Kritikaren (auto)baldintzak

Halako batean, kritikak biltzen dituen euskarazko webgune batean –bale, badakit: halako bakarra dago euskaraz, oso ondo dagoena, baina eutsi diezaiodan, une batez sikiera, gurea hiztun eta irakurle ugari eta, batez ere, anitzagoez osatutako literatura izateko fantasiari–, nire maiatzeko Ortzadar gehigarriko artikulua topatu nuen, ustekabean. Harrigarria iruditu zitzaidan, ez nuelako gogoan kritika bat idatzi nuenik; izan ere, gehigarri honetako arduradunek beti debekatu izan didate, espreski, kritikak idaztea nire tartean –badauzkate beste luma batzuk, horretarako–. Badaezpada, atzera irakurri nuen artikulua. Pare bat detaile aipatzen nituen nobela batez, gero beste pare bat hala ipuin liburu nola nobela izan zitekeen beste batez. Nire oroitzapena berretsi nuen: hura ez zen, inola ere, kritika bat –ez behintzat webguneak aipatzen zuen liburuarena, edo, horretara jarrita ere, ez hizpide nuen lehenengo nobelarena baino gehiago, nahiz eta web orrian ez zen azaltzen horren kritika bezala sailkatuta, agian ez zelako euskaraz idatzitako edo itzulitako liburu bat, ez zaidana horren garrantzia handiko xehetasuna iruditzen, testu bat kritikatzat ala ez hartzeko orduan; izan ere, nire artikuluan aipatutako liburu biak euskaldunak izan balira, zer egingo zuketen? Bi kritika gisa argitaratu testu bera? Bakarra aukeratu? Haien argitaletxekoa, ala, menturaz, beste batekoa aipatu izan banu, bestekoa? Enfin–. Protesta egin nuen webguneko arduradunen aurrean, eta erretiratzeko eskatu. Adeitsu erantzun zidatenaren arabera, haien webgunean argitaratzen dituzten testu gehienak literatur-kritika kategoria estukoak izango lirateke, baina ez bakarrik: liburu baten iruzkin kritikoak egiten dituzten artikuluak sartu izan dituztela, eta jarraitu nahiko luketela sartzen. Nire desadostasuna agertu nuen atzera, eta argudio gehiago eman nizkien, baina horiek jada ez zuten erantzunik jaso eta, testu hau blogera ekartzen ari naizela konprobatu ahal izan dudanez, nire “kritika” hor dago oraindik.

Baina hura, sentitzen dut, ez zen kritika bat.

Eta ez zen kritika bat ez zituelako nire buruari kritika egiteko orduan ezarri dizkiodan baldintzak betetzen. Baldintza pertsonal eta transferiezinak, zer esanik ez, eta nire egoera aldatuko balitz zuzentzeko prest egongo nintzatekeenak; badakizue, hauek dira nire printzipioak, eta ez bazaizkizu gustatzen, beste batzuk dauzkat.

Edozein modutan ere, eta norbaitentzat interesekoak izan daitezkeelakoan, hauek dira kritikak idazteko nire (auto)baldintzak:

1.- Kritikak zu aurkitu behar zaitu, ez zuk kritika. Hots, ez hasi sekula liburu bat kritika bat idazteko helburuarekin: hasi irakurle soil gisa beti, irakurle zibil gisa alegia. Irakurketak berak esango dizu, edo bestelako zirkunstantzia kontingente edota kanpoko batek, ea, hortik abiatuta, kritika idatziko duzun ala ez. Baina ez joan, printzipioz, kritikaren bila.

 [Honek, jakina, zer ikusia dauka kritikak idazteko nire obligazio faltarekin. Nire diru-sarrerak osatzeko kritikak idaztera behartuta ikusiko banu nire burua, lehenengo puntu hori ezabatu beharko nuke, edo, gutxienez, emendakin bat egin beharko nioke. “Osatzeko” esaten dut, ondo baitakit kritikatik bizitzea, are gutxiago euskaraz, ezinezko misioa dela].

2.- Behin kritika idatzi behar duzula erabaki ondoren, erabili arkatza, zirriborratu papera, tolestu orrialdeak. Hots, egin ezazu ohi duzuna baino areago, eta zikinago.

[Horren ekibalenteak badaude, ez dut zalantzarik, liburu elektronikoan, baina aitor dut saiatzen naizela liga horretan ez jolasten, ahal dudan neurrian: hobeto kontzentratzen naiz paperaren aurrean. Eguneroko bizitzak eta lanak nahikoa behartzen gaituzte, jada, pantailen aurrean egotera. Zaharrunoen gauzak, badakizue, paper produkzioaren mundu mailako jaitsierak arriskuan jartzen ez duten bitartean mantentzeko asmoa dauzkadan horietakoak].

3.- Ez hasi kritika idazten liburua bi aldiz irakurrita daukazun arte. Gutxienez. Irakurketa bakarreko liburuak ez dira inola ere kritikagai.

Behin horretara jarrita, kasik hobe da liburua irakurri ez duzula kritikatzea, arte bezala baduena bere erakargarritasun iluna. Eta uste duguna baino ohikoagoa dena, “profesionalen” artean [Baina nik bakarrik aldi batean praktikatu dudana, Volgako Batelarietan nenbilela idazten genituen “Irakurri gabeko liburuen kritikak” atalean, zeinetan, ebidenteki, itua ez zen (ez) kritikatutako liburua, baizik imitatzen genuen kritikaria].

4.- Kritikarekin hasi aurretik, edo kritikarekin zaudela, aurkitu solaskide bat –gutxienez, hau ere– liburuaz hitz egiteko, punching ball bezala erabiltzeko, edo alderantziz.

Anbrosio Milangoa isilik leitzen hasi zenetik –ordura arte ahots gorako ekintza bide zelako, oro har–, irakurketa kontu bakartia, pertsonala dela pentsatzera ohitu gara. Baina ez da hala, inola ere: irakurketa jarduera soziala izan da beti, askotariko ikuspegiak eta iritziak onartzen dituena. Zurea finkatu aurretik, ondorioz, hobe duzu hurkoarekin kontrastatzea, pixka bat sikiera.

5.- Saiatu topatzen beti zerbait ona liburuan, denik eta txarrena izanda ere. Batzuetan ez da posible izango, asko ahaleginduta ere, baina egilearen lanari zor diozu –baldin eta benetako lana egon dela susmatzen baduzu, behintzat–.

Liburu bikainetan, ordea, ez da derrigorrezkoa eragozpenik bilatzen ibiltzen saiatzea: liburu –benetan– onak supernobak bezalakoak dira, irakurlea itsutu eta dena txikitzen dutenak haien inguruan.

6.- Idatzi ahal duzun bezain luze eta sakon. Nahiz eta beti ez zaizun posible izango –argitarapenek muga jakin batzuk izaten dituztelako–, hori ere zor diozu liburuari –liburuari beti, ez egileari–. Baina, nire ikasleei esaten diedan bezala, betelanik ez, mesedez.

7.- Saihestu edukiaren deskribapen hutsetan oinarritutako kritikak, horiek, jakina, ez dutelako halako izenik merezi. Ez erori, mesedez eta inola ere, erreseinisten hobenean, zeinentzako, tamalez, Dante Alighieri-ri ahaztu baitzitzaion zirkulu bat erreserbatzea Infernuan.

8.- Erreseinisten makurrekin jarraitzearren, ez ahaztu kritikak baloraziorako direla: ezin duzu Beasain eta Ordizia artean gelditu, edo Zumarraga eta Urretxu artean, edo Azkoitia eta Azpeitia artean, edo Ermua eta Eibar artean –gure Pinto eta Valdemoro foral bezain jatorren panoplia, ez naiz ausartzen kalko honetarako pare bakarra aukeratzen badaezpada ere–. Busti egin behar zara. Marcel Reich-Ranicki-k zioen bezala, «Kritikari txar batek ez du ez baietzik ez ezetzik esaten: ez da arriskatzen. Kritikari on batek ‘baietz’ ala ‘ezetz’ dio, eta huts egin dezake».

9.- Eta kritikak huts egin dezake, hain zuzen ere, erradikalki subjektiboa izan behar duelako. Ez dauka beste irtenbiderik, kritika bihurtu nahi badu. Baina horrek ez du esan nahi edozer gauza bota dezakezunik, besterik gabe: Roland Barthes-ek defendatzen zuen bezala, kritikak «subjektibotasun sistematizatua, hau da, landua» izan beharko luke.

10.- Ez sekula idatzi egile baten lehenengo liburuaren kritika negatiborik. Lehenengo liburuei, maiz, uko egiten diete, etorkizun hurbilago edo urrunago batean, eta arrazoiz, egileek eurek, eta, ondorioz, ez du merezi haiekin tematzea: nahikoa zama bihurtuko zaizkie noizbait, zure purrustadatxoaren alea gehitu beharrik gabe ere.

Bigarren liburutik aurrera, hori bai, barra librea, ordurako egileak, isiltasun literarioaren salbamenerako bidea hautatzeko aukera alferrik galdu ostean, ez baitauka jadanik aitzakiarik batere.

11.- Norbaiten lehenengo liburua bikaina iruditzen bazaizu, ordea, esango nuke kritika idazteko eskubidea ez ezik, betebeharra ere baduzula.

12.- Ez sekula idatzi, ahal baduzu, adiskide baten liburuaren kritikarik. Edo, idazten baduzu, ez iezaiozu kritika deitu, ziurrenik ez baita halakorik izango.

Era berean, eta tentazioa handia izanda ere, ez ezazu inoiz idatzi etsai baten liburuaren kritikarik: subjektibotasunak, esan dugu, sistematikoa izan behar du, baina komeni da gehiegi ez pasatzea. Salbu eta aurretiko kritika bat izan bada etsaigo horren arrazoia, zeinaren kasuan, azken batean, berdin baitio zer egiten duzun aurrerantzean.

13.- Kontuan hartu, izan ere, egile batek ahaztu egin dezakeela bota diozun laudorio bat, baina beti-beti-beti oroituko duela kritika txar bat, edo are kritika on batean deskuidoan eskapatu zaizun eragozpen ñimiñoena ere. Eta berdin diola zenbat urte pasatu diren ordutik: halakoetan, espazio-denboraren kurbaduraren anomalia bitxi bat dela medio, ez dago iraganik idazleentzat.

Ez esan gero abisatuta ez zeundenik. Gogoratu, halakoetan, Oscar Wilde-ren aholku zuhurra: «Kritikari baten betebehar nagusia bere mingainari eustea da, une oro eta gaia edozein dela».

14.- Bizitza korapilatsua denez, eta bizitza literarioa are gehiago, eta dekalogo honen sarreran abisatu den bezala, aurreko puntu guztientzako salbuespenak prestatu, zure burua justifikatze aldera, munduaren aurrean, noski, baina, batez ere, zure ispiluaren aurrean.

Beharko dituzu.

[Artikulu honen bertsio laburrago eta kimatu bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen, 2021eko maiatzaren 29an].

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s