Hamahiru hausnarketa (behin behineko eta osagabe) euskal identitateaz

Zer da, egun, euskalduna izatea? Tira, euskalduna, edo euskotarra, edo euskal herritarra, edo are euskal hiritarra, zeren eta, zenbat eta zeintzuk diren ez dakigun lurraldeotan (bat, bi, hiru, lau, zazpi? Zortzi, bederatzi, gure diaspora txikia edota Sare Globaleko frikismo indigena deslokalizatua –edo lokalizatua– kontuan hartuta?), “euskaldun” horrek, batzuetan, herritarrari egiten baitio erreferentzia, eta, besteetan, euskaradunari, hots, oro har, eta salbuespen geografikoak salbuespen, gutxiengo bati.

Baina onar dezagun, sinplifikatzeko, “euskaldun” hori. Zer da, bada, euskalduna izatea?

1.- Euskalduna izatea da euskara gorestea Europako eta are, deskuidatuz gero, munduko hizkuntzarik zaharren gisa: ahaiderik gabekoa, misteriotsua, numinosoa. Europako azken indigenak bihurtzen gaituena, ez gehiago, ez gutxiago.

Jakitea egokia izan daitekeen hizkuntza bat, are ondo jakitea ere, baina ez derrigorrezkoa. Eta erabiltzea, are gutxiago (umeekin eta zakurrekin ezik: horiekin beti, edo ia beti). Baina gure identitate uholdeaurrekoaren arima museistikoa da, hori bai. #AndIThinkIsBeautiful

Eta galbidean dagoela jakiteak askoz ere interesgarriago bihurtzen gaitu, zer esanik ez: drama king/queen bikainak gara euskaldunak.

[1.2.- Susmo bat, honekin lotuta: etimologiak itxura batean dioenaren kontra, euskaraz egitea (hots euskaraz kantatzea, errezitatzea, literatura egitea, hitzaldiak ematea, zutabeak idaztea, ligatzea, seme-alabak haztea, ekoiztea, lurra lantzea, merkataritzan aritzea etab.: ezabatu edo gehitu zerrendan nahi duzun “euskaraz” horren ondokoa) ez da, berez, nahikoa euskalduntzat jo zaitzaten; pack zabalago baten baitan doa beti. Izan ere, aipatu dut gehiagotan, euskaraz jakin edo egin ez arren, euskaldunagoak dira pack horretako beste tasun edo keria batzuen jabe diren batzuk, euskaraz egiten duten beste batzuk baino. Edonola ere, horrek egiten du derrigorrezko zerrenda hau luzatzea, hain zuzen: dekalogo bezala oso pobre geldituko litzatekeelako bestela, puntu bakarrarekin…].

§§§§§§§§§§§§§§§§§§

2.- Euskalduna izatea da gurea kultura minorizatua, txikia, arriskupekoa denez, barne kritika saihestu edo minimizatu beharra dagoela ontzat ez ezik, arautzat hartzea.

Hala jokatzea kultura baten esklerotizaziorako bide bizkorrena izan daitekeela aintzat hartu gabe.

Nahiz eta, dena esateko, enfant terrible izaten jarraitzeko aukera diakronikoak infinituraino luzatzen dizkien betiko kexati eta erretxinduei.

§§§§§§§§§§§§§§§§§§

3.- Euskalduna izatea da munduko lekurik onenean bizi garela sinestea, batez ere Ebro hegoaldeko espainiar atzeratu horiekin konparatuz. Badaude tasun identitario honen tokiko aldaerak, ez gutxitan kontrajarriak: donostiarrismoa, bilbozentrismoa, vitorianismoa, hemingwayismo iruñarra, debagoiendarrismo kooperatibista, jatorrismo kostaldetarra (bizkaitar zein gipuzkoar aldaeretan), arnasgunezaletasun orokorra…

Iparraldera, hots, Frantziatik gora gehiegi begiratu gabe burutzen da operazioa, badaezpada ere.

Hori guztia, zer esanik ez, txikitasunetik eta apaltasunetik pentsatzen dugu euskaldunok. Munduko herri apalenen artean apalenak baikara, alajaina.

§§§§§§§§§§§§§§§§§§

4.- Euskalduna izatea da sinestea kostaldeak igurzten duen Euskal Herri berde eta menditsua dela identitate horren gune geografikoa (bakarra edo nagusia), arrantzale ausart, marinel bipil, baserritar sendo, artzain bekozkodun eta olagizon izerditsu haien herri hura, alegia.

Pixka bat ahaztuta Araba eta Nafarroa lauetako paisaia aurremeseteñoa eta bertako biztanle esteparioak.

(Arketipo historiko horiek guztiak, bide batez esanda, gizonezkoek haragitu izan ohi dituzte: emakumezkoentzat utzi den bakarra, oker ez banago, euskal sorginarena izan da. Esanguratsuki).

§§§§§§§§§§§§§§§§§§

5.- Euskalduna izatea da pentsatzea gurea herri langilea dela, saiatua, produktiboa, porrokatua, zorrotza, alferkerian eta gurikerian bizi diren gure bizilagunekin alderatuta batez ere, eta hala izan dela betidanik, eta izango dela aurrerantzean ere.

Alde batera utzita irudi hori gauza erlatiboki berria dela, termino kronologikoetan (Erdi Aroan nekez esango zuen hori inork euskaldunei buruz, cfr. Aymeric Picaud), gure historia ekonomikoaren berezitasunekin lotuta egon dela (alegia, ez gure natura etnikoarekin), eta ez dela agian, egungo edo etorkizuneko euskaldunen ezaugarria izango[1].

Izan ere, uneotan parranda egiteko asmamen handiagoa dugu, eta horretan, ziurrenik, ahalegin gehiago inbertitzen dugu, berrikuntza teknologikoan, enpresa ekimenean edo pentsamendu filosofiko garaikidearen garapenean baino (adibidez).

§§§§§§§§§§§§§§§§§§

6.- Euskalduna izatea da argi edukitzea, aurreko puntuan iradokitakoaren aurka, gurea oso herri sanoa dela, munduko kirolarienetakoa. Hain txiki izanik, zenbat talde dauzkagu futbol alorreko gorena den Izarren Ligan, eta zenbat Decathlon denda biztanle bakoitzeko? Esku-pilota eta frontoia barneratzen duten kirol guztien sortzaileak gara, zalantza historiko izpirik gabe, eta apustu etxeak nonbait hazi badira esponentzialki, gure kaleetan izan da. Txirrindularitzaren jarraitzaile sutsuak gara, sufrimenduaren epika hobekien barneratzen duen kirola izaki. Eta korrikalari apartak: runninga gurera iritsi zenean, koska bat estutu eta mendi-lasterketaren moda bihurtu genuen.

Adiskide batek dio horrek sublimazio motaren batekin zer ikusia daukala, mendi-lasterketen zabalkundeak (eta triatloienak, eta are ironmanenak) euskal gatazkaren amaierarenarekin bat egin zuelako: euskaldunak, polizien aurrean korrika egitetik, orografiaren aurka egitera igaro ziren, supituki. Kasualitatea? Lagunak dioen bezala, ez dirudi.

§§§§§§§§§§§§§§§§§§

7.- Euskalduna izatea da, mendigoizaletasunaren topikoak asumituz, baita gure ohiko kaleko janzkeran ere (euskaldun asko, sinetsi ala ez, kalera irteten dira Everestera igotzeko propio diseinatua diruditen jantziz eta botez hornituta), ingurumen eder oparoa daukagula uste izatea, eta Euskal Herria paradisu natural bat dela sinestea.

Ebidentzia guztien kontra, halako espazioak existitu arren (Industri Iraultzarik ezagutu ez zuen Euskal Herriaren eskualde oro har pobreagoetan), gure bihotza, gaur egun, zementuak, asfaltoak, altzairuak, adreiluak eta abiadura handiko trenaren lan amaigabeen aztarnek osatzen dutelako, hiriguneetan, mendebaldeko bailara fabrika eta fabrika ohiz beteetan, eta kostalde superpopulatuan.

Agian horregatik daude gure poeten eta are narratzaileen lanak txoriz edo tximeletaz horren gainezka, maiz. Konpentsatzeko.

§§§§§§§§§§§§§§§§§§

8.- Euskalduna izatea da, munduko leku zoragarrienean bizitzearen egitatearen osagarri azpimarragarrienetako gisa (azpimarragarriena ez bada), hemen ikaragarri ondo jaten dela pentsatzea, historikoki hala izan dela defendatzea, eta horren froga garrantzitsuentzat kilometro karratu bakoitzeko daukagun Michelin izarren kontzentrazioa baliatzea. Gure gastroizarren ekinbidea Euskal Goi Kultura Garaikidearen ikur nagusi bihurtzeraino.

Atzendu egin ohi da nekez aurkituko dela hori baino jarduera elitistagorik, gehienetan erdaraz eramaten dela aurrera (eta gu pozik, tripa ondo beteta dugun artean), gizonezkoek menderatzen dutela (denek aitortzen duten arren beren amatxiei zor dietela errezetak, inspirazioa eta sutegietarako grina), eta, Edward Gibbonek bere Erromatar Inperioaren Gainbehera eta Erorketaren Historian seinalatu bezala, sukaldaritza gehiegikeriak direla zibilizazio baten krisiaren seinale behinekoenetako bat.

Nire galdera da: azken batean, eta egunerokoan, benetan jaten al da horren ondo hemen? (gauza bat delako garesti jatea, eta beste bat, oso ezberdina, ondo jatea). Kanpora berriki irten den edonork zalantza handiak izan ditzake baieztapen horren inguruan…

§§§§§§§§§§§§§§§§§§

9.- Euskalduna izatea da gure izaera historikoaren osagarri gisa onartzea, ospatzea eta are aldarrikatzea (gure kale izendegiak eta hiri hornigarriek argi uzten dutenez) Elkano, Lope Agirrekoa, Legazpi, Urdaneta, Katalina Erausokoa, Blas Lezokoa eta bestelako konkistatzaile, esploratzaile eta nabigatzaile ausarten egitandiak.

Albo batera utziz proiektu inperial kriminal baten alde aritu zirela, edo bakarrik gogoratuta proiektu hori gaztelaua/espainiarra izan zela. Inperiala eta euromendebaldarra, hots, arrazista eta baztertzailea eta, ondorioz, horren gurea izatea ber-hausnarketarako motibo nahikoa izango ez balitz bezala.

Monumentuen ondoan plakatxo testuinguratzaile bat jartzeko modukoa, gutxienez.

§§§§§§§§§§§§§§§§§§

10.- Euskalduna izatea da iragan tragiko bat dugula jakitea, eta ezagutzea, eta are aldarrikatzea, batez ere duela laurogei urte gertatu bazen eta Gerra Zibilarekin eta frankismoaren errepresioarekin (eta, jakina, haren luzapen osoki, plenoki demokratikokoarekin) zer ikusia badauka.

ETAk azken berrogeita hamar urte hauetan eragindako minari dagokionean, ordea, gailendu ohi den sentimendua historiaren orria pasatzearena eta etorkizunera begiratzearena da, ordea.

Beti aurrera, diseinuzko pintxo bat eta jatorrizko sormarkako ardo bat dastatzen dugun bitartean.

§§§§§§§§§§§§§§§§§§

11.- Euskalduna izatea da, gero eta gehiago, museo batean bizitzea: industriaren museo batean (turismoa gure bigarren sektore behin batean kementsua ordezkatzeko bidean ote dago?), elikaduraren museo (garesti) batean (cfr. zerrenda honetako zortzigarren puntua), historiaren museo ez bereziki kritiko batean (cfr. bederatzigarren eta hamargarren puntuak), hizkuntzaren museo batean (cfr. lehenengo puntua).

Horretan, onartu beharra dago, gero eta europarragoak gara, Europa horixe ari delako bilakatzen, museo bat (adibidez, giza eskubideena, Mediterraneoan gertatzen ari dena kontuan hartzen badugu bederen).

§§§§§§§§§§§§§§§§§§

12.- Euskalduna izatea da umorerako joera urria izatea, eta ironiarako bat ere ez. Gurea herri benazkoa da, lehorra, gauzak ikaragarri serio hartzen dituena, batez ere bere burua. Bostekoa emate soilarekin hitza betetzeagatik ezaguna izan da, mitikoki, euskalduna, eta horrek ez dio, logikaz, umoreari leku handirik uzten, umoreak arintasuna adierazten duelako, eta arintasunak fidagarritasun eza.

Horren trukean, hori bai, oso emozionalak gara, gero eta gehiago: bertsolari batek aldarrikatu zuen bezala (umiltasunetik, imajinatzen dut, cfr. hirugarren puntua), “Superpotentzia emozional bat gara”.

Memoria dugunetik desagertzeko zorian egon den herria izaki, ezin gauzak brometan hartu: ezta pentsatu ere. Hortik, ziurrenik, pop kulturak gurean izan duen garapen eskasa, oro har.

Baldin eta alderantziz ez bada, noski: desagertzeko zorian gaudela, kultura bezala, gure burua horren serio hartzeagatik. Batzuetan gogoratu izan zaidan hipotesia da: autoseriotasunak zauritutako herri bat, horren ondorioz hiltzen ari dena, eta, hiltzen ari denez, ezin duena, tragediaren dekoroagatik, bere buruaz barre egin. Baina ez naiz ideia gehiegi garatzen ausartu, seriotasun falta aurpegiratuko didaten beldurrez.

§§§§§§§§§§§§§§§§§§

13.- Euskalduna izatea da euskaldun izateko forma bakarra dagoela sinestea. Euskal identitate bakarra dagoela, alegia, hamahiru puntu txatxutan laburbildu daitekeena (adibidez).

Bistan dagoenean, zerrenda honetan bertan aurki daitezkeen aldaera eta kontraesanei jarraiki, euskaldun izatea, berez, zerbait oso anitza dela, agian gero eta korapilatsuagoa. Idazki honen egileak berak uste duena (eta islatzeko gai izan dena) baino askoz ere gehiago.

(Espainiar, frantziar, britainiar, eskoziar, europar, munduko pertsona humanoa… izatea bezalakoa, alegia).

Eta, zorionez, euskalduna izatea, oso anitza ez ezik, denboran zehar aldakorra den zerbait da, oro har. Horregatik, ezinbestean, zerrenda hau behin-behinekoa da. Zerrenda guztien moduan.


[1] 2019ko lehenengo hiruhileko estatistiken arabera, Espainiako lan-absentismo tasarik altuena EAEri zegokion, eta Nafarroakoa ez zebilen horren urrun, ezta ere..

[Testu honen lehen bertsioa Edinburgoko Literatur Jaialdian banatu zen, James Robertson idazle eskoziarrarekin batera gure Korrespondentziak liburu epistolarraren aurkezpenean, 2019ko abuztuaren 10ean; beste bertsio bat banatu nuen, Jamesen eta nire beste testutxo batzuekin batera, Tabakaleran egin genuen “bueltako” ekitaldian, Literaktum jaialdiaren baitan, 2019ko azaroaren 22an. Bertsio honetan aldaketa batzuk sartu ditut, eta hala ere ez da, argi geratuko zenez, behin betikoa].

Korrikaren kontrako manifestu anputatua

[Testu honen bertsio laburtua 2017ko apirilaren 6an plazaratu nuen, Hala Bediko Araba Hizpide saioan irakurtzen dudan iritzi-zutabe gisa]

“Gaur Korrikaren kontrako manifestu bat irakurriko dizuet.  Honekin ez dut, badaezpada abisatzen dut, helduen euskalduntze eta alfabetatze alorrean historikoki egin den lan itzela zalantzan jarri nahi, are gutxiago etorkizunean egin beharko den guztia ere. Ezta, esan gabe doa, Korrikan parte hartzen dutenen asmo ona ere. Baina badaude, ospakizun-aldarrikapen ereduan, konbentzitzen ez nauten alderdi batzuk, gero eta gehiago urrundu nautenak harengandik. Agian, aitor dut, Gasteizen Korrikak dauzkan ezaugarrien ondorioz; beste leku batean biziko banintz/banu, ezberdina izango litzateke testu hau, akaso…

Baina noan gogoetarekin.

Alde batetik, Korrikaren aurka nago jarduera nekagarria delako, fisikoki nekagarria alegia Santi Leoné idazle nafarrak ironikoki esan duen bezala, “Euskara ikastera ez ezik, kirola egitera ere behartzen gaituzte”. Eta ni, sedentariotasunaren aldeko porrokatu  naizen heinean, mugitzera eta izerditzera behartzen nauen ororen kontra nago, printzipioz. Euskaraz aritzea, gurea bezalako gizarte diglosikoan, nahikoa nekagarria izango ez balitz bezala, berez… Hori guztia, inplikazio metaforikoak alde batera utzita: nik korrika egitea, neurri batean, ihes egitearekin lotuta daukat, edo atletismo dema batekin, garaileak eta galtzaileak dituena alegia (bertsolari txapelketek bezala, begira). Ba ez, ez zaizkit euskarari atxikitzeko moduko balore positiboenak iruditzen…

Beste alde batetik, eta horrekin lotuta, Korrikaren kontraesankortasunak harritzen nau pixka bat: Gasteizen, behintzat, festa eta farra egiteko aitzakia ez bereziki ezkutua bihurtu da Korrikaren igarobidea, zeina, ez kasualitatez, ostegun “unibertsitario” arretxetar batean kokatzen baita ia beti. Kirola gehi mozkorraldia, beraz? Bizitza sanoa eta bizioa, batera? Ze mezu burmuin-eztandagarri bidaltzen ari gara horrekin guztiarekin?

Hirugarrenik, euskal erromeria aldarrikatzaileen eredura emanda dago, beraz, Korrika, eta, alde horretatik, ez da harritzekoa halakoekin beste ezaugarri bat konpartitzea: Euskal Sinekdokerako joeraren enegarren erakusgarri izatearena, hain zuzen ere. Partea osotasunaren pareko eta ordezko egitea ohikoegia dugu euskaldunok, kasu honetan AEK erakundeak antolatzen duen jarduera bat Euskararen aldeko ekitaldi Orokor bihurtzearena. Alde batera utziz, AEKz gain, euskalduntze-alfabetatze alorrean badaudela, Gasteizen bertan, IKA bezalako sareak edo Udaberria bezalako euskaltegiak, edo Hizkuntza Eskola Ofiziala bera. AEKrena euskara ulertzeko (eta euskara irakasteko) moduetako bat besterik ez dela ahaztea eraman gaitzakeen zerbait, azken finean. Izan ere, AEKk, urteak igaro arren, beste erakunde horiekin kontatzeko hurbilketa handirik ez du egin, Korrikaren antolakuntzari dagokionean (Gasteizen behintzat). Bide batez, galdera bat: Korrika nagusiki euskararen aldeko mobida bat bada, zergatik ez da pasatu Arabar Errioxatik? (Eskualde bat zeinetan, nire kalkuluen arabera, euskararen aldeko mugimenduak beste batzuetan baino bultzadatxo handiagoa mereziko bailuke…). AEKren euskaltegirik ez dagoelako izango da, apika? (kasualitatez, IKAk badu euskaltegirik han…).

Edonola ere, Korrikaren kontra aritzeko nire argudio nagusiak itxurakeriarekin du zer ikusia: nola, ospakizunean parte hartze hutsarekin, gure barrenak garbitu eta euskararen alde gaudela berresten dugun, izerdi pixka bat (edo asko) botatzearen truke soilik. Ondoren, erdaraz bizitzen jarraitzeko, kontzientzia kargu handiegirik gabe. Berriro diot, ez du zalantzan jartzen parte hartzaileen borondate ona, baina Gasteizen, behintzat, ikustekoa (eta entzutekoa) zen, adin ezberdinetako ikasle jendearen artean, Korrikarako kedada nola antolatzen ari ziren, sistematikoki… gaztelania huts eta ederrean. Ba niri hori, zer nahi duzue esatea, baina…”

Une horretan, aldarrikapen honen lehenengo bertsioaren ozenezko froga moztu dit andreak, ordura arte pazientzia handiaz entzuten aritu dena, eta bota dit segidan: “Arazoa da zu erretxinduta zaudela, Pérez-Reverte edo Marías baten gisa, Korrikak behartu zaituelako zure Gasteizko Irakurle Klub txatxu horren bilera astebete atzeratzera, egun berean tokatzen zirelako biak. Ba izorratu, laztana”.

Eta hor isildu behar izan dut, eta manifestua amaitu gabe utzi. Handik ordu batzuetara, baina, erantzun egoki bat bururatu zitzaidan (niri, erantzunik onenak, galdera jaso eta bizpahiru ordu geroago okurritzen zaizkit beti): zer da euskararentzako eraginkorragoa, euskararen aldarrikapen ekintza sinboliko erraldoi eta guztiz autokontziente bat (baina aldi berean hutsuneez eta kontraesanez betea)? Ala inolako asmo aldarrikatzailerik gabe, baina euskaraz normal-normal egiten den ohiko saio txiki bat…?

Badakit zein den Soziolinguistikaren erantzuna. Eta Soziolinguistikarena beti nagusituko zaiola, bere zama alegoriko guztiarekin, zaharruno erretxinduarenari. Baina, hala ere…

litroak hondakinak 2