Bederatzigarrenean

(Joan berri den abuztuan, urtean zeharreko artikulugile titularren ordez, Berria egunkariko Iritzi sailak astero zutabe bat idazteko eskaera egin zidan atzera, igandeetako Ele/Mele azpisekzioan argitaratuko zena, Goiatz Labandibarrenarekin batera. Tokatzen zitzaidan bigarren saiorako testu hau idatzi nuen, hasiera batean, baina literarioegia iritzi nion -iritzi sail baterako, alegia-, eta, azkenean, El Prat-eko aireportuaren hedapenaren auziaren inguruko beste bat egin nuen -hura ere literarioegia, agian, baina ez hainbeste-, eta hori izan zen argitaratu zena, azkenean; “Bederatzigarrenean” tiraderan geratu zen. Oharrak & Hondarrak blogaren ikasturte hasiera honetarako berreskuratzea otu zait. Kurtso berri on!).

Bederatzigarrenean

Hemen agertu nintzenean, noski, kostatu zitzaidan jabetzea… Bizilagunen deiadarrak ozenegiak ziren, inor ez zen besteon saminaz arduratzen. Hi behintzat, Lina, ondoren iritsi hintzen eta berehala kontatu ahal izan ninan gertatzen zitzaiguna… Ados, agian ez horren berehala… Baina ulertu behar dun, egoera estresagarria zunan guztiz. Zuek biok zortea izan duzue, ze atseden uneak, hau bezalakoak, urriak dira hemen…

Bai, berehala hasi ziren aurretik pasatzen, eta gutaz trufatzen. Ez, ez zuen moduan; guk ez ditugu ikusten, zuek ikusten zaituztegun bezala, baina badakigu hor daudela. Non? Beste aldean. Pantailaren beste aldean, noski… Ez dakit nola azaldu hobeto: kristal likido baten atzean… Ispilu bat balitz bezala…? Bada, haiek hantxe daude, ziur. Eta daukagun piura negargarriarekin ikusten gaituzte, eta gutaz barre egin behar dute, derrigor. Egunero aldatzen digute mozorroa, eta zein baino zein irri-egingarriagoa da. Ezinezkoa da pose duinik osatzea hemen: izan ere, okerragoa da posatzen saiatzen garenean. Egunero, tira, bai, Lina, arrazoi dun, agian ez dun egunero, hemen denbora ez zagon horrela neurtzerik. Bazakinat… Baina haiek ulertzeko zionat.

Horixe baietz, gure seme-alabak dira beste aldekoak, ziur gaude. Zigor bezala, ufa, gogorregia da. Bai, badakigu haien haurtzaro osoa Instagramen zintzilikatu genuela, haiei baimenik eskatu gabe. Ez dut esango ondo egin genuenik… Baina hau… O, ez gezurrik esan, Lina, nik bezain pozik sareratzen hituen-eta gure neska-mutikoen argazkiak… Hori dun azala…

Bederatzigarren zirkulua, bosgarren ingurabidea, horixe, zuzen zaudete. Zuen izenak…? Dante Alighieri, Virgilio, ados. Ezta arrastorik ere. Edonola ere, eskerrik asko bisitagatik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s