Poesiaren laburtasunaz

César Aira da gustatzen zaidan ala ez erabakitzen lanak ematen dizkidan egile horietako bat. Kokatzen zaila. Nobela laburraren alorrean aritu da batik bat, eta egungo Argentinako literaturaren ikur nagusienetako bat bihurtu da, esparru bat zeina, Julio Cortázarren eta Jorge Luis Borgesen heriotzez geroztik, nahikoa umezurtz geratu baita, kanonaren buruzagitzari dagokionean. Agian hobe da horrela, piramide moztu gisa: irekiagoa, aldakorragoa, interesgarriagoa suertatzen da. Euskal literaturan antzeko zerbait gertatzen ari ote ez den pentsatzen dut batzuetan.

Airaren nouvelle estrainioak irakurtzean dezepzio-une bat edo beste izan dudan arren, aitortu behar dut, orobat, beti aurkitu dudala, ia guztietan, probetxuzko zerbait. Aurrera egitera bultzatzen zaituzten liburu horietakoak dira Airarenak, ironia oso xehe baten jabe, inbidiagarria zaidan zerbait. Irakurri diodan azkenekoa, Parménides (2005), horren lekuko da. Protagonista ez da greziar filosofo aurresokratikoa, baizik eta Perinola, Parmenides aberatsak liburu bat idazteko kontratatzen duen beltza, Historiako aurreneko beltza, apika (ironia pertsonaiaren izen beretik hasten da). Perinola hori Kristo aurreko V. mendeko (fikziozko) poeta gazte bat da zeina, enkarguaren ondorioz (zer esanik ez) bere obra propioa idazteari uzten baitio.

Baina ez dut hemen spoilerrik egiteko asmorik; nobela di-da irakurtzen da eta, hala ere, aberatsa da bere laburrean, umorean eta intertestualitatean ez ezik, gertakari literarioaren inguruko hausnarketetan. Horietako bat itzuli nahi nuke hemen, blog honetako poesiaren aurkako atala gizentzen hastearren. Parmenidesek, jakina, liburua neurtitzetan idazteko eskatzen baitio Perinolari. Eta Perinolak, lan horren aurrean, poesiaren eginkizunaren inguruan gogoeta  egiten du (besteak beste). Hala dio pasarteetako batean, Perinolak enkarguari ekiten dionean:

“Metrika eta azentu-beharkizunek esaldiak diktatzen zizkioten. Abantaila ezin konparatuzko hori zeukan bertsoak: ondo egiten bazuen hots, ondo zegoen, eta norbera ahaztu zitekeen zentzuaz, azkenean sortzen zena edonola ere. Gainera, diskurtsoa bihurdura saihestezinez mendera ekartzean, zailtasun eta anbiguotasun intriganteak sortzen ziren, eta horien ondorioz are topikoen parrasta horrek oihartzun sakon eta misteriotsua hartzen zuen.

          Ze absurdoa, pentsatzen zuen Perinolak bertso-lerroek jariatzeari uzten ez zioten bitartean (berez, haien kabuz, esango litzateke), gauzak bertsotan idaztea. Ez al zen egokiagoa prosa? Nori bururatzen zaio neurtitzetan jartzea itsasaldien taulak edo burdinaren erauzte-metodoak? Aberrazio bat zen, eta, are okerragoa zena, mundu guztiari iruditzen zitzaion sublimea. Horrela irizten zion Perinolak bere poeta kokagunetik. Txikitatik bertsoak egiten, ezer ez zutela esan nahi deskubritu zuen; eta bizitzen deskubritu zuen hizkuntzak gauzak esateko balio zuela. Bateraezintasun bat zegoen, poesiarekin konprometitu zuena hain zuzen ere. Zeren eta poesiak, gauzak esateko balio zuen tresnarekin ezer esan nahi ez zuenez, zerbait esaten zuen, aldi berean zerbait eta ezer ez zena. Enigma hori maite zuen, baina konbentzituta zegoen ezin zuela iraun. Itxuragabeegia zen. Horrek preziatuagoa egiten zion. Efimeroa, lore arraroa zen poesia, kasualitatez ireki zena, eta justu bera bizirik zegoela ireki izana nahi izan zuen mirariak. Etorkizunean, gizateria arrazoitsuago batek prosaren erabilera egokia egingo zuen”.

Argi dago Perinolak, horretan, beste gauza batzuetan bezala, ez zuela asmatu. Zer egingo zaio ba. Ni, egungo poetez baino (nahikoa dute dutenarekin; azken finean, Félix de Azúak berriki gogorarazi duen bezala, “poesiak bere presentzia soziala iraungi du eta, egun, profesional bikainen arteko elkartruke pribatu bat da, eskulangileriatik gero eta hurbilago daudenak”), poetez baino, diot, gure bertsolaritzaz gogoratu naiz pasarte hau irakurtzean (poesiak, azken batean, aspaldi utzi zion itsasaldien taulak bertsotan ipintzeari…).

Nire azkeneko hitz hauek demostratzen dute zentzakaitza naizela, eskas nabilela abertzaletasunean, eta, gainera, ez dagoela ikusi nahi ez duen itsua baino okerragorik, noski. Baina, hala ere, disfrutatu egin dut duela bi mila bostehun urteko Perinolaren iragarpen huts egindakoarekin.

Irudia

Poeta mesianikoak

Duela gutxi, Raul Zurita poeta txiletarrak honako hau adierazi du: “poesia ostendu ezkero, zendu da gizateria” [gaztelaniaz, “si la poesía desaparece, la humanidad perece”: nabarmena da ez naizela ez itzultzailea, ezta poeta ere]. Eta horren ondoren gehitu zuen, pixka bat kontraesankorki agian: “Poesia liburua baino lehenagokoa da eta are idazkera aurrekoa ere, eta soilik desagertuko da azkeneko gizakia amaitzen delarik” [“La poesía es anterior al libro y anterior a la escritura misma, y sólo desaparecerá cuando se acabe el último hombre”].

Halakoak irakurtzen ditudanean beti harritzen naiz poeten (poeta batzuen) apokalipsirako joerarekin, eta haien diziplina (edo generoa, edo dena delakoa) ororen gainetik dagoela sinesteko daukaten konbentzimenduarekin. Sinesteko, eta sinesmen hori beren bizitza pribatura ez mugatzeko aurkeztu ohi duten jarrerarekin, gehituko nuke.

Zuritaren izena ezaguna egiten zitzaidan arren, aitortu behar dut ez neukala, une horretan, bere obraren berririk. Sareak eskaintzen dituen baliabide kasik infinitoez baliatuta, bere poema batzuk irakurtzeko astia hartu nuen. Not my cup of tea, susmatzen nuen bezala.

Horretan pentsatzen ari nintzela (ez sakonkiegi, ziurrenik) Zuritaren ezagutza lainotsua nondik etor zitzaidakeen barruntatu nuen. Liburutegira hurbildu, Roberto Bolañoren Entre paréntesis saiakera eta artikuluen bilduma eskuratu (Anagrama, 2004) eta hantxe zegoen, Txileko poesia garaikidearen inguruko artikulu batean: “La poesía chilena y la intemperie”, zeinetan Bolañok errepaso bizkor (eta, esan gabe doa, oso pertsonal) bat ematen baitio generoaren (ordura arteko) bilakaerari, Hego Amerikako herrialde hartan. Hauxe da Zuritaz bertan esaten duena:

“Lihn eta Teillier-en ostean ezerezak edo misterioak apatxoa eskaintzen digu eta are buztana astintzen du. Zuritak obra bikain bat sortzen du, bere belaunaldikoei gailentzen zaiena eta itzulbiderik gabeko puntu bat markatzen duena aurreko belaunaldiaren poetikari dagokionean, baina bere eskatologia, bere mesianismoa mausoleo edo ehorzte su meta baten oinarriak dira, eta horretara bideratu ziren, laurogeiko hamarraldian, ia poeta txiletar guztiak” (88-89 orr.; letra etzanak nireak dira).

Baina beste oihartzun batek ere dei egiten zidan kaskezur barrutik. Bolañok badauka nobela labur bat, Estrella distante (Anagrama, 1996), zeinaren protagonista nagusiak (narratzaileaz gain) bi poeta baitira, Alberto Ruíz-Tagle eta Carlos Wieder, pertsona bera direnak azken batean. Carlos Wieder, Pinocheten estatu-kolpearen ondorengo egunetan agertzen dena Ruíz-Tagle izena alde batera utzita, aire-armadako tenientea da eta bere ezaugarri nagusia da poemak marrazten dituela zeruan bere abioiak botatzen duen keaz…  Raúl Zuritak egin zuen bezalaxe, hain zuzen ere, 1982an, New Yorkeko zeruan, non, ke zuria jaurtitzen zuten bost hegazkinen laguntzaz, “Bizitza berria” (“La vida nueva“) izeneko poema marraztarazi baitzuen. Zuritak ere body art-aren, land art-aren eta argazkigintza poetikoaren aldaera ezberdinak praktikatu ditu bere karreran zehar, hastapenetan batez ere, eta Estrella distanteko Wiederrek diktadurapean egindako izugarrikerien inguruko argazki-erakusketak antolatzen zituen, bestalde (nobelatxoa di-da batean irakurtzen da, eta merezi du, Bolañoren obraren zati handiena bezala).

Raúl Zuritak ez zuen, antza denez, ondo hartu Bolañoren omenaldia: ez da harritzekoa. Besteak beste, imajinatzen dut, Bolañoren pertsonaia Txile pinotxetistaren morroi odoltsu bat bezala aurkezten duelako, Zuritaren biografia erregimenaren aurkako batena den bitartean: 1973an atxilotua eta torturatua izan zen militante komunista izateagatik, eta bere ekintza poetiko publikoak; CADA (Colectivo de Acciones de Arte) taldeko kideekin batera, diktaduraren kontrako protesta ozenak izan ziren.

Zuritak Bolañori buruz duen iritzia, bestalde, eta ezinbestean, ez da ona. Bere Cuadernos de guerra poemategian (Amargord, 2009) Bolaño bera ipintzen du zeruan poemak marrazten, “escribiendo con aviones la estrella distante de un dios que no estuvo    de un dios que no quiso    de un dios que no dijo    mientras adelante la mañana crecía y era como otro océano dentro del océano los desnudos cuerpos cayendo”, eta, gainera, “hepático Bolaño” deitzen dio, ez dena epiteto bereziki fina, kontuan hartuta Bolañoren heriotzaren kausa, 2003an, gibeleko gaixotasun luze bat izan zela (izan ere, garaiz iritsi ez zen gibel transplante baten esperoan hil zen) (ikus, kontu hauetarako guztietarako, Chiara Bolognereseren artikulu hau).

Badakizue: poetak, izaki zerutiar horiek…

Irudia