Telesailen (inguruko gorazarre hiperbolikoen uholdearen) kontra

Artikulu honek, jatorrizko bertsio laburtuan argitaratu nuenean, “Telesailen kontra” izenburu konpaktuago eta –ziurrenik– eraginkorragoa zeraman, baina hala izan zen Ortzadar gehigarri kulturalean ez dizkidatelako izenburu luzeak onartzen; web bertsio honetarako jatorrizko izenburua berreskuratzea erabaki dut, ondo egin dudan ez dakidan arren. Edonola ere, bistan denez, honako hau testu apokaliptiko bat izango da; ados, agian ez nuen zertan zehaztu, badakit aspaldi ez zaidala ateratzen artikulu integraturik…

Telesailen ekoizpena eta kontsumoa hazi dela argi dago, eta horretan zer ikusia izan duela HBO, Netflix, Fimin edo Amazon Prime bezalako plataformen bultzadak, betiko telebistaren esparrutik etorritako ahaleginez gain. Gaiak, bestalde, gero eta espazio handiagoa hartu du komunikabideetan eta, susmagarriki, ikerketa akademikoetan, zeinetan Ikasketa Kulturalek, beren Lebensrauma beti zabaltzeko gosez, garrantzi berezia hartu baitute, ikus-entzunezkoen diziplina unibertsitario tradizionalekin batera. Horrek guztiak, antza denez, telesailen generoaren prestigioaren hazkundeari lagundu dio, eta badago aurkezten dituenik “literatura” edo “nobela berria” gisa, literatura idatzi xaharra ordezkatzera etorri den behin betiko fikziozko panazea balira bezala alegia.

Eta kontua balitz telesailak literatura txarra, kontsumokoa, bestsellereskoa ordezkatzera letozketela, gaitzerdi; are gehiago, nik ere txalo egingo nieke belarriekin, horretara jarriz gero. Baina generoaren goreste neurrigabea bilatzen dutenak, zer esanik ez, ez dira horrekin konformatzen, eta altuago destatzen dute beren baieztapen arranditsuekin.

Ez dago dudarik telesailen bataz besteko kalitateak gora egin duela ugaltzearekin batera: kopuruaren zabalkuntzaren albo-ondorio hutsa da. Baina, funtsean, ez zait iruditzen gauzak hainbeste aldatu direnik gure gazte garaietatik: gogoan hartu, gero eta jurasikoagoa naizen arren, ni telebistarekin jaio nintzela, eta, beraz, telesailak kontsumitzen daramadala bizitza osoa. Eta, ondorioz, uste dudala, esperientzia historiko horretan oinarrituta, telesail on batzuk daudela –oso gutxi–, erdipurdiko asko, eta txar piloa. Eta ondorio batera iritsi naizela: berez, genero gisa, nekez ordezkatu ahal izango dutela, ezagutza eta plazer iturri gisa, literatura serioak eskaintzen duena. David Foster Wallacek argi zuen hori, esaten zuenean “telebistak eta zinema popularrak eta behe kultura mota gehienak –esan nahi duena, soilik, arte horren helburu nagusia dirua irabaztea dela– etekintsuak dira hain zuzen onartzen dutelako publikoak plazerra 100eko 100ean nahiago duela, ehuneko 49a plazerrez eta ehuneko 51a minaz osatuta ohi dagoen errealitate bat baino. Arte serioak, ordea, zuri dirua ateratzea helburu nagusi ez duenak, joera du zu deseroso sentiarazteko, edo bultzatzen zaitu ahalegintzera gozamena lor dezazun, bizitza errealean plazerra ahaleginaren eta deserosotasunaren ondorio den bezalaxe alegia”.

Izan ere, gehienek garai bateko foiletoiak arrakastaz esplotatu zituen baliabideak baino ez dituzte errepikatzen: behin behineko arrakastaren kariaz, luzamenduaren luzapenaren luzatzea, atalak eta denboraldiak biderkatuz; cliffhangerraren abusu neurrigabe eta agerikoa; tentsio sexual burutugabeen eta –telesaila nahikoa luzatzen bada– pertsonaien arteko harreman gurutzatuen konbinazioen eta permutazioen segida infinitua; hausnarketara ez daraman biolentziaren banalizazio jarraitua; manikeismoa eta pertsonaia/istorio unidimentsionalen nagusitzea, etab. Gehienek, are txalotuenek, Lostetik Game of Thronesera, The Sopranosetik Breaking Badera, Downtown Abbeytik The Crownera, Sense 8tik Stranger Thingsera, Desperate Housewivesetik Big Little Liesera, Westworldetik The Boysera harri beretan egiten dute oztopo, behin eta berriz, eta irudiaren kalitatea, aktoreen lana eta efektu berezien hobekuntza diakroniko itzela gorabehera, ez dut haietan aurkitzen gaztaroan antzeko produktuek –Canción triste de Hill Streetek, M*A*S*H*ek, Expediente Xek, The Simpsonsek…– eragiten zidatena baino maila handiagoko pozbiderik: kontsumoko produktu on batek eskainitakoa. Ez gutxiago, baina ezta gehiago ere. Gonzalo Torné idazleak bere txio-aforismoetako batean zioen bezala, “Ze txarrak diren telesailak ‘entretenimendutik’ ateraz gero, ez daude hiru ere galbahea pasatzen dutenik”.

Eta uste dut gakoa hor dagoela. Gustatuta ere, haiekin entretenituta egonda ere, halakoek ez zidaten sekula ere eskaini Borgesen lan batek, L’éducation sentimentale batek, Harrotasuna eta aurrejuzkuak batek, Conversación en La Catedral batek, Alice Munroren ipuin liburu batek eman ziezadaketen zinezko plazerra.

Egia da badaudela salbuespenak. Baina horixe dira, salbuespenak. Gabriel Zaidek ondo azaldu zuen, nire ustez, zergatik den horrela, eta zer dela eta telebistak, literatura onarekin konparatuta, desilusionatzen duen beti: “ehundaka mila edo milioika pertsonentzat izan behar duelako interesekoa. Desiragarria da (eta gertatzen da) bikaintasuna publiko handiaren interesekoa izatea, hala telebistan nola liburuetan. Baina, liburuen kasuan, halakorik gertatzen ez bada, ez dago desastre finantzariorik, telebistan bezala. Telebista behartuta dago bestsellerrak produzitzera: bikainak, onak edo txarrak. Liburuak, ordea, bestsellerrak izan daitezke, baina ez dute zertan. Ekonomikoa da liburu bikain bat egitea, soilik hiru mila pertsonen interesekoa bada ere, eta bestseller asko horrela hasi ziren. Octavio Pazen El laberinto de la soledaden lehenengo mila aleek urteak behar izan zituzten salduak izateko. Telebista saio bat izan balitz, ez zatekeen ekoiztuko”.

The Wire (HBO, 2002-2008) izan daiteke horietako bat, hasieratik bertan murgiltzeko zailtasunak ezartzen zituen telesail bat izaki –gako iruditzen zaidan tasun bat–. Edo duela ez hainbeste ikusi nuen Olive Kitteridge (HBO, 2014), iturritzat duen Elizabeth Strouten izenburu bereko ipuin liburua aise gainditzen duena –agian, Pulitzer saria irabazi arren, ez delako horren liburu bikaina; tira, Pulitzer saria ez da, berez, ezeren bermea: gogora dezagun Pearl S. Buck edo James A. Michener bezalako egile komertzialek irabazi zutela inoiz, edo Agurea eta itsasoa bezalako errazkeriek…–.

Baina halakoak, esan bezala, bakanak dira, halabeharrez. Alde horretatik, kasik nahiago dut Black Mirror bezalako telesail bat (Channel 4-Netflix, 2011-gaur egun), ez duena, agerian behintzat, pretentsio intelektual gorenik –nahiz eta karga politikoa bai duen–, eta eroso dabilena The Twilight Zone klasikoak (CBS 1959-1964) abiatu zuen kontsumo zabalerako zientzia-fikzio eta fantasiaren eremu generikoan –eta baita moralean ere–. Gorago aipatu bezala, ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.

Ez naiz esaten ari telesailak kontsumitzeari utzi behar diogunik, jakina; nik neuk egiten dut, nire bizitza kontziente guztian egin dudan bezala, eta egiten jarraituko dut. Bibliako Kohelet liburuak dioen bezala (3: 1, 5, 7), “Denak du bere sasoia, / gauza bakoitzak bere garaia du eguzkipean / (…) harriak jaurtitzeko garaia / eta harriak biltzeko garaia, / besarkatzeko garaia / eta banantzeko garaia, (…) urratzeko garaia /eta josteko garaia, / isiltzeko garaia / eta mintzatzeko garaia”. Esaten dudan gauza bakarra da agian pixka bat gutxiago hitz egin beharko genukeela kontuaz, edo ez behintzat horren ozen eta arranditsu, gauza inportanteagoek mereziko luketen hotsandiaz alegia.

Abisatu dut hasieran: apokaliptiko nago azken bolada honetan, zer egingo zaio ba. Hainbeste telesail distopiko ikusi izanaren ondorioz izango da, akaso.

telesailentzako

[Artikulu honen bertsio dezente laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2019ko uztailaren 27an. Gogoeta hori buruan bueltaka nuela txio bat idatzi nuen, geroxeago, gaztelaniaz, “Telesailena sartu diguten enegarren gol kulturala da”, ohituta nagoena baino gaitzespen gehiagotxo jaso zituena sarean. Horri egiten zion Mikel Alvarezek erreferentzia Berrian, 2019-IX-17ko bere “Olatuaren erresaka” Ekografian].

Ez dago garantiarik

[Artikulu hau Galde aldizkariaren 5. alean argitaratu zenaren bertsio luzexeagoa da].

Euskal kultura eta literatura dekadentzia betean daude, maldan behera eta galgarik gabe, Pako Aristiren ustez behintzat; bere “Glaziazio aro baten hotzikarak” artikulu apokaliptikoa irakurtzea besterik ez dago horretaz jabetzeko (Berria, 2013-XII-1). Ez diot, oraingoz, arrazoia kenduko: egunaren arabera antzeko adoregabetasun batek harrapa nazake neu ere. “Glaziazio aro baten hotzikara lizunak bizi ditu Euskal Herriak orokorrean, eta euskal kulturak partikularrean. Euskalgintza kiebran dago. Herri baten existentzia bermatzen duen lehen araua hautsia geratu da: bere buruarekiko maitasuna, bere sortzaileak babestera eta hauen profesionaltasuna erraztera daramana”.

Esan bezala, ni, batzuetan, Aristi baino ezkorrago ager naiteke (tira, agian zero azpiko hainbeste metaforarik gabe), eta ez soilik euskal kulturaren egoeraren harira, baizik eta baita Mendebaldekoarenaren eta are Federazio Galaktikokoarenaren inguruan ere. Motiboak ez dira falta. Pornografia lighteko produktuek liburu salduenen zerrenden gailurra jotzen dute, urte edo kanpaina batzuk lehenagoko detektibe tenplarioak edo banpiro anorexikoak desplazatuz. “Thriller nafarraren” balizko asmatzaileak Polizia Foralaren kuartel bat inauguratzen du (nobela beltzak kritika sozialerako omen duen gaitasunari buruzko aldarrikapen optimista guztiei azpiak janez). Pseudonobela pseudohistorikoen egile batek dio (sic) berak idazten duela beste batzuek kakorratz-lana egiten duten modu berean (eta gauza asko ulertzen dira orduan). Gabriel Arestiren oihartzunik apenas bidaltzen dizun mosaiko moduko Gabriel Arestiren inguruko ikuskizun pluridisziplinar baten lekuko zara (zatietako batzuk, beren kabuz, eta poeta bilbotarrarekin lotuta joatera behartuko ez balituzte, agian onak irudituko litzaizkizukeen arren). Eta abar.

Baina, zorionez, ez da beti horrela gertatzen. Egun batean eskuetara iristen zaizkizu Stoner edo Azken afaria bezalako nobelak, eta barruan geratzen zaizkizu, itsatsita, bira eta bira, literatur lan onek uzten duten arrastoa inprimatu arte. Edo Hondakindegia bezalako parafernaliarik gabeko errezitaldi bat ikusten duzu, taberna batean, eta dena ez dagoela galduta ondorioztatzen duzu.

Bai, badakit (neurri batean) tranpa egiten ari naizela, ni eskaintzaz ari naizela, eta Aristi eskaeraz ari zela. Kontua da niri beti iruditu zaidala gure abiapuntua, eskaerari dagokionean, defizitarioa izango dela halabeharrez. Txikiak gara, eta txikitasun hori da gure ezinbesteko aurrebaldintza: ezin haltzara fruitu bila joan.

Izan ere, irudipena daukat Aristik ere tranpatxoa egiten duela, artikuluan, bere egoera profesionalaren zailtasunak, euskal kulturaren une (ustez) kaxkarra eta hizkuntza minorizatu izateak dakartzan trabak nahastean, ez baitira, nire ustez, gauza bera. Artikuluan marrazten duen ekuazioaren segida honako hau baita, ondo ulertu banuen: 1) profesional gisa aritzeko gero eta zailtasun gehiago dauzkat (“sinesten nuen, idaztera dedikatu arren, bizitzan progresio ekonomiko bat ezagutuko nuela, eta 50 urte inguruan egonkortasun bat iritsiko zitzaidala, Monet, Renoir edo Zumetaren kasuan bezala”: tira. Aristik ahazten du historikoki halako segurtasuna lortu dutenen portzentajea beti izan dela helmuga horretara iritsi ez direnena baino askoz ere txikiagoa. Eta, bide batez, ez dakit zergatik, literaturaren profesionalizazioari buruz ari bada, ipintzen dituen adibide guztiak margolariarenak diren…); 2) hori da gure erakundeek eta gure publikoak ez diotelako nahikoa babesik eskaintzen euskal kulturari (“euro apur batzuekin edo zuzenean 0 eurorekin ordaintzen diren lan eskaintzak anormalki ugaritu dira, normalizatzeraino. Euskara kapitalista bat nahi nuke, baina euskara komunista bat baino ez daukagu, komunitarioa, doakoa”); 3) hori guztia, funtsean, gure hizkuntzaren minorizazio doilorraren ondorio da (“lehengoan Azpeitiko nire etxetik atera eta Donostiara joan nintzen. Sei aldiz ekin nion euskaraz leku eta erakunde ezberdinetan, sei aldiz arrapostu zidan espainolez solaskideak. Milioi bat hiztun dituen hizkuntzan, jostorratz sentitu nintzen gure hizkuntza deserriratuaren lasto artean”). Emaitza: izorratuta nago. Eta, ondorioz, izorratuta gaude.

Egia da, nire aurreko artikuluetan azpimarratu nuen bezala, orain arte ezagutu dugun profesionalizazio eredua kolokan dagoela, arrazoi askorengatik. Aldaketa garaian gaude, ez bakarrik literatur munduan, baizik eta kulturaren alorrean, oro har, eta aldaketa hori ez da soilik gurea, globala baizik. Baina horrek ez du esan nahi datorrena okerragoa izango denik derrigorrez (hobea izango dela aurreratzeko motiborik ez dagoen bezala): artearen merkatu burgesak (orain arteko profesionalizazio eredua bermatu duena, hain zuzen) antzinako mezenasgo feudala ordezkatu zuenean egoera biziki “traumatikoak” gertatu ziren, orobat.

Gehitu horri guztiari, bestalde, bizi dugun (ezarri diguten) beheraldi edo depresio ekonomiko luzea (“krisi” terminoa, horren koiunturala, honezkero albo batera utzi beharko genukeela iruditzen zait).

Harritzen nauena, ordea, da nola onartzen duen Aristik, nahiko modu akritikoan, sistema ekonomikoak alor horretan ezartzen dituen kondizioak (“euskara kapitalista bat nahi nuke”). Horretan ematen du idazle urrestildarrak bat egingo lukeela Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabelekin, zeinak, duela bizpahiru hilabeteko elkarrizketan, antzeko ildo batetik jo baitzuen: “Zergatik eskatzen zaio doan lan egitea musika talde bati eta iturgin bati ez? Doan lan egiteko prest dagoen iturgin bakar bat ez dagoelako, baina doan jotzeko prest dauden taldeak ehunka” (Argia, 2014-II-9). Agian zalantzan jarri beharko litzatekeena zera denean, zergatik erabaki behar duen merkatuaren “esku ikusezin” dontsuak iturginaren lanaren ordaina (eta irakaslearena, eta bankariarena, eta garbitzailearena…); ez ote dagoen beste biderik langile ororen sarrerak zeintzuk izango diren esleitzeko…

Baina, bego, onar ditzagun sistemaren funtzionamenduaren oinarriak. Hala eginda ere, labaingarria lirudike artista jakin baten zirkunstantziak (kasu honetan negatiboak) herrialde bateko arteen egoera orokorrarekin lotzeak, besterik gabe. Sistemaren izaeran bertan baitago arrakasta eta, beraz, profesionalizazio osoaren aukerak ez egotea bide horretan saiatzen diren guztien eskura. Arrakasta lortzea (ala ez) faktore askoren mende egon baita betidanik: ahaleginarenean, talentuarenean, testuinguru sozial eta politikoarenean, eta zoriarenean, besteak beste. Eta batzuetan horietako bat nahikoa da (zoria, adibidez) artistaren patua ebazteko.

Searching For Sugar Man dokumentalean (M. Bendjelloul, 2012) Sixto Rodriguez 1960ko hamarraldi amaierako folk-pop kantari iparramerikarraren istorio bitxia kontatzen da: guztiz oharkabean pasatu zen Estatu Batuetan, nahiz eta bere diskoak kalitate handikoak izan (eta arrakasta itzelekoak Hego Afrikan, kantaria horren jakitun izan gabe: igeltsero lanetan aritu zen urteetan Detroiten, internet aurreko aroan, beste hemisferio batean izar statusa zuela ohartu gabe). Halako batean, elkarrizketatzaileak galdetzen dio Rodriguezi ea arrakasta faltak harritu egin ote zuen. Eta kantariak arrapostu: “Harritu al ninduen? Musikaren negozioa da, beraz ez dago garantiarik, ezta?”.