Artisautzaren balioa

Adiskide literaturzale batek eman zidan liburuaren berri: urtean behin elkartu ohi gara –pandemiarik gabeko aroetan, behintzat–, eta gure errituetako bat azken aldiko norberaren irakurgai gogoangarrienak hizpidera ekartzea da, zer esanik ez; zertarako daude adiskideak, adiskide batzuk behintzat, literaturaz gogoberotasunez hitz egiteko –eta eztabaidatzeko– ez bada, plazer xume baina galant hori? Gure azken enkontruan, pasa den udaberrian, euskarazko liburu baten berri eman zidan, Alberdaniak argitaratutako Nell Leyshon idazle ingelesaren Esnearen kolorekoa nobela laburra, zeinaren inguruan arrastorik ez bainuen, 2018an argitaratu bazen ere: normalean nahikoa egunera eramaten dut euskarazko nobedadeen joan-etorria, baina izenburu hark ihes egin zidala aitortu egin behar izan nion. Adiskideak ondo ezagutzen nau, gustu batzuk konpartitzen ditugu, eta, ondorioz, kasu egitea erabaki nuen.

         Ez nintzen damutu: liburuak, bere estilo bereziarekin –Emily Brontë-ren Gailur ekaiztsuaken eta Agota Kristof-en Koaderno handiaren arteko gurutzaketa moduko bat, halakorik posible balitz: ez dut harago spoileatuko–, hasieratik harrapatu ninduen. Artefaktu literario txiki bat da, ederki ehunduta, ikaragarri eraginkorra bere artifizioan –XIX. mende hasierako baserritar jatorriko neskame bat da narratzailea–, gogorra eta argi-eragilea: laburbilduz, bitxi bat –sari dezente irabazi zituen publikatu zelarik, 2012an–. Eta oso ondo ekarrita dago euskarara, Irene Aldasororen esku trebea dela medio. Tamalez, euskararako itzulpenekin sarri gertatzen den bezala, eta, kasu honetan, azalaren diseinuak gutxi laguntzen duela onartuta ere, egia da gure erakunde literarioak ez duela nahikoa nabarmendu liburua: Kritiken Hemerotekan, behintzat, ez dut haren aipamenik aurkitu oraindik, lerro hauek idazten ari naizenean –eta horrela ulertu nuen nola pasatu ahal izan zitzaidan oharkabean, neurri batean behintzat; baina, tira, gure egunkarietako eta sareko kritikaren egoerarena beste gai bat da…–.

         Nell Leyshonek (Glastonbury, 1962), bost nobelez gain pare bat dozena irrati-dramen eta antzerki-lanen egilea ere badena, ikus-entzunezkoen munduan hasi zuen bere ibilbidea, Ridley eta Tony Scott bezalako zuzendarientzat lan eginez produkzio-laguntzaile bezala. Alde horretatik, gurean oraindik ez hainbeste, baina mundu anglosaxoniarrean nahikoa ohikoa den joera baten erakusle da Leyshon: zinemaren edo telebistaren mundutik literaturara salto egiten duten egileena. Garai batean zinema eta telebista ziren literaturaren mundura abiatzen zirenak gidoilari bila; orain, gero eta gehiago, alderantziz gertatzen da, Carmen Mola afera bestalde malapartatuak (ikus Katixa Agirreren “Amorru maskulinoa” artikulua, Berria 2021-X-24) erakusten duen legez: hiru gizonek osatutako muntaia-kate fordista bat bihurtu da Planeta sariaren nobela irabazlearen egile –nahiz eta, badakit, honek, Planeta bezalako sariekin zer ikusia duen guztiak bezalaxe, literaturarekin zer ikusia ote daukan zalantzan jartzea zilegi litzatekeen…–. Egiazki, Leyshonen asmoak nobelagile bihurtzeko nahiko goiztiarrak ziren, ikus-entzunezkoen munduan zebilen garai hartan idatzi bide baitzuen bere lehenengo nobela. Baina ez argitaratzea erabaki zuen, oraindik horretarako prestakuntza nahikorik ez zeukala sentituta. Izan ere, ez zuen eleberri bat argitaratuko askoz ere geroago arte, berrogei urte beteak zituela.

         Nell Leyshonen obran arakatzera eraman ninduen deskubrimenduak, eta gaztelaniara itzulita dauzkan beste bi eleberriak eskuratu nituen: argitaratu duen azkenekoa, El bosque (Sexto Piso, 2019), II. Mundu Gerra garaiko Polonian girotutako biziraupen istorio bat, eta aurrekoa, gaztelaniaz El show de Gary izenburua daukana (Sexto Piso, 2016), baina ez dakidana zergatik ez den Zorro-lapur baten memoriak, jatorrizkoari fidelago izango litzatekeen zerbait, mota horretako lapurreta txikietan sartutako 1980ko hamarkadako errebaleko mutiko baten ibilerak kontatzen baititu, nobela pikareskoaren tradizioari jarraiki. Edonola ere, nobelok Leyshonen interesen aniztasunaren eta erregistroen irekitasunaren berri ematen digute.

         Ez zitzaizkidan, baina, Esnearen kolorekoa bezain nobela onak iruditu: badituzte puntu onak –El bosquek jira abil bat ematen du une jakin batean, eta El show de Garyren ahots narratibo maskulinoa oso konbentzigarria iruditu zitzaidan–, baina ez dira, nire ustez, maistra-lanak. Eta Esnearen kolorekoaren berrirakurketa pausatuago batek inpresioa berretsi zidan: artisau on baten obraren aurrean nengoen, une jakin batean bete-betean asmatzeko nahikoa iaiotasun lortu duena, baina ez dena sekula kanonaren izen handien artean egongo.

         Nahikoa eta soberakoa dena, bestalde: ezin gara soilik goi-arnasdun lanez elikatu, sublimetasunaz enpo egin nahi ez badugu behintzat. Artisau on bat bihurtzea ez da nolanahiko aspirazioa, idazle batentzat. Are gehiago, iritsi daitekeen behinenetakoa dela esango nuke, betiere gogor lan egiten bada, Nell Leyshonen adibideak gogorarazi didan bezala.

         Eta orain, irakurri ez baduzu, zoaz Esnearen kolorekoaren ale bat eskuratzea.

Posdata. Gauza bera pentsatu dut berriki, John Paul Keith kantari eta gitarrista estatubatuarraren kontzertu batean egon ondoren: ez du ezer asmatzen, baina zer trebetasun egiten duena ondo egiten saiatuta. Keithek, Knoxvillekoa dena eta Memphis aldean grabatzen duena, rock’and’roll klasikoa egiten du, soul ukitu batzuekin inoiz, baina ez da interprete huts bat, ez da tributu bat, ez da mugatzen Chuck Berry, Elvis Presley edo Buddy Holly-ren bertsioak egitera: tradizio horretatik abiatzen da betikoaren gainean zerbait berria eskaintzen saiatzeko. Ondo pentsatuta, ikaragarrizko meritua duena, laranja edo limoi ia osorik zukutuari tanta batzuk ateratzeko gai delako oraindik ere. Gaitasun hori da Leyshonen liburuetan, gutxienez Esnearen kolorekoan, topatu nuena.

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen, 2021eko abenduaren 11an]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s