Zer (ez) den euskal kritika

[Joan den astean, apirilaren 8an, Berria egunkarian argitaratu zen artikuluaren bertsio osoa].

Ibon Egaña literatur irakasle eta, hala ere, lagunaren Izan gabe denaz. Hogeita hamar urte hedabideetako literatur kritikan liburua (Utriusque Vasconiae, 2014) egilearekin berarekin, Iratxe Retolazarekin eta Leire Lopez Ziluagarekin biribilketa alegerean aurkeztu ondoren, bururatu zitzaidan –liburu dendan zerbitzatu zizkiguten hornigaien eraginpean, ziurrenik– euskal kritikagintza definitzeko agian zuzenago dela, zer den edo zer izan daitekeen edo zer izan beharko lukeen eztabaidatzea baino, zer EZ den azaltzen saiatzea. Eta Gasteizerako itzulerako autobusean zerrendatxo bat osatu nuen mentalki. Ahaztu ez dudana, artikulu honen irakurlearen zorigaitzerako. Hauxe da:

  • Euskal kritika ez da gure komunikabideei bereziki interesatzen zaien sail bat. Ez dute sustatzen ibilbide luzeko kritikorik, ez dira arduratzen kritiko txar batek astez aste testu irenstezinak sinatzen baditu ere –gogoan hartu zein luze eutsi zion Garak olerki liburuak apenas aipatu gabe olerki liburuak iruzkintzen zituen “kritiko” hari–, kritiko berdina “berrerabiltzen” dute –hori da Vocento taldeak azkeneko urteetan bultzatu duena El Correon eta Diario Vascon: medio bakoitzak bere kritiko propioak izatea gaiari ematen zaion garrantziaren isla iruditzen zait–, asteroko kritikaren gutxieneko usadio osasuntsua abandonatu dute –Deiak eta Garak, helduen literaturari dagokionean behintzat–, zentsura ezartzen dute edo ez dute kritikoa erasoen aurrean babesten –gogoan hartu Maider Ziaurrizen (1), Aritz Galarragaren (2) edo Ibon Egaña beraren (3) kasuak, Berrian eta Garan, eta konparatu sortu zuten zalaparta (eza) El Paíseko “Echevarría auziarenarekin” adibidez–. Eta abar. Ados, toki guztietan egin du behera kultur gehigarrien lodierak –Berrian ezik, akaso– eta, horrekin batera, kritiken ugaritasunak eta luzerak. Baina inon ez da gehiago nabaritzen lehendik alor hori ahula zen leku batean bezainbeste.
  • Tira: truke-balio handiagoa zukeen jarduera balitz, agian aintzagotzat hartuko lukete. Baina kontua da euskal kritika ez dela, inolaz ere, aberasteko bide bat. Mundu osoko kritika bezala, gaizki ordainduta dago –diruz behintzat–, eta horri euskalgintzaren sarrera-eredu estandar berez apala eta aberriaren-alde-ari-naiz sindromea gehituz gero… Ez pentsa, dirutan ez ezik, maitasunean ere eskas ordainduta dago, globo osoko kritika bezala hori ere, nahiz eta euskal kritikoak baditu, alde horretatik, aringarriak eskura: kritika negatibo gutxi edo, ahal dela, batere ez argitaratzea, eta Twitterren oso aktibo ibiltzea laudorio-banaketa esklusiboetan. Kontrakoa eginez gero ondo dakielako kritika –euskal kritika– ez dela adiskideak egiteko edo mantentzeko modu bereziki eraginkorra.
  • Izan ere, euskal kritika ez da liburuen kalitateaz informatzeko bide bat, oro har, ez behintzat kritika positiboen edota gatzgabeen masibotasuna kontuan hartzen badugu. Ez kazetaritza mailako kritikan –horixe da, hain zuzen ere, Egañaren ikerketaren interesgunea–, eta are gutxiago kritika akademikoan, soziologia, psikologia eta antropologiaren arteko nahaski bat egitean gero eta interesatuagoa dagoena eta zeinarentzako, ondorioz, maila berean koka baitaitezke hala Bernardo Atxaga nola Jon Arretxe, hala Toti Martinez de Lezea nola El Caserío zarzuela, hala Goenkale nola Materraren Doctrina christiana (The Director’s Cut). Eta, ahal dela, hori guztia eta gehiago batera mordoilatuta, baldin eta ikertzailearen helburura iristeko baliagarri bada –filologia…? Testu-kritika…? Kanona…? Kanon alternatiboa…? Mesedez eta faborez: zer demontre da hori…?–.
  • Horrela, egia esan, euskal kritika ez da bihurtzen mailaketak egiteko bide aproposena, berdin dio irakurlea –interesa izan dezakeena, akaso, hurrengo gauak zein libururen konpainian igaroko dituen erabakitzean– edo irakaslea –DBHko bere ikasleekin ez duena errepikatu nahi, agian, aurreko urtean klaustroak gauzatutakoa, gaztelaniazko eskoletan Fuenteovejuna agindu zielarik, eta euskarazkoetan, aldiz, Kutsidazu bidea, Isabel– mailaketa horren bila badabiltza gose eta egarri… Kasu: ez naiz esaten ari Joxean Sagastizabalen lana txarra denik, baina onartu behar da ez dagoela Lope de Vegarenaren maila historiko eta literario berean… eta ez dakidala, ondorioz, ikasleak seinale kontraesankorrak jasotzen ari diren gaztelaniazko eta euskarazko lanen balio erlatiboari buruz –adibidea erreala da eta, tamalez, ez da gertakari isolatua gure hezkuntza sisteman–.
  • Areago, euskal kritikan, askotan, ez dago alderik –edo gero eta alde gutxiago dago– oinezko kritikaren eta unibertsitate mailako kritika garaiaren artean, beste une eta esparru batzuetan ohikoagoa gertatzen zen bezala. Bien arteko mugak geroz eta lausoagoak direla esango nuke: kritika arrunta, kritikaren intelektual organiko-zibernetiko gisa aritzen den Kritiken Hemerotekaren bitartez nagusiki, produkzio-kate akademikoaren oliobide nagusienetako bat bihurtu da azken urteotan –lanen bibliografia-zerrendei begiratu bat ematea besterik ez dago–. Eta kritika akademikoa, bestalde, gero eta presenteago ageri da, bere ordezkarien bitartez, egunkarietako kritiketan, aurretik nagusiago ziren idazleak edo “kritiko-kritikoak” –amateurrak, nahi bada– ordezkatuz: horrek, oro har, kritiken kalitate teknikoaren maila hobetu du –tresneria kirurgikoa hobeto ezagutzen dute literatur teoria ikasitakoek–, baina beldur naiz eremu horretara ez ote dituen, aldi berean eta hein batean, isuraldatu ikasketa kulturalen efektu oro har berdintzaileak.
  • Horrekin lotuta, inpresioa daukat –agian inpresio erratua– euskal kritika ez dela idazle jarduerarekin bateragarria, edo, behintzat, gero eta okerrago ikusten dela idazleak kritiko lanak ere bere gain hartzea. Hau ez da berria, eta gure inguruko literaturetan ere sumatzen dela esango nuke; garai batean, ordea, normalagotzat hartzen zen idazleen lan kritikoa. Nik, behintzat, azken urteotan gero eta gehiagotan entzun dut kritikagintza ez dela bereziki konpatiblea sorkuntzarekin –“Zertarako sartu sasibide horretan? Zer irabazten duzu…?”–. Kurioski, aurreiritzi hori ez zaio aplikatzen liburuen aurkezpenei edo hitzaurreei, nagusiki idazleei enkargatzen zaizkienak eta ez aurkezle profesionalei edo aktoreei; izan ere, literatur kritikak ez diren arren –inolaz ere ez dira, argi gera dadila hori–, ez litzateke gehiegikeria izango animalia-erreinu berekoak direla konstatatzea, behintzat. Hainbeste ezen Kritiken Hemerotekak, deskuidoan, halako bat edo beste kooptatu baitu kritika oso gisa, irakurleari iruzurtxoa eginez, nire aburuz –inpresio erratua izan daitekeela aipatu dut puntu honen hasieran zeren eta ohartu bainaiz, pixka bat gehiago pentsatuta, mota horretako komentario arbuiakor gehienak kritiko akademikoengandik jaso izan ditudala, autoitzulpenaren aurkako ohar larderiatsu gehienak itzultzaileengandik edo itzultzaile gaiengandik heldu zaizkidan bezala, bide batez esanda: kontzientzia gremialaren seinale lirateke, beraz, iritzi orokor batenak baino?–.
  • Euskal kritika ez da genero literariotzat hartzen, izan beharko lukeen bezala. Beste era batean esanda, kritikoak ez dira, salbuespenak salbuespen, maila handiko testu literarioak sortzen saiatzen, eta iruzkinak egitera mugatzen dira. Kritika literarioak fikzioa –fikzio ona– bezain berezia eta interesgarria izaten saiatu beharko luke, ordea: soilik horrela –eta ildo homogeneo eta zintzo bati eutsiz– harrapatu eta fidelizatu ahal izango du irakurlea, kritikara hurbilduko dena ez soilik ematen dion informazioagatik –ez litzatekeena beti positiboa izan behar, logikoki–, baizik eta baita bertatik atera ahal izango duen plazer estetikoagatik ere.

Behin euskal kritika zer EZ den ebatzi ondoren, irudipena neukan epifaniara iritsiko nintzela eta ondorioztatuko nuela, azkenik, zer den, zertan datzan zinez euskal kritika. Baina une horretan esnatu egin nintzen, autobusa Gasteizko geltokira heltzean, eta ondoriorik gabe geratu nintzen, miserableki. Artikulu honen irakurlea geratuko den bezala, alegia.

Oharrak

1) Maider Ziaurrizek, agian ez kasualitatez, kritikak argitaratzeari utzi zion Jose Luis Otamendik haren Sua nahi, mr. Churchill?en kritikaren kritika istantekoa kaleratu ondoren Berriako zuzendariari kartak atalean, 2005ko abenduaren 28an, hots, kritika argitaratu eta biharamunean.

2) Aritz Galarragak 2008an prestatu zuen Bilbao-New York-Bilbao liburuaren kritika (antza denez) epela baztertu zuen Gara egunkariaren Mugalari gehigarriak, eta aldekoago bat hobetsi. Horren ostean Galarragak ez zuen luzaro iraun hango kritikarien staffean.

3) Ibon Egañak ere jaso zuen Berriako zuzendariari ataleko fereka bat-batekoa, kasu honetan egilearen beraren eskutik, 2007an argitaratu zuen Markak. Gernika 1937 liburuaren kritikaren karietarat. Seihilabetekoaren amaieran prentsa-kritika utzi eta ez zen horretara itzuli 2010ra arte (Galarragaren kasuan bezala, ez zen komunikabide berean izan, edonola ere).

Onena iristeke? “Gauzaren” literaturaren norabide berriak

[Artikulu honen lehen bertsioa Galde aldizkariaren 8. alean argitaratu zen].

Euskal gatazkaren –hemendik aurrera Gauzaren– literaturari dagokionean… iristeke al dago oraindik onena? Euskal sorkuntza literarioaren azpigenero honetan sumatzen diren ugaltze zantzuek gaiaren inguruko urrezko aro baten atarian jartzen al gaituzte?

Gustatuko litzaidake hala izatea, eta ziurrenik badaude motiboak apalki optimistak izateko. ETAk bide militarra utzi izanak –gerra bukatu izanak alegia–, dudarik gabe, eragina izango du. Stuart Neville idazle ipar irlandarrak defendatzen zuenez, “gu guztiok, berdin dio lubakiaren zein aldetan geunden, egia deseroso batzuei aurre egin beharko diegu, zeinen aurrean agian itsututa egon baikinen iraganean. Uste dut fikzioak protagonismo handia izango duela prozesu horretan. Edozein gatazkako fikziorik interesgarriena ez da heltzen hura amaitzen den arte” (letra etzanak nireak dira). Antzeko zerbait aldarrikatzen zuen Ricardo Menéndez Salmón idazleak: “Literatura ona ekaitzaren ostean idazten da beti” –Madrileko 2004ko atentatuen inguruko El corrector bere nobelan, hain zuzen ere–. Alde horretatik onartzen dut ez dudala bereziki konpartitzen Beñat Sarasolaren kezka une historikoaren eta horren gauzatze literarioaren arteko gapari dagokionean (ikus bere “Denbora emanaz” artikulua, Berria 2014-IX-18): bat-batekotasun literarioa ez da, berez, ezeren berme –Errusiako inbasio napoleonikoari buruzko nobela (ziurrenik) onena, Gerra eta bakea, gertakariak amaitu eta mende erdi geroago eman zuen argitara Tolstoik; edonola ere, Sarasolak erabiltzen dituen kontra-adibideak, Jonathan Franzenen Askatasuna eta bestelako idazle estatubatuar garaikideenak, ez zaizkit bereziki esanguratsuak iruditzen…–. Gauzak geroratzea ere ezerren berme ez den bezala, bestalde. Kontu bati buruzko maisulanak –edo maistralanak– edozein unetan ager daitezkeela uste duen horietakoa naiz, gertakariekin batera edo handik dezentera. Are gehiago, posible dela sekula maisulanik ez sortzea ere. Baina  ematen du uste nahikoa hedatua dela gatazkaren unerik gogorrenak igarota aukera handiagoak daudela horrela gertatzeko.

Gure artean Ramon Saizarbitoria izan zen, bere azken nobelari emandako Euskadi Saria aipagai, baikorren agertu denetako bat, alde horretatik: “[Martutenek] esperantza piztu dit gure historia gertukoaren kontakizuna adostuko dugun eguna ez dagoela urrun. Esan dezadan bide batez, sinistuta nagoela euskal narratibak paper garrantzitsua jokatu behar duela eginkizun horretan”. Jose Luis Otamendi, duela ez horrenbeste, ildo optimista horretan kokatzen zen orobat, bere azkeneko liburua hizpide zuela, eta gai horrekin lotuta: “Pentsatzen dut literatura berez ekintza positibo bat dela, dudarik gabe. Doluarentzako, etsiarentzako tartea egon litekeen arren, beti saiatu izan naiz giltza izatea aurrera egiteko, eta generoak [kasu honetan poesiak] ematen du horretarako aukera”. Eta baita Katixa Dolhare-Zaldunbide ere: “Ondoko urte eta hamarkadetako euskal literaturari begira igurikapen handiak ditut: segur da eleberrietako pertsonaiak gero eta sailkagaitzagoak izanen direla –ez heroiak, ez eta arras anti-heroiak ere–, gero eta dudakorragoak eta bihurriagoak izanen direla, hots, gero eta humano eta errealistagoak”.

Nik uste dut neurrian izan behar dugula optimistak, izatekotan. Alde batetik, argi dago ugaritasunak kalitatezko lanen agerpena gauzatzeko aukera gehiago eskaintzen dituela. Printzipioz. Eta ematen du, uholde forma hartuko ez badu ere –ezerk ez du uholde forma hartzen gurea bezalako literatura txiki batean–, badagoela gaiaren inguruko interes berritu bat: are orain arte albo batera uzten edo oso zeharka tratatzen zuten gure literaturako izen handiak, Unai Elorriaga –bere azken nobelan– edo Kirmen Uribe bezala –bere hurrengo lanaren inguruan eskaini dituen lehenengo zantzuen arabera–, ematen du orain Gauzaren literaturari ekarpenak egiteko prest daudela. Bestalde, argi dago literatura testimonialak, lehendik existitzen zen arren –gogoan har ditzagun, besterik ez bada, Bikilaren edo Agurtzane Juanenaren lanak–, gora egingo duela testuinguru berri eta lasaiago honetan –hortxe, froga gisa, Julen Madariagaren Egiari zor, adibidez, edo, aurretixeago garaiez ari bada ere, Arantxa Urretabizkaiaren Zuri-beltzeko argazkiak–, eta hori, zalantzarik gabe, aberasgarria izango dela ikuspuntu askotatik. Nahiz eta alde horretatik agian gehien ugaltzen ari direnak ez diren, akaso, euskarazko lanak, gaztelaniaz idatzitakoak baizik, Mariasun Landaren Fiesta en la habitación de al lado, Idoia Estornesen Cómo pudo pasarnos esto edo Joseba Zulaikaren Vieja luna de Bilbao. Crónicas de mi generación bezalakoak –besteak beste–. Edo, osagarri ustez autobiografiko dezente izan arren, nahiz eta emaitza literarioaren aldetik lan nahikoa ahulak ere argitaratu diren, Mikel Antzaren Atzerri edo Carmen Gisasolaren Gaur zortzi bezala (blog honetan bertan iruzkindu direnak).

Bestalde, Gauzaren literaturaren inguruko urrezko balizko aro berriaren inguruko baikortasuna apaltze aldera, ezin dugu alde batera utzi egon badagoela gaiaren banalizatzearen edo bestsellerizazioaren ageriko arriskua, armak isildu diren zirkunstantzia berriotan; Stuart Neville bera, lehen hizpide izan dugun idazle irlandarra, thrillerren egile izateagatik da batik bat ezaguna. Euskal nobela beltza, esate baterako, gaiari lehentxeago baino gogo handiagoz heltzeko prest dagoela ematen du, zuzenean edo zeharka, Iñaki Irasizabal edo Alberto Ladron Arana bezalakoen azken lanek islatzen duten bezala –vid. Bizkartzainaren lehentasunak, Piztiaren begiak, Harrian mezua…–. Orain arte, ordea, eta salbuespenak salbuespen, generoak saihestu ditu mota honetako crossoverrak, batez ere bere erregistro arrunt edo kontsumokoenean, nahiz eta Gauzaren eta polararen arteko gurutze-bidea tentagarria bezain agerikoa izan, teorian behintzat; adibide adierazgarria, alde horretatik, Aingeru Epaltzaren Rock’n’roll bikaina litzateke, nobela bat zeinetan, egileak berak adierazi bezala, gatazkarekiko erreferentzia oro arbuiatzen baitzen, nolabaiteko interferentziak saiheste aldera. Gauza bera esan liteke komediaren erregistroaren inguruan, zeina, ziurrenik, erabiliagoa izango baita hemendik aurrera –gogoratu Woody Allenen ustezko ekuazioa: tragedia + denbora = komedia–, Ernesto Prat Urzainkiren Orpoz orpo erotiko-festiboa bezalako produktuen irteerak iradokiko lukeen bezala –kasu honetan, Xabier Silveiraren A las ocho en el Buleren kutsu argiarekin, lesakarrarena baino are grazia gutxiagokoa baina, eta euskal landismo baten mugetan kasik–.

Kantitateak –eta hori badatorrela dirudi– ziurrenik kalitatezko lanen hazkunde bat ekarriko du. Baina baita lan ez horren onen edo ez horren esanguratsuena ere. Ezin jakin zer gailenduko den, ezta produktu berriek ere orain arteko Gauzaren inguruko literatura gaindituko duten. Norbaitek argudiatu dezake Twist edo Martutene bezalako nobelen edizioak iragarpen onak direla… Baina –galdera– bi liburu horiek ETAosteko literaturaren lehenengo ordezkariak dira, ala –niri litekeena iruditzen zaidan bezala, kontzepzio eta idazketa garaia kontuan hartuta, ez argitaratzearena– ETAren garaiko literaturaren beltxargaren kanta?

Aritz Gorrotxategiren artikuluaren harira

Oso interesgarria iruditu zait Aritz Gorrotxategik Grand Place Mario Onaindia Fundazioaren aldizkariaren lehenengo zenbakian argitaratu duen artikulua “Boterearen itzala euskal literaturan” izenburarekin, Hitzen Uberan atariak zabaltzen lagundu duena, eztabaidatxo batekin batera gainera. Gauza batzuk gehiago gustatu zaizkit beste batzuk baino, zer esanik ez, baina nik uste dut Gorrotxategiri eskertu behar zaiola egindako ahalegina. Gure literaturaren urmael geldietara komeni da noizean behin harri bat jaurtitzea.

Gustatu zaizkidan gauzen artean:

-Euskal literaturaren historiaren ikuspegi alternatiboa, erreakzioaren historia bat bezala alegia. Egia da ñabardura batzuk egin dakizkiokela, “teologia liberalaren” zama agian handiegia dela bertan (Azkoitiko zalduntxoen goraipamen klasikoa eta guzti, kontuak izan zituen alde ilunak albo batera utzita), eta Lizardiren eta Lauaxetaren zantzu abangoardisten azpimarra gehiegizkoa iruditzen zaidala (beti susmatu dut egungo kritika unibertsitarioaren gaininterpretaziorako joeraren ondorio direla, neurri handi batean), baina, oro har, oso talaia erakargarria iruditu zait.

-Ezker abertzale literarioak Gabriel Arestirekin egindako patrimonializazioaren salaketa (bahiketa bat beste alde batzuetatik ere egin nahi izan dena, Vidal de Nicolásen edo Agustin Ibarrolaren ahaleginek frogatzen duten bezala, baina askoz ere arrakasta gutxiago izan dutenak, edozein modutan ere). Nik uste dut gutxi hitz egiten dela honi buruz, eta niri ere gure letren fenomeno paranormalenetako bat iruditzen zaidanez (Iker Jimenezek programa bat zor digu honi buruz), Gorrotxategiri gaia atera izana eskertu behar diogula iruditzen zait.

-Artikuluaren tonu neurritsua eta eruditua. Ez gaude hain ondo ohituta, ingurumariotan. [Egia da, lagun batek testu hau argitaratuta zegoela ohartarazi didan bezala, ez dela zuzena kokatzea Joana Albretekoa eta Leizarraga Oihenarten aurretik, kronologikoki –”Oihenartek tradizio horri jarraitu nahi izan zion, gerora Nafarroan Albreteko Joana eta Leizarraga egiten saiatu ziren bezala”–, baina ziur nago akats ergel bat dela, denok egiten ditugun horietakoa, eta, nik irakurri nahi izan dudan bezala, “lehenago” ipini nahi zuela Gorrotxategik].

Horrenbeste gustatu ez zaizkidan gauzen artean:

-Esparru historikoa abandonatu bezain laster salaketak eta susmoak generikoak bihurtzen dira: izen-abizenak eta izenburuak desagertzen dira; gogoratzen dut irakurri nuen lehenengo aldian horixe pentsatu nuela: “yastamos”. Eskerrak Gorrotxategik, Hitzen Uberanekoaren erantzunetan, zehaztasun gehiago ematen dituen (Hedoi Etxarte eta Lander Garro, hartzekoen zutabean; Luis Garde, Izaskun Gracia, Hasier Larretxea edo Ixiar Rozas, zorrenean). Baina hasieratik argiago izan balitz iruditzen zait eztabaida aberasgarriagoa suertatuko litzatekeela. Nahiz eta ez den berez erraza, badakit, izen-abizenez seinalatutakoa edozein kale-kantoi ilunetan aurkitzeko aukeren portzentajea horren altua den gure mikroaberrian…

-Hipotesi orokorrarekin bat egiten ez duten salbuespenen ahokatzea zaila iruditzen zait. Maila historiikoan zer egin daiteke Bilintxekin, adibidez, zeinak, liberala eta literaturaren ikuspegitik nahikoa “autonomoa” den arren, prestigio eta presentzia dezente izan baitu beti euskal literatur imajinarioan? (Jean Etxepare medikuaren kasua hor dago, orobat, baina egia da gaur egun nahikoa aldarrikatua den arren, idazle marginal bat izaten jarraitzen duela). Edo (gure garaikidetasunera etorriz) “autonomiaren belaunaldiko” izarrekin, hots, Saizarbitoria, Lertxundi, Urretabizkaia eta Atxagarekin? Edo Jokin Muñozen edo Itxaro Bordaren kasuekin? Edo Kirmen Uribe eta Karmele Jaiorenekin? Bide batez, eta Hitzen Uberaneko eztabaidatxoa gogoan (Juan Luis Zabalarekin ados nago horretan), niri ez zait iruditzen Ixiar Rozas bezalako egileak azpibaloratuak daudenik (inondik ere). Eta zaila egiten zait horiek guztiak “araua konfirmatzen duten salbuespentzat” hartzea…

Argitaletxeen panorama eta sailkapena, bestalde, ez da hain erraza egiten, ez behintzat 1990eko hamarraldiaren amaieran edo 2000koaren hasieran egin zitekeen bezala. Gauza asko gertatu dira orduz geroztik, eta Alberdaniaren desagerpena ez da txikienetako bat izan. Argi dago Elkarrek, bere banakuntza eta xehekako merkataritza sareari esker, inperioa izaten jarraitzen duela, gure neurrian noski, baina ez zait iruditzen horrek estimu literario orokorrean gora egitea ekarri dionik (kontrakoa esango nuke). Oro har argitaletxe guztiek, salbuespenik gabe, plazaratzen dituzte, bakoitzak dagokion eskalan, lan komertzialak (edo komertzial-gurak), lan arriskatuak (edo ez horren ebidenteak), eta literatura izena nekez merezi duten produktuak ere (alde horretatik agian misterio bakarra Susak giro askotan mantentzen duen prestigioarena litzateke, ohar labur hau eta Gorrotxategiren artikulua baino analisi sakonagoak mereziko lituzkeen zerbait…).

Ez da konspirazioaren teoriaren susmora jo behar idazle batzuen bazterketa eta beste batzuen goraldia azaltzeko; oro har, ez da konspirazioren teoriara jo behar sekula, ariketa erakargarria eta are mamitsua izan daitekeen arren. Aldagai gehiago egon daitezkeelako, “nazio eraikuntzarenaz” gain, liburu baten edo ildo literario oso baten “arrakasta” edo “arrakasta ezaren” atzean (“arrakasta” labainkor hori definitzera sartu gabe). Zeitgeista, generoa, promozioa, unea, adina, ibilbidea, giroa, erraztasuna, moda, ingurumaria, zoria, kritika, luzera, berritasun maila, kalitatea… hori bezain erabakigarriak (edo erabakigarriagoak) izan daitezke. Alde batera utzi gabe euskal literaturari dagokionez, behintzat, erdigune eta periferia bat baino gehiago daudela, gainjartzen direnak maiz: linguistikoa, geografikoa, sexuala, instituzionala, politikoa…

Arazoa da (hori artikulua bera irakurrita ondorioztatzen zen, eta argiago geratzen da izan dituen erantzunak irakurrita, batez ere Gorrotxategirenak berarenak) ze puntutaraino estaltzen duen artikuluak erresumin moduko bat, “pentsamenduaren poesia” autoizendatutako ildo literarioa osatzen duten egileen aldetikoa alegia (Gorrotxategi bera, Felipe Juaristi, Pello Otxoteko eta Juan Ramon Makuso, noizean behin manifesturen bat plazaratzen dutenak, eta urtero izen bereko jardunaldiak antolatu izan dituztenak Euskal Herriko zenbait tokitan), nahikoa arrakasta edo presentzia ez dutelako alegia. Eta, Felipe Juaristi prezeski ezezagun bat ez dela alde batera utzita, onartuko didazue (errespetu osoaz esanda, eta justizia kontuak parentesi artean ipinita) “pentsamenduaren poesia” bezalako zerbaitek oihartzun izugarria lortzea zailxeagoa dela, garai turbokapitalistaotan, kutsu autobiografiko sakoneko nobelek baino. Esaterako.

Bestalde, oso ulergarria, oso humanoa iruditzen zait frustrazio hori. Azken finean, literaturgileon aberri bakarra erresumina da. Aberri komun bakarra, alegia.

Posteritatearen aitortzaren itxaropena gelditzen da, noski: justizia poetikoarena, erredundantzia onartzen bazait. Baina ondo dakigu hori ez zaigula bereziki asegarria. Eta, Orson Wellesek zioen bezala, “diruagatik lan egitea bezain arrunta da posteritatearen xerka ibiltzea”.

Edonola ere, ez dakit ze puntutaraino merezi duen horretan gehiegi iraulkatzeak, tentazioa gozoa den arren. Agian eztabaida-eragile bihur daitekeelakoan, kasu honetan bezala. Baina ez askoz ere gehiagotan, ziurrenik.

Azkenik, eta berriro ere, eskerrak eman nahi dizkiot Aritz Gorrotxategiri eztabaida plazaratzeko ekimenagatik.

Zerikusirik ez

Toti Martínez de Lezea idazlea Argentinan ibili da, Etxepare Institutuaren eskutik, euskal literaturaren ordezkari gisa, Buenos Airesko Liburu Azokan besteak beste, non aurten Paul Auster eta John Maxwell Coetzee egon baitziren (horiek ere besteak beste). Baina gaurkoan ez dut horri buruzko iruzkinik egingo, ezta idazle arabarrak eskaini dituen hitzaldiei buruz ere (horietako bat, harrapazazue, euskal matriarkatuaren inguruan…).

Ez, gaurkoan aberrira itzuli aitzin Euskalkultura.com diasporaren atariari egindako bere adierazpen batzuen harira bururatu zaizkidan zalantza batzuei buruz arituko naiz. Bi herrialdeen arteko elkartruke kulturalen onura posibleez hitz egin ostean (“hemen euskal egileen liburu gehiago irakur daitezela, eta egile euskal-argentinarren liburu gehiago han”), honako hau esan baitzuen Martínez de Lezeak: “Literaturan, hori baita interesatzen zaidana, literatura argentinarra literatura argentinarra  da, eta ez du gurekin zerikusirik. Ona da, baina zer ikusirik ez gurekin. Hango gure literatura ere ona da baina ez du zerikusirik Argentinarekin”. Elkarrizketan badira iruzkina mereziko luketen beste kontu batzuk (diasporari buruzko ikuspuntu folklorikoaz, edo bidaiatzearen ekintza berari buruzko baieztapen artegagarriren bat edo bestez), baina gaurkoan aipatu ekarpen literarioa azpimarratu nahi nuke.

Eman dezadan jatorrizkoan: “La literatura argentina es literatura argentina y no tiene nada que ver con nosotros. Es buena, pero nada que ver con nosotros. Nuestra literatura de allí también es buena pero tampoco tiene que ver con Argentina”.

Eta analiza dezagun pasartea:

1. “La literatura argentina es literatura argentina”. Tautologia gisa, printzipioz, kalitatezko Q guztiak gainditzeko ahalmena duela dirudi. Baina globalizazio garaiotan ba al da, benetan, Argentinako literaturarik? Ez al du zentzu gehiago –eta hau ez da kontu berri bat, duela hamarraldi batzuetatik garatzen ari dena baizik– literatura hispanikoaz hitz egiteak –Amerika osoan, Espainian eta beste herrialde batzuetan espainolez idazten dena bilduz–? Literatura bat zeinetan, bide batez esanda, lekua izango bailukete Toti Martinez de Lezearen nobela historikoek ere? Izan ere, zerk desberdintzen ditu nobela historiko argentinar estandar bat eta euskal nobela historiko estandar bat?

1.1. Baina onar dezagun, une batez, “literatura argentina” bezalako zerbait existitzen dela oraindik ere. Kasu horretan, bakarra al da “literatura argentinar” hori? Edo bat baino gehiago daude? Maila berean al daude Silvina Ocampo eta Andrés Rivera? Edo César Aira eta María Esther de Miguel? Edo Alan Pauls eta Florencia Bonelli? Edo Ana María Shua eta Gabriela Margall? Edo Samanta Schweblin eta Federico Andahazi? Eta abar eta abar [Nota bene: irakurle arituari ezagunagoa egingo zaio segida alternatibo horien lehenengo elementua –Ocampo eta abar–, agian ez horrenbeste bigarrena –Rivera etab.–, Argentinan salmenta-arrakasta handia izan duten nobela historikoaren, erromantikoaren eta historiko-erromantikoaren egileez osatua oro har].

2. “y no tiene nada que ver con nosotros”. Ezertxo ere ez? Benetan? Egungo euskal literatura pentsagarria al da sikiera Jorge Luis Borges edo Julio Cortázar gabe? Ez dut uste adibideak biderkatzea beharrezkoa denik: Bernardo Atxaga, Unai Elorriaga edo Jon Alonso aipatzearekin nahikoa litzateke. Eta hori bi izen agerikoenak –eta, akaso, ez-argentinoenak, paradoxikoki– hizpidera ekartzeagatik, ze berdin zait haizatuko bagenitu Alejandra Pizarnik, edo Roberto Arlt, edo Manuel Mújica Lainez, edo Adolfo Bioy Casares, edo Rodolfo Walsh, edo Juan Gelman, edo Ernesto Sábato, edo Manuel Puig, edo Ricardo Pigliarenak… Kasik horietako bakoitzarengatik bururatzen zait eragina, zuzena edo zeharkakoagoa, jaso duen euskal idazleren bat. Pentsagarria al da, bestalde, Iñigo Aranbarriren literatura Argentina gabe? Ez al da gertatzen Argentinan Peru Magdalenaren Egia esan nobela? Edo Eider Rodriguezen “Erle begiak” ipuina? Hau guztia, boteprontoan eta arin esanda, gaia ahitzeko inolako asmorik gabe.

3. “Es buena”. Eskerrik asko literatura argentinarraren izenean, Toti: beharrik. Baina ona al da benetan? –“ona”, ezen ez “bikaina” edo “gaindiezina”, adibidez: “ona”–. Dena? Guztia bere osotasunean? Literatura argentinarrak –existitentziarik badu– gauza “onak” baino ez ditu ekoizten? Ez zaio sekula eskapatzen erdipurdiko libururen bat? Noizean behin, gutxienez? Edo are txarren bat? Edozein modutan ere, ikus, honetarako, 1.1. puntua.

4. “pero nada que ver con nosotros”. Errepikatze hustzat jo daiteke, aurreko esaldiarena alegia, eta, izan ere, hala da. Baina errepara diezaiogun aurreko “baina” horri, “Ona da” haren ondotik doana. Horrek zer esan nahi du, haiena ona dela baina gurea –zer ikustekorik ez duena hangoarekin– are hobea? Portzentajeetan ez nintzateke ausartuko ezer esatera –onar dezagun, hipotesi arriskutsu gisa, liburu jenialen, onen, erdipurdikoen eta txarren ehunekoak antzekoak direla literatura “nazional” guztietan–. Baina bolumenean, eta literaturaren historiari erreparatuz, zalantzak egiten ditut. Zalantza handiak. Izan ere, –gutxienez– XX. mendearen bigarren erdialdetik honako literatura argentinarraren eragina euskal literaturaren gainean ukaezina den bezala, zailagoa litzateke euskal literaturak Argentinakoaren gainean izan duena neurtzea –nahiz eta ziur nagoen egon, egon dela, kritika akademikorako aproposak liratekeen dosi infinimitesimaletan besterik ez bada–. Behintzat, euskarazko euskal literaturarena. XX. mendearen bigarren erdialdetik honako gaztelaniazko euskal literaturarena ere hortik oso urrun ibiliko ez dela susmatzen dudan arren.

5. “Nuestra literatura de allí también es buena pero tampoco tiene que ver con Argentina”. Lasaiago geratzen naiz: gurea ere “ona” da, ez bikaina edo gaindiezina, une batez maltzurki pentsatzera iritsi naizen bezala. Baina honekin ere zalantzak –eta ezinegona– sortzen zaizkit: “gure hango literatura”, hots, gure “hemengo” literatura, zer da, zehazki, Martinez de Lezearentzat? Berak, Anjel Lertxundik eta Ixiar Rozasek –besteak beste– osatzen dutena, adibidez? Ala Fernando Aramburuk, Julia Otxoak eta Pedro Ugartek –besteak beste–  haragitzen dutena? Euskal literatura bera al da Aurelia Arkotxa edo Antton Lukurena, eta Ana Malagon edo Rikardo Arregirena? Bera al da Miguel Sánchez-Ostiz, Itxaro Borda edo Pello Lizarralderena, eta Jon Arretxe, Dolores Redondo edo Xabier Silveirarena? Eta abar eta abar. Berriro ere, eta badaezpada, joan 1.1. puntura, eta egin berbidura diglosikoa / nazionala –edo dena delakoa–.

5.1. Egile horietako eta haien obretako –edo euskal literaturako beste egile eta obretako–  zenbat aipatuko zituen Martinez de Lezeak Argentinan eskainitako hitzaldi eta elkarrizketetan?

Euskal literatura fantastikoaren ordezkari bipil den Iker Jimenezek esango lukeen bezala: “Bienvenidos a la nave del misterio…”.

Irudia

Kritikaren inguruko solasaldia

Kritika ondo dago, baina nik ez nuke argitaratuko.

–Zergatik?

–“Adiskide” bat gehiago egingo zenukeelako…

–Idazle horrekin ez dut harreman bereziki esturik ere. Are gehiago, nik esango nuke ez nauela gehiegi apreziatzen, berez.

–Benetako lagun bati ez zenioke egingo halakorik, beraz. Hori tranpa da.

–Lagunei egin dizkiet. Eta hori baino gogorragoak.

–Eta horietatik zenbatek jarraitzen dute zure adiskide izaten?

–Benetakoek. Tazitok zioen bezala, “gaitzespen batengatik haserretzea, merezi izan dela onartzea da”. Gainera, isiltasuna beti da kritika baino iraingarriagoa, nik uste.

–Baina hori ez da kontua. Euskalduna bezalako literatur sistema txikian behin baino gehiagotan gurutzatuko zara dena delakoarekin, dela mahai-inguru bat, dela aurkezpen bat, dela hitzaldi bat. Edo kaletik pasieran, besterik gabe. Ez balitzaizu axolako… baina axola zaizu. Ez ezazu esan ez zenuela gaizki pasatu lehengoan, X idazleak tratatu zintuen bezala tratatu zintuelako, horren hotz, beste kritika harengatik.

–Ez zen horrenbesterako izan. Eta ni normaltasunez aritu nintzen berarekin. Azken finean, ez zen kontu pertsonal bat.

–Literaturan dena da pertsonala.

–Ja.

–Nik uste dut interes gatazka bat dagoela idazle eta aldi berean kritikari izatearen artean. Kritikari gisa guztiz egiatia izatea erabaki ezkero, behintzat.

–Ba kritikak idaztea ere literaturan egoteko modua izan da niretzat, betidanik. Ez dakit zertara datorren kritika eta sorkuntza bereizteko tema hori. Garai batean idazleek ez zioten muzin egiten beren garaikideak kritikatzeari. Eta batzuk zorrotz aritzen ziren langintza horretan: Poe, Baudelaire, Clarín, Mansfield, Woolf…

–Denak oso garai batekoak, ohartzen bazara.

–Roberto Bolaño horretan aritu zen, orobat, eta ez da horren aspaldikoa.

–Bolaño kamikaze bat zen, eta berdin zitzaion dena. Edonola ere, nor oroitzen da horien guztiez kritika literarioez? Eta, bide batez, huts egiteez: gogoratu Woolfi zer gertatu zitzaion Ulisesekin. Kritikak apenas uzten du bost minutuko arrasto bat irakurlearen oroimenean. Baina betirako gogoratuko du kritikatuak. Merezi al du? Michelangelok esan zuen bezala, “Kritikatu, bai, baina sorkuntzaren bitartez”.

–Kritika sorkuntza mota bat da.

–Kar, kar, kar.

–Gauzak dauden bezala, euskal kritikan, agian bai merezi du, ordea. Euskal kritika eufemismoaren eta itzulinguruaren erreinua bihurtu da, azkenaldion.

–Azkenaldion? Nik esango nuke betidanik izan dela horrela. Eta, zer esango dizut, normala deritzot, idazle kaltetuak (edo beren mendekoak) edozein kale kantoi ilunean aurkitzeko arriskua kontuan hartuta. Kale kantoian, edo Zuzendariari sailean…

–Baina ezin da sinetsi literaturaren maisulanen produkzio-erritmoa  horrenbestekoa denik, gurean. Eta hemengo kritika sailen arabera… Batzuei dena iruditzen zaie ondo. Eta, Flaubertek zioen bezala, “ustelkeria maila ezinago altua edo bihotz benetan handi bat behar duzu den-dena maite izateko”.

–Eta nori axola zaio hori? Ze uste duzu, horregatik gehiago edo gutxiago salduko dela liburua? Ez izan inozoa. Egunkarietako kritika literarioa argitaletxeen sail komertzialaren luzapena bihurtu zen aspaldi, eta iruzkina, liburu-aurkezpenaren bigarren edo hirugarren atala. Alferrik, gainera.

–Alferrik?

–Zer dira ba, egunkarietan agertzen diren iruzkin gehienak? Liburua aitzakia hartuta, edozein gairi buruzko digresioak. Bukaeran ez dakizu kritikoari liburua ondo iruditu zaion ala ez. Ze jende zuhurra. Nire ustez hori froga biribila da: gure sistema literarioan ezin da benetako kritika egin. Beno, izan ere, ez da egiten. Eta zeu izango zara zeure buruaz beste egingo duen bakarra?

–Baina gero ez da erreala. Irakurleek, pribatuan, eta idazleek, gin-tonic baten aurrean, ondo larrutzen dituzte ba literatur produktu gordinaren azkeneko emaitzak. Baina, gero, horren arrastorik ez publikoki.

–Ja. Eta haietako batzuei oso ondo irudituko zaie zuk ozen esatea haiek pribatuki esaten dutena, eta zure ausardia txalokatuko dute, ezta? Ba erne; amildegitik zu bakarrik botako zara, inork ez zaitu jarraituko, ezta defendituko ere. Edonola ere, hala eginda edo egin gabe, zerbait aldatuko litzatekeela uste al duzu?

–Ez dakit. Barruak husteko behintzat balio beharko luke. Mark Twainek esaten zuen bezala, “ez daukat liburuen kritika egiteko inolako eskubiderik, eta, izan ere, ez dut egiten gorroto ditudanena baizik”.

–Ba hori ez litzateke sekula izan behar kritika egiteko arrazoia. Zuk zeuk esan duzu inoiz hori, barruak hustea, ez litzatekeela literatura idazteko motiboa izan behar, behintzat. Eta, ondorioz, are gutxiago izan beharko luke kritika idazteko…

–Hainbeste gauza esan dut ezen ez baitaukat gehienez damutzeko astirik ere…

–Edozein modutan, zilegi balitz ere, berriro galdetzen dizut: eta zer?

[Emaztearekiko elkarrizketa hau hemen berreraiki dut, zer eta, azaltzeko zergatik ez dudan gaur argitaratu prestatuta neukan Y liburuaren kritika, nire ordenagailuaren disko gogorraren barrunbeetan gelditu dena. Eta zer egingo dudan oraindik erabaki ez dudala esateko].