(Euskal) Liburuen aurkezpenerako hamalau aholku

[Paskin honen bertsioak (Euskal) Literaturaren alde (eta kontra) nire liburuaren aurkezpen batzuetan erabili izan ditut azken aldi honetan, bonus track gisa-edo. Paper oso bereziko kaieretan inprimatzen nituen, ekitaldien amaieran banatzeko].

Liburuen aurkezpena ekintza publiko erlatiboki modernoa da: garai batean (euskal munduan 1990eko hamarraldira arte, oro har) liburuak salmentan jartzen ziren, besterik gabe, eta ez zegoen prentsa edo jende aurreko aurkezpen ofizialik; (gaur egungoa baino gogorragoa izan ohi zen) kritikaren edota ahoz ahokoaren bitartez lortzen zuten oihartzuna, eta ia ez zegoen liburuaren inguruko bestelako publizitate-jarduerarik. Aurkezpenen (edota aurkezpenezko prentsaurrekoen) generoaren gaztetasun horrek, dena dela, ez gaitu gutxiestera eraman behar: liburuen aurkezpenak egitea Arte bat da, orobat (gastronomia arte bihurtu badute, edozer izan daiteke, azken batean). Hona hemen zenbait aholku zure liburua modu eraginkorrean eta (literarioki zein komertzialki) arrakastaz aurkez dezazun.

1.- Aukeratu ondo eguna, batez ere liburua udazkenean argitaratzeko ideia malapartatua bururatzen bazaizu (edo beste erremediorik ez baduzu, noski): Durangaurrea mortala izan ohi da (euskal literatur urtea bitan banatzen da, ondo jakina den bezala: Durangaurrea, eta Durangostea). Izan ere, zenbat eta gehiago hurbildu abendura, orduan eta aukera gehiago zure aurkezpenak Kirmen Uriberen edo Toti Martinez de Lezearen azken lanarenarekin bat egiteko, espazioan eta denboran, eta, okerragoa dena, komunikabideetan… zeinetan ondo baino hobeto baitakizu zeini emango zaion lehentasuna…

2.- Ez egin prentsaurrekorik Donostiatik kanpo. Gogora ezazu euskal kulturaren erdigunea Donostia, Zarautz eta Andoain artean kokatuko litzatekeen Bermudetako Hirukian dagoela, eta hortik at zure liburuak apenas lortuko lukeela oihartzunik: Euskal Herrian, Atlantiko Ozeanoan ez bezala, Hirukitik kanpo geratzen dena da desagertu ohi dena…

3.- Ez izan beldurrik astuna gertatzeko. Lagunak abisatu eskura dauzkazun modu guztietan (zuzenean, telefonoz, e-mailez, waxapaz, tam-tamez, txalapartaz). Eman matraka sare sozialetan (horretarako daude). Urdaiazpikoak bidali kazetariei (Gijuelokoak, ahal dela). Zabal daitezkeen irudietan ekitaldian jendetza egon den inpresioa eman behar du, edonola ere (Photoshopa, edota angeluak ondo kudeatzen dakien adiskide argazkilari hori, alternatiba egokiak izan daitezke).

4.- Ez larritu zure editoreak mahaian agertuko duen entusiasmo falta orokorragatik: sakon sakonean, eta islatzen saiatuko ez den arren, pozez zoratzen dago zure maisulanarekin. Euskal editoreak horrelakoak dira, oso euskaldunak; ez dago bueltarik, baldintza hori jartzen omen diete editore bihurtzeko. Kontsola zaitez  pentsatuz bere aurkezpena oso laburra izan ohi dela. Eta gogoratu editoreak baduela paper are inportanteago bat aurkezpen ekitaldietan, zeinaz geroxeago arituko baikara.

5.- Aukeratu ondo zure aurkezlea. Idazlea, kritikaria, kazetaria, aktorea, bertsolaria edo futbolaria dela, ez dadila editorea bezain euskalduna izan, eta, batez ere, zu baino garrantzi handiagoko pertsonaia publikoa izan dadila (tira, badakigu: ez dago zu baino garrantzi handiagoko inor, berez; esan nahi dena zera da, boladan zu baino sartuago dagoen norbaitengana jotzeko…). Ziurtatu, hori bai, ez dizula aurkezpena boikoteatuko: utzi egiozu argi aurkezpena egiteak zure lana defendatzea, laudatzea, goratzea inplikatzen duela. Badaezpada.

6.- Berdin dio aurkezlea zein luze arituko den: berak baino gehiago hitz egin behar duzu zuk. Ez egin kasu aurkezleen lana egilearen soberako interbentzioak arindu eta autolaudorioak mugatzean datzala dioten zurrumurruei: tontakeriak. Ez izan beldurrik errepikapenei: pedagogo modernoek aldarrikatzen dutena aldarrikatzen dutela, ideia bat behin eta berriro matxakatzea da hura burmuinetan ereiteko biderik eraginkorrena.

7.- Inportanteena zure mezua argi geratzea baita, are spoilerrak egin behar badituzu ere: kontuan hartu liburuaren aurkezpen bat ez dela soilik edo nagusiki “hemen dago liburua” esateko modua, baizik eta liburuaren irakurketaren lehenengo urratsa. Idazle (pos)modernoak, idatzi ez ezik, liburua nola irakurri behar den inposatu behar du, hasieratik bertatik, kaleratzen den unetik. Kontuan hartu jende gehienak ez duela irakurtzen, eta aurkezpenean esango dituzunak (eta ondoren emango dituzun elkarrizketak etab.) izango direla zure lanari buruz publikoak jakingo duena, eta, ondorioz, haien eta (liburua agian irakurriko duten) kritikarien iritzia gidatzera behartuta zaudela.

8.- Ez ahaztu “Liburu hau idaztean asko ikasi dut”, “Nire obrarik osoena da”, “Lan izugarria eman dit erredakzio / dokumentazio / inspirazio prozesuak”, “Idazketa prozesuan zehar irakurlea lagun izan dut hasieratik” edo gisako esaldi asertiboak erabiltzeaz: zure buruarengan duzun konfiantza mugagabea irakurleengana iristeko aukerak biderkatzen dira modu horretan. Azken batean, Benito Taibo poetak dioen bezala, liburu guztiak dira autolaguntzazkoak (salbu eta izenburuan “autolaguntza” hitza daramatenak, noski), eta, zentzu horretan, aurkezpenak autolaguntzen autolaguntza besterik ez lirateke….

9.- Ekitaldia hasi aurretik, ezkutuan, kartulinazko txarteletan eta maiuskulaz argi idatzita, banatu galdera batzuk publikoaren artean (errazagoa suertatuko zaizun zerbait, baldin eta 3. puntuan aholkatutakoari jarraituz arrakasta izan duzun adiskideak erakartzen edo/eta urdaiazpikoak banatzen). Zer esanik ez, galderen txanda iristean egin beharko dituzte, ahalik eta naturaltasun handiarekin. Hasteko, erantzun egiezu “Pozten nau galdera hori egin izanak” edo antzeko espresio bat erabiliz.

10.- Ez larritu aurkezpenean zehar zure bizitza pertsonalaren inguruko xehetasunen batek ihes egiten badizu (zure katutxoaren ajeez, idazle profesional izatearen atsekabe kontaezinez, presondegian pasatutako denboraz, zure psikologo lacandarraren etzalekuaren erosotasunaz, Isabel Preyslerrekiko zure harremanaz, euskal publikoak zure liburuak ez erosteko temarekin jarraitzen badu betirako erretiratzeko mehatxuaz…). Are gehiago, presta ezazu aldez aurretik, eta bota ezazu eskapatu izango balitzaizu bezala. Bakarrarekin nahikoa izaten da: bonbatxo informatiboak ondo dosifikatu behar dira.

11.- Ekitaldia amaitzean, kazetariei pasatu zure interbentzioaren testua, egoki fotokopiatuta: ez da ezer utzi behar zoriaren esku. Bizkor ibili, kazetariak herioak hartuta atera ohi dira eta hurrengo aurkezpenera edo kultur ekitaldira edo inauguraziora garaiz iristeko asmoz.

12.- Gonbidatu itzazu gelditzen direnak aurkezpen ondoko lehen potera (nahiz eta edariak eta pintxoak ordaindu, benetan, editoreak egingo duen: horixe izango litzateke bere aurkezpenerako rol nagusia, 4. puntuan aurreratzen genuen bezala) (izan ere, garai batean, zin degizuet, bazkaltzera eta guzti gonbidatu ohi zuten editoreek: o tempora, o mores).

13.- Haserretu zaitez, eta are publikoki protestatu, zure liburuaren aurkezpenaren berria egunkarien azalean argitaratzen ez bada, edo, gutxienez, kultur orrialdeetako baten eskuineko aldean. Salbu eta zure aurkezpena Kirmen Uriberen edo Toti Martinez de Lezearen baten egun berean egiteko zoritxarra izan baduzu, noski.

14.- Inoiz galdetzen badizute, ukatu komunikabideetan zure aurkezpenekoak izango balira bezala agertzen diren adierazpenak zuk egin dituzunik: egotzi egizkiozu aurkezleari (ikus  5. aholkua), edo kazetari kaxkarren lan eskasari, are, 11. itemean gomendatu bezala, zure hitzak fotokopiatuta eman badizkiozu, edo horrexegatik hain zuzen ere.

Izan ere, testu hau, badaezpada, hamar segundo barru autosuntsituko da. Hamar, bederatzi, zortzi, zazpi…

shakespeare microphones bilaketarekin bat datozen irudiak

Advertisements

Iñigo Astiz eta Iban Zalduaren arteko solasaldia (Loraldia jaialdirako prestatu bezala)

[Apirilaren 4ean Iñigo Astizek eta biok, Bilboko Loraldia jaialdiaren baitan, nire (Euskal) Literaturaren alde (eta kontra) liburuaren inguruko performance-elkarrizketa bat gauzatu genuen, Poza Lizentziatuaren kaleko Elkar liburu dendan. Honekin batera egun horretarako landu genuen eskema aurkezten dugu, Astizek idatzitako sarrerarekin batera. Testua luzexeago irten da ekitaldia bera baino, galdera batzuk tintontzian gelditu zitzaizkigulako: hau, beraz, ekitaldi haren extended playa izango litzateke, nolabait esateko. Abisatuta zaudete, ez kexatu gero].

NOR IZAN ZEN IBAN ZALDUA?

Normalean halako aurkezpenetan ohikoena izaten da hasieran liburua eta liburuaren idazlea aurkeztea. Kasu honetan, Iban Zaldua idazlea, eta EUSKAL LITERATURAREN ALDE ETA KONTRA liburua. Ohikoa izaten da gainera, aurkezleak esatea, aurkeztuak ez duela aurkezpenik behar, eta gero, paradoxikoki, idazleari buruzko aurkezpen ezin luzeagoa egitea, nagusiki elkar zeinen ongi ezagutzen duten erakusteko eta beren arteko gertutasunaz inolako zalantzarik ez uzteko, zeren eta argi baitago bere burua aurkeztea izaten dela halako saioetan aurkezlearen sakoneko helburua, nahiz eta publikoki kontrako itxura emateko eginahalak egingo dituen, arrakasta handiagoz edo txikiagoz. Beraz, aurkezlea mintzo denean, ez sinetsi, tranpa bat da.

Hortaz, Iban Zalduak ez du aurkezpenik behar, baina aurkezleak maitatua sentitzeko eskubidea ere baduenez, aurkeztu egingo dugu Iban Zaldua. Kontuari perspektiba historiko pixka bat ematea da interesatzen zaidana, ordea, eta horregatik nire asmoa oraingoan ez da izango Iban Zaldua nor den azaltzea, baizik eta saiatzea aurkezten Iban Zaldua nor izango den erretrospektiban. Alegia, nola gogoratuko den Iban Zaldua etorkizunean, hain justu ere, Garoñako lehen leherketa nuklearraren ondorioz sortutako euskaldun mutante arraza berriak Ikastolen Elkarteko eta are Euskaltzaindiako zuzendaritzaren kontrola hartu, eta horren ondorioz, droga bidezko bizikidetza-bideo-performance-antzerki-multidiziplinarren promozio kanpainaren albo ondorio gisa, euskal literatura guztia desagertu, eta euskal liburugintza ISISek liberatutako Iruñeko Kalifatoko Unibertsitate Islamikoan hautazko ikasgai bat baino bilakatuko ez denean Desagertutako Kulturen Ikerketen Adarrean; zehatz mehatz, hemendik bost urte barru.

Etorkizun hipotetiko baina oso probable horretan, eta atzera begira jarriz gero, azaldu nahi nuke nor izan zen Iban Zaldua, edo, Ibn Zhaldun, sunitek Arantzazuko mezkitatik ezarritako errekonbertsio masiboaz geroztik erabilitako idazkera errespetatuz gero. Ba, Iban Zaldua edo Ibn Zhaldun izan zen euskal idazle bat publikatu zituena hainbat ipuin liburu, nahiko blasfemoak denak, eta izan zen idazle bat argitaratu zituena ere euskal literaturari buruzko saiakera batzuk ere, are blasfemoagoak zirenak ziuraski. Baina, halere, ikertu beharrekoak izango dira liburu horiek, hain zuzen ere, saiakera liburu horietan gordetzen delako euskal literatura izan zenaren erretraturik biziena. Eta ezinbestekoa izango da erretratu hori kontsultatzea, harik eta jakin nahi bada zer nolakoa izan zen euskal literatura itzalaldi analogikoaren aurretik, eta Euskal Herriko bertsolari txapelketa finaleko azken zonbi erasoa gertatu eta Euskal Herriko Liburutegi nazionala bere egoitza definitibora leku aldatu baino lehen, Basque Culinary Centerrean patatak biltzeko erabiltzen den txoko baztertu batera.

Lagun batek esaten zuen, eta ni ados nago berarekin, Iban Zalduari inoiz ezingo zaiola behar bezala eskertu etorkizunean euskal literatura benetan existitu zela frogatzeko egiten duen ahalegina. Zalduaren saiakerengatik ez balitz, maiz irudi dezakeelako euskal literatura ez zela sekula eztabaida gune (neurriz) bizi eta (neurriz) interesgarri bat izan, baizik eta malba haztegi eternoki aspergarri bat. Horregatik, eskerrak eman behar zaizkio ahalguztidunari Iban Zaldua edo Ibn Zhaldun behin gure artera bidali zuelako, eta errezoan jarraituko dugulako haren bigarren haragiztatzearen alde hemendik aurrera ere, zeina Alak ez dezala nahi gehiegi berandutu dadin, alhamdulillah.

Iñigo Astiz, Bilbon, 1428ko radjabean.

ELKARRIZKETA:

Iñigo Astiz.- Azken aldian badirudi mantra moduko bat bihurtu dela euskal kulturan, eta zehazki euskal literaturan, kritika falta dela esatearena, baina bitxia da gero, oso era ez-olinpikoan hartzen dela kritika norbere lanari buruzkoa denean. Zeren sintoma izan daiteke hori?

Iban Zaldua.- Ziurrenik, bururatzen zait, bi faltena edo hutsuneena. Lehenik eta behin, segurtasun faltarena, artisten munduko jendeari beti gertatuko zaion zerbait, hemen eta Hong Kongen; izan ere, hori da literatura zientziatik desberdintzen duen kontu nagusietako bat: zientziaren alorrean hipotesi bat edo teoria bat faltsua dela frogatzen denean, ez dago eztabaidarik, alde batera uzten da eta kito: zientzialariak amorrua sentitu dezake huts egin duelako, baina zalantzarik ez dago. Berdin teoriak irauten duen bitartean, inork ez duelako hoberik proposatu: ziurtasuna osoa da beti. Arte munduko ekoizpena, ordea, ez dakigu sekula ona edo txarra den benetan, ziurtasun eza horrek bizi gaitu, berdin dio idazle kontsakratua zaren ala hasiberria. Hortik erakusten ditugun jarrera eta erreakzio histeriko samar asko…

Bigarrena ohitura faltarena izango litzateke. Ez gaude kritikara ohituta. Kritika argiki negatiboak gutxi dira, eta, daudenean, nahiko adeitsu eta versailleskoak dira. Eta hala ere jendea asko haserretzen da, eta, okerragoa dena, haserre hori publikoki erakusten du: nahikoa da gogoratzearekin Alex Gurrutxagak Zazpigarren heriotza liburuari egin zion kritika dotorea, eta egilearen erreakzioa –kritikatu nagusia argitaletxea zen arren, nire ustez–. Izan ere, euskal literaturan, gaur egun, kritika negatibo nagusia isiltasuna da, ziurrenik. Eta horrek benetako kritika negatibora ohituta egoteko aukerak murrizten dizkigu.

IA.- Badituzu eleberri laburrak, komikiak, eta literaturari buruzko saiakerak ere, baina nagusiki ipuin idazlea zarela esango nuke. Nire inguruan maiz aditu dudan zerbait komentatu nahi nizuke horregatik. Zure ipuinen zale diren lagun batzuek ere esan izan didate, eta ziur nago zuri ere esango zizutela antzeko zerbait behin baino gehiagotan, baina ipuin idazle kontrastatua eta publikoaren onarpen bat lortuta duzula, ze nezesidade duzu halako kritikak idatzi eta “jaleotan” sartzeko? Nik eskertzen ditut, baina jakin nahi nuke zuri zergatik zaizkizun hain erakargarri.

IZ.- Agian nire berezko izaera kritikoarena da, eta fikzioen idazle izatea mozorro bat, kritiko frustratuaren irtenbide koldarra. Edo agian fikzioa etengabe sortzearen ezintasunaren ondorio besterik ez da: ondo datozkidala halako “tarte kritikoak” arnasa hartzeko, eta, bide batez, ez naizela sortzen ari estaltzeko, gero eta ultraproduktibistagoa bihurtzen ari den literatur merkatuaren parametroen arabera behintzat.

Izan ere, zer edo zer banaiz, funtsean, irakurlea naiz: idatzi gabe imajina naiteke, ez ordea irakurri gabe. Eta irakurtzearen lehenengo ondorioa iritzia emateko, iritzia konpartitzeko eta eztabaidatzeko gogoa da, zinema aretoaren edo kontzertuaren irteeran gertatzen zaidan bezalatsu alegia. Agian institutu garaian jasotako literaturako eskolen ondorio kaxkarra besterik ez da, haietan nagusi baitzen beti eztabaidetan eta polemiketan sartutako idazle erromantiko interbentzionistaren irudia, neurri batean arbuiatzen duena gaurko idazle/kritikari gero eta espezializazio handiagoak, baina garai batean guztiz naturala zena…

Bestalde, gutxi eztabaidatzen da, aurreko galderaren erantzunean esan dudan bezala, eta horrek eraman dezake pentsatzera euskal idazleon erkidegoa bertsolariena bezalakoa dela, denok super-ondo eramaten garen lagun koadrila bat. Izan ere, nik lehenengo urratsak eman nituenean mundu horretan, 90eko hamarraldiaren amaieran gogoan dut nola irudi hori zen, neurri batean, Juan Luis Zabalak –ezagutu nuen lehenengoetariko euskal idazleetako bat– “saltzen” zidana, eta eztabaida publikoen eskasiak irudi hori indartzen zuen… nahiz eta gero, jende gehiago ezagutu ondoren, nabarmena  den aiztokadak bizkarra emanda ematen zirela, gurean… Bueno, Txistu eta biok irakurrita ematen du Zabala ere ez dela garai haietako iritzi berekoa, honez gero…

IA.- Moda literarioez. Erasmus literatura aipatzen duzu liburuan, esaterako, autofikziorako joera ere badator liburuan, eta orain badirudi ez-fikziozko liburuak edo behintzat errealitatetik urruntzen ez diren liburuak idaztea dagoela modan. Zure azken ipuin bilduma, INON EZ, INOIZ EZ, fikzioaren aldeko defentsa moduko bat zela esan izan zenuen. Nola bizi duzu moda berri hau? Zein dira haren ezaugarriak zure ustez, eta, zenbat iraungo du?

IZ.- Moda berri honekin, “berri” deitu badakioke, autofikzioarenarekin bezala, mesfidati samar naiz. Alde batetik, iradoki bezala, ez-fikzioaren gauza hau ez delako gauza guztiz berria: 1950eko eta 60ko hamarraldira joaten bagara hor daude Rodolfo Walshen edo Truman Capoteren lan oinarrizkoak, zentzu horretan. Baina nik esango nuke are atzerago jo dezakegula: zer da, bestela, Daniel Defoeren Izurritearen urteko egunerokoa, 1722an argitaratua, 1665eko Londresko izurrite bubonikoaren inguruko ez-fikziozko nobela ez bada?

Eta bestetik, mesfidati naiz orobat ez formagatik, edo ez soilik horregatik, baizik eta modaren edo kalkuluaren ondorio izan daitekeen neurrian: adibidez, Kirmen Uribek aitortu zuen, elkarrizketa batean, bere azkeneko nobelaren defentsan nolabait, Arequipako Hay literatur David Foenkinosek esan ziola hori dela gaur egun Frantzian “egiten dena”… Zalantzarik gabe, hori, nazioarteko joeren barruan kokatzea, inportantea izan daiteke egile batzuentzat, baina bere arriskuak dauzka orobat…

Edonola ere, eta alor horretan lan onak egin daitezkeela onartuta ere –nik oraindik ez dut Elkarrekin esnatzeko ordua irakurri, beraz, ezin dut ezer esan liburuari berari buruz–, ez-fikzioa delakoarekin gertatzen dena, funtsean, autofikzioarekin edo autobiografismoarekin bezala, da susmagarria iruditzen zaidala “benetako gertakarietan” oinarrituarekiko lilura hori, gu hunkitzeko edo lanari balore gehigarri bat emateko erabil daitekeen neurrian, izan dezakeen balore literarioaren gainetik alegia; Fargo bezalako aspaldiko filma egitean ohartu ziren horretaz jada, eta zentzu horretan atariko azalpen faltsua ironikoki erabili zuten Coen anaiek.

Ez dakit zergatik gertatzen ari den hori: liburuan badago horren inguruko hausnarketatxo bat, eta Toni Morrison idazlearen aipu argigarri bat. Gure mundu erreala, “post-egiarena”, maila eskaseko fikzioez bete delako, gezur gisakoak alegia, ez asmazio gisakoak? Jendea nekatuta dagoelako gezur horiez, sinetsi nahi duelako? Errealarekiko nolabaiteko lotura lortzeko ahalegina egiteko? Horretarako, ordea, nik uste badaudela, literaturaz aparte, beste formatu eta trama egokiago batzuk: historia, kazetaritza, dokumentala, kronika, soziologia… Ez hainbeste nobela, zeina, hain zuzen, sormen imajinatiboaren lurralde nagusia bihurtua baitzen… Adierazpena pixka bat erradikala da, baina askotan ados nago Virginia Woolfekin, esaten zuenean egiak ez duela inolako zerikusirik literaturarekin.

Zenbateko iraupena aurreikusten diodan? Ez dakit, ziurrenik ez oso handia, moda literarioak gero eta azkarrago igarotzen diren neurrian, turbokapitalismoan… Baina, auskalo, oso gutxitan asmatu ohi dut nire aurreikuspenetan…

IA.- Lehen pertsona plurala darabilzu testu batzuetan, eta Volgako Batelariei eskaintzen diezu liburua. Zure kasuan, zer garrantzi du taldean biltzeak literaturaz pentsatu ahal izateko? Eta, bestetik, taldetasuna taldekeria bihurtuko den arriskua ere beti hor dago. Nola ebitatu hori?

IZ.- Niretzat garrantzi handia izan du: literaturaren plazera banaka gozatzen da, sexua bezala, baina ikasi, ondo edo gaizki, kolektiboki egiten da. Taldea, eskola, tertulia, konziabuloa, irakurle kluba, idazketa tailerra… lan kolektibo hori aurrera eramateko bide ezberdinak besterik ez dira. Eta konplizeak bilatzea are inportanteagoa iruditzen zait gurea bezalako mikrokosmo txikiegian. Nik asko ikasi dut urteotan zehar, Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi, Mikel Ayerbe, Ibon Egaña, Angel Erro eta Juanjo Olasagarre bezalako jendearekin, liburu hau ez zen existituko, edo ez zen berdina izango haiekin topo egin izan ez banu. Eta, ziurrenik, garai horretan idatzi nituen fikziozko batzuei gauza bera gertatzen zaie.

Taldekeria nola saihestu? Ba ez dakit: agian, kariñoaz gain, zorroztasunarekin eta larderiarekin. Norbaiti egia esan behar zaio, mingarria bada ere, adiskideei da; bestela, zertarako nahi dituzu adiskideak? Dena den, ez dakit ze puntutaraino lor daitekeen taldekeria guztiz saihestea; baina ez dut uste, alde horretatik, okerrenak izan garenik ere.

IA.- Euskal Herriko gatazkaren inguruko orri sorta bat ere badago liburuan, eta azken aldian nahiko denbora eskaini diozu Fernando Aranbururen Patria liburuaren arrakasta aztertzeari. “ETAren porrot literarioa” oraindik pendiente dagoela dio Aranburuk. Armagabetzearen atarian, zein dira zure gogoetak literaturaren eta euskal gatazkaren arteko korapilo zahar-berri horretaz?

IZ.- Bueno, Arambururen mega-arrakastarekin gertatu dena, funtsean, da euskarazko literaturan trena galdu dugula Gauzaren gaiaren inguruko azken hitza esateko. Orain arte idatzi dena literaturaren historiaren apalategi hautsez beteetara bidaliko du Patriak, bidali ez badu jada, eta etorkizunean idazten dena, onerako eta txarrerako, Patriaren arabera neurtuko da. Denboraldi batez, behintzat.

Bueno, gaur pesimista samar altxatu naiz, gai horri dagokionean. Nire jarrera argia da, alor horretan, eta leku askotan defendatu dut, nire liburuan eta baita Patriari egin nion kritikan ere: orain arte idatzi dena aldarrikatzen jarraitu behar dugu, edo, hobeto esanda, denetik izan baitugu gure artean, idatzi den literatura ona –ez guztia, duela gutxi Bikila egiten saiatzen zen bezala, are bere nobelak ere aipatuz, bide batez esanda–. Baina nekez izango da gure gai salbaziozkoa, gure sormarka Literaturaren Errepublika Unibertsalean, Jokin Muñozek garai batean aldarrikatzen zuen bezala –aitor dut ni gauza bera pentsatzera heldu nintzela, uneren batean.

Edonola ere, agian ez diogu hainbeste jaramonik egin behar Patriak sartu digun presioari, eta eutsi beharko genioke itxaropenari: ekaitzaren ostean idatziko dela, ziurrenik, gaiari buruzko literaturarik onena. Baina beti ere kontuan hartuz horrek ez duela esan nahi hemendik aurrera idatziko den guztia ona izango denik: gaiaren banalizazioaren arriskua hor dago, Edurne Portelak bere El eco de los disparos liburuan ondo argudiatzen duen bezala, esaterako, Ocho apellidos vascosen kasuan.

Izan ere, erdi brometan nioen euskal nobeloi handia martxan jartzeko azpibatzorde bat eratzearen ideiarena, baina proposamenak badu bere puntu serioa: agian pop kultura propio gehiago egiten saiatu beharko ginateke Euskal Herrian, Ana Malagonek zenbait alditan aldarrikatu duen bezala…

IA.- Zure esaldi bat aipatu nahi nizuke, niri grazia handia egin zidana: “Euskal idazle erretxina –esaldia errendundatena da”. Zu zeu ere erretxina zarela esango zenuke? Eroso zaude liburuan deskribatzen duzun mundu literario horretan duzun paperarekin?

Bai, gero eta gehiago. Imajinatzen dut adina dela, eta gainbehera: fisikoa, mentala eta morala. Dena doakizu eskuetatik, lagunak eta erreferenteak hiltzen zaizkizu, gazteek entzuten duten musika dena berdina iruditzen zaizu… justu zure aitak zure musikari buruz esaten zituen gauza berberak alegia… Gure etorkizuna, orain konturatzen naiz, Javier Marías txiki batzuk bihurtzea da.

Baina aldi berean erretxin kontziente bat izatean uste dut dagoela koska, hots, erretxintasun hori guztiz seriotan ez hartzea. Ze nik beste idazle eta sortzaile asko erretxinduta ikusten dut, baina beldur naiz serioegi hartzen ez ote duten. Eta kontua ez da arrazoia ez dutenik, noski, gehienetan badutela horrela egoteko oinarriren bat, batez ere karrera profesional bati ekin diotenen kasuan. Baina depende zein den zure estatusa, Letren Errepublikan, bitxiago ere iruditzen zait: badaude egile batzuk, goren gorenean daudenak, eta asko kexatzen direnak hala ere…

Beste modu bat erretxin kontzientea izateko da saiatzea, ahal den neurrian, esker oneko erretxindua izaten, eta ez MZZD motako erretxindua (“Munduak Zerbait Zor Dit”), nahiko ugaria, bestalde, gurean. Baina gauza bat da esatea, eta bestea halakoa izaten lortzea…

IA.- Zure liburu guztietan beti dut sentsazio bera: idazlea izaki erabat mixerable, konplexuz betetako, erdi-purdiko, erretxin, bekaitz eta egozentriko da, eta, gainera, enbidiak jota bizi da. Sakonean, zure liburuak ez dira izango jendea idaztera desanimatu eta euskal idazle bakar, eta, beraz, onenaren papera lortu ahal izateko gidaliburu makiabeliko kamuflatu bat, ezta?

IZ.- Jakina, konpetentzia uxatzeko egiten dut. Zenbat eta idazle gutxiago, orduan eta pastel zati handiagoa banatzeko…

Baina orain seriotan, ez dut uste ilustrazio horrek, giza izaeraren parte inportante batena denak, desanimatzen duenik amiñi bat ere. Idazten duenak badakielako hori ere egia dela, bere burua eta giza espeziea ezagutzen duen neurrian.

Izan ere, nahi izatekotan, kontrakoa, euskal literatura salbatzeko idazleen kopurua infiniturantz ugaldu beharko litzateke. Inoiz izan nuen eztabaida hori Hasier Etxeberria zenarekin: berak kritikatzen zuen gehiegi argitaratzen zela euskal literaturan, irakurleak baino gehiago zirela idazleak, eta aldarrikatzen zuen galbahea zorrotzago pasatu behar zutela argitaletxeek; nik erantzuten nion kontrakoa lortu behar genuela, irakurleak ugaltzeko modu bakarra idazleen kopurua esponentzialki haztea zela, irakurle guztiak idazle bihurtzeraino, euskarazko irakurle nagusiak idazleok garen neurrian –ez, bistan denez, euskal literatura gustatzen zaigulako, berez, lehiakidea zertan dabilen informatuta manten gaitezen baizik–. Modu horretan irakurlego zabal bezain fidela lortuko genuke euskal literaturarentzat, nik uste.

IA.- Aipatzen duzu liburuan fenomeno bitxi bat. Diozunez, gaur egun idazteaz apartekoak dira benetan idazle bat idazle egiten dutenak. Gero eta ohikoago da libururik apenas idatzi gabe nork bere burua idazle aurkeztea. Nola azaltzen dituzu halako fenomenoak?

IZ.- Bueno, nik esango nuke kapitalismopeko “industria kulturalen” hazkundearen albo-ondorioetako bat dela. Garai batean, ez horren urruna, idazlea, hots, “profesionala”, horretara dedikatzen zena, gaizki ikusia zegoen, bohemiarekin lotzen zen; sekula inork aholkatuko ez zukeen karrera zen, eta nik esango nuke gure gurasoei edo, ziurrago egoteko, gure aiton-amonen belaunaldikoei seme edo alaba batek idazle izan nahi zuela esan izan balie, gehienek kontra egingo zietela. Hortik garai bateko euskal idazleek bere burua idazletzat aurkezteko izaten zituzten arazoak. Hortik, eta terminoarekiko errespetuagatik ere, nik uste, idazle izatea ez baitzen edozer gauza, garai batean: Saizarbitoriari hori gertatzen zitzaiola pentsatzen dut, adibidez.

Gaur erabat normaldu da, eta ez da harritzekoa, selfiaren eta post-gezurraren garaian, irudiaren eraikuntza aurretiko gauza izatea, idaztearen ekintza beraren aurrekoa alegia.

Gainera, zehatzagoak izan beharko ginateke. Bat idazle da idazten ari den unean bertan, soilik. Elkarrizketa hau ez dizu idazle batek erantzuten, idazle batek egiten ez didan bezala: gehienez idazle izan gara, edo –horren ziurra ez dena– izango gara. Denak gara idazle ohi, azken finean. Ausartuko banintz, terminoa mugatzearen alde egingo nuke nik… Baina, klaro, hain da pollita “idazle” hitza norberaren izenaren ondoan ikustea…

IA.- “Ez goi eta ez doi”. Titulu hori darama euskal literaturari buruz idatzi duzun ataletariko batek. Eta bertan diozuna da euskal literatura, ba, horixe, ez dela ez goi, baina ezta ere doi. Halere, artikulu horretan aipatzen duzun beste puntu bat aipatu nahi nizuke. Hau diozu: “Eskariaren egoerak gehiago kezkatzen nau, eskaintzarenak baino”. Zer esan nahi duzu horrekin? Eta nola lortu eskari horrek gora egitea?

IZ.- Ba goragoko galderaren erantzunean iradoki dudan irakurle guztiak idazle bihurtzeko plan estrategikoaz haratago, aitor dut ez daukadala proposamen argirik. Nekez argudiatu badaiteke ere gure produkzio literarioak urrezko aro bat bizi duenik, ez behintzat gure literatura klasikoaren egoerarekin konparatzen ez badugu, argi dago gauzak okerrago daudela demandaren aldetik. Ez da gure arazoa soilik, baina gurea bezalako tamaina txikiko literaturan egoera hori, zalantzarik gabe, zaurgarriagoa da. Ez dakit nik ba. Irakurle kluben sarea sendotzea? Baina hori, Aingeru Epaltzak behin iradoki zuen bezala, zer da, gure irakurleriaren indarraren seinale, ala gehiago ahuleziarena?

Gakoa, agian, hezkuntzan dago. Baina irudipena daukat, liburuan azaltzen saiatzen naizen bezala, hezkuntza sistemak daukala, neurri batean, erantzukizun ez gutxi fenomeno batean: gazteek euskaraz irakurtzeari uzteko joeran, adin batetik aurrera…

AI.- Literatura maitatzen irakasteko dagoen gogoa aipatzen duzu liburuan, hain justu ere, azaltzeko, literatura maitatzeko asmo horrek frogatzen duela literaturari ez zaiola garrantzirik aitortzen; adibidez, ez delako sekula erakusten matematikak maitatzen: matematikak irakatsi egiten dira. Zer ondorio negatibo ditu zure ustez joera horrek? Esate baterako, aipatzen duzu eskoletan gaztelerazko adarrean literatura maila altuagoko liburuak ikasten direla, eta euskarazko adarrean, berriz, erraz irakurri eta gustuko izango dituzten liburuak jartzen direla.

IZ.- Arazoa da literatura beti egon dela instrumentalizatuta, modu batean edo bestean. Guri irakatsi ziguten Literatura Espainiarra Nazio Espainiarraren Eraikuntzaren zutabeetako bat izateko diseinatuta zegoen, alferrik, ikusi den bezala; hori ere ez zen kontua, ez bidea, ziurrenik. Baina behintzat egiten zen aukeraketa bat, halako eraikuntza loriatsu batean zeinetan parte hartu zezaketen obren multzoa kalitatearen arabera ebazten baitzen. Literaturaren irakaskuntza mota horrek, Izpiritu Nazionalaren Formakuntzak bezala, porrot egin zuen alor politikoan, ziurrenik, baina irudipena daukat alor literarioan behintzat aztarna bat uzten zuela.

Kontua da gaur literaturen irakaskuntza gehiago zuzentzen dela, alde batetik, hizkuntzaren baliabideen garapenera, eta, bestetik, eta horrekin lotuta, entretenimendura: hizkuntza nola egoki erabili ikasteko makulu bat bihurtzen ari da literatura, gramatikaren luzapen light bat alegia. Eta hortik berehalako plazera ematen duten testu errazak bilatzeko eta ezartzeko joera, literatura ona zer izan daitekeen desberdintzeko tresnak eskaini ordez. Mundu guztiak irakurzale izan behar duen mitoa  kendu beharko genuke burutik, agian, mundu guztia injineru nuklear edo geriatra izatera helduko ez den bezala, eta are gutxiago disziplina horiek maitatzera. Literaturarekiko maitasuna, ordea, inposatu nahi zaigu eskolatik –eta inposatzen digutenei, askotan, ez diegu liburu bat eskuetan ikusten, gainera.

Ez dakit ulertzen zaidan.

Agian, eutsi nahi badiogu irakurzaletasuna sustatzearen kimera horri bi asignaturatan zatitu beharko litzateke kontua: irakurketa (non gauza arinak zilegi lirateke, ziurrenik) eta literatura (sakontasun minimo bat izan beharko zukeena).

Beste asunto bat, horrekin lotuta dena den, gaztelaniazko testuen eta euskarazkoen arteko desorekarena da. Zalantzarik ez, badu zer ikusirik gure hizkuntzaren egoera diglosikoarekin. Baina hala ere oso nabarmena da, eta ez du jokatzen euskarazko literaturaren alde, ze batean Jon Arretxe eta bestean Fedor Dostoievski ipintzen badiote ikasleari, ez da harritzekoa benetako literatura espainolez aurkituko duela sinesten amaitzea izan daitekeela emaitza… Tira, neurri batean egia dena, gaztelaniazko edo frantsesezko ugaritasun eta aniztasun konparatibo beti ere handiagoa kontuan hartuta. Baina, hala ere…

IA.- Euskal literatura behar bezalako bat sortzeko neurri sorta bat proposatzen duzu liburuan. Nahikoa gauza erraza. Denboraren makina bat asmatu behar litzateke soilik diozunez, eta horri esker, Shakespeareren poemak lehenik euskaraz publikatu, Iruña-Veleian euskarazko haiku batzuk idatzita utzi, Axular ipuinak idaz ditzan konbentzitu, euskara batuaren sorrera 1780ra aurreratu, industria iraultza 60 urtez aurreratu, bertsolari hilketa selektibo bat egin, eta listo euskal literatura fundamentuzko bat edukiko genuke. Zergatik uste duzu ez duela inork orain arte egin, hain erraza izanik? Hain desastrea al da benetan euskal literaturaren historia? Eta hala bada, kasik milagro bat izan liteke egungo literaturak bizi duen egoera, ez?

IZ.- Ni horretan, Ramon Saizarbitoriaren iritzikoa naiz, esaten zuenean, Bost idazlen, literaturaren ikuspegitik ez ziela ikusten klasikoei inolako interesik, eta non beste laurek, oso serio eta duin, aurpegia ateratzen zieten klasikoei, sikiera euskara literarioaren erabilpenaren ikasketaren ikuspuntutik. Erabilgarritasun bat gero eta eztabaidagarriagoa dena, bide batez esanda, egungo jatorrizko lanen eta itzulpenen eztanda txikiak utzi digun ondarea kontuan hartuta, Ibon Sarasolak bere Bitakora kaieran ondo argudiatzen duen bezala. Euskararako itzulpenek garrantzia berezia dutela esango nuke, gaur egungo panoraman, Bernardo Atxagak azken aldi honetan azpimarratu izan duen bezala, arrazoi osoaz.

Eta bai, niri ere mirari bat iruditzen zait azken berrogeita hamar urtetako ibilbidea, eta batez  ere 1960ko eta 70eko hamarraldietan lan egin zuten idazle pioneroen lana, ondoren etorri den guztiaren oinarri. Ziurrenik ekuazio kasik ezinezko baten ondorio delako: diktadura glotozida batek eragindako urgentziazko egoera + diktadurak berak 1960ko hamarralditik aurrera utzitako espazioak (hilzorian zegoen euskaraz idazten zena ez zen gaztelaniaz egiten zena bezain inportantea, zentsuraren begietara) + euskarak mota guztietako abangoardiarekin bat egitea,  ziurrenik Historian lehenengo aldiz + idazle eta militante belaunaldi estraordinario bat = Euskal Literatura Garaikidea.

IA.- Euskal literaturaren egoera onena, noiz eta literaturak kontsiderazio soziala inoizko baxuena duenean.

IZ.- Bai, ekuazioak, kasu honetan, alderantziz funtzionatu duela ematen du: miraria gauzatu zen literaturaren prestigioa bere gorenenean zegoen unean, eta horregatik ere gertatu ahal izan zela esan dezakegu. Baina orduz geroztik, ikuspegi horretatik, gainbehera izan da nagusi, askotariko kausen ondorioz: entretenimenduaren kulturaren zabalkuntza gero eta handiagoa, ikus-entzunezkoen metastasia, postmodernitateak ekarritako goi eta behe kulturaren arteko konfusioa… Izan ere, ni neu ere PSParen garaian jaio izan banintz ez dakit ze puntutaraino bihurtuko nintzen irakurzale, eta, ondorioz, idazle… Zalantza handiak dauzkat…

IA.- Zuk zeuk aitortzen duzunez, liburuko azken partea da ezkorrena, hain justu ere literaturari buruz eskainitakoa, literaturari orohar. Patrick Ourednik idazle txekiarrak aipatu zuen Donostian eskainitako hitzaldi batean, bere ustez, etorkizunean oso gauza minoritarioa bihurtuko dela literatur zaletasuna. Gero eta gutxiagok irakurriko dutela, baina hori ere ez dela asaldatzekoa, dioenez, salbuespena baita azken mendeetan liburuek izan dute pisu soziala. Zuk ere uste duzu norabide horretan joango dela literatura?

IZ.- Bai. Klub sekretu bat bihurtuko da, garai batean bezala: kontua da orduan alfabetizazioaren mugek zer ikusia zutela horrekin, eta orain hori ez dela inolaz ere faktore bat izango, ez behintzat analfabetismo klasikoa. Baina, tira, nork daki, izan gaitezen optimistak, agian horrela lortuko du berriro erakargarritasuna, epe ertainera edo luzera, eta popularra bihurtzen joango da atzera, ondorioz… Badakigu zerbait entzute handikoa bihurtzeko, lehenengo kultuzko zerbait izatearen fasetik igaro behar dela, pop musikan gertatzen den bezala…

IA.- Ez dago oso modan kanonaren ideia, baina zuk behin eta berriz defenditzen duzu, munduko kakotx ikur guztiak jarrita ere, baina defendatzen duzu. Zer ekarri du kalitatearen ideiaren lausotzeak?

IZ.- Denak balio duenaren ideiaren zabalkuntza. Kanonak, denok dakigu, muga oso jakinak ditu, eta akats asko, baina inoiz Ur Apalategiri ulertu niola uste dudan bezala, badu bere alde onik, haren kontra egiteko euskarri bat eskaintzen duelako sikiera; alde horretatik, ni kanon berrikusi baten alde nago, hots, kanon klasikoen ikuspegi eurozentrista eta androzentrikoen eskrezentziez garbitutakoa. Denak balio duen totum revolutum egoera batean gutxi egin daiteke, ez dagoelako kategorizaziorik, ez onerako, ez txarrerako. Eta, behin berreginda, berriro erasotu ahal izango genuke kanona, zer esanik ez…

IA.- Zure esaldi bat: “Orain helburua da zer egin daitekeen literaturarekin literatura bera baino gehiago”. Niri Donostia 2016 etorri zait burura, Bilboko hirigintza transformatzeko kulturaz egin den erabilpena… Badirudi horrantz doala mundua, eta, inpresioa dut, gainera, sortzaile askok gustuz onartu dutela hori. Zer suposatzen du desplazamendu horrek zure ustez?

IZ.- Lehen hezkuntzan literaturak daukan erabilerari buruz hitz egin dut, testuak sortzeko lagungarri bezala, gramatikaren makulu bezala. Baina desplazamendu hori haratago doa, noski, eta suposatzen duena, funntsean, da kapitalismoa, edo merkatu ekonomia, deitu nahi bezala, horrelakoa dela, eta zaila dela hortik irtetea, sartuta gaudelako, alde guztietatik blaitzen gaituelako; gauzatzen ari garen ekintza hau berau, elkarrizketa hau, liburu baten promoziorako da, liburu hori gehiago ezagutaraztea eta saltzea du helburu, besteak beste. Kapitalismoak dena okupatzeko joera du; merkatu ekonomiak, etengabe zabaltzekoa. Lehenengo urruneko merkataritza eta banka izan ziren, gero nekazaritza, ondoren, kotoigintzatik hasita, manufaktura; gero eta gehiago, oro har erreproduktibotzat hartzen diren jarduerak, jakien prestakuntza edo zaintza bezalakoak… eta hor kokatzen da kultura ere, salgai hutsa bihurtu dena… edo bestelako salgaiak, bestelako ondasun eta zerbitzuak saltzeko bitarteko bat: zenbat poeta ez dago publizitatearen munduan, esaterako? “Bekadunen” bitarteko esplotazio kapitalistaren gune gorenetako baten, hots, gure goi sukaldaritza deitutakoaren enpresa baten gorespena egiteko literatur lanak enkargatu –eta idatzi– diren herri batean bizi gara…

Tira, bere abantailak baditu, ez pentsa, merkatuak libratu baitzuen “artista” erregeen eta jaun feudalen menpekotasunetik, babeslearekiko losintxa desagerrarazi zuen literatur genero gisa, propagandismo aristokratikoa literaturatik ezabatu zen. Baina beste morrontza batzuk sorrarazi ditu, zer esanik ez: publiko zabalarekikoa, esaterako, are sistemarekiko errebeldia kulturala/literarioa negozio bihurtzeraino, kontrakulturaren edo Žižek bezalakoen adibideek adieraziko luketen bezala.

Zorionez, gure literaturaren tamainak berezko joera horiei guztiei mugak ipintzen dizkie, Eider Rodriguezek noiz edo behin azaldu duen bezala, euskal ipuingintzaren egoeraren kasua azaltzean adibidez.

Eta, jakina, horri guztiari aurre egiteko, edo behintzat kolpea amortiguatzeko modu asko daude, orobat; argitaletxe txikien ekimena etortzen zait burura, adibidez, Edo! edo Pasazaite bezalakoena. Baina, tira, agian ni ez naiz egokiena halakoen inguruko aldarrikapena egiteko…

astiz zaldua loraldia bilaketarekin bat datozen irudiak

Uxue Apaolaza: “(Euskal) Literaturaren alde (eta kontra)” liburuaren aurkezpenerako hitzak

[Testu hau Uxue Apaolaza idazleak irakurri zuen (Euskal) Literaturaren alde (eta kontra) nire saiakeraren aurkezpenean, Donostiako Elkar liburu dendan, 2016ko azaroaren 23an; bihotzez eskertzen diot blogean zintzilikatzeko baimena eman izana. Nota bene kritikak.armiarma.eus webguneko arduradunentzat: hau ez da kritika bat, aurkezpen testu bat baizik, beste genero batekoa beraz. Diot, ustekabean idatzia pikatu eta hemendik hilabete –edo urte– batzuetara bertatik ezabatu behar izan ez dezaten…].

Lehenengo eta behin, hemen egotea niretzat ohore bat dela esango dut, bertigo pixka bat ematen duen arren Ibanen mailako norbaiten liburu bat aurkezteak. Nola gertatu da hau? Kantu hura parafraseatuz, zer ari da ni bezalako neska bat, honelako leku batean?

Ibanek Volgako Batelariei eskaini die liburua. Hori bada pista bat. Ni berandu sartu nintzen taldean; ziur asko, blogaren gainbehera hasi zen garaian (zuek atera ondorioak). Eta hala ere, kazetari batek niri eman zidan gure artean hain preziatua zen titulua: taldeko floreroarena. Hainbeste lehiatu gara titulu hori lortzeko, ea idazletasunari nola eutsi ahalik eta gutxien idatzita, ezen batzuk ia agrafotasun publikora iritsi garen. Baina ni naiz taldeko floreroa, eta agian horregatik nago hemen, florero lanak egiten (euskal letretako bi idazle emankorrenen artean), eta horregatik beharbada ez da Volgalari gehiago etorri, oso konpetitiboak baikara gure artean. Eta beharbada, arrazoi beragatik idatzi du liburuko hitzaurrea ez volgalari beteranoetako batek, baizik eta bere burua Volgako batelarien fan klubeko zuzendari autoizendatu duen Mikel Ayerbek (bera bai, etorri da).

Txantxak alde batera utzita, liburua Volgako Batelariei eskaini izanak zentzua duela iruditzen zait, liburuaren tonua kontuan hartuta. Talde hark utzi duen lagun taldearen email kateetan euskal literaturaz (eta abarrez) hitz egiten den girotik baduelako liburu honek (inoiz ezagutzera emango ez diren email segidak, espero dut, gu guztion segurtasun fisikoa arriskuan bailegoke bestela). Irakurlea zirikatzen duen arren, lagun baten konplizitatez egiten du: kode batzuk konpartitzen dituen irakurle bati hitz egiten dio, beraz, ez da familia osoarentzat liburu bat. Irakurria den irakurleari ari zaio Zaldua, irakurle, ez dakit hitza elitista den, kontentagaitza hobe, irakurtzeak kontentagaitz egin duen irakurleari.

Eta, noski, horrekin oso lotuta dago egiten duen umorearen aldeko apustu garbia, umore mota baten aldekoa. Ez algararena. Aipatutako konplizitate hori oinarri, irribarre egiteko umorea da, baina ez da umore alaia, edo ez beti. Maite dituen gauzen komikotasuna agerian uzteko trebetasuna du Ibanek, dogmari ihes eginez bezala; ziurtasunak, normaltasun sentsazioa apurtzekoa. Ibanek zerbait egiten baldin badaki, bere buruaz barre egiten da, eta euskal literatura bere parte da dudarik gabe. Barre egiten dakiela esatea baino egokiagoa da beharbada, bere adimenak eta sentikortasunak hartara kondenatzen dutela esatea. Bada liburu bat, Flaubertek bere maitaleari idatzitako gutunak biltzen dituena eta pasarte batean hau dio: “… nere ustez, bizitzan ironia da nagusi. Zergatik negar egin dudanetan, maiz, joan naiz ispiluaren aurrera, nire burua ikustera? Norberaren inguruan hegan egite hori izan daiteke bertute ororen iturria. Nortasunetik erauzten zaitu, hartan atxiki beharrean. Mugara eramandako komikotasuna, barre eginarazten ez duen komikotasuna…”. Ildo horretan doa hein batean Ibanena ere. Bere burutik, euskal literaturatik irteten da, eta umorez jantzita itzultzen digu.

Iban errealitatearen izendatzaile eta ordenatzaile bat da. Gehienetan fikzioaren bidez. Ikustea kostatzen zaiguna, batzuetan deserosoa zaigulako, ikusarazten digulako, izendatzen duelako. Juan Antonio Gonzalez Iglesiasek Un ángulo me basta liburuko poema batean, “Arte poética” izenekoan, dioena egiten du. Si no quieres quedarte a mirar la tormenta yo la miro por ti. Baina lehen aipatutako umorez, maite duen norbaiti hizketan ari balitz bezala, oso berea den zerbaiti buruz.

Begiratzaile hain argia izatea ez da zenbaitetan doan ateratzen. Idazle kamikaze xamarra dela esatera nindoan, baina ez da hori: Zaldua ez doa hiltzera. Zuzenagoa da beharbada errealitatea a porta gayola hartzen duela esatea. Bestalde, historialaria delako ere bai agian, gauzak ordenatzeko beharra dauka. Elkarrizketetan entzun/irakurri izan diot beretzat garrantzitsua irakurtzea dela, dena idatzita dagoela eta, beretzat, idaztea ez dela irakurtzea bezain garrantzitsua (nahiz liburutegitik etxeratu eta tekleatzen jartzen den, berak dioenez, inbidiaz ziur asko). Normalean Ibanek gezurrak idazten dituenean ere egia esaten badu ere, baieztapen hori ez diot sinesten. Ibanek bizitzaren/munduaren desordena, logika falta, koherentzia falta, bidegabekeriak… izugarrizko inpotentziaz bizi dituela esango nuke, eta gure zorionerako, inpotentzia horri ihes egin beharrean, aldarrikatu egiten du, denok ikusteko/ulertzeko moduan ordenatu ondoren. Normalean fikzioaren bidez. Oraingo honetan saiakeratxoen bidez.

Gaur egunari idazten dio Ibanek, historialari on gisa, gaur egunak segituan kolpatzen baitu bera, eta berehala ematen digu inguratzen gaituenaren kronika: horren adibide dira euskal literaturari buruzko saiakeratxo hauek, ez baitira libururako idatziak, unean unean argitaratuak baizik, une horretan kolpatu duenari erantzuteko. Baina gauzen funtsa ikusteko azkartasun hori mantso eratutako jakituria baten ondorioa da, bat ere bat batekoa ez den aurretiko eskema interpretatibo batena. Bestela anekdota gisa pasa daitezkeen kontuei testuingurua eta zentzua ematen die Ibanek, eta horrela ematen die dagokien garrantzia. Beraz, egia izango da berak dioen eran dena idatzita dagoela, baina gaur eguna gaur bakarrik gertatuko da gaurko moduan, eta norbaitek izendatu behar du gaur egun hori dagokion ñabardura jarrita, kontraesanari dagozkion izen-abizenak emanda: horretarako behar ditugu Iban Zaldua bezalakoak.

Liburu honetan errepikatzen den Ibanen beste konstante bat laburtasunaren aldeko apustua da. Horretan bere ipuinen oso antzekoak dira liburu honetan bildutako saiakeratxoak, erritmoaren aldetik, ekonomiaren aldetik, bizitasunaren aldetik. Laburtasun horrek irakurle gisa akats bat egitera eraman gaitzake: dena kolpetik irakurtzearena. Egia esan, liburua nahigabe irentsi baitezakegu. Erritmoak harrapatu egiten zaitu eta, Ibanen ironiarekin bat egiten baduzu, liburuan geratzeko gogoak harrapatzen zaitu eta nahi gabe pasatzen dituzu orrialdeak. Baina irakurketa pausatuago bat egokiagoa dela iruditzen zait, Ibanen laburtasuna orriak alperrik ez betetzearekin lotuta baitago, eta ñabardura asko gal daitezke denak kolpetik irakurrita.

Bukatzeko, liburuez aritzeko gehiegi erabiltzen dela iruditzen zaidan hitz bat erabiltzeko tentazioa dut. Ausarta. Unibertsitatean ikasle nintzela izan nuen nik Iban Zalduaren berri bai irakasletzat, nire irakaslea zelako, bai idazletzat: taula gainean ikusi nuen lehen aldian, Gerardo Markuletarekin ari zen “Poesiaren alde, poesiaren kontra” emanaldian. Polemizatzen ezagutu nuen, beraz, bere klaseak ere eztabaida konstante bat zirenez. Aierbek hitzaurrean Rafael Reig aipatzen du liburuaren harira, eta niri, gogora etortzen zaidana Chestertonen (liburuan aipatzen da idazle hori) eta Bernard Shawren arteko eztabaida bat da, liburu batean jaso zena. Nik gazteleraz irakurri nuen: ¿Estamos de acuerdo? izena du eta oso dibertigarria da. Bi idazleek kontzesiorik gabe eztabaidatzen dute, elkar zirikatuz, gauzei dagozkien izenak jarrita. Eta Ibanek izen-abizenak jartzen ditu bere liburuetan. Horregatik izan dut “ausarta” adjektiboa erabiltzeko tentazioa, gurean zaila delako aipatu dudan Ibanen eta Markuletaren emanaldian edo Chestertonen eta Shawren liburuan sumatzen zen giroa aurkitzea: eztabaida umoretsua, baina zorrotza… Niri gustatuko litzaidake Ibanen saiakeren erantzunak irakurtzea, bertan aipatutakoek (aurkezpenera gonbidatuta egon behar lukete) edo beste edonork maila bereko erantzun ironiko, zorrotz eta burutsuak ematea. Horretarako gai bagina, ez nuke “ausarta” adjektiboa erabili beharko, estimulatzailea, gogo-pizgarria, dibertigarria… erabiliko nituzke. Eta liburua hala dela iruditzen zait: argigarria, zirikatzailea, gogo-pizgarria, adimentsua eta dibertigarria.

Ni desiatzen nago volgalari ohien email-katean gaurkoaren kronika nola egiten digun irakurtzeko. Beharbada, zuek ere irakurriko duzue hurrengo libururen batean.

Inline image 1

Saio literarioen (eta, batez ere, saiotxo literarioen bildumen) kontrako manifestua

[Testu hau (Euskal) Literaturaren alde (eta kontra) liburuaren Donostiako aurkezpenean irakurri nuen, 2016ko azaroaren 23an].

Saio literarioak mesfidantzaz hartzeko moduko liburuak dira, gutxienez. Are gehiago saio horiek manifestu, dekalogo eta testutxo askotarikoen bilduma badira. Nik uste dut irakurle potentzialak gaztigatuta egon behar duela mota honetako liburuen salmenta-kanpainen aurrean, eta horregatik ausartuko naiz, apalki, horren inguruko ohar hauek zerrendatzera.

1.- Lehenik eta behin, nork irakurtzen ditu saio literarioak? Izan gaitezen errealistak: ia inork ez. Hiztun ugari dituzten hizkuntzetan literaturari buruzko literatura oso minoritarioa da; ba euskaraz areago. Nik abisatu diet argitaletxekoei, badaezpada, baina ikusten duzue: ez didate kasurik egin, eta damutuko zaie.

2.- Izan ere, mota honetako lanak autoerreferentzialegiak dira, kasik onanistak. Bueltaka eta bueltaka ari dira berez azalpen gehiegirik beharko ez lukeen zerbaiten inguruan, fikzio idatzien ekoizpenaren inguruan. Fikzio horiek ugariak bezain onak izango balira sikiera…! Baina irakurle elebidunak euskal literaturari dion atxikimendua (eskasa) kontuan hartuta, agian gure indarrak fikzio horien sorkuntzan kontzentratu beharko genuke, eta ez fikzio horien inguruko hausnarketan…

3.- Liburu mota horren portzentaje handi(egi) bat aldez aurretik han-hemenka argitaratutako testu birziklatuz osatuta dago. Eta, ondorioz, liburu berri batek bete beharko lukeen lehenengo baldintzari uko egiten dio hasieratik, berritasunari berari hain zuzen ere.

4.- Izan ere, halako zenbat bilduma, izan ala ez literaturaren ingurukoak, ez ote dira egilearen ahalegin hutsak merkatuan bere presentzia nabarmentzeko, (literaturgintzan) lan egiten ari ez delarik hain zuzen ere? Begiratu, gaurko aurkezpeneko egilearen kasuan, zein datatan argitaratu ziren Obabatiko tranbia eta Animalia disekatuak, beraren aurreko saiotxoen bildumak, alegia: orri zuriaren sindromeari ihes egiteko ahalegin patetikoak baino ez balira?

5.- Liburu mota horrek anakronismoan erortzeko duen arriskua biziki handia da, gainera. Azken finean, jatorrizko artikuluetako asko testuinguru, zirkunstantzia, irakurketa eta bulkada oso berezien mende idatzi eta argitaratu ziren, denborarekin lausotu edo indarra galdu dutenak. Funtzionatuko al dute orain eta hemen? Irakurlea lerroen artean leitzera behartzea ez da sekula ideia ona izan.

6.- Eta, edonola ere, zertarako liburu formatuan ipini jadanik (neurri handi batean) sarean zintzilikatuta dagoena?

         6.1.- Zer lortu nahi dugu: irakurlea kaxatik pasaraztea, sarean debalde dagoen zerbaitegatik, ala?

         6.2.- Eta, okerrago dena, planetaren zauri ekologikoa areagotu, lehen bit soil eta kaltegabeak zirenak liburu eta, ondorioz, paper, eta ondorioz, egur-ore eta, ondorioz, baso soildu bihurtuta…

7.-Azkenik, baino ez garrantzi gutxiagokoa: baldin eta testutxo horien (edo, behintzat, horietako batzuen) helburua kritikoa bazen, eta kritikatua (pertsona, animalia edo gauza) mintzeko arriskua bazegoen, zertarako berritu zauria, kontuan hartuta (gogoan izan gorago esan dena balizko anakronismoari buruz) osoki edo partzialki ahaztuta eduki ditzakeela kritika horiek? Ez al da alferrikako sufrimendua eragitea, armak etab. isildu diren garai itxaropentsu hauetan?

 

*************************

Dena dela, ondo pentsatuta, eta aurreko zazpi eragozpen horietatik abiatuta, eragozpenei eragozpenak jar dakizkiekeela bururatzen zait orain, eta aldeko zentzu batean irakur daitekeela saioen bildumen aurkako manifestu hori:

a.- Lehenengo puntuko erregelari jarraiki (“minoritarioa denez, are gehiago euskaraz, zertarako argitaratu?”), egiazki, ez litzateke ia ezer argitaratu behar euskaraz, salbu eta agian Haur eta Gazte Literatura (edo helduentzako literaturaz mozorrotutako Haur eta Gazte Literatura, genero gero eta ugariagoa bide batez esanda), hori baita ondo samar saltzen den bakarra. Benetako literaturatzat har genezakeen ia guztia desagerraraziko lukeen neurri erradikala, zinez. Beraz, zergatik ez argitaratu, ia edozein euskal liburuk bezainbesteko zabalkuntza (urria) izango badu?

 b.- Ados, ariketa masturbatorioa izan daiteke. Baina ez al da gure hezkuntza oro har jesuitikoaren ondorio onanismoaren aurkako aurreiritzia? Izan ere, Durangoko azoka, salduenen zerrendak, Sautrela edo Sarrionandiaren argazki ustelgabearen antzera, euskal literaturarekiko sinesmena mantentzeko beste simulakro bat besterik ez dira literaturaren inguruko saioak, eta badakigu simulakroak oso beharrekoak direla;  Nietzschek zioen bezala, “artea daukagu egiak hil ez gaitzan”. Eta euskal literaturaren inguruko literatura egiten dugu euskal literaturaren existentzian sinesten jarrai dezagun.

c.- Nola ausartu naiz birziklatzearen kontra hitz egitera, non eta Gipuzkoako lurraldean? Literatura ekosistema bat da, orobat, eta, ondorioz, ekonomia zirkularraren printzipioak onartu beharko genituzke harentzat ere. Literaturaren aldarri nagusia da, alde horretatik, berrirakurketa. Roland Barthesek, ez alferrik, berrirakurketa goratzen zuen, gure gizartearen ohitura ideologiko eta komertzialen aurkako operaziotzat hartzen zuen neurrian: testuak “irenstera” eta, berehala, zakarrera botatzera bultzatzen gaituzten ohituren aurkakotzat hain justu ere.

 d.- Izan ere, osasuntsua al da, idazle gisa, etengabe produzitzen aritzea, eta urtero liburu berri bat (edo gehiago) argitaratzea? Zertara garamatza ultraproduktibismo horrek guztiak, hutsaltasun kapitalistara ez bada (kasurik onenean), edo ideia originalen amaierara eta nahi gabeko errepikapenera (okerrenean)? Errepikapena, egitekotan, izan dadila guztiz kontzientea. Eta zer hobeto presio horietaz atseden kritikoa hartzeko, antzinako lanen bilduma osatzea baino?

 e.- Anakronismoa ez da horren bekatu larria, literatura bezalako arte berez anakroniko batean. Gainera, bilketak testuak eguneratzeko aukera ematen du, edo bere testuinguruan kokatzeko gutxienez. Eta hori, azken finean, bada anakronismoaren aurkako antidoto nahikoa eraginkorra.

 f.- Seigarren puntuan ere arrazoia nuen: mota horretako bilduma batean irakurriko diren testuetara irismen erraza dago internetetik.

         f.1.- Ez dezagun ahaztu, ordea, zanga digitala uste izaten duguna baino sakonagoa dela, baita gurea bezalako ekonomia turbokapitalista batean ere.

         f.2.- Ingurumenari egindako zauriez ari garela: Sareak globalki eragindako argindar gastua debalde ateratzen al zaio Naturari? Liburu analogikoak (erlikia horiek!) argitaratzea baino (ekologikoki) merkeago? Ziur?

         f.3.- Gainera, gure zibilizazio dontsua desagertzen denean (gerra nuklear batek edo apokalipsi zonbi batek suntsitua) bizirauteko aukera gehiago izango du liburu bat bezalako objektu material ziztrin batek, eterrezko hodeietan metatutako bit horiek guztiek baino…

 g.- Zauria berritzearen alferrikakotasuna? Optimistegia izan naiz eragozpen hori paratzean: idazle batek ez du sekula ezer ahazten (laudorioak izan ezik, noski). Kaltea eginda dago jada. Eta, gauzak horrela, zer demontre, hobe aurretik joatea, azpildurarik gabe, ezta?

 

[Eta honekin nahikoa dela uste dut. Izan ere, honezkero badaukat hemendik bost edo hamar urtera, alferkeria literarioko nire hurrengo aldian, zalantzarik gabe argitaratuko dudan nire hurrengo saiotxoen bildumarako lehenengo atala…].

 

aazala