Europa, Europa

[Aste honetan kolaboratzen hasi naiz, iritzi-zutabe batekin edo, Euskadi Irratiko Faktoria saioan, hiruki bat osatuz Uxue Apaolaza eta Alaine Agirrerekin Hiruhortza atalean, hiru asterik behin beraz. Hauxe da irakurri nuen lehenengo testua, hemen entzun dezakezuena].

Uxue Apaolazak, lehengo asteleheneko bere hiruhortzan, hauxe zioen: “Elkartasun beharra errazago ikusten dugu jokoan gure senideak daudenean. Ez direnean, tira, elkartasun deiak malgutzen zaizkigu”. Europari buruz ari zen, besteak beste: gure Europa hiperzibilizatu honetan etorkinak, etorkin pobreak noski, tratatzeko dugun eraz.

Eta horrek eraman nau Europaren gaira. Modu saihestezinean, azken astean Europaren ekialdean metatzen ari den guztia gogoan.

Kontua da nik beti nahi izan dudala europazalea izan. Mitoak behar ditugu, bizi nahi badugu, eta beti desio izan dut Europarenean sinestea. Badakizue: tolerantziaren ideiaren sorlekua. Ilustrazioaren baloreen itsasargia. Giza eskubideen sehaska. Ongizate estatuaren diseinatzaileen aberrien gaineko aberria. Kontzeptu horiek.

Baina oso zaila jarri didate beti. Historiak oso zaila jartzen dit, oroimenera etortzen zaidalako zein izan zen Europar Batasunaren jatorria: merkatu komun bat besterik ez, gainbeheran sartutako inperio batzuk ekonomikoki salbatzeko helburua zeukana. Politikak oso zaila jartzen dit, Europar Batasunaren eraikuntza herritarrei bizkarra emanez eraman delako aurrera, modu burokratiko aski ilun batean. Eta, batez ere, muga-politikak oso zaila jartzen dit Europan sinestea, Uxuek lehengoan aipatzen zituen migratzaile hilen kopuruak gogoan.

Baina tira, pentsatzen nuen, behintzat azkeneko hirurogeita hamar eta koxka urteetan elkarren artean erailtzeaz babestu gaitu Europar Batasunak: europarren arteko etengabeko sarraskiez libratu gaitu. Zeren eta Europa zerbaitek definitu izan badu, historikoki, horiexek dira, gerra etengabeak: gutxienez XIV. mendetik, Ehun Urteko Gerratik (ez bada lehenagotik) gure azpikontinentetxoa behin eta berriro sakailatu dutenak.

Hori ere gezurra da, ordea: Europak, aukera izan bazuen ere, ez zituen Jugoslaviako gerrak geldiarazi, 1990eko hamarkadan. Eta oso litekeena da Ukrainan pizten ari dena gelditzeko ahalmenik ez izatea. Zuzenean sustatzen ez badu, behintzat. Eta badakit nork ordainduko dituen ondorioak: bertako populazio zibilak, ohi bezala. Eta errefuxiatuak sortuko dituela egoera horrek, migrante berriak, Batasunaren hormen kontra joko dutenak atzera.

Horretarako ere ez du balio gure Europa honek.

POSTDATA: Ez dut uste hau “euroeszeptiko” baten artikulua denik, Iñaki Guridi kazetariak galdetzen zidan bezala; izan ere, esan bezala, Europan biziki sinetsi nahi nuke. “Euroetsi” batena da, akaso. Europa gero eta museizatuago hau, berriz ere, Estatu Batuen morroi gisa ari da Ukrainaren kontuan, demokraziatik baino autokraziatik hurbilago dagoen Errusiaren aurrean (baina Europar Batasunak berak halako ezaugarriak dituzten antzeko erregimenak onartzen ditu bere mugen baitan, Hungarian eta Polonian…). Edonola ere, argi daukat gehiago komeni zaigula Europar Batasunaren barruan egotea, kanpoan baino (Brexita froga argia izan da alde horretatik). Beste kontu bat da ea Munduari komeni zaion Europa hau bezalako zerbait…

[Zutabea girotzeko musika bat aukeratzeko eskatu zidaten Faktoria irrati saioko lagunek, batez ere amaiera aldera entzun zedin: nire irakurketaren fondo bezala dago, baina berandu amaitu nuen irakurketa, eta ezin izan zen nahikoa entzun. Kraftwerk talde alemaniarraren “Europe Endless” kanta zen, 1977koa, Europaren utopiaz ironia pixka batez ari dena, bere edertasun hotzean: “Real life / and postcard views / Europe endless…”. Hemen entzun dezakezue].