Watchmen, revisited

Bakarrak ez badira ere, badaude bi kontu kezkatuta naukatenak azken aldi honetan: alde batetik, kultur produkzioen balioespen politikoari ematen zaion gehiegizko garrantzia –eta, zeinaren arabera, artelan bat, berdin zait literarioa, zinematografikoa, plastikoa etab. den, erabilgarritasun politikoa, hots, morala izateagatik soilik, bikaintzat eta esanguratsutzat hartzen baita–, eta, bestetik, jarraipenen, sekuelen, prekuelen eta rebooten ugaltze kontrolaezina, zeinak, badakit, ikus-entzunezko munduari eragiten baitio nagusiki, baina baita, noizean behin, literarioari ere –ez al ditu ba José Ángel Mañasek berriki berreskuratu Historias del Kroneneko gazte izandako pertsonaia haiek bere La última juerga azken eleberrian?–.

Lehenengo arazoak arduratzen nau, zuzentasun politiko edo moralean bat etortzeak aurkezten dituen oztopo gaindiezinengatik ez ezik –argi dago nazi bati politikoki ona iruditzen zaion lan bati buruz nekez izango dudala nik iritzi bera…–, horrek ez digulako askorik esaten lanaren berezko kalitateari buruz: Jessa Crispin kritikariak artikulu zorrotz batean adierazi zuen bezala, azken aldiko “arrakasta” zinematografiko batzuei buruz, “tematzen bazara film bat inportantea dela aldarrikatzen, ez diozu zertan aurre egin ona edo txarra den ebazteko auziari”. Artelanak, azken finean, zerbait gehiago izan gura duelako beti: iruzkin hutsetik edo panfletotik haragoko zerbait alegia –eta zerbait hori da funtsezkoena, nire ustez, artelan baten inguruko eztabaida publikoan–. Bigarren arazoak, jarraipenen eta enparauen izurritearenak, imajinazio garaikidearen kemenari buruz seinale txarrak bidaltzen dituelako larritzen nau, eta arau honetan sinesten dudalako: afari birberotu batek goi mailako sukaldaritza bihurtzeko aukera gutxi izaten dituela, oro har.

Bi izurrite horiek ez daude halabeharrez konektatuta. Baina ikusi nuenean Alan Moore eta Dave Gibbonsen Watchmen komiki klasikoaren (DC, 1986-87) telesail bertsioa atera zutela, eta hari egindako gorazarre politikosozialak biderkatzen hasten zirela sare sozialetan eta komunikabideetan, gogogabetasun handi batek hartu ninduen. Alde batetik, Watchmenek izan zuelako jadanik bertsio zinematografiko alferrikako samar bat (Zack Snyder, 2009): alferrikakoa, ez ziolako ezer gehitzen –bai kentzen, normala den bezala– obra grafikoari. Eta, bestetik, ondo frogatuta zegoelako, jatorrizkoan, lanaren karga politiko zirikatzaile eta paradoxikoa –superheroien generoaren tropoen iraulketaren bitartez, hain zuzen ere–, nahiz eta horrek ez zuen ziurtatzen produktu berriaren (Damon Lindelofek 2019an HBOrentzat egindako telesail adaptazioaren) bikaintasun artistikoa bermatuko zuenik, halabeharrez. Ikusten saiatuko ez nintzela erabaki nuen, prebentiboki.

Baina, azkenean, guardia baxua neukan gau batez –gure literaturaren popeetako baten elkarrizketaren bat irakurri berria izango nuen, ziurrenik, eta horrek askotan eragiten dit halako abaildura moral bat…–, ikusten hasi eta sorpresa galanta hartu nuen. Arrapaladan irentsi nituen bederatzi atalak. Telesailak egiten duelako operazio bat ez dena ohikoa sekuelen mundu oro har autokopiatzaile eta errepikakorrean: istorio guztiz berri bat sortu, unibertso eta oinarri berdinetatik abiatuta bada ere. Kasu honetan, jatorrizko istorioa gertatzen den unetik hogeita hamabost urtera, beste leku batean –New York eta Antartika ordez, Oklahoma eta Jupiter planetako ilargietako bat dira, oraingoan, eszenatoki nagusiak–, beste giro batean gerta zitekeena asmatuz. Pertsonai zaharretako –zahartuetako– batzuk berrerabiliz, baina, batez ere, berriak sortuz.

Eta, gainera, jatorrizkoak zeukan karga politikoa atzera irauliz: justiziazale maskaratuen arazoak, eta, ondorioz, gizarte garaikideetako hiperzaintza eta hipersegurtasunarenak hor jarraitzen du, zer esanik ez, baina koska bat estuago, eta, gainera, laurogeiko hamarraldiko komikiko superpotentzien arteko elkarrekiko suntsipenaren inguruko arriskuaren beldurraren ordez, Estatu Batuetako egiturazko arrazakeriarena kokatzen da telesaileko istorioaren lehen planoan –Tulsako 1921eko masakre arrazialaren berreraikuntza, telesailaren abiapuntua dena aldi berean, eredugarria da, alde horretatik–, eta baita, modu diskretuagoan akaso, feminismoarena ere.

Baina ez da karga politiko biziberritu –eguneratu– hori telesaila ohiko kate fordistako telebistarako produktuen mailatik gora igotzen duen elementu nagusia: kopia mimetikoa erradikalki saihesteaz gain, Lindelofen telesailak egitura apurtu eta adimentsu bat eransten dio istorioari, flashback abilak, jolas metafikzional zukutsuak eta geruza anizkuneko irakurketa-aukerak eskainiz –gidoiak itsuski solte uzten dituen hari pareak ez du emaitza larriki kaltetzen, alde horretatik–. Hots, jatorrizko lanaren oinarritik abiatuz, lan original eta artistikoki esanguratsu bat lortuz.

Hura ikusi ondoren komikira itzultzeko beharra sentitu nuen, eta aurreko irakurketetan bezainbeste –edo, ikusi berria nuen telesailaren iradokizunek akuilatuta, are gehiago– disfrutatu nuen harekin. Eta hori da, agian, edozein produkturen “jarraipen” batez kontatu daitekeen gauzarik onena.

watchmen

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2020ko otsailaren 8an].