Itzultzailearen kultura

Zein inportantea den, itzultzaile batentzat, ez soilik hizkuntzak menderatzea –abiapuntukoa eta batez ere helburukoa, noski, eta baita beste batzuk ere, ahal dela–, baizik eta kultura orokorreko ezagutzak izatea, zentzu oso zabalean: itzultzen ari den lanaren testuingurukoak eta garaikoak, zer esanik ez, baina baita historikoak, geografikoak, filosofikoak etab. Eta itzultzailea horretara iristen ez bada, zein inportantea den halako ezagutzak dituen zuzentzaile bat –edo batzuk– eskura izatea: argitaletxeek ere badute erantzukizuna prozesu horretan, itzultzailearen gabeziez ohartzeko eta liburua inprimategira iritsi baino lehenago egon daitezkeen hutsak eta hondamendiak konpontzeko.

         Duela gutxi izan dut halako esperientzia txar bat gaztelaniara itzulitako eleberri batekin. Ez dut esango zein den, hemen kontua ez baita itzultzaile edo argitaletxe konkretu baten okerrak salatzea, baizik eta gero eta maizago daukadan sentsazio baten berri ematea: alde batetik, itzultzaileen –hots, oro har irakurleon– background kulturalaren gabeziena, eta, bestetik –hau susmoa besterik ez bada ere– argitarapenen merkatuak, baita itzulpenen alorrean ere, ezartzen dituen erritmo biziegien presioak eragin ditzakeen kalteena.

         Gustura hasi nintzen irakurtzen aipatu nobela, XX. mende hasierako klasiko “ezkutu” horietako baten gisa aurkezten zena. Lehenengo atalak landa aldeko Estatu Batuetan kokatzen ziren, eta garaiko eta tokiko testuingurua ulertzeko oin-ohar erabilgarriez zipriztindu zituen itzultzaileak. Dena zuzen, beraz. Halako batean, ordea, zerbaitek kirrinka egin zidan. Leku batzuen izenak agertzen hasi ziren –Antwerp, Louvain…–, eta inguruko erreferentziak despistagarri samarrak ziren –adibidez, antzinako margolaritza flandestarrari egiten zitzaiona–. Laster ulertu nuen: hiri horiek ez ziren Estatu Batuetako herri edo hirixka –niretzat– ezezagunak, hasieran pentsatu bezala, baizik eta Europako Anberes eta Lovaina: itzultzaileak ingelesezko ordainak utzi zituen itzulpenean, gaztelaniazko tradiziozko formak erabili ordez.

         Une horretatik aurrera mesfidatiago ekin nion irakurketari –ezin dut ekidin: halakoek liburutik ateratzen naute–. Eta antzeko akats bat baino gehiagorekin egin nuen topo.

         Larrienetako batek, ez bakarrak, kontu historiko batekin du zerikusia. Nobela, une batean, Europara lekualdatzen da: 1917 da, eta Estatu Batuek Gerla Handian parte hartzeko erabakia hartu dute. Nobelaren protagonistak izena ematen du armadan, entrenamendua jasotzen du, eta itsasontzi batean bidaltzen dute Frantziara. Bidean, beste jatorrietako soldaduekin harremanetan sartzen da, armadan esperientzia gehiago daukatenak. Horietako bati galdetzen dio ea Veracruzen egon zen, eta lagun berriak hala erantzuten dio: «¡Ya lo creo! Pensamos que era todo un grupo en aquel momento; pero creo que no será gran cosa cuando lleguemos allí, sin embargo. Cuento con ver enfrentamientos de primera».

         Esaldia ez da inondik ere ulertzen ez badakizu «Veracruzeko» horrek erreferentzia egiten diola Estatu Batuetako armadak 1914ean aurrera eraman zuen hiri horretako okupazioari, Mexikoko prozesu iraultzailearen testuinguruan. Han gertatutakoa ez zen «grupo» bat izan, beraz, gudaroste estatubatuarren eta mexikarren arteko liskar armatu bat baizik, txiki geratuko dena, soldaduaren arabera, Frantziako gudu-zelaietan alemanekin izango dituztenekin alderatuta. Egileak erabiltzen zuen espresioa –ordurako, nire irakurle neurosiak hartuta, jatorrizko nobela bilatua nuen– «quite a little party» zen, hots, «festa txiki ederra»  edo «festa txiki dezentekoa»  edo halako zerbait izan zela Veracruzeko borroka. Baina modu asko zeuden hura, are oin-oharrik gabe, egokiago itzultzeko «era todo un grupo» baino.

         Esan bezala, ez zen aurkitu nuen akats bakarra. Eta gehitu beharra daukat halako gero eta gehiago topatzen ditudala batez ere gaztelaniazko itzulpenetan, eta, alor horretan, irudipena dudala euskarazko itzulpenak zainduagoak egon ohi direla. Agian gure itzulpenak merkatuaren presioetatik askeago dabiltzalako gaztelaniazkoak baino. Agian sare zabalago eta solidarioago batez inguraturik lan egiten dutelako gure itzultzaileek, zuzenketa prozesua fintzen laguntzen diena. Agian argitaletxeek mimo gehiagorekin tratatzen dituztelako itzulpenak. Ez dakit. Baina atzera berretsi dut euskal itzulpenekin azken aldi honetan daukagun zortea. Gero itzulpen horiek, salbuespenak salbuespen, inork gutxik irakurtzen dituen arren, daukaten oihartzun urriari kasu egiten badiogu behintzat.

         Baina hori beste istorio bat da.

[Artikulu honen bertsio pixka bat laburragoa Ortzadar gehigarrian argitaratu zen, 2022ko apirilaren 2an]

2 thoughts on “Itzultzailearen kultura

  1. Halako zabarkerien inguruan, kontu batzuk aipatu nahi nituzke:
    1) bat nator zurekin: momentuz euskal itzulpenetan hori ez da ohikoa, ez neurri horretan behintzat, zorionez;
    2) Ostera gero eta ohikoak dira euskal idatzietan. Nik potoloak eta ugariak aurkitu ditut idazle izentsuen lanetan, txarto emandako aipuak, oker idatzitako izenak, txarto emandako datuak… (Googlen kontsulta minimo bat eginda argitzeko modukoak, gainera). Niri amorrazio itzela ematen dit zabarkeria horrek, eta, zu bezala, atera egiten nau liburutik. Baina, bestalde, beste galdera hau sortzen dit:
    3) Zelan ulertzen da zuzentzailearen figura euskal literatur sisteman? Ortotipografo edo estilista huts moduan? Nik uste lehenaz ondo hornituta eta bigarrenaz pixka bat sobratuta gabiltzala, baina bestelako zuzenketatik (kalitate kontrol kulturaletik) oso urri gabiltzala. Tamalgarria egile batzuen utzikeria, eta larria zuzenketa sakoango, kulturalagoaren falta

  2. Berrikitan, frantsesetik gaztelaniara itzulitako itzulpen batean aurkitu dut protagonistak parte hartu zuela “en la represión de la revuelta de la Rhur”, I. Mundu Gerlaren ondoko Alemanian. Hala irakurrita irakurle gaztelaniadunak auskalo zer pentsatuko duen zer den “la Rhur”, fabrika bat agian. Itzultzaileak, jakina, badaki frantsesez ibaien izenekin doan artikulua femeninoa izan ohi dela (la Seine, la Vistule, la Garonne), baina ez daki Rhur ibai bat dela, Mendebaldeko Alemaniako industria eta meatze arro garrantzitsu bati izena ematen diona. “Del Rhur” behar zuen, bistan dena.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s