Durangoko azokara (ez) joateko motiboak (iragarpen bat baino, iragarki bat)

Aitor dut: Durangoko Azokarekin harreman anbibalentea daukat. Onartzen dut, alde batetik, gurea bezalako kultura txiki batentzat dakarren ahalegin titaniko eta sinesgaitza. Miresten dut ehunka bolondres eta militanteen lana, eta azken urteotan gune berri eta dinamikoak martxan jartzeko izan duen ekimena. Ulertzen ditut argitaletxeentzat, txikientzat eta ez horren txikientzat, dakartzan behin behineko onura ekonomikoak, are gehiago krisia eta beheraldia gure artean instalatu direnetik. Eskertzen dut aspaldiko adiskideekin berrelkartzeko aukera izatea, miresten ditudan idazle eta musikariekin hitz batzuk trukatzeko parada eskaintzea, eta baita irakurle batzuk ezagutzekoa ere.

Baina, bestetik, gogaitu egiten nau gune nagusiaren erritmo taylorista-fordistak –tamaina ertaineko liburu denda patxadaz esploratzearen plazer burges txikiaz horren urrun–. Literatura eta musikarako –ezta, batzuetan, euskararako ere– interes berezirik erakusten ez duen jendetzaren joan-etorri aldi berean urduri eta axolagabeek. Argitaletxe txikiei ezarri zaizkien standen prezio aldetiko traba gaindiezinek. Estetikaren eta Zeitgeist-aren uniformetasun orokorrak. Gauza handirik ospatzeko ez dagoen une horietako ospakizun giro nolabait eskizofrenikoak. Euskal erromeria postmodernoen egutegian koska bat gehiago marraztu izanaren sentsazio deprimenteak.

Ironia txikien lekuko izatearen plazera alde batera utzi gabe, noski. Gaztelaniaz idatzitako liburu monastiko-gastronomiko baten –edo, denboraldiaren arabera, antzekoren baten– gailentzea zerrenda estraofizialetan. Salmenta datu erreal beti isilduen oihartzun sorra. Literaturarekin apenas zer ikusirik duen idazlearen eta bere edizio elebidunen meten aurrean eratzen diren harategi-errenkada sobietikoak. Aurkezten duten liburua irakurri ez duten –eta nabaritzen zaien– aurkezleak. Konpromiso eta purutasun literarioaz arrandia egin ohi duten argitaletxeek komertzialtasun gordinenaren aurrean alegereki onartzen dituzten amore-emate taktikoak –edo, auskalo, agian estrategikoak, ez zait sekula argi geratu–.

Eta abar.

Horregatik guztiagatik, eta horren guztiaren despit, han izango naiz, euskarazko lan berria argitaratu dudan denboraldi (ia) guztietan bezala. Oraingoan abenduaren 6ko goiz eta eguerdian izango naiz bertan, larunbatean, 12:00ak arte Xabiroi aldizkariaren standean (IkasElkar-enean, Goienkale 86-91), Julen Ribasekin batera gure Azken garaipena albumaren aleak sinatzen (eta ekartzen dizkidazuen nire edozein libururenak, noski), eta orduz geroztik Elkarreko standean (Artekale 69-80), Inon ez, inoiz ez ipuin liburuarenez (edo nahi dituzuenenez) arduratzen, ziurrenik Ana Malagonen konpainia noblean (bere Lasai, ez da ezer gertatzen ezinbestekoa dedikatuko dizuena). Bide batez, Inon ez, inoiz ez erosten dutenei okasiorako propio apailatu dudan kaieratxo bat oparituko diet, “Genealogia” narrazio berri argitaragabeak eta udaberriko aurkezpenetan irakurri nituen ipuin eta sasimanifestu guztiek osatua. Komertzialtasun gordinenaren izenean beti, zer esanik ez.

DSCN2608[1]