Erdi Aroko azoka

[Bueltan da, urtero bezala, Gasteizko Erdi Aroko azoka. Nik, aitor dut, ezin dut jasan. Eta orduan akordatu naiz duela sei urte, Diario de Noticias de Álava egunkarian argitaratutako zutabe batez (Rikardo Arregirekin txandakatzen nuena). Gaurkotasunik galdu ez duelakoan, hemen berreskuratzea erabaki dut. On egin!].

Erdi Aroko azoka

Badakit hilabete baino gehiago igaro dela eta jende askok ez duela ulertuko, baina ozen esango dut: gorroto dut Erdi Aroko azoka, urtero gure alde zaharreko kaleak fartsaz mozorrotzen dituen ekitaldi gero eta erraldoiago hori. Ez soilik, historialari gisa, halako birsortze-ahalegin folklorikoak alferrikakoak iruditzen zaizkidalako –nobela historiko gehienekin gertatzen zaidan bezala, bestalde–, baizik eta, alde zaharreko bizilagun bezala, gu garelako hiri osoarentzako eskaintzen omen den ikuskizun hutsal horren ondorio gehienak pairatzen ditugunok.

Kontua asteburuan egin zen arren, asteazkenetik hasi ziren udaltzainak autoak eta bestelako ibilgailuak erretiratzen kaleetatik, batzuetan jabeei abisatu gabe; badakit errealismoa lortzea dela antolatzaileen helburu nagusietako bat, eta onartu behar dut ikuspuntu horretatik aurrerapen nabarmenak egin direla azkeneko ekitaldietan, baina XXI. mendean gaude: garajerik ez badaukat, non demontre utziko dut nire autoa lau egunetan zehar? Eta bai, ondotxo dakit udaletxeak, trukean, mando bat eskaintzen digula gure lekualdatzetarako, baina niri egokitu zitzaidana behintzat hezur eta azal zegoen, eta ez nuen oso urrun eramaterik lortu.

Errealismo horren beraren izenean auzokideok garaiko jantziak eramatea egokia denik ez dut nik zalantzan jarriko, baina jendea horretara behartzea demasia iruditzen zait, are gehiago norberak harilkatu, ehundu eta josi behar baditu bere artilezko oihalak. Argi eta garbi salatu behar da ez dela inolaz ere nahikoa udaletxeak goruak eta ehundegiak maileguan hartzeko ematen digun hilabeteko epealdia.

Bestetik, prest nago onartzeko gure kaleetako harzoladura lastoz eta lokatz mokorrez estali dezaten, baina –ez dezazuela uste kinki-minki bat naizenik– etxeetako ur-hornidura moztea eta jendea bere maskuri- eta sabel-husteak leihotik jaurtitzera adoretzea gehiegitxo ez ote den pentsatzen hasita nago.

Eta, azkenik, ados, Aihotz plazan egin zen arratoi beltzen (Rattus rattus) askatze ekitaldia primeran egon zen, benetan pintoreskoa gertatu zen, eta, hurrengo egunetan izurri bubonikoz kutsatutako gaixoen zerrendek frogatu zutenez, arrakasta osoa erdietsi zuela aitortzeko prest nago. Baina hilabete baino gehiago da alde zaharrari berrogeialdia ezarri zitzaionetik, eta nik hemendik ateratzeko premia daukat jada. Noiz irekiko dizkigute ateak? Dato kaletik berriro paseatzeko irrikan nago.