“Yo, asesino” komikiaz (albo-ohar batzuk)

Leitu berri dut Antonio Altarriba idazlearen (Zaragoza, 1952) eta Keko Godoy marrazkilariaren (Madril, 1963) Yo, asesino komikia (Norma, 2014), azken denboraldiko berritasun arrakastatsuenetako bat (alorreko Kritikaren Sari Nagusia irabazi berri du Frantzian, han argitaratu baitzen Espainian eta gaztelaniaz baino lehenago, Moi, assassin izenburupean, Denoël argitaletxean). EHUko artearen historiako irakasle eta noizbehinkako hiltzaile baten ibilerak azaltzen dira komikian: kontaera nagusia gaur egunean kokatuta dago (urtebeteko epealdi bat hartzen du, hortxe-hortxe, 2013 inguruan), baina flashback ugari egiten ditu, “erailketaren artearen” inguruko hausnarketa teoriko eta praktiko frankoren azalpenarekin batera. Neurri handi batean autofikzio bat den arren (egia da irakaslea ez dela frantses filologiakoa, erretreta hartu aurretik Altarriba zen bezala, baina fakultate berdinean egiten du lan, eta pertsonaiaren itxura oso bere antzekoa da), eta bere trukulentzia gorabehera, gustatu zait komikia, nahiko nabarmena delako kasu honetan gehiago dela bide bat estetikaren inguruko ideia (bitxi) batzuk plazaratzeko (besteak beste), norberaren loriari edo berezitasunei edo egunerokotasunari (edota norberaren “egiari”) kantatzeko baino; areago kontrara, zaila baita Altarribak eta Kekok aurkezten diguten Enrique Rodríguez Ramírez irakaslearekin enpatizatzea (beste kontu bat da bere ingurune hurbilak zer pentsatuko duen, noski: esaterako, bere andre ohiak, argazkilaria denak eta hemen, disimulu askorik gabe, ilustratzaile gisa agertzen dena…). Komikiaren iruditeria (gogorra, zuri-beltzean, gorriaren agerpen bikain kokatuekin, Sin Cityren ildoan nolabait, Mikel Ayerbek gogorarazi didan bezala) erakargarria da, sekuentziazioa oso lortua, eta trama kriminalaren garapena (suspentsea eta guzti) entretenigarria. Biolentziaren eta artearen inguruko teorizazioa, tantaka ematen zaiguna (bibliografiarekin batera, sotilki, aipatuak edo irudikatuak agertzen  diren liburuen azalen bitartez: guztien buru, zer esanik ez, De Quinceyren Hilketa arte eder gisa, baina baita Burkeren Sublimeari eta ederrari buruzko gure ideien jatorriaren inguruko ikerketa filosofikoa ere, eta abar), konpartitu ala ez, interesgarria da, eskaintzen zaizkigun artearen historiako “eskolak” eta korronte epistemologiko ezberdinen arteko talken zantzuak bezainbat. Eta bertan azaltzen dira, bestalde, Altarribaren idazle eta gidoilari ibilbidea zedarritu duten bestelako leit motiv eta obsesioak ere: bikote irekiaren aldarrikapena, pornografia lighta, plastika garaikidearen inguruko hausnarketa, literaturaren alferrikakotasuna eta “artea arteagatik” ikuspegiaren lehentasuna… bortizkeriaren eta minaren teatro guztiarekin batera, noski. Komikia ere bada, neurri batean, “kanpus eleberri” bat, unibertsitateko bizitza akademiko eta estrakademikoko zenbait alderdik (sailetako intrigek, epaimahaietako gorabeherek –egiten dituen bidaia akademiko ugariak baliatzen ditu narratzaileak bere krimenak gauzatzeko…–, ebaluazio agentziek, kongresuek eta erakusketek, ikasleekiko maite kontuek…) leku inportantea baitute bere orrialdeetan.

altarriba 3.4

Komikiaren gai nagusia ez bada ere, badu bere lekutxoa gure “Gauzak” Yo, asesino honetan. Eta horretaz mintzatuko naiz albo-ohartxo hauetan hain zuzen ere. Komikia, esan bezala, gaur egun kokatua dago, baina zenbait atzera salto egiten ditu, horietako bat Fernando Buesa eta Jorge Díez Elorzaren kontrako 2000. urteko atentatu terroristaren unera, nahiko era gordinean aurkezten zaiguna komikian (ikus goiko eta beheko irudiak): ni neu durduzatuta utzi nau pasarteak, gure kanpusean bertan gertatu izanak gogortasuna gehitu baitzion, gutako askorentzako behintzat, berez gogorra eta krudela izan zen ekintza horri.

altarriba 4 Beste kontu bat da Altarribak ETAren bortizkeriaren gaia probesten duela bere narratzailearen “erailketaren estetikaren” argudiaketan koska bat estuago egiteko eta debaldeko asasinatoa defendatzeko, ideien alde eginikoaren aurrean: “Deusengatik hiltzea iraultzailea da. Lotsagarri uzten ditu elkarri hiltzen jarraitzeko politikak, erlijioak, filosofiak edo psikologiak topatu dituzten arrazoi interesatuak… zentzua duela eman dezan… Komenentziazko zuribideak dira… Sekula ez motibazio zuzenak… Mundu honetan deusengatik hiltzea, funtsean, ekintza bakezale bat da… Aberriagatik hiltzea baino zintzoagoa, bederen” (35-36 orr.). Ondorengo orrialdeetan osatzen du ikuspegi hori (batez ere 115-116 eta 124-125), kapitalismoak, gerrek eta totalitarismo ezberdinek eragindako hilketa masiboen kritikarekin, baina niri, aitor dut, oso zaila egiten zait itzulipurdi dialektiko horren logikari euskarri bat aurkitzea, eta ez dio onik egiten (kontrakoa baizik) pertsonaia nagusiaren barne-koherentziari eta sinesgarritasunari.

altarriba 1

“Euskal gatazkaren” beste agerpen nagusia unibertsitateko saileko azpijokoen argumentu-lerroari dagokio (ikus goiko eta beheko irudiak). Batez ere saileko irakasleen bilera baten inguruan zentratzen da: bertan Pernando Garzia de Langarika departamentu buruak euskal preso politikoen “askatasunaren” aldeko testu bat onarrarazi nahi du saileko batzar batean, kide batzuen haserrea pizten duen zerbait (irten egiten dira bileratik eta, ondoren, ezker abertzaleak “menderatutako” sailkideen botazioaren ondoren, proposamena onartzen da). Alde batera utzita anakronismotxoa (halako eskaera batek, 2013an, nekez aipatuko luke presoen “askapena”, hurbiltzea edo sorterriratzea baizik, seguru asko) eta sailak ez direla, usu, halakoetarako lekua (sinesgarriagoa litzateke, nik uste, fakultate batzar batean edo klaustro nagusi batean), bitxia iruditzen zaidana zera da, hain modu errealistan kokatutako testuinguru batean (komikiko “Letren fakultatea” EHUko Gasteizko Letren fakultatea bera da –eraikinak eta barrualdeak irudikatzeko argazkiak erabiltzen ditu maiz Kekok–, ez eszenatoki neutro edo imajinario bat) halako egoera bat irudikatzea: nik dakidala, gure fakultatean, nik bertan ikasle eta irakasle eman dudan denbora guztian (eta inpresioa daukat gure unibertsitatearen gehiengoan antzera izan dela) ez dago sail bat ere “ezker abertzaleak” modu horretan “menderatu” duenik (are gutxiago Altarribak zuzenean ezagutu duenik, ze bere benetako saila, garai batean, fakultateko “konstituzionalistenetako” bat zela esatera ausartuko bainintzateke; agian Leioan egon da halakorik, modu argiagoan? Edo Donostiako kanpusean? Badaezpada, ez nuke lepoa egingo. Baina Gasteizen, ez dut uste). Argi dago eszenak egoera eta giro baten isla izan nahi duela, eta hor badagoela egia mingarritik asko (irakasle mehatxatuei eta erbesteratuei buruzko aipamenak, tamalez, eta guztion lotsarako, egia osoa dira, ez nahikoa gogoratua). Baina Altarribak bilatu duen bidea (Buesaren eta Díez Elorzaren kontrako atentatuaren eszenaren kasuan ez bezala) ez zait zehatzena iruditzen.

 altarriba 2

Hori, esan bezala, bestelako anakronismo txikiez ez hitz egitearren, gure fakultateko pasilloetan (2013an!) agertzen den presoen askapenaren aldeko kartela bezala (ikus beheko irudiko detailea), testuinguru batean zeinetan fakultatea afixez josita agertzen baita, gainera: itxura bat duela hamabost edo hogei urte errealitatetik hurbilago egon zitekeena, baina ez gaur egun, une bat zeinetan ezker abertzaleko ikasleen presentzia publiko eta publizitarioa gutxienekoaren azpitik baitago. Txillidaren ikurra daramaten kartelek eta “Amnistiarik gabe pakerik ez” leloak erakusketa museistikoetan lukete, garaiotan, leku gehiago, kalean baino (93 orr.). (Agian asunto honetan badago, Altarribarengan, lehenagoko egoera batzuen oihartzuna, are ni Filologia eta Geografi-Historia Fakultatera ikastera heldu aitzinekoak, ze orduan bai izan ziren, Trantsizioaren hastapenetan, istilu nahiko gogorrak –horietako bat edo beste Jon Juaristik aipatzen du, hitz-erdiz, bere Cambio de destino memoria liburuan, Seix Barral 2005–).

altarriba 5 (detaile)

Esan bezala, hau guztia nahiko ohar marjinala da, ez du komikiaren maila ezbaian jartzen, eta nik, zer esanik ez, irakurtzea gomendatzen dut. Lizentzia poetikoak dira, azken finean, edo horrelakotzat har daitezke, behintzat, eta, egiazki, ez dute garrantzia erabakigarririk komikiko gertakizun nagusiaren garapenean (narratzailearen barne-diskurtsoan aipatu “zirkuitulaburrak” eragiteaz landa). Baina errelatoaren zehaztasuna eta lekuko zuzenen testigantza hain inportantea omen den testuinguru historiko honetan, eta gaiak komikian leku nabarmena duela kontuan hartuta, uste dut aipatzekoa behintzat badela; albumeko narratzaile-hiltzailea bera iristen da esatera, pasarte batean: “[Euskal gatazkaren] Orrialdea pasatu aurretik, hura idatzi beharra dago… gertakarien errelato egiati bat egin…” (31 orr.). Eta albo-kontu hauek aipatu beharra dagoela diot, neurri batean gogorarazi didatelako beste fikzio batzuetan “igeri” geratzen den “anakronismo” edo “zaharmintze” sentsazio hori, adibidez Fernando Arambururen Los peces de la amargura (Tusquets, 2006) liburuko zenbait ipuinetan sumatu nuena: deskribatzen diren giro eta jarrera batzuek kontakizuna kokatzen zen garaiarekin guztiz bat egingo ez balute bezala, lehenxeagoko batekin baizik (liburuari meriturik kentzen ez diona guztiz, bestalde: niri lan ausarta eta balekoa iruditu zitzaidan, oro har). Antzeko sentsazioa izan nuen, denbora kontuak albo batera utziiz eta beste alderdi bati helduz, Ocho apellidos vascos bezalako produktu batekin (2014): filmak grazia egiten duen ala ez alde batera utzita (niri, ez bereziki), hizkuntzaren auziari ematen zion trataera (adibidez, eta suabe esatearren) ez zitzaidan batere emic iruditu (hots, nabaritzen da “kanpotik” egina dela, nahiz eta gidoilaria hemengoa izan…).

“Desfase” moduko horiek (Altarribarenak, Arambururenak, Cobeagarenak…) ez dira, ziurrenik, beren obrak gutxitzeko nahikoak (bueno, genero rolen inguruan ere zerbait esan zitekeen, ziurrenik, Yo, asesino/Moi, assassinen inguruan: ez naiz horretan sartuko, oraingoz). Baina hau bezalako iruzkintxo bat bederen merezi dutelakoan nago.

Gatazkari buruzko bi komiki

[Artikulu honen lehen bertsioa Galde aldizkariaren 7. alean argitaratu da].

Euskal gatazkaren gaia (edo “Gauzarena”, nahiago bada) gelditzeko asmoarekin etorri dela ematen du… literarioki, alegia, gertakari historiko gisa bortxaren edo (nahiago bada) terrorismoaren presentzia iraganeko zerbait bihurtzen ari baita egun. Badakigu gaia ez dela berria gure literaturetan, baina irudipen nahiko zabaldua dago ugaritze bat gertatzen ari dela gure Troublesen apaltze osteko garaiotan (Ipar Irlandako espresioa erabiltzearren). Hori konfirmatzera letozke azken urtean argitara emandako bi komiki, artikulu honen hizpide izango direnak: Felipe Hernández Cava eta Bartolomé Seguíren Las oscuras manos del olvido (Norma, 2014) eta Javier de Isusiren Baleak ikusi ditut (Astiberri, 2014; jatorrizko bertsioa gaztelaniaz, He visto ballenas). Oso komiki ezberdinak, arrazoi ezberdinengatik (aurrera dezadan) ase utzi ez nautenak.

Egileak aski ezagunak dira komikiaren munduan. Hernández Cava (Madril, 1953) zinema eta komiki gidoilari beteranoa da, Trantsizioaren garaitik lanean (gurean Ikusagerrek Lope Agirrekoari buruzko komikia argitaratu zion laurogeiko hamarraldiaren amaieran, Brecciaren marrazkiekin), Seguí marrazkilaria bezala (Palma, 1962), zeinarekin kointziditu baitzuen Madriz “Movidako” aldizkarian; dena den, haien errekonozimendua nahiko berantiarra izan da, kolaboratzen hasi zirenetikoa, 2000ko hamarraldiaren amaieran: orduan ondu zuten Las serpientes ciegas, Gerra Zibilaren garaian kokatutako thriller modukoa, 2009ko Komikiaren Sari Nazionala eskurarazi ziena. De Isusi, aldi berean gidoilari eta marrazkilari, gazteagoa da (Bilbo, 1972), eta 2000ko hamarraldiaren erdialdetik Astiberrik argitaratutako Los viajes de Juan Sin Tierra bidaia eta abenturen sailak (elementu autobiografikoak dituenak) lekutxoa egin zion Espainiako komiki munduko belaunaldi berrien artean.

Las oscuras manos del olvido marrazkiaren tradizio errealistan kokatutako albuma da, oso faktura klasikokoa, koloretan marraztua (estilo kasik piktoriko batekin) eta genero beltzaren kodeak eskuarki erabiltzen dituena: protagonista eta aldi berean narratzailea, Toinou, Marseillako mafiarekin lotutako sikarioa, kartzela aldi luze baten ostean euskal enpresario batek garai batean egindako enkargua betetzeko asmoa du, haren heriotza agindu zuen ETAren buruzagia hiltzea (horretarako diru bat utzi baitzion eraila izan aurretik). Istorioak, alde horretatik, Toinouren joan-etorriak kontatzen dizkigu Frantzia, Espainia eta Euskal Herrian zehar, non, batez ere, eta gure gatazkari dagokionean, (ETAren) biktimen ahanzturarekin biziki kezkatutako pertsonaiekin hitz egingo baitu, bere helburua betetzeko laguntza bila: atentatu haren biktima zuzenekin, noski (enpresarioaren alarguna, bizkartzain elbarria), baina baita bestelakoekin ere (erbesteratutako unibertsitate-irakasle ez-abertzalea; guardia zibil ohi bat, Euskal Herrian geratu dena biktimen memorian arakatzen segitzeko asmoz); beste argumentu-lerroek Marseillako mafiaren gora-beherekin dute zer ikusia, eta narratzailearen iragan gatazkatsuarekin (hala gaizkileen munduarekin nola Aljeriako gerrarekin lotua). ETAri eta ezker abertzaleari buruz ematen den irudia, zer esanik ez, fanatiko bihozgabe edo ziniko batzuena da, eta konspirazioaren teoriek badute bertan lekua (espainiar gobernua terroristak babesten ari dela, bake-prozesuaren mesedetan). Mezu nagusia (ETAren) biktimen ahanzturaren kontrakoa da (komikia, ez alferrik, Cristina Cuestari eskainita dago, eta biktimen elkarte batzuek biziki laudatu dute).

Baleak ikusi ditut, itxura batean, oso ezberdina da. Bere formatua “nobela grafikoa” deritzonera hurbiltzen da gehiago, marrazkia askoz ere eskematikoagoa da (nik, aitor dut, Seguírena dut maiteago), kolore gutxirekin jolasten du (grisarekin eta horiarekin, nagusiki, helburu aski metaforikoekin), eta askoz ere zatikakoagoa da, fragmentarioagoa, denboran atzera eta aurrera saltoak eginez (mundu onirikoak, bestalde, protagonismo berezia du garapenean, gehiegizkoa nire ustez); Astiberrik egindako ahalegina gaztelaniazko jatorrizkoarekin batera euskarazko bertsio bat ateratzeko (Bego Montoriok itzulia) txalotu beharko litzateke, gainera. Bertan gurutzatzen diren istorioek zer ikusia dute kartzela frantses batean elkartzen diren ETAko eta GALeko preso birekin (Josu eta Emmanuel, hizpide ematen diona egileari kartzelako bizitzaren beste alderdi batzuez aritzeko), berunezko urteetako ETAren biktima baten semearekin (Anton, apaiz bihurtu zena denborarekin, eta Josuren gaztetako laguna izan zena), apaizaren arrebarekin (Itziar, erlijio irakasgaiaren irakasle kaleratua, umea ezkongabe izateagatik), ETAko presoaren semearekin (Aritz, kartzelako bisitez etab. aritzeko beta ematen diona egileari), besteak beste. Istorioen arteko harilkatzea lausoagoa da (ez da Las oscuras manos… bezain konpaktua), eta fokua, gatazkaren ondorio ezberdinetan zentratzen bada ere (kartzela, damua, oroimena, barkamena…) sakabanatuagoa da, eta esan behar da istorio guztiek ez dutela lortzen interes edo pertinentzia maila bera, ezta gutxiagorik ere (Itziarrenak eta Aritzenak, kasu). Kontakizuna dezente “adeitsuagoa” da Cava eta Seguírena baino, eta mezu nagusia, nahiz eta ez bakarra, adiskidetzearena litzateke, gatazkaren traumak gainditzearen ildotik (lehenengo aipua, hau ere ez alferrik, Joseba Sarrionandiarena da).

Baleak ikusi ditut - Astiberri Ediciones

Horren ezberdinak izan arren, komiki biak amaitzen dira, kurioski, modu alegorikoan: eszena labur batzuekin Las oscuras manos…-en kasuan, eta pertsonaietako batek (presoen senide batek) idatzitako (eta “marraztutako”?) nolabaiteko ipuin luzeago batekin Baleak ikusi ditutenean, “nobela grafiko” horren zatirik pattalena nire ustez: alde horretatik, Cava eta Seguíren alegoriatxoa askoz ere eraginkorragoa da, bere motzean. Edonola ere, amaiera biek azpimarratzen dutena zera da: komiki bien izaera politiko edo “konprometitu” agerikoa. Eta horretan datza, nire aburuz, haien ahulezia: transmititu nahi duten “mezuaren” nagusigo eta nonahikotasunean, istorioak “irensteraino”; azken finean, oso idazle ona izan behar da horren ageriko mezuen inguruan literatura egiteko (eta hemen komikia literaturaren adartzat ari naiz hartzen, mugak gaindituz agian). Literatura politiko on bihurtzeko aukerak nabarmen murrizten dizkio Las oscuras manos…-i egileen hautu irmoak, alde grisak eta ñabardurak desagerraraztean (euskal gizartean ez daude biktima errugabeak eta terrorista doilorrak eta beren lagunak ezik?); narratzaile mafiosoaren ahotsa horren presente eta azpimarratzailea izateak ez dio, alde horretatik, onik egiten komikiari. Ados, nobela grafiko beltz bezala ondo funtzionatzen du, baina are horretan daude kontraesanak: egileei mundu mafiosoak eragiten dien lilura estetikoa, nabarmena albumean, nekez ezkontzen da ETAren terrorismoaren kondena pitzadurarik gabekoarekin, eta torturaren inguruko aipamena anekdotikoa da bestalde. Javier de Isusiren mezu “positiboaren” nagusitasunak, ordea, indarra lapurtzen dio trama anitzegiari (Josu eta Emmanuelen arteko harremana, aurkezpen eta elkarrizketetan gehien azpimarratu izan dena, bide batez, ez da gero behar bezainbeste garatzen: “gosez” uzten du irakurlea –irakurle hau, behintzat, elkarrizketak eta aurkezpenen berriak irakurrita gehiago espero zuena, alde horretatik–), eta batzuetan gehiegi lerratzen da, tamalez, onkeriara.

Edonola ere, lanok, batere biribilak ez diren arren, badituzte alde positiboak, eta ekarpena egiten diote (bakoitzak bere erara) “Gauzaren” inguruko literaturaren corpusari. Deserosoak dira, azken finean: Baleak ikusi ditut, agian, gatazkaren estatu-bertsio ofizialaren sinestunei egingo zaie (pixka bat) deseroso, eta Las oscuras manos del olvido, ziurrenik, gatazka askapen-gerra bezala ikusten jarraitzen dutenei. Baina susmoa daukat bi esparru horietan ez direla hainbeste irakurriko eta, ohi bezala, barne-kontsumorako gai bihurtuko direla, gehienez ere.

Drogak, sotoan

Atzo Julio Sotoren azkeneko zutabearekin esnatu eta tuit luze hau idatzi nuen (TwitLonger aplikazio bereziki tranpatia dela bitarte):

Julio Sotok, droga aitzaki zuten atentatuak fenomeno kasik ‘naturaltzat’ hartu baino (‘Garai hartakoa da El Huerto diskotekako leherketa’: txingorra bota izan balu legez…), bere artikulu beldurgarri (eta paternalista, eta moralista) samarrean aditzera ematen duen bezala, hobe luke Alberto Moyanoren ‘Es más fácil que un camello pase por una aguja’ artikulua irakurri

Ez da lehenengo aldia Julio Soto bertsolariak gai horri heltzen diola. Aurrekoan ere tonu puritano bera erabili zuen, zeinaren atzean doinu hau aditu baitaiteke: lehengo-denborak-bai-onak-ezker-abertzalea-drogen-aurka-irmo-agertzen-zenean. Horren inguruan, eta goiko txio iruzurtitik tira eginez, hauxe esan nahi nuke, edonola ere:

1.- Goian adierazi bezala, harritu ninduen zelako arintasunez (ia-ia miraz, esango nuke) ekartzen duen gogora ETAk “drogaren munduaren” kontra eraman zuen gurutzada. Onartzen dut ni asko inpresionatu ninduela garai hartan, eta, Yoyesen erahilketarekin batera, kamelloen kontrako ekintzak izan zirela erakundearen estrategia guztiz arbuiatzera eraman ninduten kontu nagusienetako batzuk (nire memoria gaizki ez badabil, esango nuke atentatu horietako bat izan zela lehenengoz Bakearen Aldeko Koordinakundearen -Gesto Por La Pazen- kontzentrazio batera eraman ninduena…). Jose Jabier Urritegirena bezalako kasuez oroitzen naiz bereziki: ETAri “zurrumurruak” iritsi zitzaizkion, Larratxoko Chaplin pubaren jabea droga kontuetan sartuta ote zegoen, eta hiltzeko agindua eman zuen… kontuan hartu gabe Urritegik hamabost egun lehenago jasoa zuela tabernaren traspasoa eta ez zuela, beraz, zer ikusirik aurreko jabearen gora-beherekin (zeinek ez baitzuten, edozelan ere, defendatzeko aukerarik gabeko prozesu, epai eta hilarazte bat merezi). Urritegi pubean bertan josi zuten tiroz, barraren beste aldean zegoela, 1991ko azaroan. Tamalez, ez zen bakarra izan.

2.- Berriro insistitzen du Sotok, bestalde, Euskal Herriko drogen sarreraren teoria konspiratiboan, behin eta berriro errepikatua, orokorki sinetsia (giro batzuetan) eta, nire uste apalean, eusten ez diona, mundu mendebaldarrean (eta ziurrenik ez bakarrik mendebaldarrean) nahiko aldi berean eta eszenatoki politiko eta sozial oso ezberdinetan gertatu zen neurrian. Ez dut horrekin, inondik ere, zuritu nahi polizia-gorputz anitzen partehartzea trafiko horretan: gaiaren inguruko edozein film estatubatuar ikustea nahikoa da ohartzeko zein normala eta orokorra zen/den hori (film horietako fantasia dosirik handiena, ziurrenik, trama horren kontra amaierara arte borrokan aritzen den polizia uztelezinari dagokio), eta, ondorioz, ze originaltasun gutxi duen gure kasu tristeak. Alberto Moyanoren aipatu iritziarekin bat natorrenez, eta berak nik baino askoz ere hobeto adierazten duenez, bere aipua ekarriko dut hona (artikulu osoa irakurtzeko aholkua gehituz): “A nadie se le escapará que la hipótesis de que la Guardia Civil tuviera que recurrir al narcotráfico para aplacar los impulsos levantiscos de la juventud vasca resulta la mar de sugerente, pero lo cierto es que el negocio de la heroína generaba y genera tan ingentes beneficios que su reparto convierte en innecesarias las conspiraciones de carácter político. La implicación policial en las tramas de distribución de la droga forma parte hace décadas del paisaje global, de Estados Unidos a Japón, de los países nórdicos a Suráfrica. Es evidente que la telegenia intrínseca a «tuvieron que frenarnos con el ‘jaco’» es infinitamente más sugerente que la simplona «fuimos como todos»: Cristina F. en Berlín, Mark Renton en Edimburgo. (…) Todo esto no quita para que la llamada ‘red Galindo’ realmente existiera, ni que el presunto carácter heroico en la lucha antiterrorista del oficial que dio nombre a la trama le hubiera dotado de enorme impunidad y, si se quiere, incluso de la protección de las más altas esferas. Pero las razones antiinsurgentes sucumben bajo el peso de los astronómicos beneficios económicos hasta convertirlas, de haber existido, en anecdóticas”. Ohikoa: beste hark esaten zuen bezala, konspirazioaren teoria izaten da benetako konspirazioa (bide batez, harritzen nau zein gutxi mugitu den, gure esparruan, Moyanoren artikulua… baina ez dut horrekin ere konspiranoikoegi jarri nahi…).

3.- Harrigarria begitantzen zait, halaber, ze konfiantza gutxi duen bertsolariak pertsona helduen autonomian eta erabakitzeko askatasunean. “Dagoeneko errezelo gabe begiratzen ditugu dealer-ak; kasu askotan gureetakoak direlako, gu garelako. Dagoeneko errezelo gabe begiratzen diogu elkarri, komun zuloan egiten genuena barran, mahai gainean egiten dugunean. Pozik egongo dira Intxaurrondon” bezalako esaldiei darien gutagutartasuna eta paternalismoa (are erantzuki- eta mehatxu-tonua) irensteko zaila iruditzen zait. Esan dezadan, lehenik eta behin, drogak legeztatzearen alde nagoela, gutxienez alkoholak, txokolateak eta nobela historikoak duten maila erdietsi arte (eta legeztatzearen alde egoteak ez du esan nahi inolako erregulaziorik egon behar ez duela pentsatzen dudanik, baina hori beste kontu bat da). Eta, ondorioz, ez dudala oraingo egoera maite. Baina hortik gurasokeriara jauzi handia dagoela uste dut. Dena dela, hau nik baino hobeto espresatu du Jokin Azpiazuk nire goiko mezuari Facebooken emandako erantzunean. Eta, bere baimenarekin, hona ekarriko ditut pasarte batzuk, nire hitzak baino dezente argigarriagoak izango direlakoan: “ados nago [Julio Sotorekin] kontu batean: egunen batean hitz egin beharko dugu kontu hauetaz guztietaz. Ze bestela jendeak jarraituko du pentsatzen garai horretan heroina kontsumitzen zutenak eta gaur egun beste droga ugari kontsumitzen dutenak tontoak, memeloak eta gainera estatuaren biktimak besterik ez direla. Eta edo hasten gara pentsatzen apur bat (…) konplexuago edo berriz idatziko dugu historia historia idatzi gabe, halako irakurketa xinpleekin. (…) Eta esango didazue heroina eta Intxaurrondoren arteko lotura ukaezina dela, eta nik diot baietz, leku denetan dela horrela polizia eta legez kanpoko drogen arteko harremana. Baina egia da ere heroinaren sarrerak Euskal Herrian bat egiten duela garai sozial eta politiko batekin Europa osoan eman zena, eta zerikusia zuena esperimentazioarekin, diktadura osteko garaiekin, ekialdearekiko eta bere drogekiko faszinazioarekin eta beste mila faktore sozial eta politikoekin. Ahora, nahi badugu sinplifikatu, pues bai: buuuuh guardia zibila buuuuuuuh. Edo hasten gara gure etsaiak apur bat serio tratatzen edo amaituko dugu Kixotek bezala haize erroten kontra borrokatzen jo ta ke irabazi arte. Eta askotan esan dut, zelako gogoak ditudan drogetaz eztabaidatzeko, bereziki ezkerrean, eta ezker abertzalean, eta ikuspegi sozialetik gainera. Kriston gogoak ditut eztabaidatzeko alkohola eta eraso sexista eta homofoboen arteko harremana, adibidez. (…) Gero eta garbiago daukat ikuspegi politikotik eutsi behar diogula asuntoari, moralismoak alde batera utziz. Eta horrela eusten badiogu, eta drogek gure inguruan duten eragina pentsatzen badugu, ezinezkoa da alkohola albo batera uztea. Kuriosoa da, ze mugimendu politiko batzutan (Black Panthers kasu) droga hori izan da gehien jarri dena zalantzan, alkohola. Baina gure kultura judeokristauan (eta gure ezkerra ere hala da, judeokristaua) ba ezin da alkoholaz hitz egin, ezin direlako mezak mostoarekin bedeinkatu, ezta txosnak laranja zukuarekin!“. Tira, nik gehi dezakedan edozer soberan dago, beraz, horretan utziko dugu (eskerrik asko, Jokin).

Horixe ba. Sotoren prediku berriaren zain geratzen naiz. Ea hurrengoak ez nauen hainbeste kolokatzen.