Ipuingilearen madarikazioa

Aitor dut esanguratsua iruditu zitzaidala: ez nintzen Kjell Askildsen (1929-2021) idazle norvegiarraren heriotzaz jabetu haren berria zabaldu eta lauzpabost egun igaro arte. Google eta sare sozialak arakatu eta, baiki, hantxe zegoen albistea, ez oso aipu ugariekin baina. Eta bururatu zitzaidan ez zela halakorik gertatuko, nik zer dakit, Karl Ove Knausgård hil izan balitz, nahiz eta, Askildsen bezala, Norvegia bezalako herrialde (demografikoki) txikiko idazle bat izan. Ezta Jostein Gardeer ere, edo Jo Nesbø: ziur haiek zendu izanez gero istantean helduko zela nigana albistea. Baina desberdintasun erabakigarri bat dago hiru horien eta Askildsenen artean: nobelagileak dira, eta Askildsen ipuingile bezala zen batik bat ezaguna.

Askildsen, ordea, hiru horiek baino idazle handiagoa zen. Dezente handiagoa.

Ipuingintzan eman zituen lehen urratsak, Hemendik aurrera etxera lagunduko zaitut liburuarekin (1953), bere aita hipererlijiotsuak erre egin zuena, semearengandik jaso eta irakurri ostean, eta bere herriko bibliotekan mailegu-zerbitzutik kanpo utzi zutena, liburuzainen arteko botazio-saio baten ostean, eduki sexual gordinegiagatik (orduan: gaur egun irakurrita, ez du horrenbesterako ematen, egia esan…). Ondoren, 1970eko hamarraldira arte, nobelagintzan aritu zen batez ere, eta, antza denez, bere eleberriek garrantzia izan zuten garaiko norvegiar literaturaren bilakaeran; modernismoaren eta nouveau romanaren eragina erakusten zuten, eta bat edo bat kutsu aski sozialekotzat jo zen (Askildsen komunista izan zen, eta urte batzuetan Norvegiako partidu maoista batetik hurbil ibili zen).

Baina ordutik aurrera ipuingintzan espezializatu zen, eta hor kokatzen da bere ekarpen handiena, eta nazioartekotuena, estatuaren ekintzaren laguntzaz betiere (Norvegiak idazleak laguntzeko, bultzatzeko eta, aldizka, «esportatzeko» mundu mailako programa indartsuenetako bat dauka). Espainian Lengua de Trapo hasi zen argitaratzen, 2000ko hamarkadaren hasieran, haren ipuin liburuak (Un vasto y desierto paisaje, Últimas notas de Thomas F. para la humanidad…), eta liluratuta utzi ninduten berehala: estilo idor eta zuzen baten jabe, Askildsenek giza harremanen muinera jotzeko abilezia ikaragarria zeukan, eta, horren bitartez, bikain esplotatzen zituen errealismo gordinenak bere baitan ezkutatu ditzakeen absurdua eta ironia. Ezinezkoa da (niri behintzat ezinezkoa egiten zait) Askildsenen narrazio bat irakurri eta, liburua itxi ondoren, atsedenaldi bat ez hartzea, zirraratik (mikrolurrikara emozionaletik) berreskuratzeko. Jon Benitok eskaini zion artikulu batean zioen bezala, «Minimalista izanagatik, ez dago hutsik. Konprometitua da literatura. (…) Apaindura, joko eta itxurakeriarik batere gabe, bere ipuinak garaiko jendearen bakardadearen dokumentuak ere izan daitezke» (Berria, 2006-XI-5). Carver aipatu da, baldarki, irakurleak bere liburuetara erakartzeko, baina errealisten familiako ipuingilea bazen ere, ez dauka harekin zerikusirik batere. Hemingway edo Beckett erreferentzia erabilgarriagoak lirateke, eta Europako erdialdeko eta ekialdeko XX. mendeko literatura, oro har.

Askildsenek mantso idazten zuen, hitzak neurtuz, egunero lerro edo paragrafo gutxi batzuk, eta asko zuzenduz. Carverri editoreak kimarazten zizkion testuak; soberako hitzik ez erabiltzea abiapuntua zen Askildsenentzat. Thomas F. bere pertsonaiak une batean dioen bezala, «nahikoa hitz daude jadanik zirkulazioan munduan, eta gehiegi hitz egiten duenak ezin dio esandakoari eutsi». Edonola ere, Askildsenek, ipuinak idatzi arren, liburua zuen beti helburu: alde horretatik ez zen ipuin bildumen egilea izan, ipuin liburuena baizik, ez dena zehaztapen anekdotikoa, generoaz ari garenean. Ez zuen, horren guztiaren ondorioz, produkzio oparorik izan, eta liburuak eurak meheak dira oso, gehienak ehun eta koska orrialdetakoak. Baina zulo beltz batek baino grabitate indar handiagoa gordetzen dute barruan.

Askildsen itzultzailea ere bazen: alemanetik eta ingelesetik itzuli zituen norvegierara, adibidez, August Strindberg, Hermann Broch, Harold Pinter edo Samuel Beckett. Hau inportantea iruditzen zait, orobat, hizkuntzarekiko bere izaera hiperkontzientearekiko guztiz kontsekuentea delako. Ingelesa bikain ezagutzeagatik, atzerrian zegoela ez zuen sekula elkarrizketa bat eskaintzen norvegieraz ez bazen, hots, interpretearekin egiten zituen beti, ahalik eta zehatzena izan nahi zuelako erantzunetan. Hain zen handia bere doitasunarekiko konpromisoa.

Alde horietatik guztietatik, ezin idazle antonimoagorik aurkitu artikuluaren hasieran aipatu dudan Knausgårdekin alderatuta, sei liburuki loditan banatutako bere Nire borroka proiektu autofikzional bezain egotistarako xehetasun hutsalez beteriko ehunka eta ehunka orrialde obratu dituena, etorkizunik ez balego bezala. Ni, behintzat, Askildsenen nire aleetako batean markatutako orrialde batean hitz hauek berrirakurri, eta Knausgårdekin oroitu naiz: «Igarotzen den ordu bakoitzean, mundua milaka ergelez libratzen da. Pentsatu al duzu sekula metatutako zenbat ergelkeria desagertzen den egun bakarrean zehar? (…) Eta, hala ere, ergelkeria asko geratzen da, batzuek liburuetan iraunarazi dutelako, eta horrela mantentzen da bizirik. Jendeak nobelak irakurtzen jarraitzen duen bitartean, hain ugariak diren nobela jakin horiek, ergelkeriak existitzen jarraituko du».

Produkzio mantsoko idazlea izateaz gain, azken urteetan apenas idatzi zuen Askildsenek: itsu geratu zen, Borges bezala. Ez dakit ipuingileen patu petralarekin zer ikusirik duen, baina, hala izatekotan, bere biografiaren azken jira ironikotzat har genezakeen.

Edozein modutan ere, ezagutzen ez baduzu, ez da inoiz berandu egile handi bat berreskuratzeko. Gaztelaniaz, egun, Nórdica argitaletxean aurkituko dituzu bere ipuinak bilduta; frantsesez, Le Serpent à Plumes-en zeuden, baina ez dakit honezkero eskuragarri dauden, ezta argitaletxea bera existitzen den (ea noizbait animatzen den euskal argitaletxeren bat…).

Egin aproba: ipuinzalea bazara, ez zaizu damutuko.

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen, 2021eko urriaren 16an; argazkia Wikimedia Commons-etik atera dut]