Borondatea

[Atzo, 2022ko martxoaren 28an, Euskadi Irratiko Faktoriako Hiruhortza sailean testu honen bertsio pixka bat laburragoa irakurri nuen].

Uxue Apaolaza gazteez eta hezkuntzaz aritu zen aurrekoan, haientzat hezkuntza izan daitekeen kartzelaz. Eta beste zerbait esaten zuen, osasun sistemaz, niri oso esanguratsua iruditu zitzaidana: “‘Zer behar dugu?’ galdetuta ‘sistema publikoa indartzea’ erantzuteko arriskua zegoen”.

Eta horrek eraman nau pentsatzera egunotan (eta hilabeteotan) eztabaidatzen ari den euskal Hezkuntza Lege berriaren aurreproiektuaz. Horrenbesteko kontsentsu politikoa lortu duen horren inguruan, EAJk eta PSEk ez ezik, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere sostengua eman baitiote.

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma, (besteak beste) segregazioarekin arduratuta dauden beste elkarte batzuk bezala, kezkatuta agertu da eskola itunduaren (edo kontzertatuaren) nagusigoa berresten duen lege honekin. Eskola kristauetako eta ikastoletako arduradunak pozez zoratzen dituen akordio batez mesfidatzeko motibo aski dituztela uste dut.

Ezkerreko partidu politikoak kontsentsura bildu dira eskola publikoa “ardatz” izango den promesarekin. Baina hitzak ez dira ezer borondaterik ez badago. Eta, orain arte, eta azkeneko hamarkadatan, ez da borondaterik egon. Izan ere, orain arteko marko legalarekin praktika batzuk, kuotak kobratzea adibidez (segregazioaren bektore inportanteenetako bat izan dena), debekatuta zeuden, berez. Baina administrazioak toleratu ditu. Borondatea.

Arazoa ez baita soilik eskola kontzertatua, ze hezkuntza mota nahi dugun baizik. Administrazioak ere sare publikoa erabili duelako, komeni izan zaionean, sozialki segregatzeko. Borondatea, diot berriz ere.

Ez zait nire anekdota bildumatik tiratzen ibiltzea gustatzen, baina uste dut gaurkoan pertinentea izan daitekeela. Segregazioaren gaia ematen du berria dela, baina aditu batzuk ari ziren horretaz abisatzen duela hamabost urte baino lehenagotik. Eta guk gure alaben eskolan ikusten genuen: A ereduko Gasteizko zentro bat, oso segregatua zegoena, D eredura aldatu genuen, bertako gurasoon eta langileen ahaleginaz. Baina denborak aurrera egin ahala, segregazioa murrizten joan bazen ere, eskolak ez zuen islatzen auzoaren osaera soziala: ijitoek eta etorkin berrien seme-alabek jarraitzen zuten proportzio handienak izaten, auzoan zuri klase ertainekook edo klase ertain gurakoak nagusi izan arren.

Probintziako hezkuntza ordezkaritzakoei deitzea erabaki genuen halako batean, ikusteko zer gomendatzen zieten gurasoei. Gipuzkoatik heldu berria nintzen aita euskaldun moduan aurkeztu nintzen, zuri klase ertainekoa nintzela ulertzen zen, eta gure auzoan etxea hartu berri, umeak ze eskola publikora eraman zalantza neukala. Hots, Borgesen “Emma Zunz” ipuinean bezala, funts-funtsean egia zen dena, “zertzeladak, ordua [kasu honetan urtea] eta izen propio bat edo beste ziren soilik faltsuak”.

Delegazioko langileak auzotik kanpo dagoen eskola bat aipatu zidan. Nire aldetik auzoko gure eskolaz galdetu nion eta berak, argi eta garbi, esan zidan eskola hori (gurea) ez zidala “gomendatzen” (nire bikotekideak ere proba egin zuen, beste egun batean, eta berari erantzun zion ez zegoela tokirik eskola hartan, guk tokia soberan bazegoela genekien arren). Berehala konturatu nintzen, nirekin jatorri eta klase “konplizitateak” bultzatuta, “aukera hobea” eskainia zidala. Eta horrela ulertu genuen, partean, nola eraikitzen zen segregazioa. Inon idatzita ez dauden prozedura informalak etengabe gertatzen dira.

Langileak borondate onarekin eman zidan aholkua, ziur nago. Horregatik iruditu zitzaigun are kezkagarriago.

Hezkuntza Legeak hainbeste kontsentsu badauka, susmatzen dut, da segregazioarekiko tolerantziak kontsentsu handia daukalako euskal gizartean. Euskal gizarte zuri klase ertainekoan, edo klase ertain gurakoan. Ez zaigu arazo inportantea iruditzen. Ez dugu nahi gure umeentzako segun eta norekin elkartzea, geletan eta patioetan.

Eta kito.

[Amaierarako kanta bezala Supertramp taldearen “School” aukeratu nuen, 1974ko Crime of the Century albumetik]

Europa, Europa

[Aste honetan kolaboratzen hasi naiz, iritzi-zutabe batekin edo, Euskadi Irratiko Faktoria saioan, hiruki bat osatuz Uxue Apaolaza eta Alaine Agirrerekin Hiruhortza atalean, hiru asterik behin beraz. Hauxe da irakurri nuen lehenengo testua, hemen entzun dezakezuena].

Uxue Apaolazak, lehengo asteleheneko bere hiruhortzan, hauxe zioen: “Elkartasun beharra errazago ikusten dugu jokoan gure senideak daudenean. Ez direnean, tira, elkartasun deiak malgutzen zaizkigu”. Europari buruz ari zen, besteak beste: gure Europa hiperzibilizatu honetan etorkinak, etorkin pobreak noski, tratatzeko dugun eraz.

Eta horrek eraman nau Europaren gaira. Modu saihestezinean, azken astean Europaren ekialdean metatzen ari den guztia gogoan.

Kontua da nik beti nahi izan dudala europazalea izan. Mitoak behar ditugu, bizi nahi badugu, eta beti desio izan dut Europarenean sinestea. Badakizue: tolerantziaren ideiaren sorlekua. Ilustrazioaren baloreen itsasargia. Giza eskubideen sehaska. Ongizate estatuaren diseinatzaileen aberrien gaineko aberria. Kontzeptu horiek.

Baina oso zaila jarri didate beti. Historiak oso zaila jartzen dit, oroimenera etortzen zaidalako zein izan zen Europar Batasunaren jatorria: merkatu komun bat besterik ez, gainbeheran sartutako inperio batzuk ekonomikoki salbatzeko helburua zeukana. Politikak oso zaila jartzen dit, Europar Batasunaren eraikuntza herritarrei bizkarra emanez eraman delako aurrera, modu burokratiko aski ilun batean. Eta, batez ere, muga-politikak oso zaila jartzen dit Europan sinestea, Uxuek lehengoan aipatzen zituen migratzaile hilen kopuruak gogoan.

Baina tira, pentsatzen nuen, behintzat azkeneko hirurogeita hamar eta koxka urteetan elkarren artean erailtzeaz babestu gaitu Europar Batasunak: europarren arteko etengabeko sarraskiez libratu gaitu. Zeren eta Europa zerbaitek definitu izan badu, historikoki, horiexek dira, gerra etengabeak: gutxienez XIV. mendetik, Ehun Urteko Gerratik (ez bada lehenagotik) gure azpikontinentetxoa behin eta berriro sakailatu dutenak.

Hori ere gezurra da, ordea: Europak, aukera izan bazuen ere, ez zituen Jugoslaviako gerrak geldiarazi, 1990eko hamarkadan. Eta oso litekeena da Ukrainan pizten ari dena gelditzeko ahalmenik ez izatea. Zuzenean sustatzen ez badu, behintzat. Eta badakit nork ordainduko dituen ondorioak: bertako populazio zibilak, ohi bezala. Eta errefuxiatuak sortuko dituela egoera horrek, migrante berriak, Batasunaren hormen kontra joko dutenak atzera.

Horretarako ere ez du balio gure Europa honek.

POSTDATA: Ez dut uste hau “euroeszeptiko” baten artikulua denik, Iñaki Guridi kazetariak galdetzen zidan bezala; izan ere, esan bezala, Europan biziki sinetsi nahi nuke. “Euroetsi” batena da, akaso. Europa gero eta museizatuago hau, berriz ere, Estatu Batuen morroi gisa ari da Ukrainaren kontuan, demokraziatik baino autokraziatik hurbilago dagoen Errusiaren aurrean (baina Europar Batasunak berak halako ezaugarriak dituzten antzeko erregimenak onartzen ditu bere mugen baitan, Hungarian eta Polonian…). Edonola ere, argi daukat gehiago komeni zaigula Europar Batasunaren barruan egotea, kanpoan baino (Brexita froga argia izan da alde horretatik). Beste kontu bat da ea Munduari komeni zaion Europa hau bezalako zerbait…

[Zutabea girotzeko musika bat aukeratzeko eskatu zidaten Faktoria irrati saioko lagunek, batez ere amaiera aldera entzun zedin: nire irakurketaren fondo bezala dago, baina berandu amaitu nuen irakurketa, eta ezin izan zen nahikoa entzun. Kraftwerk talde alemaniarraren “Europe Endless” kanta zen, 1977koa, Europaren utopiaz ironia pixka batez ari dena, bere edertasun hotzean: “Real life / and postcard views / Europe endless…”. Hemen entzun dezakezue].