Hirugarren zalduna

[Hau da Euskadi Irratiko Faktoria saioko Hiruhortza atalean irakurri dudan ikasturte honetako azkeneko kolaborazioa, ekainaren 13koa. Eskerrik asko ibilaldi honetako nire kideei, Uxue Apaolaza eta Alaine Agirreri, bota dizkidaten amuengatik, eta Iñaki Guridi, Jone Larrañaga eta irratsaioko ekipo guztiari, aukera hau emateagatik]

Azken garaiotan protagonismo berezia hartu dute Apokalipsiaren zaldunetako bik, gaixotasunak eta gerrak. Gaixotasuna, badakigu, covid-19 izurritearen eskutik izan dugu oso presente, eta berriki badaukagu hura ordezkatzeko, edo laguntzeko kide bat, tximuaren baztanga, zeina, bide batez, berehala probestu baitute batzuek homosexualen komunitatea estigmatizatzeko, HIESaren egun loriatsuen antzera: argi dago, esan dut hemen lehenago, Historiak ez digula askorik irakasten. Gerra, bestalde, hor egon da beti, baina badirudi ez diogula garrantzi gehiegirik ematen gure ateetara joka datorren arte, edo gure azal-kolore bera dutenak ditximatzen hasten ez den arte.

Orain ate joka datorren hurrengo gonbidatua gosea bide da. Gerraren ondorio dirudi, printzipioz: munduko zereal eta olio ekoizlerik handienen artean daude Ukraina eta Errusia, eta azken horrek hasitako gerrak esportazio asko bertan behera utzi ditu. Energiaren prezioen igoerak eta, ondorioz, baita ongarrienenak eta garraioarenak ere, zailtasun gehitu bat dira alor honetan. Elikagaien prezioetan otsailetik bertatik nabaritu ditugu ondorioak: merkatuak itsuak izan daitezke, beren jardunean, baina bizkorrak direnik ezin da ukatu. Herrialde batzuk hasi dira, elikadura-segurtasuna dela zio, janari-esportazioak debekatzen. Eta beste batzuk alor horretako murrizketak iragartzen. Herrialde pobre askotan goseteak arrisku erreal bat izan daitezke hurrengo hilabete eta urteetan. Herrialde pobreetan, zelako kasualitatea. Guretzat, aberatsontzat, estuasunak eta prezio-igoerak izango direnak, beste batzuentzat hondamendia izango da zuzenean.

Optimistenek espero dute arazo horiek behin behinekoak izatea. Merkatuak, behar duen denborarekin, eta gerra gehiegi luzatzen ez bada, orekatuko dituela berriro gauzak. Baina nago ez den zerbait iraunkorragoaren seinale. Izan ere, elikagaien produkzioa, eta lurren produktibitatea, oso mantso ari zen hazten aspaldi. Nekazaritza intentsiboa, gutxienez XVIII. mendetik aurrera garatu den moduan, sabai bat jotzen ari zela ematen zuen, are krisi honek eztanda egin baino lehenago. Erregai fosiletan oinarritutako teknikak muga batera iritsiak direla dirudi, eta berotze globalak berak, sortzen ari den lehorte, higadura eta basamortutze efektuekin, mugak ezarri dizkio nekazaritza-hazkunde globalari. Nonbaiten irakurri dudan bezala, nekazaritza garaikidearen hiru aurrebaldintzak -erregai merkeak,ur eskuragarria eta eguraldi aurreikusgarria- pikutara joaten ari dira, ez badira jadanik joan

Ikasleei Malthus-en teoriak irakasten dizkiedanean, esaten diet deskribatzen zuen mundu krudela, bat zeinetan biztanleria beti baliabideak baino azkarrago hazten baitzen eta, ondorioz, katastrofe demografiko batekin baino ez zen berrorekatzen, nahiko zehazki deskriba zezakeela Malthusen garaira arteko egoera, zeinetan urritasun krisiak ohikoak eta errepikakorrak baitziren. Baina, funtsean, huts egin zuela, beste garai bateko atarian egin zuelako bere “aurkikuntza”: Nekazaritza Iraultza eta Industria Iraultzaren hastapenarenean hain zuzen, aro bat zeinetan populazioaren gehikuntza bizkor bat gizakiek eskura zeuzkaten baliabideen hazkunde batekin batera gertatu ahal zen. Naturak “debalde” eskaintzen zituen energia-kopuru izugarrien erabilerari esker, zer esanik ez. Justu beroketa globala eragin duten erregai fosilak. Justu orain amaitzen hasi zaizkigunak.

Hots, agian Malthusek erretrospektiboki asmatu zuen: egin zuena ez zen bere orainaldiaren deskribapen bat, profezia bat baizik. Agian berriro tokatuko zaigu garai malthustarretan bizitzea, hemendik aurrera. Hazkundea, etengabeko hazkunde ekonomiko eta demografikoa zerbait normala izango ez den mundu bat, alegia.

Tira, ez da egia osoa ere, eta gaurkoan, nire ohituraren aurka, hemen, amaiera aldera egingo dut bat Uxue Apaolazaren pasa den astekoarekin, lan denboraren murrizketa aldarrikatuz zioenean egon badagoela “aberastasuna eta dirua denontzat, eta horrela esanda sinplekeria bat dirudi, baina egon, badago”. Malthusek, merkatu ekonomiaren sinestun on bezala, ez baitzuen kontenplatzen baliabideak modu berdinzale edo igualitario batean bana zitezkeenik. Argi zeukan jatekoaren murrizketaren aurrean, populazioaren parte batek, ahulenak, hots, pobreenak jasoko zuela katastrofe demografikoaren kolperik latzena.

Gure esku dago akats hori ez errepikatzea. Agian agur esan behar diogu hazkundearen kontzeptuari, ados, baina horrek ez du esan nahi birbanaketaren kontzeptuari agur esan behar diogunik. Kontrakoa baizik, hain justu.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s