Lurraldea ala kontakizuna

Duela urte batzuk –urte dezente jada, egia esan–, mahai inguru batean parte hartu nuen Madrileko Liburu Azokan, Retiro-ko parkean maiatza amaiera-ekaina hasieran egiten den horretan –eta aurten urrira arte atzeratu dutena, oraingoz behintzat–. Espero izatekoa zen bezala, ez zen jende askorik etorri. Ez dut ondo gogoan zein zen eztabaidaren gai orokorra, baina badakit, uneren batean, “euskal-gatazka-eta-literaturaz” hitz egitea egokitu zitzaidala –Zapatero presidentearen agintaldian geunden, T4ko atentatua baino lehen: gutxieneko irekiera bat sumatzen zen–, eta, jakinaren gainean nengoenez, aldez aurretik prestatutako argudioak garatzen hasi nintzela. Lasai nengoen: Espainian izan ohi dudan publikoa ezkerrekoa izaten da, progresista gutxienez, eta sekula ez dut eduki arazo handiegirik gure kontuez aritzeko unean; orokorrean, errespetuz tratatu izan gaituzte, ni eta nire ideia ez bereziki originalak, are nirekin ados ez zeudenek. Egun horretan, ordea, azpimarratu nuenean gure Gauza ez zela soilik Euskal Herriaren zati baten eta espainiar estatuaren arteko borroka bat, barne-gatazka bat baizik, orobat, “gerra zibila” esapidea erabili nuen –“intentsitate baxuko gerra zibil bat”–, eta, orduan, entzule batek hitza hartu eta ozenki egin zuen protesta: Izquierda Unida-koa zela azpimarratu ondoren –ez dakit zergatik–, bota egin zidan, zakar, ea nola ausartzen nintzen gertatzen zitzaigunari “gerra” deitzen, alde batek baino ez zuela hiltzen, hura terrorismo hutsa zela eta lotsatuta zegoela han aditutakoaz.

Nik, ildo horri eutsiz, gure historiaren nolabaiteko jarraikortasun kontraesankorrari egin nahi nion erreferentzia, Lehenengo Karlistalditik (1833-39) ETAren oldarrera (1968-2011) zihoan hariaz, Bigarren Karlistalditik (1872-76) eta Gerra Zibiletik igarota (1936-37). Uste dena baino txirikordatsuagoa eta kontraesankorragoa den hari bat, bide batez esanda, Jokin Muñozen Antzararen bideak edo –garai hartan oraindik idatzi gabea zen– Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biokek erakusten duten bezala, esaterako: azken batean, lehenengo bortizkeria zikloa (XIX. mendeko karlistaldiena) behea jotzen ari zen mundu baten desegite prozesuari zegokion (Antzinako Erregimeneko Euskal Herriarena), neurri batean, bigarrena (XX. mendekoa) eraikuntzan zegoen gizarte industrial “oparo” berriari zegokion bitartean –neurri batean hori ere–. Baina mutil haren interbentzio gogorraren ondoren, ez nuen sendotasunik izan diskurtsoa egoki eraikitzen jarraitzeko. Zorionez, mahai inguru bat zen, beste hizlariak ni baino distiratsuagoak ziren, eta elkarrizketa beste norabide batzuetatik galdu zen.

Nik jarraitzen dut pentsatzen gure Gauzak izan duela gatazka zibiletik asko –intentsitate baxukotik behintzat–, nahiz eta horrek ez dituen bere ertz guztiak agortzen, ezta gutxiago ere. Baina analogia ez zegoen, agian, ondo eraikita: nahikoa da erreparatzea parentesi artean paratu ditudan lau gatazka historiko horien data-tarteen luzera diferenteari natura ezberdinekoak izan zirela ohartzeko. Azken finean, lehenengo hiru gatazketan, gerra “konbentzional” guztietan bezala, lurraldearen konkista izan zen gakoa; azkenekoan, ordea, deitu borroka armatu deitu terrorismo, kontakizunaren kontrola izan da giltza –kasu: honekin ez dut gutxietsi nahi eragindako min guztia, ezta gutxiago ere, ezta gerraoste labur edo luzeagoen ezaugarri ilunak–. Eta esango nuke 1980 hamarraldiaren uneren batera arte ETAk izan zuela, euskal gizartearen zati nahiko handi batentzat behintzat, kontakizun horren kontrola. Eta, ordutik aurrera, galtzen joan zela, gero eta gehiago, eta erremediorik gabe. 2000ko hamarraldirako, ezker abertzalearen ildo nagusiak estrategia-aldaketa erabaki zuenerako, oso higatua zegoen kontrol hori, are sinestunenen artean.

Horregatik segitzen du horren inportantea izaten, egun eta maila guztietan –baita literarioan ere–, “errelatoaren” auziak. Espainiako Gerra Zibilaren kontakizuna, esparru literarioan, Errepublikak irabazi du nahiko argiki, Trantsizio ostetik behintzat –nahiz eta David Becerra bezalako ikerlariek ñabardunak egingo lizkioketen azken iruzkin honi…–.  Esparru literarioan, azpimarratzen dut: beste kontu bat da maila politiko-instituzionalean, horretarako, zalantzarik gabe, erabakigarriagoa izan baitzen gerra konbentzionalaren aipatu lurralde-menderakuntzaren emaitza, Espainiako giro politikoaren bilakaerak behin eta berriro gogorarazten digun bezala. Baina 1950eko edo, agian argiago, 1960ko hamarraldiaren amaieratik XXI. mendearen hasierara arte luzatu zen euskal gatazka berriaren kasuan, jokalekua ez zenez lurraldea izan, kontakizuna baizik, ez da harritzekoa horrek jarraitzea izaten, egun, eztabaidaren erdigunea.

Odol isurketarik gabe bada ere, egun. Zorionekoa dena, esan gabe doa.

civilwis

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2020ko urtarrilaren 25ean].