The Byrds-en hiru disko (+ coda bat)

Nire belaunaldiko askok bezala, R.E.M.-en bitartez iritsi nintzen The Byrds-en ezagutzara: adituek Michael Stiperen taldearen lehenengo diskoetako eragin ezinbestekotzat jotzen zuten The Byrds, eta, nik behintzat, berehala jo nuen musika haren iturrien bila. “Mr. Tambourine Man” kantaren bertsio hiper-famatua entzuna genuen, ezinbestean, baina haien LPetan gehiago sakondu behar zen influentzia zenbaterainokoa zen neurtzeko. The Byrds benetako berritzaileak izan baitziren beren karreran zehar (1964-73), hirurogeiko hamarraldiko diskoetan batik bat, eta rockaren ohiko entziklopediek hiru azpigeneroren asmakuntza edo, gutxienez, definizioa egozten diete: folk-rockarena, psikodeliarena eta country-rockarena (ez gehiago ez gutxiago, alajaina). Horretaz gain, pop-aren historian protagonismo berezia izan duten musikarien aurreneko bilgunea izan ziren: Roger McGuinn lider diskreto baina eztabaidaezinarena, David Crosby-rena (bai, Crosby, Stills and Nash-ekoa, sabel garagardolaria garatu aurretik), Gram Parsons gajoarena, Gene Clark beti larriki maiteminduarena eta Chris Hillman eraginkorrarena. Baina, ororen gainetik, album formapean kaleratutako zenbait harribitxiren egileak izan ziren. Hemen haien lehenengo etapako “klasikoak” errepasatuko ditut, ondoren grabatu zituztenak ere (Dr. Byrds & Mr. Hyde, The Ballad of Easy Rider, (Untitled)…), formazio aldaketa zenbaiten ostean, albo batera uzteko modukoak ez badira ere (askotan ahazten bada ere, Clarence White gitarrista berriaren ekarpena ezinbestekoa izan zen garai horretan, besteak beste). Baina hemen, esan bezala, taldearen kanon gorena errepasatuko dut, nolabait esateko.

Mr. Tambourine Man : Byrds: Amazon.es: Música

The Byrds, Mr. Tambourine Man, Columbia 1965.

Bai, dudarik gabe Bob Dylanen kanta homonimo arrakastatsuaren inguruan muntatutako LP bat izan zen The Byrds talde kaliforniarraren estreinakoa. Boskotea folk eszenatik zetozen partaideez osatuta zegoen (Jim McGuinn –gero izena aldatuko zuena, arrazoi erlijioso-hippiosoak zirela eta–, David Crosby eta Gene Clark gitarra-jole eta kantariak, Chris Hillman baxua eta Michael Clarke bateria), baina fuerte jo zien, garai hartako iparramerikar askori bezala, The Beatles-en uholdeak eta, oro har, British Invasion delakoak: “Mr. Tambourine Man” sinplea azeleratu, riffez hornitu eta ahots-armoniez apaintzea bururatu zitzaienean Dylan eta Lennon-en arteko gurutzaketa frankensteindar bat egiten saiatu ziren. Eta baita lortu ere, salmenta itzelekin gainera, Dylan hobetzea sekulako miraria ez dela onartu behar den arren: beti pentsatu izan dut konpositore aparta dela, letrista indartsua, baina ez horren interprete iaioa (eta, letrista, tira, ez Literaturako Nobel saria lortzeko adinakoa, baina hori beste kontu bat da)… Dena dela, lehenengo hit-aren grabazio horretan oso “berde” omen zeuden oraindik The Byrds, eta instrumentuen erdia estudioko musikari profesionalei jo arazi zieten disko konpainiakoek (McGuinnen 12 sokatako Rickenbacker famatua hor bazegoen ere, jada). Baina ondorengo LPa, behintzat, taldeak osatu zuen, eta “Mr. Tambourine Man” baino gehiago zen: The Byrds ez ziren izango one hit wonder batzuk, ez horixe. Izan ere, folk-rocka asmatu zuten LP honetan eta urte berean kaleratu zuten Turn! Turn! Turn! izeneko bigarrenean, folk kutsuko kantak sentsibilitate pop berrira egokituz (Pete Seeger-en “The Bells Of Rhymney”, Dylanen beste hiru…) edo jatorrizko kantak osatuz (Gene Clarken eskutik bereziki: “I’ll Feel A Whole Lot Better”, “Here Without You”…). Kontzeptua hain zabalduta dago egun ezen erabat normala iruditzen baitzaigu disko honen soinua, baina garai hartan berrikuntza nabarmena izan zen eta, edonola ere, gozada bat izaten jarraitzen du.

The Byrds - Fifth Dimension (1966, TH, Vinyl) | Discogs

The Byrds, Fifth Dimension, Columbia 1966.

Soilik urtebete geroago beste bataila batean sartuta zeuden The Byrds: psikodelia izango zena asmatzen ari ziren, drogek propultsatutako pop-rockarena alegia, berez 1967an eztanda egingo zuena; alde horretatik, azpigeneroaren aitzindaritzat har daitezke, The Beatles (noski), Donovan edo 13th Floor Elevators bezalakoekin batera. Zaila da, garai horretako diskoetatik, Fifth Dimension eta hurrengo urteko Younger Than Yesterdayren artean aukeratzea, biek dituztelako beren baitan psikodeliako adibide apartak, baina, aldi berean, biak direlako oso disko anitzak, psikodeliatik haratago zihoazenak (Maitasunaren Udako LP onenak bezala, alegia). Azkenean Fifth Dimension hautatu dut aurrenekoa izan zelako, “Eight Miles High” klasikoa bertan dagoelako (psikodelia aroko kanta bakarra salbatu beharko balitz, hau litzateke nire hautagaia, bere gitarra-efektu haluzinanteekin), eta harekin batera dagoelako, orobat, “Wild Mountain Thyme” balada eskoziar tradizionalaren konponketa ederra: haien karrera osoan zehar The Byrdsek ez zioten sekula muzin egin bertsioei (jatorrizko kantak nagusitzen ari ziren aro batean bitxia suertatzen zena), eta, are gehiago, alor hori bereziki mimatu zutela esan daiteke, haientzat bertsioak egitea ez zelako sekula izan mimetizazio-ariketa bat, kanta bereganatzea eta sakonki transformatzea baizik. Edonola ere, hau izan zen The Byrdsen formazio klasikoak grabatu zuen azkeneko LPa: Gene Clarkek garai hartan utzi zuen banda, bakarkako karrera interesgarri bati ekiteko (Teenage Fanclub-ekoek, beste byrdmaniako batzuek, ondo gogorarazi ziguten bezala Thirteen diskoan), eta horrek McGuinn eta Crosby gehiago konposatzera behartu zituen, emaitza bereziki onekin, hala honetan nola hurrengo bi LPetan.

The Byrds - Sweetheart Of The Rodeo (1968, Vinyl) | Discogs

The Byrds, Sweetheart of the Rodeo, Columbia 1968.

Fifth Dimension ostean, arrakasta lortu zuten banda askotan bezala, egoen arteko talkak eta formazio-aldaketak etengabekoak izan ziren: Crosby joan zen, polimaitasunaren inguruko kanta eskandalagarri bat errepertorioan sartu nahi eta besteek utzi ez ziotelako; Gene Clarkek sartu-irten bizkor bat egin zuen atzera; eta Michael Clarke bateria miramendurik gabe izan zen kaleratua. The Byrds goitik-behera birkautxutatu behar izan zuen McGuinnek, eta erantzuna Hegoaldetik iritsitako Gram Parsons gaztea izan zen: iraultza psikodelikoaren ostean, kontrairaultza tradizionalista. Parsons, ondoren famatua egingo zena Flying Burrito Brothers taldearekin (hara eramango zuen Chris Hillman ere), bakarkako bere karreran eta Emmylou Harris-ekiko kolaborazioagatik, countryaren eta rockaren gurutzaketan aitzindari izan zen aurretik ere, baina lehenik eta behin The Byrds erabili zuen estiloa behin betiko finkatzeko, obra bakar honen bitartez hain zuzen ere. Aitor dut zalantzak izan ditudala hau sartzeko orduan, berez, gehiago gustatzen zaizkidalako lehen aipaturiko Younger Than Yesterday (1967) eta The Notorious Byrd Brothers (1968; azaleko argazkian agertzen den laugarren partaideak, zaldiak, ate-danbatekoa emanda alde eginiko Crosby ordezkatzen bide zuen: ze majoak) eta, gainera, ez naizelako bereziki countryzalea, zer egingo zaio ba (musika hori entzun eta apatxeei lurrak lapurtzeko gogo bizia sartzen zait, edo kotoi-soroak esklaboen bitartez lantzen hasteko…). Baina historia, historia da, eta hau da country-rocka ezarri zuen albuma, hots, gaur egun entzuten jarraitzen denaren oinarria alegia, gitarra eta baxu elektrikoekin, bai, baina baita pedal steel guitarekin, bibolinekin, eta honky-tonk pianoekin ere, gehi Byrds markako ahots-joko politak. Kanta gehienak bertsioak dira (Dylanenak –nola ez–, Woody Guthrieren bat, tradizionalak, erlijiosoak…), eta jatorrizko pare bat ekarpen Parsonsen eskutik; nabarmenena, dudarik gabe, “Hickory Wind” ederra: horregatik bakarrik merezi du diskoak. Countrya, countrya gustuko ez dugunontzat: horra, agian, album oro har alai honen ekarpenik behinena, ondoren (gaur egun arte) ekarri duen emari oparoagatik.

Coda: Ondoren egin zituzten albumak, Clarence White gitarristaren “arokoak”, sarreran aipatu dudan bezala, ez dira batere baztertzeko modukoak; niri bereziki gustatzen zait (Untitled) disko bikoitza, 1970ekoa, zeinetan, oso garai hartako boladari jarraituz, diskoetako batek zuzeneko kontzertu baten grabazioa biltzen baitzuen (B alde osoa okupatzen zuen “Eight Miles High”-en bertsio neurrigabe batekin!), eta bestean estudioko kanta berriak sartu baitzituzten (tartean “Just A Season” hunkigarria). Sweetheart of the Rodeoren ondoren formazio berriarekin grabatu zituzten albumetan (McGuinn zen hasierakotik geratzen zen partaide bakarra) ez zioten, aurrekoetan bezala, estilo jakin bati atxiki, nagusiki, baizik eta pixka bat denetik sartu zuten, aurreko etapa guztietako askotariko oihartzunak alegia: folk-rocka, psikodelia, country-rocka, pop orkestrala… Alde horretatik ausartuko nintzateke esatera estilo horiek guztiak asmatu ez ezik, The Byrds izan zirela lehenengoetarikoak erretromania praktikatzen hasi zirenak, Simon Reynolds-ek definitzen duen moduan alegia (“autoerretromania”, kasu honetan). Ez hori bakarrik: “band reunion”-aren (taldearen berrelkartzearen) kontzeptua ere asmatu zutenak izan zirela esan daiteke, haren azkeneko LPa izango zenak, 1973ko Byrds ahulak (eta horren inguruan muntatutako kontzertu sortak) erakutsi zuen bezala (diskoaren izenarekin ere ez zuten burua hautsi, bistan denez): lehenengo formazioko bostak bildu ziren atzera (McGuinn, Clark, Crosby, Hillman eta Clarke, alegia), kontu korronteak nostalgiaren aitzaki berriz gizentzeko helburu argiarekin… Clarence Whiteren eta Roger McGuinnen beste The Byrds (orduko formazio “ofiziala”, nolabait esateko) oraindik aktiboan zegoen bitartean!

Esandakoa: aitzindari batzuk izan ziren.

[Artikulu honen lehenengo bertsio laburrago bat Nabarra aldizkarian argitaratu zen, 2011ko maiatzeko zenbakian].

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s