(Euskal) Liburuen aurkezpenerako hamalau aholku

[Paskin honen bertsioak (Euskal) Literaturaren alde (eta kontra) nire liburuaren aurkezpen batzuetan erabili izan ditut azken aldi honetan, bonus track gisa-edo. Paper oso bereziko kaieretan inprimatzen nituen, ekitaldien amaieran banatzeko].

Liburuen aurkezpena ekintza publiko erlatiboki modernoa da: garai batean (euskal munduan 1990eko hamarraldira arte, oro har) liburuak salmentan jartzen ziren, besterik gabe, eta ez zegoen prentsa edo jende aurreko aurkezpen ofizialik; (gaur egungoa baino gogorragoa izan ohi zen) kritikaren edota ahoz ahokoaren bitartez lortzen zuten oihartzuna, eta ia ez zegoen liburuaren inguruko bestelako publizitate-jarduerarik. Aurkezpenen (edota aurkezpenezko prentsaurrekoen) generoaren gaztetasun horrek, dena dela, ez gaitu gutxiestera eraman behar: liburuen aurkezpenak egitea Arte bat da, orobat (gastronomia arte bihurtu badute, edozer izan daiteke, azken batean). Hona hemen zenbait aholku zure liburua modu eraginkorrean eta (literarioki zein komertzialki) arrakastaz aurkez dezazun.

1.- Aukeratu ondo eguna, batez ere liburua udazkenean argitaratzeko ideia malapartatua bururatzen bazaizu (edo beste erremediorik ez baduzu, noski): Durangaurrea mortala izan ohi da (euskal literatur urtea bitan banatzen da, ondo jakina den bezala: Durangaurrea, eta Durangostea). Izan ere, zenbat eta gehiago hurbildu abendura, orduan eta aukera gehiago zure aurkezpenak Kirmen Uriberen edo Toti Martinez de Lezearen azken lanarenarekin bat egiteko, espazioan eta denboran, eta, okerragoa dena, komunikabideetan… zeinetan ondo baino hobeto baitakizu zeini emango zaion lehentasuna…

2.- Ez egin prentsaurrekorik Donostiatik kanpo. Gogora ezazu euskal kulturaren erdigunea Donostia, Zarautz eta Andoain artean kokatuko litzatekeen Bermudetako Hirukian dagoela, eta hortik at zure liburuak apenas lortuko lukeela oihartzunik: Euskal Herrian, Atlantiko Ozeanoan ez bezala, Hirukitik kanpo geratzen dena da desagertu ohi dena…

3.- Ez izan beldurrik astuna gertatzeko. Lagunak abisatu eskura dauzkazun modu guztietan (zuzenean, telefonoz, e-mailez, waxapaz, tam-tamez, txalapartaz). Eman matraka sare sozialetan (horretarako daude). Urdaiazpikoak bidali kazetariei (Gijuelokoak, ahal dela). Zabal daitezkeen irudietan ekitaldian jendetza egon den inpresioa eman behar du, edonola ere (Photoshopa, edota angeluak ondo kudeatzen dakien adiskide argazkilari hori, alternatiba egokiak izan daitezke).

4.- Ez larritu zure editoreak mahaian agertuko duen entusiasmo falta orokorragatik: sakon sakonean, eta islatzen saiatuko ez den arren, pozez zoratzen dago zure maisulanarekin. Euskal editoreak horrelakoak dira, oso euskaldunak; ez dago bueltarik, baldintza hori jartzen omen diete editore bihurtzeko. Kontsola zaitez  pentsatuz bere aurkezpena oso laburra izan ohi dela. Eta gogoratu editoreak baduela paper are inportanteago bat aurkezpen ekitaldietan, zeinaz geroxeago arituko baikara.

5.- Aukeratu ondo zure aurkezlea. Idazlea, kritikaria, kazetaria, aktorea, bertsolaria edo futbolaria dela, ez dadila editorea bezain euskalduna izan, eta, batez ere, zu baino garrantzi handiagoko pertsonaia publikoa izan dadila (tira, badakigu: ez dago zu baino garrantzi handiagoko inor, berez; esan nahi dena zera da, boladan zu baino sartuago dagoen norbaitengana jotzeko…). Ziurtatu, hori bai, ez dizula aurkezpena boikoteatuko: utzi egiozu argi aurkezpena egiteak zure lana defendatzea, laudatzea, goratzea inplikatzen duela. Badaezpada.

6.- Berdin dio aurkezlea zein luze arituko den: berak baino gehiago hitz egin behar duzu zuk. Ez egin kasu aurkezleen lana egilearen soberako interbentzioak arindu eta autolaudorioak mugatzean datzala dioten zurrumurruei: tontakeriak. Ez izan beldurrik errepikapenei: pedagogo modernoek aldarrikatzen dutena aldarrikatzen dutela, ideia bat behin eta berriro matxakatzea da hura burmuinetan ereiteko biderik eraginkorrena.

7.- Inportanteena zure mezua argi geratzea baita, are spoilerrak egin behar badituzu ere: kontuan hartu liburuaren aurkezpen bat ez dela soilik edo nagusiki “hemen dago liburua” esateko modua, baizik eta liburuaren irakurketaren lehenengo urratsa. Idazle (pos)modernoak, idatzi ez ezik, liburua nola irakurri behar den inposatu behar du, hasieratik bertatik, kaleratzen den unetik. Kontuan hartu jende gehienak ez duela irakurtzen, eta aurkezpenean esango dituzunak (eta ondoren emango dituzun elkarrizketak etab.) izango direla zure lanari buruz publikoak jakingo duena, eta, ondorioz, haien eta (liburua agian irakurriko duten) kritikarien iritzia gidatzera behartuta zaudela.

8.- Ez ahaztu “Liburu hau idaztean asko ikasi dut”, “Nire obrarik osoena da”, “Lan izugarria eman dit erredakzio / dokumentazio / inspirazio prozesuak”, “Idazketa prozesuan zehar irakurlea lagun izan dut hasieratik” edo gisako esaldi asertiboak erabiltzeaz: zure buruarengan duzun konfiantza mugagabea irakurleengana iristeko aukerak biderkatzen dira modu horretan. Azken batean, Benito Taibo poetak dioen bezala, liburu guztiak dira autolaguntzazkoak (salbu eta izenburuan “autolaguntza” hitza daramatenak, noski), eta, zentzu horretan, aurkezpenak autolaguntzen autolaguntza besterik ez lirateke….

9.- Ekitaldia hasi aurretik, ezkutuan, kartulinazko txarteletan eta maiuskulaz argi idatzita, banatu galdera batzuk publikoaren artean (errazagoa suertatuko zaizun zerbait, baldin eta 3. puntuan aholkatutakoari jarraituz arrakasta izan duzun adiskideak erakartzen edo/eta urdaiazpikoak banatzen). Zer esanik ez, galderen txanda iristean egin beharko dituzte, ahalik eta naturaltasun handiarekin. Hasteko, erantzun egiezu “Pozten nau galdera hori egin izanak” edo antzeko espresio bat erabiliz.

10.- Ez larritu aurkezpenean zehar zure bizitza pertsonalaren inguruko xehetasunen batek ihes egiten badizu (zure katutxoaren ajeez, idazle profesional izatearen atsekabe kontaezinez, presondegian pasatutako denboraz, zure psikologo lacandarraren etzalekuaren erosotasunaz, Isabel Preyslerrekiko zure harremanaz, euskal publikoak zure liburuak ez erosteko temarekin jarraitzen badu betirako erretiratzeko mehatxuaz…). Are gehiago, presta ezazu aldez aurretik, eta bota ezazu eskapatu izango balitzaizu bezala. Bakarrarekin nahikoa izaten da: bonbatxo informatiboak ondo dosifikatu behar dira.

11.- Ekitaldia amaitzean, kazetariei pasatu zure interbentzioaren testua, egoki fotokopiatuta: ez da ezer utzi behar zoriaren esku. Bizkor ibili, kazetariak herioak hartuta atera ohi dira eta hurrengo aurkezpenera edo kultur ekitaldira edo inauguraziora garaiz iristeko asmoz.

12.- Gonbidatu itzazu gelditzen direnak aurkezpen ondoko lehen potera (nahiz eta edariak eta pintxoak ordaindu, benetan, editoreak egingo duen: horixe izango litzateke bere aurkezpenerako rol nagusia, 4. puntuan aurreratzen genuen bezala) (izan ere, garai batean, zin degizuet, bazkaltzera eta guzti gonbidatu ohi zuten editoreek: o tempora, o mores).

13.- Haserretu zaitez, eta are publikoki protestatu, zure liburuaren aurkezpenaren berria egunkarien azalean argitaratzen ez bada, edo, gutxienez, kultur orrialdeetako baten eskuineko aldean. Salbu eta zure aurkezpena Kirmen Uriberen edo Toti Martinez de Lezearen baten egun berean egiteko zoritxarra izan baduzu, noski.

14.- Inoiz galdetzen badizute, ukatu komunikabideetan zure aurkezpenekoak izango balira bezala agertzen diren adierazpenak zuk egin dituzunik: egotzi egizkiozu aurkezleari (ikus  5. aholkua), edo kazetari kaxkarren lan eskasari, are, 11. itemean gomendatu bezala, zure hitzak fotokopiatuta eman badizkiozu, edo horrexegatik hain zuzen ere.

Izan ere, testu hau, badaezpada, hamar segundo barru autosuntsituko da. Hamar, bederatzi, zortzi, zazpi…

shakespeare microphones bilaketarekin bat datozen irudiak

Advertisements

Saio literarioen (eta, batez ere, saiotxo literarioen bildumen) kontrako manifestua

[Testu hau (Euskal) Literaturaren alde (eta kontra) liburuaren Donostiako aurkezpenean irakurri nuen, 2016ko azaroaren 23an].

Saio literarioak mesfidantzaz hartzeko moduko liburuak dira, gutxienez. Are gehiago saio horiek manifestu, dekalogo eta testutxo askotarikoen bilduma badira. Nik uste dut irakurle potentzialak gaztigatuta egon behar duela mota honetako liburuen salmenta-kanpainen aurrean, eta horregatik ausartuko naiz, apalki, horren inguruko ohar hauek zerrendatzera.

1.- Lehenik eta behin, nork irakurtzen ditu saio literarioak? Izan gaitezen errealistak: ia inork ez. Hiztun ugari dituzten hizkuntzetan literaturari buruzko literatura oso minoritarioa da; ba euskaraz areago. Nik abisatu diet argitaletxekoei, badaezpada, baina ikusten duzue: ez didate kasurik egin, eta damutuko zaie.

2.- Izan ere, mota honetako lanak autoerreferentzialegiak dira, kasik onanistak. Bueltaka eta bueltaka ari dira berez azalpen gehiegirik beharko ez lukeen zerbaiten inguruan, fikzio idatzien ekoizpenaren inguruan. Fikzio horiek ugariak bezain onak izango balira sikiera…! Baina irakurle elebidunak euskal literaturari dion atxikimendua (eskasa) kontuan hartuta, agian gure indarrak fikzio horien sorkuntzan kontzentratu beharko genuke, eta ez fikzio horien inguruko hausnarketan…

3.- Liburu mota horren portzentaje handi(egi) bat aldez aurretik han-hemenka argitaratutako testu birziklatuz osatuta dago. Eta, ondorioz, liburu berri batek bete beharko lukeen lehenengo baldintzari uko egiten dio hasieratik, berritasunari berari hain zuzen ere.

4.- Izan ere, halako zenbat bilduma, izan ala ez literaturaren ingurukoak, ez ote dira egilearen ahalegin hutsak merkatuan bere presentzia nabarmentzeko, (literaturgintzan) lan egiten ari ez delarik hain zuzen ere? Begiratu, gaurko aurkezpeneko egilearen kasuan, zein datatan argitaratu ziren Obabatiko tranbia eta Animalia disekatuak, beraren aurreko saiotxoen bildumak, alegia: orri zuriaren sindromeari ihes egiteko ahalegin patetikoak baino ez balira?

5.- Liburu mota horrek anakronismoan erortzeko duen arriskua biziki handia da, gainera. Azken finean, jatorrizko artikuluetako asko testuinguru, zirkunstantzia, irakurketa eta bulkada oso berezien mende idatzi eta argitaratu ziren, denborarekin lausotu edo indarra galdu dutenak. Funtzionatuko al dute orain eta hemen? Irakurlea lerroen artean leitzera behartzea ez da sekula ideia ona izan.

6.- Eta, edonola ere, zertarako liburu formatuan ipini jadanik (neurri handi batean) sarean zintzilikatuta dagoena?

         6.1.- Zer lortu nahi dugu: irakurlea kaxatik pasaraztea, sarean debalde dagoen zerbaitegatik, ala?

         6.2.- Eta, okerrago dena, planetaren zauri ekologikoa areagotu, lehen bit soil eta kaltegabeak zirenak liburu eta, ondorioz, paper, eta ondorioz, egur-ore eta, ondorioz, baso soildu bihurtuta…

7.-Azkenik, baino ez garrantzi gutxiagokoa: baldin eta testutxo horien (edo, behintzat, horietako batzuen) helburua kritikoa bazen, eta kritikatua (pertsona, animalia edo gauza) mintzeko arriskua bazegoen, zertarako berritu zauria, kontuan hartuta (gogoan izan gorago esan dena balizko anakronismoari buruz) osoki edo partzialki ahaztuta eduki ditzakeela kritika horiek? Ez al da alferrikako sufrimendua eragitea, armak etab. isildu diren garai itxaropentsu hauetan?

 

*************************

Dena dela, ondo pentsatuta, eta aurreko zazpi eragozpen horietatik abiatuta, eragozpenei eragozpenak jar dakizkiekeela bururatzen zait orain, eta aldeko zentzu batean irakur daitekeela saioen bildumen aurkako manifestu hori:

a.- Lehenengo puntuko erregelari jarraiki (“minoritarioa denez, are gehiago euskaraz, zertarako argitaratu?”), egiazki, ez litzateke ia ezer argitaratu behar euskaraz, salbu eta agian Haur eta Gazte Literatura (edo helduentzako literaturaz mozorrotutako Haur eta Gazte Literatura, genero gero eta ugariagoa bide batez esanda), hori baita ondo samar saltzen den bakarra. Benetako literaturatzat har genezakeen ia guztia desagerraraziko lukeen neurri erradikala, zinez. Beraz, zergatik ez argitaratu, ia edozein euskal liburuk bezainbesteko zabalkuntza (urria) izango badu?

 b.- Ados, ariketa masturbatorioa izan daiteke. Baina ez al da gure hezkuntza oro har jesuitikoaren ondorio onanismoaren aurkako aurreiritzia? Izan ere, Durangoko azoka, salduenen zerrendak, Sautrela edo Sarrionandiaren argazki ustelgabearen antzera, euskal literaturarekiko sinesmena mantentzeko beste simulakro bat besterik ez dira literaturaren inguruko saioak, eta badakigu simulakroak oso beharrekoak direla;  Nietzschek zioen bezala, “artea daukagu egiak hil ez gaitzan”. Eta euskal literaturaren inguruko literatura egiten dugu euskal literaturaren existentzian sinesten jarrai dezagun.

c.- Nola ausartu naiz birziklatzearen kontra hitz egitera, non eta Gipuzkoako lurraldean? Literatura ekosistema bat da, orobat, eta, ondorioz, ekonomia zirkularraren printzipioak onartu beharko genituzke harentzat ere. Literaturaren aldarri nagusia da, alde horretatik, berrirakurketa. Roland Barthesek, ez alferrik, berrirakurketa goratzen zuen, gure gizartearen ohitura ideologiko eta komertzialen aurkako operaziotzat hartzen zuen neurrian: testuak “irenstera” eta, berehala, zakarrera botatzera bultzatzen gaituzten ohituren aurkakotzat hain justu ere.

 d.- Izan ere, osasuntsua al da, idazle gisa, etengabe produzitzen aritzea, eta urtero liburu berri bat (edo gehiago) argitaratzea? Zertara garamatza ultraproduktibismo horrek guztiak, hutsaltasun kapitalistara ez bada (kasurik onenean), edo ideia originalen amaierara eta nahi gabeko errepikapenera (okerrenean)? Errepikapena, egitekotan, izan dadila guztiz kontzientea. Eta zer hobeto presio horietaz atseden kritikoa hartzeko, antzinako lanen bilduma osatzea baino?

 e.- Anakronismoa ez da horren bekatu larria, literatura bezalako arte berez anakroniko batean. Gainera, bilketak testuak eguneratzeko aukera ematen du, edo bere testuinguruan kokatzeko gutxienez. Eta hori, azken finean, bada anakronismoaren aurkako antidoto nahikoa eraginkorra.

 f.- Seigarren puntuan ere arrazoia nuen: mota horretako bilduma batean irakurriko diren testuetara irismen erraza dago internetetik.

         f.1.- Ez dezagun ahaztu, ordea, zanga digitala uste izaten duguna baino sakonagoa dela, baita gurea bezalako ekonomia turbokapitalista batean ere.

         f.2.- Ingurumenari egindako zauriez ari garela: Sareak globalki eragindako argindar gastua debalde ateratzen al zaio Naturari? Liburu analogikoak (erlikia horiek!) argitaratzea baino (ekologikoki) merkeago? Ziur?

         f.3.- Gainera, gure zibilizazio dontsua desagertzen denean (gerra nuklear batek edo apokalipsi zonbi batek suntsitua) bizirauteko aukera gehiago izango du liburu bat bezalako objektu material ziztrin batek, eterrezko hodeietan metatutako bit horiek guztiek baino…

 g.- Zauria berritzearen alferrikakotasuna? Optimistegia izan naiz eragozpen hori paratzean: idazle batek ez du sekula ezer ahazten (laudorioak izan ezik, noski). Kaltea eginda dago jada. Eta, gauzak horrela, zer demontre, hobe aurretik joatea, azpildurarik gabe, ezta?

 

[Eta honekin nahikoa dela uste dut. Izan ere, honezkero badaukat hemendik bost edo hamar urtera, alferkeria literarioko nire hurrengo aldian, zalantzarik gabe argitaratuko dudan nire hurrengo saiotxoen bildumarako lehenengo atala…].

 

aazala

Autoanalisia

[Xabier Mendiguren, Ibon Egaña eta Ramon Saizarbitoriarekin batera egin nuen Inon ez, inoiz ez liburuaren aurkezpenean irakurri nuen ipuin hau, Donostian, apirilaren 5ean. “Bonus track” moduko bat da, ez baita liburuan agertzen: ekitaldirako propio idatzi nuen].

 

AUTOANALISIA

Idazleak egin behar duena idaztea da, eta zure liburuez asko
hitz egin behar baldin baduzu, seinale zure liburuek ez dutela
zure ordez hitz egiten. Malo, beraz.

Rafael Chirbes

Bere obraren interpretazioak biziki kezkatzen zuen. Ez zuen nahasterik edo gaizki ulerturik eragin nahi, eta, horregatik, bere aurreneko nobela argitaratu zuelarik, egiten zizkioten elkarrizketa guztietan saiatu zen ahalik eta sakonen ematen haren esanahi ageriko zein ezkutuen gako guztiak.

Hala ere, kritikak iritsi zirenean –hamar bat, liburua argitaratu ondorengo asteetan–, harrigarria egin zitzaion zein ezberdinak izan zitezkeen interpretazioak, are zein okerrak, haietako batzuk behintzat. Gauzak horren argi uzten tematu zen arren.

Horregatik, bigarren nobela amaitu zuenean, ezberdin jokatzea erabaki zuen: aurkezpenetik bertatik guztiz gardena izan nahi zuen idatzi zuenari buruz, eta azalpen luze eta zehatzak eman zituen, bertaratutako kultur kazetariek gogoan zituzten xeheenak –eta baita astunenak ere–. Hori gutxi balitz, ondorengo egunetako elkarrizketetan, sakon eta zabal erantzuteaz gain, behin baino gehiagotan zuzendu zituen galdekatzailearen baieztapenak, badaezpada.

Argitaratu osteko asteetan, pixkanaka, kritikak iritsi ziren –zazpi, guztira–, eta haietako batzuetan, espero bezala, idazlearen interpretazioa gailentzen zen arren –ez beti, ordea, berak nahi izan zuen zehaztasunarekin–, bestelako norabideetatik abiatzen zirenek, harrigarriki, gehiengoa osatzen jarraitzen zuten.

Bere hirugarren nobelarekin antzera jokatzea erabaki zuen –lanaren autoanalisian zentratutako prentsaurrekoa, elkarrizketa argigarri eta xeheak, are zuzendariari eskutitzak kritikariren baten esanak ezeztatzea premiazkoa zenean–, baina, horretaz gain, hitz-oste mardul bat gehitu zion lanari, berrogei orrialdetakoa, non are garbiago utzi baitzituen fikzioaren zentzu ezkutuen zirrikituak.

Lanak jaso zituen bost iruzkinek, ordea, apenas egin zioten jaramonik eranskinari, eta kritikoetako batek, harrokeriaz, mesprezatu ere egiten zuen, “alferrikako luzakintzat” joz, eta nobelari interpretazio propio guztiz erratu bat emanez, gainera.

Hori dela eta, bere hurrengo eleberria –autoeditatua–, hitz-osteaz gain, aitzinsolasaz hornitu zuen. Hasieran beste idazle batzuei enkargatu zien sarrera moduko testu bat, baina haiek jaso, konforme egon ez, eta baztertzen zituen berehala, ondoren beste idazle bati eskatzeko. Azkenean sarrera ere berak erredaktatzea erabaki zuen.

Liburuak izan zituen hiru kritikek aipatu zuten, hutsik egin gabe –eta, neurri batean, burlaizez–, nobelak berak baino orrialde gehiago zituztela, elkarrekin, sarrerak eta post scriptumak. Eta haietako bik, gainera, ez zuten bat egiten idazlearen iritzi sakon eta dokumentatuarekin.

Ez zen bosgarren nobelarik izan. Horren ordez, idazleak berrehun eta hogeita hamabi orrialdeko ikerketa oso bat argitaratu zuen –Interneten deskargagarria, doan– bere hurrengo nobelari buruz, Nonahi, edonoiz izenburukoa, oraindik idazten hasi gabea.

Idazleak espero –eta desio– zuenaren kontra, liburu elektronikoak kritika bat izan zuen, sareratu eta bederatzi hilabetetara: han, lanaren oinarri epistemologikoei traizio eginez, ariketa metaliterarioaren ausardia laudatzen zen,  nola idazleak “fikzioaren inguruko analisia fikzio bihurtzen zuen, azken batean”.

Egileak ondo baino hobeto zekien hura ez zela bere lanaren zioa, inola ere ez, eta, nobela berriaren erredakzioa atzera alboratuz, kritika haren gezurtamena idazten hasi zen.

Hirurehun eta berrogeita hamar orrialde inguru dauzka, oraingoz, burututa.

_

Argazkia: Литературный покер

(Argazkia Roberto Serranorena da).

Ana Malagonen “Lasai, ez da ezer gertatzen” libururako aurkezpena

[Testu hau Lasai, ez da ezer gertatzen liburuaren aurkezpenean irakurri nuen, 2014ko otsailaren 21ean, Donostian].

Egun on, eta ongi etorri aurkezpen honetara.

(Liburuaren aurkezpenarekin berarekin hasi baino lehenago, parentesi arteko bi ohartxo, edo, nahiago baduzue, aldez aurretiko pare bat kontu pertsonal samar:

-Lehenik eta behin, eta betirako argi gera dadin, ez naiz Ana Malagon Zalduaren lehengusua, bere  bigarren abizena eta nire lehenengoa berdinak diren arren. Beraz, ez nago hemen bere familiakoa naizelako edo aspaldiko leinu euskaldunari zor zaion sendi-elkartasunaren bulkadaren ondorioz; guk dakigula, ez daukagu odol loturarik, eta, baldin baditugu, iragan urrunean galtzen dira, euskal ama paleolitiko primigenioarekin batuko gintuzketenetan.

Hori bai, esan dezaket Ana betidanik ezagutzen dudala, jaiotza unetik kasik, Ana nire adiskide handienaren, Eduardo Malagonen arreba txikia delako, eta, ondorioz, ia.ia bertan nengoela Ana mundura etorri zenean (Donostian, 1978an). Gauza asko konpartitu ditugu, are diskografia bat ere (niri oso gauza inportantea iruditzen zaidana), Eduardok eta biok gustu musikalak eta diskoak partekatzen genituelako (bueno, nire adiskideari Tears For Fears gustatzen hasi zitzaion arte behintzat… ). Edonola ere, zera esan nahi dut honekin, lotura puntu asko izan ditugula Anak  eta biok aspalditik.

Baina hori argi utzita, azpimarratu behar dut ez nagoela lotura horiengatik hemen: bultzatu nauen gauza bakarra liburu hau da.

-Eta horrekin erlazionatuta, bigarren aurretiko oharra: behin eta berriro adierazi diodala Anari, eta baita editoreari ere, agian ni ez naizela pertsona egokiena liburu hau aurkezteko, ezta hitzaurrea idazteko ere, eta are gutxiago, beraz, gauza biak egiteko. Alde batetik, jende batentzako Iban Zalduak aurkeztea motibo nahikoa izan daitekeelako liburua ez erosteko edo baztertzeko; ni hemen egoteak, hasteko, ziurtatzen dio liburu honi kritika txar bat izatea, edo, okerrago dena, bat ere kritikarik ez izatea gipuzkoarron egunkari nagusian, eta hori, donostiar baten lehenengo liburu batentzat, zorigaizto izugarriya da…

Bestetik, hitzaurrea ere idatzi dudanez, pixka bat erredundantea gerta daitekeelako nire aurkezpena. Saiatuko naiz, beraz, zehazki ez errepikatzen hitzaurrerako idatzi dudana, baina ez dakit lortuko ote dudan).

Edonola ere, parentesia itxi eta, orain bai, aurkezpenari ekingo diot, behar den moduan. Eta niretzat ohore bat bada liburu hau aurkeztea, da liburu inportante bat iruditzen zaidalako. Eta saiatuko naiz azaltzen zergatik iruditzen zaidan Lasai, ez da ezer gertatzen hau liburu garrantzitsua, hemen eta orain, 2014ean, Euskal Herrian.

  • Alde batetik, “ezkutuko” egile bat berreskuratzeko aukera ematen digulako. Ana aspaldi hasi zen idazten, eta baita literaturaren munduan ere, Urruzuno belaunaldiko partaidea baita eskubide osoz: gazteen sari hori konpartitu du Harkaitz Cano, Uxue Apaolaza edo Leire Bilbao bezalako jende ilustrearekin, baina, haiek guztiak ez bezala, ez zuen berehala argitaratu libururik, eta katakonba digitaletan ezkutatuta ibili da, ezkutatuta ibiltzeko modu bitxia dena, Poeren “Eskutitz lapurtua” ipuinekoa adinakoa. Ikuspuntu horretatik, alderantzizko bartleby baten modukoa izan da Ana: liburu bat argitaratu aurretik isiltasun literariora lerratu zen idazle bat alegia. Egia da gaur egun (eta etorkizunean agian are gutxiago) liburua ez dela ezinbestekoa idazle baten lanak plazaratzeko, eta Ana ez dela geldirik egon alde horretatik, liburu honetako testuek frogatzen duten bezala (gehienek interneten ikusi baitzuten argia). Baina liburuaren fetitxistak izaten jarraitzen dugun zaharrunontzat, argitaratua izatearen edo ez izatearen arteko muga argia da oraindik. Eta gaur zeharkatu du, eta ez edozein modutan gainera, Ana Malagonek.
  • Beraz, gehitu beharko genuke hemen liburu hau inportantea dela web-literaturaren adibide on bat delako, euskaraz eta edozein hizkuntzatan egunero, astero ekoizten den corpus besarkagaitz horren ale berezia. Eta berretsi beharko genuke, Luistxo Fernandezek azpimarratzen zuen bezala, hitzordu horretara euskaldunok ez garela bereziki berandu iritsi; testu hauen egoera aldaketak, likido edo gaseosotik solidora alegia, horretaz gogoeta egiteko parada ematen digu. Web literatura hori, literatura (neurri batean) efimero eta digital hori existitzen dela gogorarazten digulako, hor dagoena, bere sorpresa txarrekin (literatura konbentzionalak bezala, alegia), baina baita onekin ere, gu deskubritzeko zain.
  • Liburu hau ere inportantea da mikrotestugintzaren aldarrikapena den neurrian. Mikrotestugintza esaten dut, eta mikroipuingintza esan beharko nuke, hemen dauden testu gehien gehienak mikroipuinak direlako, eta horrela salduko direlako: azken finean, normala da, publikoak etiketa ezagungarriak behar dituelako, eta mikroipuinena agian dagokion hurbilekoena delako. Eta ez dago gaizki ere erabiltzea, mugaldeko generoa delako ipuin hiperlaburrarena, mestizoa, hibridoa, eta alde horretatik, paradoxikoa dirudien arren, oso zabala, bertan kabitu daitekeenari dagokionean. Esan dezadan testuok, edonola ere, laburrak izan arren, ganorazkoak direla, Twitterren azken aldi honetan “mikroipuin” bezala autoaldarrikatzen diren asko eta asko ez bezala.
  • Generoaren ikuspegi honetatik Lasai, ez da ezer gertatzen liburu inportantea da, orobat, mikroipuingintza praktikatzen duenean joera dezente duelako horren aldaera “errealistarako”, eta hori ez da horren ohikoa, zeren eta mikropuingintza, berez (eta ipuingintza “orokorra” bezala) gehiago lerratzen da, oro har literatura fantastikoaren alderantz. Honekin ez dut esan nahi ipuin fantastikorik ez dagoenik hemen: egon badaude, eta oso ederrak dira. Baina zerbait azpimarratuko banu errealistak lirateke, laneko, familiako, kontsumoko, eguneroko, haurtzaroko kontuetara zuzentzen direnak koxkaren bila: horietan egiten du distira, behin baino gehiagotan, Anaren bisturiak. Eta hori, generoaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez da lortzen erraza, horregatik azpimarratu nahi nuen.
  • Horrekin lotuta, liburu garrantzitsua da bizitza garaikidearen kontakizunean sendo errotutako lan bat delako: liburu hiritar, urbano, are urbanita bat, enprendimientoaren aroko bakardadean aurkitzen duena ardatzetako bat, mundu turbokapitalistak sortzen duen deserrotzean; bide horretatik, Kafka garaikide eta txiki baten abileziarekin egiten du lan Ana Malagonek. Lehengoan lagun batekin komentatzen egon nintzen ipuin hauek, eta hitz bat sortu zen elkarrizketan, nik uste dudana nahiko ondo islatzen duela Ana Malagonen testuek, are umoretsuenek ere, sortzen duen efektua: desosegua. “Desoseguaren liburua” izenburua hartuta dagoenez jada, Anak beste bat aukeratu behar izan du, baina “Desoseguaren kronikak”, edo “Desosegu aleak” ondo egokitu litzaizkioke azpititulu gisa…
  • Beste kontu bat: are metaforaren eremura hurbiltzen denean (poesiarengandik horren gertu dagoen genero batean ohikoa dena, fabularen formulak erabiltzeko joera bezala bestalde), Anaren testuak oso natural aritzen dira. Hurbiletik arituko balitzaigu bezala, erabiltzen dituen metaforak metafora ez balira bezala kasik, hain egiten zaizkigu naturalak edo ohiturazkoak. Alde horretatik, Anaren testuek ez dute bilatzen hizkuntzaren txinparta, ez gaituzte txunditu nahi esapideen su-festa batekin: zuzenean doa harira, apaingarri debaldekorik gabe, baina ez hotz; larderiatsu, baina ez lehor. Baina, batez ere, eta hitz batean, eraginkor ari zaizkigu. Mikroipuingile onari dagokion bezala.
  • Lasai, ez da ezer gertatzen inportantea da, halaber, demostratzen duelako, pornografia sentimentala gure artean errotu dela dirudien garai historiko honetan, posible dela niaren literatura onargarri bat: niaren literatura bat neuaren literatura bilakatzen ez dena, alegia. Eta hori fikzioaren arte noblearen erabilera ondo dosifikatu eta zorrotz baten bitartez lortzen du Ana Malagonek. Irakurle honen zorionerako, bederen.
  • Frogatzen duen bezala, bestalde, idatz daitekeela haurtzaroari buruz haur eta gazte literatura askok ohi duen sentimentalkerian eta onomatopeien inflazioan erori gabe. Edo haurtzaroa paradisu idiliko bihurtu gabe. Haurtzaroa eta gaztaroa gordin irudikatuz, ia-ia zigor biblikoren baten moduan, baina epikarik edo tragediarik gabe.
  • Eta hori guztia, eta honengatik ere garrantzitsua da liburua, esan bezala, zorrotz egiten du Anak, bizkor, itzulingururik gabe, esaldi motz eta bizkorrekin. Eta horrek gogorarazten dit Natalia Ginzburgek bere literaturari buruz esaten zuen zerbait, agian ere aplika dakiokeena  Ana Malagonenari: “Esaldi motzetakoa da nire literatura, nahiz eta Proust atsegin dudan; pertsonei edo gauzei egiten dizkiedan erreferentziak bizkorrak dira, saltoka emandakoak, eta horrela gertatzen da nire komedietan ere… Baina honek guztiak ez du zer ikusirik xalotasunarekin, ‘berehalako’ sentimenduak eskaintzearekin. Uste dut ironia funtsezkoa dela, idaztean distantzia ironiko bat ipini behar dut beti”.
  • Eta ironiaren aipu honek narama liburu honen beste  ezaugarri funtsezko batera, eta da darion umorea. Ze egia da bertan tratatzen diren gaiak (heriotza eta heriotzarekiko beldurra, bakardadea, anomia, isolamendua, hots, gizarte eta ekonomia garaikidearen gaitzetako asko) ilunak izan daitezkeela, berez, baina hemen, maiz, umore finez, ironiaz eta autoironiaz erabilita daude, behar den bezala alegia, eta horrek balio gehigarria eskaintzen die testu hauetako askori. Egia da irribarrea jelatuta uzten dizun umore mota hori suerta daitekeela: ez da umore bereziki kontsolagarri bat. Baina, kontsolatzen ez badu ere, umore horrek (umore beltz edo ilun horrek, nahi baduzue) gutxienez funtzio katartiko bat daukala esatera ausartuko nintzateke. Eta horren adibide gisa, ipuinetako bat irakurriko dizuet:

Kontenedorea

Laztana, ez zitzaidan inolaz ere burutik pasa horrelakorik gerta zitekeenik. Aurretik beste neskekin bezala, diskrezio handiz sartu nituen zure gorpuaren zatiak kontenedore hartan, zabor poltsetan bildurik. Ez, ez zitzaidan okurritu kontenedoreak arratsalde nahasi hartan Bulebarraren erdian bukatuko zuenik, iraulita, erretzen. Eta zure zatiak asfaltoan zabalduko zirenik, eztanda baten ondoren bezala. Hanka. Oina. Eskua. Bular bat. Manifestariak eta ertzainak izoztu egin omen ziren zure inguruan. Koktelak eta gomazko pilotak albora utzi zituzten, mutu eta zurbil. Hori diote lekukoek. Ez dut egunkaria erosi. Ez zait politika interesatzen, sentimentalegia naiz.

  • Bestalde, aipatuko dudanak ez du liburua berezia egiten, baina uste dut esan behar dela: liburu hau liburu desorekatu bat da. Mikrotestuen eta, oro har, ipuinez osatutako liburu guztiak bezala: perfekzio osoa eta homogeneotasun osoa generoaren izpirituaren kontra doan zerbait da, are gutxiago 162 direnean pasarteak. Beraz, irakurleak gora-beherak aurkituko ditu testu hauen artean: gehiago konbentzituko dituen testuak eta gutxiago konbentzituko dituenak. Batez ere bizkor irakurtzen bada, gomendagarria ez den zerbait, nire uste apalean (eta hau diot irakurlearen autonomia batere mugatzeko asmorik gabe): nik pausatuki, egunean ipuin gutxi batzuk leitzea aholkatuko nioke irakurleari. Denbora har dezan hausnartzeko, gozatzeko eta mintzeko. Baina hori esaten dudan bezala, hau ere aldarrikatu behar dut: xedea jotako ipuinen .portzentajea halako liburuetan ohi dena baino handiagoa da. Eta, gainera (frogak dauzkat) funtzionatzen duten kontakizunak ez dira berdinak beti, ez sinkronikoki, ezta diakronikoki ere. Hau da, ni hunkitu izan nauten testuak ez dira izango beste irakurle bat hunkituko dutenak; hori konprobatu ahal izan dut nire inguruan, nolabaiteko “irakurketa konparatuak” egin ahal izan ditudanean. Eta denboran zehar, berrirakurketan alegia, berdin gertatu zait: liburuko lehenengo bertsioa irakurri nuenean, irakurgailu elektronikoan, gehien gustatzen zitzaizkidan testuak markatzen joan nintzen. Eta berriki, aurkezpen hau prestatzeko, orrialdeak tolesten joan naiz gehien gustatzen zitzaizkidan testuak nabarmentzeko. Ba horixe: bi aukeraketen zerrenda errepasatu, eta ohartu naiz, OK, normala den bezala, ipuin batzuk errepikatzen direla nire the best of-en zerrendaren barruan. Baina ez guztiak: beste askotan (erdi eta erdi esango nuke) aukeratu ditudanak beste ipuin batzuk izan dira, lehenengo irakurketan oharkabe pasatu zitzaizkidanak, eta ez zaizkit horren nabarmengarriak iruditu aurreneko irakurketan inpresionatu ninduten beste batzuk. Hots, berrirakurketa ondo jasaten duen liburu bat da (kotoiaren froga literario nagusienetako bat niretzat), eta horrek asmatzeen, aziertoen maila zabaltzen du. Hots, gorabeheratsua da, ma non troppo.
  • Azkenik, eta hemen berriro ere aitorpen pertsonal bat egitera behartuta nago, liburu hau inportantea izan da niretzat asko animatu nauelako. Ez nire bizitzari beste norabide bat emateko, edo naizena onartzeko, edo inguratzen nautenak eskuzabaltasun handiagoz ikusteko: ez dadila inor hurbildu orrialde hauetara, mesedez, Bucay, Coelho edo Jaio motako autolaguntza-errezeten bila. Animatu banau izan da irakurle bezala egin duelako, eta, are gehiago, euskal literaturaren irakurle bezala animatu nauelako: esperantza itzuli didalako. Eta hau esaten dut oso irakurle ziklotimikoa naizelako, euskal literaturarekiko adoregabetasun unetatik pasatzeko ohitura txarra dudalako. Askotan gertatu izan zait, baina zorionez, beti egon da libururen bat, euskal depresio literariotik ni ateratzeko gaitasuna izan duena, eta, une batez sikiera, animatu nauena: gertatu zitzaidan Ur Apalategiren Gauak eta hiriakekin,  gertatu zitzaidan Xabier Montoiaren Denboraren izerdiarekin (eta oraintsu bere Azken afariarekin), gertatu zitzaidan Uxue Apaolazaren Umeek gezurra esaten dutenetik ipuin liburuarekin… Pasa den udan izan nuen desanimo/depresio une horietako bat. Eta nire euskarria, irakurtzen jarraitzeko itxaropena itzuli zidana, neurri handi batean, Anaren liburua izan zen. Alde horretatik, eskerrak baino ezin dizkiot eman: eskerrik asko, Ana, liburu hau biltzeagatik, eta ni hona gonbidatzeagatik.

Amaitzeko, uste dut ondo legokeela beste ipuin bat irakurtzea. Hauxe, adibidez:

Banaketak

Serio zeuden gurasoak bi ahizpei begira. Ez zuen gaizki egindako ezer gogoratzen. Arratsaldean parkean ibili zen, beti bezala, auzoko lagunekin. Ez zen ezer berezirik gertatu. Ez haserrerik. Ez istripurik.
     “Zer egin ote duzu oraingoan”, esan zion Martari belarrira.
     “Zer egin ote duzu zuk, nik ez dut ezer egin”.
     “Zuen aitak eta biok banatu egin behar dugu”.
     “Elkar maitatzeari utzi diogu eta hoberena dela pentsatu dugu.”
     “Baina zuek maite zaituztegu, asko maite zaituztegu”.
     Isilunea.
     “Nik ez dut Marta maite, banatu naiteke ni ere?”.
     “Bai, guk ere banatu egin nahi dugu.”
     Isilune ozenago bat.

DSCN2293[1]