Talde “faltsuek” sinatutako hiru disko

Rock eta pop munduko talde guztiak ez dira, berez, errealak: badira fikziozko pertsonaiak bezala sortutakoak, beren arrakastarekin pop musikaren “autentikotasuna” bera zalantzan jarri eta beti ere produktu komertzial baten aurrean gaudela gogoratzen laguntzen digutenak (gutxienez). The Archies, esaterako, 60. hamarraldi amaierako marrazki bizidunak, telebistan baizik ez ziren existitzen (askotariko konpositorek eta estudio-musikarik sortzen eta jotzen zituzten “haien” kantak), eta, hala ere, hit global bat lortu zuten “Sugar, Sugar” singlearekin; bestalde, Spinal Tap taldea izen bereko filma errodatzeko sortu zuten, propio, heavy metaleko taldeen ibilbidearen parodia bat antzezteko, eta, ondoren, pelikularen arrakasta ikusita, bizitza “errealean” jarraitu behar izan zuten, parodiaren parodia gisa, diskoak grabatuz eta kontzertu-birak eginez. Ez dira, aitzitik, kasu bakarrak. Hona hemen antzeko beste hiru adibide bitxi.

chips from chocolate fireball bilaketarekin bat datozen irudiak

The Dukes of Stratosphear, Chips From The Chocolate Fireball, Virgin, 1987.

1985ean mini-LP misteriotsu bat argitaratu zuen Virgin etxeak, 25 O’Clock izenburupean; egilea talde neopsikodeliko ezezagun bat zen, Estratosferako Dukeak, eta kredituetan, 60ko hamarraldiko frikada bat balitz legez, Sir John Johns (gitarrak, ahotsak), The Red Curtain (baxua, ahotsak), Lord Cornelius Plum (teklatuak) eta E.I.E.I. Owen (bateria) agertzen ziren. Handik gutxira LP oso bat atera zuten, Psonic Psunspot,  eta aldi berean CD bat, hizpide dugun hauxe, bi lanak biltzen zituena (CDen garaiaren hasiera zen hura). Taldea faltsua zen, noski, eta berehala jakin zen XTC ingelesak zeudela fakearen atzean, new waveko talde ezagunenetako bat. Jolas bat, kultuzko banda baten ibilbide jorian, bai, baina a ze jolasa! Beste talde batzuek, “deskantsatzeko”, live bat edo bertsioen disko bat grabatzen duten bitartean, XTCkoek kanta berriak osatu eta disko eta erdi fakturatu zuten, 1967-68 inguruko pop doinu psikodelikoak imitatuz eta pastitxe oso konbentzigarriak sortuz, Beatles, Beach Boys, Move eta abarren arrastoan. Bitxiki, disko honek eragin handia izan zuen haien ibilbidean, hurrengo diskoetan (Oranges & Lemons izugarrian adibidez), pseudonimorik gabe jada, ildo horri eutsi baitzioten, hein batean. Gaur, ohore guztiekin, XTCren katalogo nagusian dago, ezin bestela izan, bilduma gozagarri hau.

on the sunday of life bilaketarekin bat datozen irudiak

Porcupine Tree, On The Sunday Of Life…, Delerium, 1991.

1989an hasi zen zirkulatzen, kasetean, Tarquin’s Seaweed Farm lana, 1970ko hamarraldikotzat aurkezten zen Porcupine Tree talde ilun bezain pinkfloydarrak sinatua; izan ere, kritikari batzuek orrialde promozionaleko biografia iruzurtia sinetsi, eta talde zahar baten berpizkundeaz hitz egin zuten. Kredituetan bederatzi musikari agertzen ziren arren, instrumentu guztiak pertsona bakar batek jo zituen, Steven Wilsonek, rock sinfonikoaren fanatiko gazteak, garai hartan No-Man izeneko pop talde estrainioa abian jarria zuena jada Tim Bowness kantariarekin; Porcupine Tree broma bat besterik ez zen, etxean zeukan estudioan ondua. Entzuleek, ordea, txantxa serio hartu (“Radioactive Toy” kanta sinple bezain eraginkorra dezente entzun zen, garai hartan: historiako kanta onenen nire Top 10 partikularrean dago orduz geroztik), eta Wilsonek beste bi kasete atera behar izan zituen Porcupine Tree bezala; are gehiago, Delerium diskoetxeak, kasete haietako alerik onenak bildu eta disko bikoitz bat argitaratu zion 1991an, On The Sunday Of Life… hau alegia. Handik ez hainbestera proiektura kide berriak inguratu (tartean Japan talde ezaguneko teklista ohia, Richard Barbieri), eta Porcupine Tree benetako taldea bilakatu zen, hamar disko argitaratuz, eta Wilson hiperaktiboaren gainontzeko proiektuak eklipsatuz (taldeak existitzeari utzi zion arte, 2010 amaieran: orduz geroztik bere bakarkako karreran zentratuta dabil Wilson, zirkulua itxiz, nolabait…).

gorillaz first album bilaketarekin bat datozen irudiak

Gorillaz, Gorillaz, Parlophone, 2001.

The Archies popero eta infantiloideen ifrentzua lirateke Gorillaz: haiek bezala, marrazki bizidunak dira, berez, baina Scooby Dooren ezpaleko Archie adeitsu haiek mundu postapokaliptiko batean birsortu izan balira bezala, nahasmendu bipolarrez, konspirazioez, zombiez, deabruzko posesioez eta abarrez beteriko unibertso ilun batean alegia. Eta, egiazki, hala behar du izan: The Archies eta Gorillaz-en artean hogeita hamar urte igaro dira, eta, tartean, (kontra)iraultza neoliberal guztia, besteak beste. Musikak pop izaten jarraitzen du, bai, baina pop mutantea, punkak, dubak, hip-hopak, trip-hopak eta beste hamaika estilok infektatutako popa. Proiektu honen arduradun nagusiak Jamie Hewlett komikilaria eta Damon Albarn musikaria dira, nahiz eta hainbat kolaboratzaile izan dituzten (agian gehiegi, disko batzuetan…). Hasiera batean Blur taldeko kantariaren kapritxo bat besterik ez zirudien, proiektu paralelo soila, baina Blur-en itzaltzearekin eta marrazki bizidunek lortu zuten arrakastarekin, Albarnen nolabaiteko talde nagusia bihurtu da Gorillaz, hainbeste ezen guztira hamar disko luze argitaratu baitituzte (ofizialen, erremixen eta B aldeen bildumen artean), eta are zuzeneko emanaldiak ematen hasi une batetik aurrera, talde “erreala” bihurtuz, paradoxikoki…

[Artikulu honen bertsio primigenioa Nabarra aldizkarian argitaratu zen, 2011ko urtarrileko zenbakian].

Erdi Aroko azoka

[Bueltan da, urtero bezala, Gasteizko Erdi Aroko azoka. Nik, aitor dut, ezin dut jasan. Eta orduan akordatu naiz duela sei urte, Diario de Noticias de Álava egunkarian argitaratutako zutabe batez (Rikardo Arregirekin txandakatzen nuena). Gaurkotasunik galdu ez duelakoan, hemen berreskuratzea erabaki dut. On egin!].

Erdi Aroko azoka

Badakit hilabete baino gehiago igaro dela eta jende askok ez duela ulertuko, baina ozen esango dut: gorroto dut Erdi Aroko azoka, urtero gure alde zaharreko kaleak fartsaz mozorrotzen dituen ekitaldi gero eta erraldoiago hori. Ez soilik, historialari gisa, halako birsortze-ahalegin folklorikoak alferrikakoak iruditzen zaizkidalako –nobela historiko gehienekin gertatzen zaidan bezala, bestalde–, baizik eta, alde zaharreko bizilagun bezala, gu garelako hiri osoarentzako eskaintzen omen den ikuskizun hutsal horren ondorio gehienak pairatzen ditugunok.

Kontua asteburuan egin zen arren, asteazkenetik hasi ziren udaltzainak autoak eta bestelako ibilgailuak erretiratzen kaleetatik, batzuetan jabeei abisatu gabe; badakit errealismoa lortzea dela antolatzaileen helburu nagusietako bat, eta onartu behar dut ikuspuntu horretatik aurrerapen nabarmenak egin direla azkeneko ekitaldietan, baina XXI. mendean gaude: garajerik ez badaukat, non demontre utziko dut nire autoa lau egunetan zehar? Eta bai, ondotxo dakit udaletxeak, trukean, mando bat eskaintzen digula gure lekualdatzetarako, baina niri egokitu zitzaidana behintzat hezur eta azal zegoen, eta ez nuen oso urrun eramaterik lortu.

Errealismo horren beraren izenean auzokideok garaiko jantziak eramatea egokia denik ez dut nik zalantzan jarriko, baina jendea horretara behartzea demasia iruditzen zait, are gehiago norberak harilkatu, ehundu eta josi behar baditu bere artilezko oihalak. Argi eta garbi salatu behar da ez dela inolaz ere nahikoa udaletxeak goruak eta ehundegiak maileguan hartzeko ematen digun hilabeteko epealdia.

Bestetik, prest nago onartzeko gure kaleetako harzoladura lastoz eta lokatz mokorrez estali dezaten, baina –ez dezazuela uste kinki-minki bat naizenik– etxeetako ur-hornidura moztea eta jendea bere maskuri- eta sabel-husteak leihotik jaurtitzera adoretzea gehiegitxo ez ote den pentsatzen hasita nago.

Eta, azkenik, ados, Aihotz plazan egin zen arratoi beltzen (Rattus rattus) askatze ekitaldia primeran egon zen, benetan pintoreskoa gertatu zen, eta, hurrengo egunetan izurri bubonikoz kutsatutako gaixoen zerrendek frogatu zutenez, arrakasta osoa erdietsi zuela aitortzeko prest nago. Baina hilabete baino gehiago da alde zaharrari berrogeialdia ezarri zitzaionetik, eta nik hemendik ateratzeko premia daukat jada. Noiz irekiko dizkigute ateak? Dato kaletik berriro paseatzeko irrikan nago.