillaje hutsa dena). Eta, perspektibak zeintzuk diren ikusita, baita etorkizuneko gure ongizatearena ere. Baina guk nahiago dugu gehiegi ez aipatu. Itsusi geratzen da, itsusi geratzen gara.

Ahazten zaigun bezala, hainbestetan, gure futbol klub nagusienetako baten presidentea, Errealeko Jokin Aperribai, SAPA Placencia de las Armas SAko buruetako bat dela, transmisioetan eta ibilgailu militarren mugikortasunean espezializatutako tradizio handiko enpresa bat, arma-sektoreko beste sozietate inportante askotan parte hartzeak dituena. Ugazaba hori da, arma-enpresa batek eskaintzen dion berme finantzarioarekin, hainbeste zale sutsu dituen gure futbol talde maitatuenetako bat kudeatzen duena. Eta apenas ikusi dut Errealaren jarraitzailerik horregatik bereziki kezkatuta…

Data hauetan, erakundeei eta ordezkari politikoei Durangoko eta Gernikako bonbardaketekin betetzen zaie ahoa, hunkidura handiz. Ba agian iraganeko gauza horietaz gutxiago gogoratu beharko ginateke, eta kasu gehiago egin ahaztu nahiago ditugun egungo kontuei. Armen ekoizpenak eta salmentak gurean duten lekuari, adibidez.

[Zutabearen soinu-banda eskatzen digute Faktoriakoek, eta azken astelehenekoan, denbora arazoengatik, sartzerik posible izan ez bazen, The Sound talde after-punk britainiar handi eta, tamalez, erdi-ahaztuaren “Missiles” kanta aukeratu nuen, 1980ko Jeopardy album klasikotik, zeinaren leloak hala baitio: “Who the hell makes those missiles? / Who the hell makes those missiles? Missiles / Who the hell makes those missiles? / When they know what they can do]

[Argazkia, ordea, Varsoviako Praga auzoko etxe batena da, Vistula ondoan –barkatu kalitateagatik–. Bertan agerikoak dira, oraindik, urrunekoa baina aldi berean oso gertukoa dugun II. Mundu Gerrako tiroketen arrastoak, ziurrenik 1944ko borrokenak, gudaroste sobietarrak hiriaren ateetan gelditu egin zirenean alemaniarrek Varsoviako herritarren matxinada zanpatzen zuten bitartean, hiriaren gainontzekoaren gehiengoa –%90a inguru– guztiz suntsituta utzi zuena].

Borondatea

[Atzo, 2022ko martxoaren 28an, Euskadi Irratiko Faktoriako Hiruhortza sailean testu honen bertsio pixka bat laburragoa irakurri nuen].

Uxue Apaolaza gazteez eta hezkuntzaz aritu zen aurrekoan, haientzat hezkuntza izan daitekeen kartzelaz. Eta beste zerbait esaten zuen, osasun sistemaz, niri oso esanguratsua iruditu zitzaidana: “‘Zer behar dugu?’ galdetuta ‘sistema publikoa indartzea’ erantzuteko arriskua zegoen”.

Eta horrek eraman nau pentsatzera egunotan (eta hilabeteotan) eztabaidatzen ari den euskal Hezkuntza Lege berriaren aurreproiektuaz. Horrenbesteko kontsentsu politikoa lortu duen horren inguruan, EAJk eta PSEk ez ezik, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere sostengua eman baitiote.

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma, (besteak beste) segregazioarekin arduratuta dauden beste elkarte batzuk bezala, kezkatuta agertu da eskola itunduaren (edo kontzertatuaren) nagusigoa berresten duen lege honekin. Eskola kristauetako eta ikastoletako arduradunak pozez zoratzen dituen akordio batez mesfidatzeko motibo aski dituztela uste dut.

Ezkerreko partidu politikoak kontsentsura bildu dira eskola publikoa “ardatz” izango den promesarekin. Baina hitzak ez dira ezer borondaterik ez badago. Eta, orain arte, eta azkeneko hamarkadatan, ez da borondaterik egon. Izan ere, orain arteko marko legalarekin praktika batzuk, kuotak kobratzea adibidez (segregazioaren bektore inportanteenetako bat izan dena), debekatuta zeuden, berez. Baina administrazioak toleratu ditu. Borondatea.

Arazoa ez baita soilik eskola kontzertatua, ze hezkuntza mota nahi dugun baizik. Administrazioak ere sare publikoa erabili duelako, komeni izan zaionean, sozialki segregatzeko. Borondatea, diot berriz ere.

Ez zait nire anekdota bildumatik tiratzen ibiltzea gustatzen, baina uste dut gaurkoan pertinentea izan daitekeela. Segregazioaren gaia ematen du berria dela, baina aditu batzuk ari ziren horretaz abisatzen duela hamabost urte baino lehenagotik. Eta guk gure alaben eskolan ikusten genuen: A ereduko Gasteizko zentro bat, oso segregatua zegoena, D eredura aldatu genuen, bertako gurasoon eta langileen ahaleginaz. Baina denborak aurrera egin ahala, segregazioa murrizten joan bazen ere, eskolak ez zuen islatzen auzoaren osaera soziala: ijitoek eta etorkin berrien seme-alabek jarraitzen zuten proportzio handienak izaten, auzoan zuri klase ertainekook edo klase ertain gurakoak nagusi izan arren.

Probintziako hezkuntza ordezkaritzakoei deitzea erabaki genuen halako batean, ikusteko zer gomendatzen zieten gurasoei. Gipuzkoatik heldu berria nintzen aita euskaldun moduan aurkeztu nintzen, zuri klase ertainekoa nintzela ulertzen zen, eta gure auzoan etxea hartu berri, umeak ze eskola publikora eraman zalantza neukala. Hots, Borgesen “Emma Zunz” ipuinean bezala, funts-funtsean egia zen dena, “zertzeladak, ordua [kasu honetan urtea] eta izen propio bat edo beste ziren soilik faltsuak”.

Delegazioko langileak auzotik kanpo dagoen eskola bat aipatu zidan. Nire aldetik auzoko gure eskolaz galdetu nion eta berak, argi eta garbi, esan zidan eskola hori (gurea) ez zidala “gomendatzen” (nire bikotekideak ere proba egin zuen, beste egun batean, eta berari erantzun zion ez zegoela tokirik eskola hartan, guk tokia soberan bazegoela genekien arren). Berehala konturatu nintzen, nirekin jatorri eta klase “konplizitateak” bultzatuta, “aukera hobea” eskainia zidala. Eta horrela ulertu genuen, partean, nola eraikitzen zen segregazioa. Inon idatzita ez dauden prozedura informalak etengabe gertatzen dira.

Langileak borondate onarekin eman zidan aholkua, ziur nago. Horregatik iruditu zitzaigun are kezkagarriago.

Hezkuntza Legeak hainbeste kontsentsu badauka, susmatzen dut, da segregazioarekiko tolerantziak kontsentsu handia daukalako euskal gizartean. Euskal gizarte zuri klase ertainekoan, edo klase ertain gurakoan. Ez zaigu arazo inportantea iruditzen. Ez dugu nahi gure umeentzako segun eta norekin elkartzea, geletan eta patioetan.

Eta kito.

[Amaierarako kanta bezala Supertramp taldearen “School” aukeratu nuen, 1974ko Crime of the Century albumetik]