Argitaletxeen praktika egokien tridekalogoa

Lehengoan Louise Glück poetaren «kasu espainiarrari» buruz hitz egin nuen blog honetan bertan (idatzi nuenean ez neukan irakurrita Ignacio Echevarríaren artikulu hau, zeinarekin bat egiten baitut, oro har). Eta, aipatu nuen bezala, horrek argitaletxeen praktiken inguruan hausnartzera eraman ninduen, eta, ondoren, tridekalogo bat zirriborratzera, Ortzadar gehigarrian bertsio laburtuan argitaratu nuena (hamar puntuko dekalogo gisa, alegia), eta hemen bertsio zabalago batean ematen dudana. Nahiz eta kontziente naizen hamahiru puntu hauei beste batzuk gehitu ahal izango dizkietela, akaso, irakurleek.

1.- Egileak leialtasuna zor dio argitaletxeari: maiz oso gazte (eta berde) zen idazlearen egoaz kupitu eta hark obratutako zirriborroak mundura jalgitzeko erabaki arriskutsua hartu zuen enpresa eskuzabalak ez du besterik merezi. Diru, tratu edo baldintza hobeak bezalako materialismokerien bila beste argitaletxe batera joateko erabakia hartzen duten izkiriatzaile kaxkarrek Letren Errepublikaren mesprezua baino ez lukete jaso behar.

2.- Sekula ez ordea, argitaletxeak egileari: muga batetik beherako salmentek, eskaera-perspektiba ahulek, prestigio literarioaren galeraren susmoek edo bestelako motiboek aldebakarreko harreman-etena ekar dezakete. Merkatua merkatua da, adiskidea, eta argitaletxe bat enpresa bat da, ez karitatearen seroratxoen sukurtsala.

3.- Horrekin guztiarekin lotuta: norberaren argitaletxetik (bota nahi ez zen) egile bat beste batera joaten bada, «lapurtu» egin diote; beste batetik norberarenera etorri bada, argitaletxearen «familia handira» egiten zaio ongi etorria, zer esanik ez.

4.- Eskubideen kontua eta ordainketak garaiz egitearena bigarren mailako xehetasunak dira argitaletxe baten eguneroko jardunean, txikikeriak, eta egileak ez lieke jaramon berezirik egin behar. Sorkuntza da arduratu beharko lukeen gauza bakarra. Izan ere, zertarako daude argitaletxeak, artea zabaltzeko ez bada?

5.- Egileak bere liburuaren azalari buruzko iritzia emateko eskubidea dauka, argitaletxeak iritzi horri kasurik ez egiteko eskubidea, are betebeharra duen bezainbat. Azken finean, nork jakingo du hobeto zein den liburu bakoitzari komeni zaion azala? Zer dakite idazleek diseinuaz, irudiaz, inprimatzeaz, edo erakusleiho batean edo liburu dendako mahai batean hobeto ematen duenaz?

6.- Argitaletxeek ez dituzte sekula aleak suntsitzen edo paper-ore bihurtzen: stockean doikuntza batzuk baino ez dituzte egiten. Salbu eta horretara behartzen dituenean kontratu-aldaketa edo epaitegiaren agindu batek, noski: orduan liburuen birrinketa ekintza doilor bihurtzen da, nazien edo Inkisizioaren aldetiko liburuen erretzearekin konparagarri, eta bihotzean sakon eragiten diena min, malkoak (korporatiboak edo/eta benetakoak) ateratzeraino.

7.- Originalak jaso eta errespetu guztiarekin tratatuko dituzte argitaletxeek, hots, beharrezko ikusten badute (eta argitaratzea erabakitzen badute, zuzenean zakarrontzira bota gabe), ipuin liburua nobela bihurtuko dute, poemarioa ipuin-bilduma, antzezlana saiakera, eta abar eta abar.

Pentsatzekoa den bezala, hortik beherako «egokitzapen-proposamen» guztiak argitaletxearen ohiko jardun administratiboaren partetzat joko dira, hots, ez zaie horren berri eman beharko, halabeharrez, egileari.

8.- Argitaletxeek erreserbatzen dituzte eskubide guztiak egilearen mezu eta eskakizunei hilabeteetan eta are urteetan ez erantzuteko: egileek bakarrak eta bakanak direla sinetsi arren, argitaldariek ondo baino hobeto dakite hori ez dela egia (askorekin dauzkate tratuak, ez alferrik), eta ez daude haien kariño eskakizun neurotikoei etengabe men egiteko prest, ezta gutxiago ere.

9.- Idazleek, ordea, jasotakoan igorri behar dizkiete, huts egin gabe eta gehiegi berandutu gabe, atalak, testuak, probak, argazkiak, kontrazalerako oharrak, biografiatxoak (karaktere kopuru doi-doiarekin!), kontratu sinatuak, dena delakoa. Makinak ezin du gelditu, the show must go on, alajaina.

10.- Argitaletxe guztiei komeni zaie, beren historian zeharreko uneren batean, egileak behar den irmotasunarekin tratatzeko (hots, negarraren mugetan jartzeraino gogor hartzeko) gai den editore bat izatea plantillan, betiere enpresaren prestigioaren alde aura mitiko batez inguratu eta jubilatzean edo hiltzean «konplize», «karismatiko», «erreferentzial», «munstro» (zentzu positiboan, noski) eta bestelako kalifikatibo laudoriozkoak jaso ahal izango dituena kultur munduaren aldetik.

11.- Argitaletxe guztiek antolatuko dute, beharrezkoa ikusten duten maiztasunarekin, beren egile (edo beren egile bihurtu gura duten) baten alde manipulatutako sari edo lehiaketa literario ezin aratzago bat.

12.- Argitaletxeen enpresa-helburu nagusi eta atzeraezina kostuen murrizketa da, horretarako bitarteko guztiak erabili ahal izango dituztelarik: zuzentzaileei gaizki ordaintzea (edo, artez, zuzentzaileak ez kontratatzea: zertarako, inork ez badu irakurtzen, eta, irakurtzen badute, ez badira ohartzen?), liburuaren promozioaz ezaxolatzea (nahikoa egiten dute egile bakoitzaren temak banatzailearen esku jartzearekin), promozio-birako bidaiak ez finantzatzea (azken finean, liburu denda eta antzeko lekuetan egindako aurkezpenek ez dute inolako erabilgarritasunik: idazlea haren lagunkoteekin elkartzeko aitzakia besterik ez dira), aurkezpenen ondorengo bazkari edo afari tradizionalari ihes egitea (edo, lege zaharra baztertuz, egileari eta gonbidatuei haien partea ordainaraztea), etab.

13.- Aukera txikiena egonez gero, argitaletxeek sekula ez diote egingo uko beren liburuen KPIaren gaineko prezioaren igoera bati. Literatura, guztiontzat eta guztiona, bale. Kultura lehenengo mailako premia bat da, ados. Baina publikoak beti dio estimu handiagoa merkatu-balorea duenari, eta argitaletxeek hari duda-mudarik gabe laguntzeko gertu egon behar dute, alde horretatik. Liburuen pirateria zitalari arma guztiekin aurre egiteko prest egon behar duten bezalaxe.

(Kontuan hartu izenburuan «praktika egokiak» ipini dudala, ez «praktika onak»…).

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2020ko abenduaren 12an].

2 thoughts on “Argitaletxeen praktika egokien tridekalogoa

  1. Ez dakit, Iban, marrazten duzun mundua ia guztiz ezezaguna da niretzat, baina esango nuke, oro har, antz gehiegizkoa duela garai bateko westernekin, alegia, zintzoak eta gaiztoak besterik ez dira agertzen eskema guztiz dual batean.

    Gure kasuan, gainera, eta puntuari segida emanez, indioek rol bereziki garrantzitsua jokatu beharko lukete (western guztietan gertatzen ez dena), indio zintzo eta gaiztoen rolak, eta abar.

    Edo, agian, zure betiko afizioak apur bat susmaturik, spaghetti western bat antolatu beharko zenuke (marmitako western?).

    • Dekalogoek, bistan denez, Haman Aginduetan dute jatorria, eta hori (ere) ñabardurarik onartzen ez duen generoa da, definizioz 😉

      Besarkada bat, Pruden.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s