Entusiasmoaren alde

Entusiasmoaren garra bizirik mantentzea, kultura arloan, oinarrizkoa dela uste dut. Tira, kultura arloan eta, ziurrenik, bizitzaren edozeinetan. Irakurtzen, entzuten, ikusten, sentitzen ditugun ekoizpen kulturalekiko suhartasuna da bilatzen jarraitzera eramaten gaituena, eta, halako bitxiren bat aurkitzen dugunean, ingurukoekin konpartitzera, haren propagandista sutsuak bihurtzera. Ni neu espazio honetan behin baino gehiagotan egiten –transmititzen– saiatu naizen bezala. Gerta dakizuke berriki deskubritu dituzun gauzekin –adibidez, Bonnie Jo Campbell idazle estatubatuarraren Madres, avisad a vuestras hijas ipuin liburu gordinarekin (Dirty Works 2021), beste entusiasta batek, Pello Lizarraldek gomendatu ziguna, bide batez esanda–, edo “birdeskubritzen” dituzunekin –hitzaldi bat emateko enbarkadak, duela hilabete batzuk, Ramon Saizarbitoriaren Martutene berrirakurtzera eraman ninduen, eta ez dakit ondo atera zitzaidan ala ez, baina antolatzaileei behintzat horregatik natzaie eskertuta, nobelatzar hari berriro heltzeko betebeharra ezartzeagatik…–.

Ez zait iruditzen, ordea, entusiasmorako jitea eta bereizmenaren gaitasuna kontraesanean daudenik, duela ez hainbeste (euskal) sareetan (mikro)berpiztu zen arrazoia versus emozioa eztabaidan gertatzen zela bururatu zitzaidan bezala –gizakiok, animalia gisa, funtsean gorputza bagara, ez dut ikusten kontradikziorik arrazonamenduan oinarritutako emozioen aldeko aldarrian–. Alban Berg-ek zioen bezala, «musika, aldi berean, sentimenduaren eta ezagutzaren emaitza da, zeren bere dizipuluei, konpositoreei eta interpreteei, talentua eta entusiasmoa ez ezik, ikasketa eta hausnarketa luzearen emaitza diren ezagutza eta pertzepzioa ere eskatzen baitie».

Beste arteei ere hitzez hitz aplika dakiekeen zerbait iruditzen zait, literaturaren kasuan “konpositoreen” lekuan “egileak” edo “idazleak” ipiniz, eta “interpreteenean” “kritikariak”, akaso. Baldin eta figura biak derrigorrez hesi batek banatuta egon beharko balira, noski, horren argi ez daukadan zerbait: badakit boladan dagoela, «zakurrak ez du zakurrik jaten» printzipio gremialaren aplikazioaren ondorioz, baina ez da beti horrela izan, eta agian ez luke horrela izan behar. Lidia Txukovskaia idazle errusiarraren saiakera batean irakurri nuen bezala, gaztaroan ezagutu zituen zirkulu literarioko partaideei buruz, «elkarri parodiak idazten jakin zuten, –nobelez, nouvelleez eta ipuinez gain– epigramak osatu zituzten… Idazleak ziren, hau da, ez bakarrik sortzaileak, baizik eta baita kritikari basatiak ere, polemikoak, elkarri iseka egiteko gai zirenak».

(Txukovskaiak gehitzen zuen, penaz, hori guztia egiteko gai zirela gaztaroan ezagutu zituen idazle sobietarrak, baina ez «ez elkarri ‘jomugan’ jartzeko gai», testua idatzi zuenean, 1970eko hamarraldian, Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboaren Idazleen Batasuneko kideei leporatzen zien bezala, bera handik egotzi zutenean, botere sobietarrarekiko disidentea izateagatik. Baina hori beste gai bat da: hemen azpimarratu nahi nuena zen idazlea eta kritikari oldarkorra izatea ez dela, berez, kontradikzio bat).

Entusiasmo akritikoaren aldarria, alde horretatik, ez zait askorik interesatzen: heldutasun ezaren aldera labain egiteko joera izan ohi du, adiskidekeria gehiago edo gutxiago disimulatura, eta gorazarrezko adjektibo durunditsu bezain barne-hutsen erabileraren desmasietara. Etikoki zalantzagarria ez ezik, estetikoki irensgaitza iruditzen zaidana, gehiegitan.

Agian unea da hizkuntza mailako (beste) invent bat proposatzeko –euskaldunak halakoen zale garenez–, eta bi gauzaren artean desberdintzen hasteko: alde batetik, entusiasmoa edo gogoberotasuna –kritikoa, aktiboa, oinarriduna, dialogikoa, arnas luzekoa–, eta, bestetik, gogoberokeria –akritikoa, azalekoa, egotista, norabide bakarrekoa, instagramzalea–. Uste dut batez ere aldaera horretaz ari zela Andoni Egaña hauxe idatzi zuenean: «Jasangaitz gertatzen zaizkit entusiastak. Entusiasmoak denborarekin duelako harreman handia, iheskortasunarekin, une jakin batean entusiasta dena hurrengoan akaso ez delako» (Berria, 2020-V-19).

Eta, horrekin lotuta, esango nuke entusiasmoa, benetan kritikoa bada, izan daitekeela hesi bat, xumea bada ere, literaturaren munduan merkatua egiten ari den aurrerabide ia ezeztaezinaren aurka. Literaturan, mailak bereizteari uzten zaionean, merkatua baino ez baita geratzen. Merkatua, eta, behin behinean, ideologia, agian. Baina azken buruan, eta nagusiki, merkatua. Azaleko entusiastak besoak zabalik hartzen dituena, bide batez esanda: beti beharko ditu propagandistak; debaldekoak eta tolesgabeak badira, hobeto.

Azken aldi honetan entusiasmo literarioa hobekien transmititzen jakin didan liburua Ignacio Echevarría kritikariaren El nivel alcanzado izan da (Debate 2021), literatur lan ez-hispanikoen inguruko bere kritiken, hitzaldien eta oharren bilduma. Laurence Sterne-rengandik V.S. Naipaul-engana, Sthendal-engandik Iris Murdoch-engana, hamaika egile eta obraren inguruko iruzkin ezin interesgarriagoak, konexio pila bat iradokitzen dituztenak, egilearen background eruditu zabalaren oinarritik abiatuta. Aspaldi ez nituela liburu baten horrenbeste orrialde-izkin tolestu: are berez erakargarri begitantzen ez zitzaizkidan liburu eta autoreekiko kuriositatea piztu dit Echevarríak.

Baina hori posible da, neurri handi batean, Echevarría literatur eremu espainiarreko kritikari gupidagabe eta erosezinena izan zelako, garai batean –euskal irakurleak gogoratuko du, akaso, Soinujolearen semeari egin ziona, Babelia gehigarriko sinadura nagusia zenean, eta larrutik ordaindu zuena, bere tribunaren galera guztiz injustuarekin hain zuzen ere: kritikariak kikiltzeko jitearen ohitura oso da aspaldikoa–. Echevarríaz fida gaitezke, asmatu ala ez asmatu –hori beste kontu bat da–, ona eta txarra, ezinbestekoa eta baztergarria bereizten saiatu delako bere karreran zehar, eta hori nabaritzen delako zerbait sutsuki gomendatzen duenean.

Mitxiko Kakutani-k, The New York Timeseko literatur kritikari ohi txit beldurgarriak, hauxe erantzuten zuen bere azkeneko lanaz (Ex-Libris: 100+ Books to Read and Re-read, Penguin-Random House 2020), ea kritikari ala zale bezala idatzi zuela galdetu ziotenean: «Nire kritikari lana liburu berrien balorazio zintzoak egitea zen, eta azaltzen saiatzea zergatik uste nuen irakurtzea merezi zutela, edo ez; liburu hori autore baten obran kokatzen saiatzea eta, ez-fikzioaren kasuan, gai bereko beste batzuekin nola aldera daitekeen azaltzea. Ex Librisen maite ditudan liburuez idazten ari naiz, edo garrantzia dutela uste dudanez. Ez daukat erotzen ez nauen obrarik disekzionatu beharrik. Hau da, zorioneko lan bat, nire zale-entusiasmoa partekatzea».

Eta nik diot: zale-entusiasmo horretaz fida gaitezke, Kakutanik, aurretik, disekzio horiek zintzotasunez eta pertseberantziaz egiteko ausardia izan zuelako.

Hain zuzen ere.

[Artikulu honen bertsio dezente laburtuago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen, 2022ko martxoaren 5ean]