Nobelen amaierez

Irudipena daukat nobelen amaieren gaia ez dela asko aipatzen, oro har. Eztabaida publikoan, diot. Behintzat ez nobelen hasieren, pertsonaien, egituraren edo arkitekturaren gaiak bezainbeste, ikerlarien eta idazleen arreta handiagoa erakarri ohi dutenak. Agian ez nintzateke horrenbeste harritu behar, nirea, ziurrenik, ipuinlari-mania horietako bat baita: jakina da ipuingintzan bukaeraren kontuak garrantzia erabatekoa duela, eta hika-mika, hipotesi eta teorizazio ugariren iturburu izan dela. Nobela beste unibertso bat da, alde horretatik.

Baina, edonola, nobelak ere amaitu egiten dira, noizbait, eta nonbait, egun batzuetan edo aste batzuetan zehar gu lagundu ostean. Eta, ondorioz, nobelak irakurleongan sortzen duen plazeraren portzentaje bat, behintzat, amaieraren egokitasunari edo desegokitasunari legokioke. Nahiz eta portzentaje horrek, zer esanik ez, ipuinaren kontsumoaren kasuan baino baxuagoa izan behar duen, derrigor. Eta, esan bezala, agian ez den horren inportantea: nire adiskide batek, adibidez, detektibe-nobela bat hartzean egiten duen lehenengo gauza amaiera irakurtzea da, zama hori gainetik ahalik eta lasterren kentzeko –hiltzailea nor demontre den jakiteko– eta istorioaren garapenaz, hedatzeaz ahalik eta hobekien disfrutatzeko, hori baita berari nobeletatik interesatzen zaiona, hain zuzen ere. Halakoak egiten dituen gehienetan zaputza hartzen du, zer esanik ez.

Nobelen amaieren auzia burura etorri zitzaidan Sara Mesa idazle sevillarraren Un amor irakurtzean (Anagrama, 2020), aldi batez landara bizitzera doan intelektual hiritarraren topikoaren gainean eraikitako aldaera zirraragarria –niri gogora ekarri zidan, besteak beste, eta nahiz eta oso ezberdinak izan, Carlo Leviren Kristo Ebolin geratu zen eta Bernardo Atxagaren “Hamaika hitz Villamedianako herriaren ohoretan eta bat gehiago”–. Mesaren nobela, Nat protagonistak inguruarekiko sentitzen duen talka eta arroztasun bortitzaren, hurkoarekin konektatzeko zailtasunen eta desioaren argi-itzalen ardatzen inguruan mugitzen dena, ikaragarri ona da: zehaztasun hotz batez kontatuta dago, eta oso abila da tentsioaren dosifikazioan.

Baina amaiera kaxkarra du nobelak, epifanikoa izan nahi duen horietakoa, baina deus ex machina ildoko irtenbide zabar samarra bihurtzen dena, azken batean –ez dut, bistan denez, hemen kontatuko, balizko irakurle berrien muzina ez aurreratzeko–. Orrialde bakarra da, baina Mesak ez du, nire ustez, asmatzen –inguruan galdetu dut kontuaz, eta antzeko inpresioa transmititu didate irakurle gehiagok–.

Eta, hala ere, berdin dio, nobelak handia eta oso gomendagarria izaten jarraitzen du, hain zuzen ere amaieraren zama, nobeletan, ez delako horren erabatekoa. Azken finean, Frank Herbert zientzia-fikzioko nobelagileak zioen bezala –eta berak dezente zekien horri buruz, Dune bezalako saga edo ibai-nobelen egilea zen neurrian–, «ez dago benetako amaierarik. Istorioa gelditzen duzun lekua besterik ez da». Ildo berean, baina arazoari buelta emanez, Louise Glück poetaren arabera iritsi beharko ginateke pentsatzera «ez dagoela amaiera perfekturik. / Amaierak infinituak dira, zalantzarik gabe. / Agian, behin hasiz gero, / amaierak besterik ez daude».

Unai Elorriagaren Iturria ipuin bilduma «nobelatuaren» amaierak (Susa, 2019) konfirmatzen dit intuizioa, neurri batean. Jakina den bezala, liburua osatzen duten narrazioak hari nobelesko batek elkartzen ditu, eta ipuinen egilearen bilaketan –izenburuko Iturria horrenean– zentratuta dago azken hori; egileak, bestalde, jolas metaliterario batzuk praktikatzeko erabiltzen du artifizioa. Ipuin liburu guztietan gertatu ohi den bezala, pieza batzuk besteak baino indartsuagoak dira, baina onak direnak –“Bederatzi egun” edo “Ortozik eta zikin” bezalakoetan pentsatzen ari naiz, besteak beste– euskal ipuingintzaren antologia nagusietan egoteko modukoak dira.

Edonola ere, ez da ipuinen bikaintasun hori interesatzen zaidana, gaurkoan, Elorriagaren liburutik, baizik eta bere hezurdura nobeleskoa –lanak nobelatik duena alegia–, eta, batez ere, bere amaiera. Itxura batean Un amor horrena bezain itsumustukoa eta deskolokagarria dena, eta, jakinaren gainean nago, irakurle bat baino gehiago zapuztu duena.

Ez da nire kasua izan. Alde batetik, amaiera on batek, ipuinean nobelan bezala, aldez aurretik irakurritakoa berrebaluatzera eraman beharko lukeelako, eta Iturriarenak, Un amorrenak ez bezala, ondo betetzen duelako funtzio hori. Baina, agian inportanteago, ezin hobeto egokitzen zaiolako liburuaren natura bereziari: erabat logikoa baita, nobela bihurtutako narrazio-liburu batean, nobelaren itxierak ipuingintzan horrenbesteko garrantzia duen ezusteko amaieraren teknika erabiltzea. Nobela gehienetan, aldez aurretik ondo prestatzen ez bada, desegokia suerta daitekeena, baina Iturrian nobelagintzak ipuingintzari egindako omenaldi gisa interpretatu daitekeena.

Eta eskertzen da.

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen, 2021eko maiatzaren 1ean]