Faktoria saiorako playlist-a

Kurtso honetan, hamabostero, ostiraletan, Euskadi Irratiko Faktoria saioan tartetxo bat izan dut, goizeko hamarrak jo baino pixka bat lehenago, niri garrantzitsuak iruditu zaizkidan asteko bi albiste musikaren bitartez komentatzeko. Opinologia pixka bat egiteko, alegia. Ez dut uste nire iritziak bereziki originalak edo esanguratsuak direnik, baina aitor dut horiei bi kanta lotzeko aukerak kitzikatu ninduela, eta baietza ematera eraman ninduela, azkenean, proposamena egin zidatenean.

Esan bezala, ez dakit nire iritziek balio handia duten, baina (pentsatzen nuen) behintzat erantsiko diedan musika ona izango da, lasaiago uzten ninduen zerbait. Nire buruari ipini nizkion baldintza bakarrak, musika aukeratzeko orduan, hauek izan ziren: nire gustukoa izatea, eta nire diskotekan egotea.

Hauxe da, ikasturte osoko jarduera aurrera eraman ondoren, atera den behin betiko zerrenda. Ohi bezala, 1980ko hamarraldia nagusitu da, nabarmen (ia kanta guztien %35 hamarraldi horretatik datoz); horiei 1970eko hamarraldiko amaierakoak gehituz gero, hots, punkaren eta New Wavearen lehenengo garaikoak, nagusigoa are nabarmenagoa bihurtzen da. Normala da: Biodiskografiak nire liburuan ipuinak oinarritzeko erabili nituen albumekin antzeko zerbait gertatu zitzaidan.

Eskerrak eman nahi dizkiet Maite Artola, Iñigo Alustiza, Mertxe, Oihane eta Faktoria posible egiten duten guztiei, eskaini didaten laguntza guztiagatik. Eta barkamena eskatu saioan zehar egindako nire hanka-sartze guztiengatik, noski.

Hauxe atera den zerrenda, ipini nituen orden kronologikoan emanda: Fleetwood Mac eta Crosby, Stills & Nashekin hasi, eta The Stranglers eta Tracey Thornekin amaitu nuen (azkeneko programa berezian bi aldiz ipini baikenuen azken horren “Sister”).

Fleetwood Mac, “Go Your Own Way” (Rumours 1977).

Crosby, Stills & Nash, “Wooden Ships” (Crosby, Stills & Nash 1969).

The Cardigans, “Erase/Rewind” (Gran Turismo 1999).

Siouxsie And The Banshees, “Mirage” (The Scream 1978).

The Cure, “Hot Hot Hot” (Kiss Me, Kiss Me, Kiss Me 1987).

Leon Benavente, “El rey Ricardo” (Leon Benavente 2013).

The Crazy World of Arthur Brown, “Fire” (The Crazy World of Arthur Brown 1968).

Nirvana, “Rape Me” (In Utero 1993).

The Velvet Underground, “Run, run, run” (The Velvet Underground & Nico 1967).

Downtown Boys, “A Wall” (Cost of Living 2017).

Joan Jett, “Bad Reputation” (Bad Reputation 1980).

Pixies, “Monkey Gone To Heaven” (Doolittle 1989).

The B-52’s, “Lava” (The B-52’s 1979).

The Beatles, “Taxman” (Revolver 1966).

Steve Earle, “Jerusalem” (Jerusalem 2002).

Heaven 17, “(We Don’t Need This) Fascist Groove Thang” (Penthouse & Pavement 1981).

Hüsker Dü, “Divide and conquer” (Flip Your Wig 1985).

Steve Wynn, “In Love With Everyone” (Sweetness and Light 1998).

Rammstein, “Mutter” (Mutter 2001).

The The, “Slow Train To Dawn” (Infected 1986).

Kate Bush, “Army Dreamers” (Never Forever 1980).

The Clash, “Police and Thieves” (The Clash 1977).

The Primitives, “Crash” (Lovely 1988).

Hawkwind, “Right To Decide” (Electric Tepee 1992).

Hertzainak, “Pakean utzi arte” (Hertzainak 1984).

Lendakaris Muertos, “ETA, deja alguna discoteca” (Se habla español 2006).

10,0000 Maniacs, “My Mother The War” (The Wishing Chair 1985).

Lea DeLaria, “Suffragette City” (House of David 2015).

The Police, “Every Breath You Take” (Synchronicity 1983).

Jethro Tull, “Too Old To Rock’n’Roll: Too Young To Die” (Too Old To Rock’n’Roll: Too Young To Die 1976).

Pink Floyd, “Another Brick In The Wall, Pt. 2” (The Wall 1979).

The Jam, “Start!” (Sound Affects 1980).

Stereolab, “Tomorrow Is Already Here” (Emperor Tomato Ketchup 1996).

Elton John, “Saturday Night’s Alright (For Fighting)” (Goodbye Yellow Brick Road 1973).

New Order, “Elegia” (Low-Life 1985).

R.E.M., “It’s The End Of The World As We Know It (And I Feel Fine)” (Document 1987).

Buffalo Springfield, “For What It’s Worth” (Buffalo Springfield 1967).

The Who, “Substitute” (singlea, 1966).

Martha and The Vandellas, “Nowhere To Run” (Dance Party 1965).

Foo Fighters, “The Pretender” (Echoes, Silence, Patience & Grace 2007).

Morrissey, “I Like You” (You Are The Quarry 2004).

Tom Petty & The Heartbreakers, “Refugee” (Damn The Torpedoes 1979).

Tracey Thorn, “Sister” (Record 2018).

XTC, “Here Comes President Kill Again” (Oranges & Lemons 1989).

Joy Division, “Love Will Tear Us Apart” (singlea, 1980).

The Stranglers, “No More Heroes” (No More Heroes 1977).

Bi kanta ETAren amaierarako

Lehengo ostiralean, Euskadi Irratiko Faktoria saioan daukadan tartetxoan, asteko albiste nagusiarentzako (ETAren desegitea), bi kanta aukeratzeko eskatu zidaten. Hauek izan ziren ipiniarazi nituenak, eta haiekin batera esan nituen hitzak.

New Order, “Elegia” (Low-Life LPtik, 1985)

Hitzik gabeko zerbaitekin hasi nahi nuen, zerbait pixka bat tristearekin, eta zer hobeto, beti pop munduaren alorretik mugitu gabe, musika gotikoaren edo siniestroaren oihartzuna dakarren New Orderren instrumental hau baino. Izenburuak dena esaten du: “Elegia”, hildakoengatik lantua.

ETAren desagerpenaren testuinguruan gogoratzeko une bat izatea beharrezkoa iruditzen zaidalako: biktimez, hildakoez noski, baina baita zaurituez, torturatuez, jazarriez, mehatxupean bizi izan direnez, arrazoi batengatik edo bestearengatik Euskal Herritik alde egitera behartuta ikusi izan direnez, eta haien inguruko guztiez ere.

New Order taldearen musika, oro har, alaiagoa da, behintzat ezagunena dena. Baina galera batetik zetorren taldea, ze aurretik Joy Division ziren, baina, ondo jakina den bezala, etapa berri bati ekin behar izan zioten partaideek haien kantariak, Ian Curtisek, bere buruaz beste egin zuelako. Ondoren egin zutena oso ezberdina izan zen, baina beti eduki zuten garbi nondik zetozen, minetik, eta horregatik, beren technopop dantzagarriko kanten ondoan hau bezalako pieza tristeak txertatzen zituzten, Curtisen memorian beti.

Nik uste dut euskal gizarteak halako zerbait egin beharko lukeela, gatazka luze honek eragin duen alferrikako min hori guztia gogoratzeko. Guztia, bando guztietakoa. Alde batetik, maiz, min batzuen aurrean, beste alde batera begiratu dugulako, edo ezikusiarena egin dugulako. Nik neuk lehenengoa: uste dut denok daukagula zertaz damutu, horren inguruan.

Bestetik, aurreko euskal gatazkaren amaieran, Gerra Zibilarenean alegia, ez zelako egon hori egiteko aukerarik. Eta gerra horrek utzi zituen zauriak ez dira oraindik sendatu. Ea oraingoan hobeto egiteko gai garen.

Nik uste dut baietz, optimista izan nahi dut alor honetan. Bizitzari balio gehiago ematen ikasi dugu prozesu honetan zehar, eta hor, adibidez, uste dut oso gogoratzekoa dela Gesto Por La Paz/Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea edo Elkarri bezalako ekimenen ekarpena, gatazka humanizatzeko bidean.

Baina tira, nahikoa hitz egin dut jada, entzun dezagun musika pixka bat…

R.E.M., “It’s The End Of The World As We Know It (And I Feel Fine)” (Document albumetik, 1987).

Baina pentsatzen dut egun hauetakoak batez ere alaitasunerako uneak direla, eta horregatik hau ixteko erritmo biziko baina eduki paradoxikoko kanta bat aukeratu dut. Ze, azken finean, R.E.M.en kanta honek munduaren akaberaz hitz egiten du, eta horretarako gertakarien eta egoeren jario etengabe bat jaurtitzen du entzulearen gainean, anabasa bat, baina mezu argi bat: “Munduaren amaiera da, ezagutzen genuen bezala alegia (eta ederki sentitzen naiz)”.

Izan ere, batzuek, betikoek, gutxietsi nahi izan dute albistea. Bada, ez dut uste. Nik pentsatzen dut oso albiste ona dela autodisoluzioarena. ETA izan delako Euskal Herriari azken berrogeita hamar edo berrogei urte hauetan zehar gertatu zaion gauzarik okerrena, eta, ondorioz, desagertzera doala ospatzeko moduko zerbait delako.

Batzuek hori baino ez dugu ezagutu: nire bizitza osoan zehar egon da presente ETA. Eta hasieran, kontutan hartuta nondik gentozen (diktadura frankistatik) eta zein testuingurutan hazi gintuzten (nire kasuan, gehiago edo gutxiago abertzaletasunarekin zer ikusia izan zuen batean), zerbait positibo bezala ikusi genuen ETA: nire kasua, behintzat, hori da.

Horregatik, niri behintzat, oso neketsua eta mingarria egin zitzaidan ikuspegi-aldaketa. ETAren irudiaren eta ETA beraren degenerazio hori. Nire kasuan zenbait gertaera gakorekin lotzen dudana: Ryan ingeniariaren hilketa, Casas senatariarena, Yoyesena, narkotrafikoarekin erlazionatuta omen zeuden gizagaixo haiena, Hipercorreko sarraskia… Eta horrek guztiak, zer esanik ez, aurreko ikuspegi positibo hura ezbaian jartzera eraman ninduen: ez bakarrik eragindako bortxa eta min guztia, baizik erakundearen militarismoa, bertikalismoa, abangoardiakeria, paternalismoa ere, une batetik aurrera jasanezinak egin zitzaizkidanak. Nire kasuan behintzat hala izan zen: horrelako bitartekoak erabiltzen zituen erakunde batekin ezin ados egon, helburua nobleena edo loriatsuena izanda ere. Helburua bera zalantzan jartzen baitzuten bitartekoek.

Nire belaunaldikooi bitxia, berria, ineditoa egingo zaigu ETArik gabeko mundu horretan bizitzea, esan bezala, besterik ez dugulako ezagutu. Mundu baten akabera da, bai, ezaguna, ezagunegia egiten zitzaigun mundu batena. Munduak konplikatua izaten jarraitzen du, beste erronka batzuk daude, ugari. Baina zama horretaz, behintzat, libratu gara. And I feel fine.

‘Pakean utzi arte’-tik ‘ETA, deja alguna discoteca’-ra: euskal gatazkaren mikrohistoria musikalerako ahalegin raté-a (Euskadi Irratirako nire tartearen transkripzioa)

Gaur Euskadi Irratiko Faktoria saioan eskatu didate, aurretik joan den Jesus Egiguren eta Arnaldo Otegiren Txillarreko elkarrizketen inguruko elkarrizketarekin lotutako bi kantu aukeratzea eta komentatzea, asteko albisteetan oinarritutako ohikoen ordez. Euskal gatazkaren mikrohistoria musikal bat zirriborratzea izan da eduki dudan ideia ziurrenik ergela. Programan oso ondo atera ez zaidanez (denbora gaizki kalkulatu dut), hona hemen esan nahi nuenaren transkripzioa.

Hertzainak, “Bakean utzi arte” (Hertzainak albuma, 1984).

Hasteko klasikoetatik tiratzea bururatu zait, ezinbestean. Hertzainak-en lehenengo diskotik, zer gutxiago. Disko hori fundazionala delako euskal musikaren historian, Zaramarenaren eta beste gutxiago batzuekin batera, euskal rock musikaren eguneratzearen ikurra, eta musikalki oso maila onekoa gainera: punk-rock-ska testuinguruan argitaratu zen lehenengo diskorik onena niretzat; euskaraz zegoen osorik gainera. Eta gainearen gainera, euskal periferiatik zetorren, ni bezalako giputxizentristentzat  lezioa izan zena: laster ohartu ahal izan nintzen bezala, Gasteiz, garai horretan, ikuspuntu kulturaletik, Donostia baino dezente interesgarriagoa, biziagoa zen (urte horren udazkenean joan nintzen bertara ikasketa unibertsitarioak hastera).

Diskoko kanta bat baino gehiago aukera nezakeen gaia ilustratzeko, eta badakit honen abiapuntua edo leit motiva Komando Autonomo Antikapitalisten bi kideen heriotza izan zena, bonba bat manipulatzen ari zirenean. Baina, kanta on guztiek bezala, abiapuntua traszenditzeko asmoa zuen, hortik haratago zihoana. Izan ere,  iruditzen zait garaiko giroa ondo islatzen duela: euskal gizartearen sektore batzuen, batez ere gazte askoren ezinegona, askatasun grina, gauzak alda zitekeen ez soilik itxaropena, bazik eta ziurtasuna, eta sakrifizioaren balio gorena, gupidagabe agertzen zen estatuaren aurrean. Estatua, frankismotik heredatutako makina hura zeinetan aldaketak gertatzen ari baitziren, bai (PSOEk hauteskundeak irabazi berri zituen), baina ikusten zen kosmetikoak, azalekoak zirela. Nonbaiten argi ikusten bazen Trantsizioa erdibidean geratu zela, ez zela erabateko Hausturarik egon aurreko erregimenarekin, Euskal Herrian zen:  GALaren afera pil-pilean zegoen une horietan (Lasa eta Zabalaren desagerpena hurbil zegoen denboran), eta urte hura, 1984, ere izan zen industria-birmoldaketaren abioarena, eta, laster, NATOren inguruko jarrera-aldaketa berehala etorriko zen… PSOEk ekar zezakeen aldaketan sinesten uzteko arrazoi dezente, alegia.

Dena dela, niretzat 1984 ere urte esanguratsua da, orobat, Enrique Casas senataria urte horretan hil zutelako, Komando Autonomoek hain zuzen ere. Eta horrek nahiko gertutik jo gintuen, Casasen semea gure kurtsoan zegoelako, institutuan, eta, oso hurbilekoak ez ginen arren, asko inpresionatu ninduelako. Estudianteen artean ohikoak ziren orduan Estatuaren kontrako, errepresioaren kontrako manifestazioak eta ekintzak, horixe baitzen giroa, esan bezala. Baina atentatu hark gauzak aldatu zituen, eta “beste aldetik” zetorren biolentziaren kontra gogoan dudan ikasleen lehenengo manifestazioa antolatu genuen institutuan. Egia da garai horretan Jarraik ere parte hartu zuela mobilizazio horretan, orduan ezker abertzale “ofizialari” gaizki iruditzen zitzaizkiolako, itxuraz behintzat, politikarien kontrako atentatuak, are PSOEkoen aurkakoak ere, nahiz eta gero, 90eko hamarkadan, “minaren sozializazioa” delakoa heldu zenean, halakoen justifikazioa ohikoa bihurtu inguru horretatik ere. Baina, hala eta guztiz ere, gertakari hura mugarri izan zen niretzat, urte batzuk geroago Yoyesen hilketa izan zen bezala.

Uste dut kantak gako batzuk ematen dituela ulertzeko zergatik ez zuen ETA militarrak utzi une hartan borroka armatua: frankismoostearen eta ez atzera ez aurrera geratutako Trantsizioaren esperantza faltsuen kontra gizartean nahiko zabalduta zegoen jarrera hori zuen oinarri, neurri batean eta besteak  beste. Batzuek, jadanik, eta geroz eta argiago, borroka armatu hori terrorismo bezala ikusten ari ginen arren.

Lendakaris Muertos, “ETA, deja alguna discoteca” (Se habla español albuma, 2006).

Eta, kutsu tragikoa duen kanta baten ostean, justu espektroaren kontrako aldera lerratzen den ganberrada bat, Lendakaris Muertos iruindarren punkaren revival eternoa. Eternoa diot, ze batzuetan ematen du, musikalki, 80ko hamarraldian bizitzen jarraitzen dugula, garaiko Rock Radikaletik ez garela mugitu (ez behintzat festetan, txoznetan eta zenbait tabernatan ibiltzen garenean…). Eta musika “berri” askok “urrezko” garai hartakoaren kutsua dutela, bestela: Lendakaris Muertosen punk-rock nahikoa ortodoxoak bezala alegia. Hori bai, gaztelaniaz, ildo horretako hemengo banda askok egiten duten bezala, ze gaur egun, D ereduaren zabalkuntzari esker, akaso, euskara, guk ikasten genuenean ez bezala, latin berria bihurtu da, hots, autoritatearen hizkuntza. Euskal Herrian punka gaztelaniaz egitea subertsiboa bihurtu duen zerbait, neurri batean behintzat.

Kantak baditu niretzat detaile oso interesgarriak, hasieran Chimo Bayoren “Así me gusta a mí (Esta si, esta no)” ereserki “bakaladero” nobenteroari egiten zaion erreferentzia bezalakoa. Eta beste bat edo bat zalantzagarriagoa iruditzen zaidana, “follar sin pagar” horrek islatzen duen matxirulismo kutsua bezalakoa (gizonek dirudite kantaren subjektu eta hartzaile, nagusiki behintzat…).

Kantaren testuingurua argia da: 2000ko hamarkadaren hasieran ETAk Euskal Herriko diskoteka batzuen kontra egin zituen bonba-atentatuak, hala nola Debako Txitxarro, Lakuntzako Universal edo Doneztebeko Bordatxoren kontra.

Baina, edonola ere, kanta hau aukeratu badut da iruditzen zaidalako, neurri batean (eta ahaztu gabe Lendakaris Muertosen kritika umoretsuen espektroa askoz ere zabalagoa dela, gure gizarteko alderdi asko jipoitzen saiatzen direlako beren kantekin), 2000ko hamarkadarako jadanik gure gizartean oso hedatuta zegoen ETArekiko nekearen adibide on bat dela. Ildo horretan bereziki aritu ez zen musika estilo batetik egindakoa, gainera, kontuaren karga ironikoa handitzen duen zerbait. Ze gauza bat da ETA kritikatzea, nik zer dakit, pop konbentzionalenetik, Mecanok “Otro muerto” kantan (neurri batean, eta pixka bat eliptikoki) egin zuen bezala (kanta oso txarra iruditzen zait, edozein modutan ere), eta beste bat, Lendakaris Muertosek bezala, eskuliburuzko punk doinu bat erabiliz.

Abestiak ere gizartearen (eta gaztediaren) eboluzioaz hitz egiten digu: Hertzainak-en kantan goraipatzen den militantismotik, hedonismora eta gozamenaren nagusigora (hori ere bazegoen 80ko hamarkadan, gaur egungoan militantismoa ere badagoen bezala; baina orduan ez zen “lehenengo lerroan” agertzen zen ezaugarri bat, ezta gutxiago ere). Alde horretatik oso bitxia da nola ildo musikal bertsuan kokatutako bi kantek horren “garaien izpiritu” ezberdinak isla ditzaketen.

Eta, azkenik, aukeratu dut, aipatu bezala, bere umorearen erabileragatik, garai horretan beste arlo batzuetan (literaturarenean, komikiarenean, telebistarenean…) zabaltzen ari zen trama bat, Gauza, Euskal Gatazka tratatzeko modu bat (ordura arte ez horren ohikoa) ekartzen didalako gogora. Eta halakoetan iruditzen zaidalako umorea, ironia erabiltzen hastea seinale delako (nolabait esateko) kontua gainbeheran dagoela. Umorearen agerpenak, halako kontu funtsean tragiko bati buruz ari garenean, adierazi dezakeelako beste trama guztiak (epikoa, dramatikoa, patetikoa, sentimentala…) agortuta daudela jada, edo agortze bidean. Eta, ziurrenik, amaierara zuzentzen ari zela, gatazkaren fase bortitzena eta krudelena bederen. Nik, behintzat, hala ikusten dut, atzera begira…