Piknik estralurtarra

I

Udazkeneko gure bigarren erdi-konfinamendua ustekabeko enkontru batek arindu zidan, Gasteizko Zuloa liburu dendan izan nuena Arkadi eta Boris Strugaski-ren Piknik estralurtarra nobelarekin: ordaintzera nindoala, begi-ertzarekin apalean ikusi, eta, bi aldiz pentsatu gabe, hartu eta gainontzeko liburu eta komikien pilan gehitu nuen. Anaia horiek II. Mundu Gerra osteko zientzia fikzio sobietarraren ordezkari nagusienetakoak izan ziren, eta gaztetan haien nobela bat edo beste irakurri nuen arren (Zein zaila den jainko izatea bikaina, adibidez), galduta nien pista, irakurle gisa. Liburua, gainera, film laudatu baten oinarria izan zen, Andrei Tarkovski-ren Stalker; nobelaren espainierazko azken edizio hark (Gigamesh, 2020), hain zuzen, izenburu nagusitzat erabiltzen zuen filmarena, ezagunagoa delakoan, eta azpi-izenburutzat, ordea, jatorrizkoa.

Ederki pasatu nuen irakurtzen: generoaren mugak gainditzen dituen lan horietako bat da, betiere argiki zientzia fikziozkoa izateari utzi gabe. Premisa iradokitzailea da oso: Lurrak estralurtarren bisitaldi misteriotsu bat jasan du, herrialde batzuetako eskualde jakin batzuei eragin diena, hildakoak eta suntsiketa batzuk sorraraziz. Ez dira bertan geratu, ordea: ez dirudi (printzipioz) inbasio baten abiapuntua izan denik. Baina espazioko bidaiariak egondako eskualdeetan («Zona» gisa izendatuak) fenomeno bitxiak hasiko dira gertatzen (fisikaren legeek ez dute ohi bezala funtzionatzen bertan; hildakoak berpizten dira; erradiaziorik ez badago ere, Zonekin kontaktuan dabiltzanek gaixotzeko joera dute, eta haien seme-alabek mutazio bitxiak garatzen dituzte…), eta estralurtarrek utzitako objektu eta sustantzia ezezagunez beteta agertuko dira («hutsak», «sorgin-gelatina», «heriotzaren argiontziak», «ilaunak»…), hainbeste ezen gizakientzako oso arriskutsua baita bertan bizitzea edo luzaroan ibiltzea. Ondorioz, gobernuek hesitu eta, zientzia ikerketa helburuetarako ezik, debekatuko dute haietara sartzea. Stalker delakoak dira, kontrabandisten moduan, bertan legez kanpo barneratzen ausartzen diren bakarrak, objektu estralurtarrak ateratzeko (eta merkatu beltzean saltzeko) edota «turista» kuriosoen gidari gisa (baina batzuetan gobernu-erakundeekin kolaboratzen dute, «esploratzaile» aditu gisa).

Istorioak badu, beraz, zientzia fikziotik, baina baita nobela beltzetik ere, giroan. Planteatzen duen kontu nagusienetako bat adimen estralurtarrekiko talkarena da: inbasioen (H.G. Wells-en Munduen gerratik aurrera) edo enkontru baketsu eta lagunkoien (ET eta enparauena) azpi-aldaerek proposatzen dutenaren kontra, gai izango al lirateke, minimoki bada ere, elkar ulertzeko jatorri eta garapen maila horren ezberdineko adimen mota bi? Nekez, ziurrenik. Funtsean, Ted Chiang-ek “Zure bizitzaren historia” ipuin ederrean mahai-gaineratzen zuen galdera bera alegia (izen bereko ipuin bilduman, 2002), hots, Arrival filmaren oinarria bihurtuko zen hartan (Denis Villeneuve, 2016). Strugaskitarren nobelaren izenburuak iradokitzen duen bezala, alienek egindako piknik kasual baten ostean utzitako zaborra eta kuxidadea baino ez lirateke izango, agian, Zonak. Eta gizakiek han aurkitzen dutena mirarizkotzat hartu, eta jatorrizko zioarekin zerikusirik ez duten helburuetarako (batzuetan oso helburu ilunetarako) erabiliko dituzte objektuok.

Piknik estralurtarra liburuak ez zuen ibilbide erraza izan: Strugaskitarrak idazle arrakastatsuak ziren arren, ezin izan zuten liburu formatuan argitaratu ahal 1980ra arte, oso bertsio zentsuratu batean. Idazle bereziki disidenteak izan gabe, eta ekintza herrialde kapitalista batean kokatzen bazuten ere (AEB edo, ziurrenik, Kanada izan zitekeen batean), erregimen brezhnevtarrak, bere estankamenduan, mesfidantzaz ikusten zituen Piknik estralurtarrak bezala giza naturaren inguruan ikuspuntu pesimista eta eszeptikoa aurkezten zuten lanak.

Nobelaren lehenengo bertsioa, ordea, arazorik gabe kaleratu ahal izan zuten, emanaldika, Leningradeko Aurora aldizkari literarioan, 1972an zehar; hor irakurri zuen Tarkovski zinemagileak, eta film baterako oinarri bikaina izan zitekeela erabaki. Baina hori beste istorio bat da, aski konplikatua orobat, hurrengo atalerako utziko dudana.

II

Beraz, Andrei Tarkovski zine zuzendari errusiarrak Strugaski anaien Piknik estralurtarra irakurri, eta hurrengo filma nobela horretatik abiatu zuen, idazleek eurek moldatutako gidoiarekin. Stalker izango zuen izenburu, nobelan agertzen diren «Zonetako» objektu alienigenen aipatu kontrabandisten gaitzizenagatik.

Intelektual familia baten jaioa, kristau ortodoxo petoa eta gaixotzeraino perfekzionista bezain kontentagaitza, Tarkovski gerraosteko zinema sobietarreko figura nagusiena zen orduan, baina, hain zuzen ere arrazoi horiengatik, eta disidentzia politikoan aritu ez arren, agintariek uste txarrez begiratzen zioten. 1972an Solaris errodatu bazuen ere (Stanislaw Lem-en 1961eko nobela homonimoan oinarritua), ez zen bereziki zientzia fikzioaren zalea; halere, Strugaskitarren lanean zerbait ikusi, eta proiektuari ekin zion. Ez zekien zeinen malkartsua suertatuko zitzaion.

Nobelako Zona misteriotsuaren kanpoaldeen kokapenetarako, ekoizpen taldeak Tadjikistan aukeratu zuen lehenengo unean, baina han gertatutako lurrikara batek ezinezkoa egin zuen errodajea. Azkenean Estoniara eraman zuten filmaketa, Tallinn inguruan industrializazio sobietar azeleratuak utzitako hondakinez beteriko aldirietara (tartean planta hidroelektriko abandonatu bat, eta industria kimikoaren eta energetikoaren bestelako guneak). Horretarako Tarkovskiri Alemaniatik propio bidalitako Kodak pelikula-mota berezi bat erabili zuten… horren berezia ezen, material guztia errebelatzera bidali zuenean, Moskuko estudioek, akats batengatik, ia guztiz hondatu baitzuten, urtebeteko lana alferrik galaraziz.

Tarkovski, zer esanik ez, etsita zegoen, baina hala ere aurkitu zuen modua proiektuak betirako galdutako filmen zerrenda gizendu ez zezan: estatuari bi ataleko filma egitera zihoala adierazi, eta finantzazioaren zabalkuntza bat eskatu zuen bigarrenerako, integralki erabiliko zuena film osoa atzera errodatzeko; agintariek eskaera onartu, eta horri esker amaitu ahal izan zuen (horregatik, bi ordu eta erdiko filma izan arren, hots, aski luzera «normalekoa», bi zatitan banatuta agertzen da, erdian atsedenaldirako tarte bat duela).

Ekipoa Estoniara itzuli zen, eremu industrial kutsatu haietan berriro filmatzera, baina, antza denez, ez zuten berriz ere pelikula bera errodatu: Tarkovskik gidoia berridazteko eskatu zien Strugaskitarrei (hamar bertsio egitera iritsi ziren, guztira, prozesuaren hasieratik), eta lanari ekin zioten berriro. Sekula ez dugu jakingo nolakoa zen lehenengo Stalker hura. Bigarren bertsioa 1979an estreinatu zen, azkenean, eta batzuentzat Tarkovskiren lan gorena litzateke.

Fama zen nobelak eta filmak zerikusi gutxi daukatela, eta, konprobatu ahal izan dudan bezala, hala da. Bai, generoaren zale handia banaiz ere, sekula ez nintzen ausartu Stalker ikustera, Tarkovskiren exigentzia-mailari nion errespetuagatik: nobelaren irakurketak bultzatu nau, azkenean, harengana. Eta ahaleginak merezi izan du: Piknik estralurtarra eleberria norabide askotan zabaltzen den bitartean (zientzia fikziora, noski, baina baita nobela beltzera eta bikote-kostunbrismora ere, besteak beste), Stalker filmean ibilaldi sinbolikoa gailentzen da, metaforikoa, fedearen inguruko hausnarketa bat bihurtuz (ez halabeharrez fede erlijiosoaren ingurukoa), zeinetan zientzia fikzioaren elementuak minimora murriztu baitira (hori esaten bide zien Tarkovskik Strugaskitarrei, gidoia berridazten zuten bakoitzean: «Kendu zientzia fikzioa, kendu zientzia fikzioa!»). Halere, ez zuen guztiz lortu: generoaren pelikula petoa izaten jarraitzen du, abenturazko film paradoxikoki geldo bat, baina tentsioz betea, paisaia benetan txundigarri batean zeharrekoa (ez oso ezberdina, susmatzen dut, garai berean Ezkerraldean edo Manchesterren aurki zitezkeen ingurune industrial dekadenteekin alderatuta…). Tarkovskiren zinemak, Pello Lizarralderen literaturak bezala, inguratzen duenaz kontziente egiten laguntzen dio ikusleari (edo irakurleari). Besteak beste.

Eta pelikulako Zonak, elementu bereziki «arrotzik» aurkeztu ez arren (filmean, neurri handi batean, naturak birkonkistatutako eremu industrial ohia bezala aurkezten zaigu), jarraitzen du estrainotasun artegagarri bat transmititzen, biziki indartsua: badakigu han gauzek ez dutela funtzionatzen kanpoan, mundu «normalean» bezala. Eta inor ez dela ateratzen handik sartu bezala.

Ezta Tarkovski eta bere ekipoa ere, antza denez: gehienak hurrengo urteetan gaixotzen eta hiltzen joan ziren; zine zuzendaria, minbiziaz, 1986an, 54 urte zituela. Nonbaiten irakurri nuen badagoela susmatzen duenik KGBk egindako pozoitze-saio bat izan zela kausa (Tarkovski, ordurako, Sobietar Batasunetik kanpo bizi eta lan egiten ari zen, bere herrialdean karrera zinematografiko bat garatzeko jartzen zizkioten traba gero eta handiagoak saihesteko). Baina Stalkerren parte hartu zuten ekipoko partaide batzuek (bizirik iraun zutenek, beste batzuk Tarkovskiren modu berean hil zirelako) beti defendatu izan dute errodajearen kokalekuetako kutsadura mailak izan zirela errudunak.

Jatorrizko nobelan bezala, zeinetan, aurreko zutabean aipatu bezala, Zonan sartu edo are handik hurbil bizi zirenek, denborarekin, gaixotzen amaitzen baitzuten, modu ezberdinetan. Alexis eta Boris Strugaskik nobelan bertan idatzi zuten: «Irudimenak ez dauka mugarik. Eta gero errealitateak sekula ez du zerikusirik imajinatu duzunarekin».

Edo agian bai.

[Artikulu honen bertsio laburragoak Ortzadar gehigarrian argitaratu ziren, 2021eko urtarrilaren 9an eta otsailaren 6an]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s