Lurraldea ala kontakizuna

Duela urte batzuk –urte dezente jada, egia esan–, mahai inguru batean parte hartu nuen Madrileko Liburu Azokan, Retiro-ko parkean maiatza amaiera-ekaina hasieran egiten den horretan –eta aurten urrira arte atzeratu dutena, oraingoz behintzat–. Espero izatekoa zen bezala, ez zen jende askorik etorri. Ez dut ondo gogoan zein zen eztabaidaren gai orokorra, baina badakit, uneren batean, “euskal-gatazka-eta-literaturaz” hitz egitea egokitu zitzaidala –Zapatero presidentearen agintaldian geunden, T4ko atentatua baino lehen: gutxieneko irekiera bat sumatzen zen–, eta, jakinaren gainean nengoenez, aldez aurretik prestatutako argudioak garatzen hasi nintzela. Lasai nengoen: Espainian izan ohi dudan publikoa ezkerrekoa izaten da, progresista gutxienez, eta sekula ez dut eduki arazo handiegirik gure kontuez aritzeko unean; orokorrean, errespetuz tratatu izan gaituzte, ni eta nire ideia ez bereziki originalak, are nirekin ados ez zeudenek. Egun horretan, ordea, azpimarratu nuenean gure Gauza ez zela soilik Euskal Herriaren zati baten eta espainiar estatuaren arteko borroka bat, barne-gatazka bat baizik, orobat, “gerra zibila” esapidea erabili nuen –“intentsitate baxuko gerra zibil bat”–, eta, orduan, entzule batek hitza hartu eta ozenki egin zuen protesta: Izquierda Unida-koa zela azpimarratu ondoren –ez dakit zergatik–, bota egin zidan, zakar, ea nola ausartzen nintzen gertatzen zitzaigunari “gerra” deitzen, alde batek baino ez zuela hiltzen, hura terrorismo hutsa zela eta lotsatuta zegoela han aditutakoaz.

Nik, ildo horri eutsiz, gure historiaren nolabaiteko jarraikortasun kontraesankorrari egin nahi nion erreferentzia, Lehenengo Karlistalditik (1833-39) ETAren oldarrera (1968-2011) zihoan hariaz, Bigarren Karlistalditik (1872-76) eta Gerra Zibiletik igarota (1936-37). Uste dena baino txirikordatsuagoa eta kontraesankorragoa den hari bat, bide batez esanda, Jokin Muñozen Antzararen bideak edo –garai hartan oraindik idatzi gabea zen– Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biokek erakusten duten bezala, esaterako: azken batean, lehenengo bortizkeria zikloa (XIX. mendeko karlistaldiena) behea jotzen ari zen mundu baten desegite prozesuari zegokion (Antzinako Erregimeneko Euskal Herriarena), neurri batean, bigarrena (XX. mendekoa) eraikuntzan zegoen gizarte industrial “oparo” berriari zegokion bitartean –neurri batean hori ere–. Baina mutil haren interbentzio gogorraren ondoren, ez nuen sendotasunik izan diskurtsoa egoki eraikitzen jarraitzeko. Zorionez, mahai inguru bat zen, beste hizlariak ni baino distiratsuagoak ziren, eta elkarrizketa beste norabide batzuetatik galdu zen.

Nik jarraitzen dut pentsatzen gure Gauzak izan duela gatazka zibiletik asko –intentsitate baxukotik behintzat–, nahiz eta horrek ez dituen bere ertz guztiak agortzen, ezta gutxiago ere. Baina analogia ez zegoen, agian, ondo eraikita: nahikoa da erreparatzea parentesi artean paratu ditudan lau gatazka historiko horien data-tarteen luzera diferenteari natura ezberdinekoak izan zirela ohartzeko. Azken finean, lehenengo hiru gatazketan, gerra “konbentzional” guztietan bezala, lurraldearen konkista izan zen gakoa; azkenekoan, ordea, deitu borroka armatu deitu terrorismo, kontakizunaren kontrola izan da giltza –kasu: honekin ez dut gutxietsi nahi eragindako min guztia, ezta gutxiago ere, ezta gerraoste labur edo luzeagoen ezaugarri ilunak–. Eta esango nuke 1980 hamarraldiaren uneren batera arte ETAk izan zuela, euskal gizartearen zati nahiko handi batentzat behintzat, kontakizun horren kontrola. Eta, ordutik aurrera, galtzen joan zela, gero eta gehiago, eta erremediorik gabe. 2000ko hamarraldirako, ezker abertzalearen ildo nagusiak estrategia-aldaketa erabaki zuenerako, oso higatua zegoen kontrol hori, are sinestunenen artean.

Horregatik segitzen du horren inportantea izaten, egun eta maila guztietan –baita literarioan ere–, “errelatoaren” auziak. Espainiako Gerra Zibilaren kontakizuna, esparru literarioan, Errepublikak irabazi du nahiko argiki, Trantsizio ostetik behintzat –nahiz eta David Becerra bezalako ikerlariek ñabardunak egingo lizkioketen azken iruzkin honi…–.  Esparru literarioan, azpimarratzen dut: beste kontu bat da maila politiko-instituzionalean, horretarako, zalantzarik gabe, erabakigarriagoa izan baitzen gerra konbentzionalaren aipatu lurralde-menderakuntzaren emaitza, Espainiako giro politikoaren bilakaerak behin eta berriro gogorarazten digun bezala. Baina 1950eko edo, agian argiago, 1960ko hamarraldiaren amaieratik XXI. mendearen hasierara arte luzatu zen euskal gatazka berriaren kasuan, jokalekua ez zenez lurraldea izan, kontakizuna baizik, ez da harritzekoa horrek jarraitzea izaten, egun, eztabaidaren erdigunea.

Odol isurketarik gabe bada ere, egun. Zorionekoa dena, esan gabe doa.

civilwis

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2020ko urtarrilaren 25ean].

Iragana historia bihurtzen denean

Euskal literaturan, orain dela gutxira arte behintzat, ez dut uste Gerra Zibilaren “nobela historikoei” buruz hitz egin zitekeenik: iragana, iragan hori, ez zen historia bihurtu idazleentzat –ezta, susmatzen dut, euskal herritar askorentzat ere–, oraina zen oraindik; beste era batean esanda, ez zen nahikoa fosildu asmo komertzialak edo apaindurazkoak nagusi diren azpigenero literario baten bazka izaten hasteko. Hori nabarmena da gaiaz arduratu diren egile anitzen lanetan, hala nola Ramon Saizarbitoriarenean –Bihotz bitik hasita Lili eta biok arte, gutxienez–, Bernardo Atxagarenean –gogoratu Soinujolearen semearekin–, Jokin Muñozenean –Antzararen bidea– edo Garbiñe Ubedarenean –Hobe isilik–, gutxi batzuk aipatzearren; ildo horretan kokatuko nuke, bestalde, Mikel Ayerbek apailatutako Our Wars: Short Fiction on Basque Conflicts ipuin antologiaren arku kronologikoaren justifikazioa, Gauzaren ipuinak –euskal gatazka garaikideenetakoak– Gerra Zibilarenekin lotzen zituenean (Reno, Center for Basque Studies, 2012; gaztelaniazko edizio bat dago, Nuestras guerras izenburukoa, Lengua de Trapo argitaletxearen eskutik kaleratu zena).

Milan Kunderak zioen bezala, “bi gauza ezin direnak nahastu: badago, alde batetik, giza existentziaren dimentsio historikoa aztertzen duen nobela, eta, bestetik, egoera historikoa ilustratzen duen nobela, gizartea une jakin batean deskribatzen duena, historiografia nobelatu bat alegia”. Azken hori izango litzateke, hain zuzen ere, eta nire ustez, nobela historikoa.

Espainian, duela ez hainbestera arte, esango nuke berdintsu jazotzen zela: Gerra Zibilaren gaia literatura “garaikideari” zegokiola, egungoari. Baina nobela historikoren infiltrazioa, alor horretan, gero eta nabarmenagoa egin zen, nik esango nuke, Javier Cercasen Soldados de Salaminaren lanaren argitarapenetik (2001); horren adibide izango lirateke, orobat, Almudena Grandesen Episodios de una guerra interminable sail ageriki galdostarreko nobelak ere. Eta, hori, gama literario gutxienez “ertaineko” produktuez ari naizelarik: “arruntagoen” zerrenda luzeagoa izango litzateke –cfr. Pérez Reverteren azken aldiko Falcó saila bezalako zaborra, esaterako–.

Nago, dena den, euskal literaturan ere muga hori zeharkatzen ari ote garen, Gerra Zibilaren “nobelahistorikotzearena” alegia. Berriki irakurri dudan lan batek eman dit hori aditzera, Maixa Zugastiren Ahotsak eta itzalak (Erein 2018). Nobela horretan, nire ustez, iragantzat hartzen da Gerra Zibila, episodio itxitzat alegia, eta, ondorioz, egileak errazago har dezake aitzakiatzat funtsean sentimentalismoan ardaztutako lan bat eraikitzeko, eta espainiar nobela gerrazibilista azalekoenen ildoan kokatzeko.

Ildoan diot, egia delako nobela guztiz historikotzat jotzeko –hots, historiako liburuak ordezkatuko lituzkeen literatura mota izateko, irakurle batzuek sinesten duten bezala, oker– anakronismo gehiegitxo aurkezten dituela Ahotsak eta itzalakek  –dokumentazio lana bide da nobela historikoaren egileek gehien azpimarratzen duten azpigeneroaren tasunetako bat, beren lanaren autogorazarrea egitean–. Nik, egia esan, urrats hori Aitziber Etxeberria bezalako idazleren batek emango zuela espero nuen, 31 baioneta edo Nomada lanak gogoan hartuta; oraindik ez dut, bestalde, Joanes Urkixoren Ekaitza urrun esku artean hartu (hau ere Erein, 2018), baina, irakurri ahal izan ditudan iruzkinengatik, sailkapen honetan sartzeko aukerak dituela esango nuke. Hala balitz aldarrikatu ahal izango litzateke Ahotsak eta itzalak horrek ate moduko bat ireki duela, eta horren ostean mota bertsuko gehiago etorriko direla.

Eta, ondorioz, euskal literaturak urrats bat gehiago eman duela bere normalizazio-estandarizazioan. Gaudeamus.

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2018ko urriaren 20an].

n nobela historikoarena