Poesia eta poetak, gauza goren horiek

Aitor dut disfrutatzen ari naizela Louise Glück idazle estatubatuarrari emandago Nobel sariak Espainiako argitarapen sisteman eragindako zalapartatxoarekin.

Alde batetik, istorioaren beraren bilakaeragatik. Hasieran argitaletxe gaixo eta zapaldu baten kontakizun perfektua aurkeztu zitzaigun, Pre-Textos, independentea, txikia, egile ilun baten aldeko apustua egin zuena Europan beste inork baino lehenago eta areago, eta, oztopoak oztopo, salmenta barregarriei aurre eginez, apustu hura behin eta berriro berretsi zuena, poesiaren –barkatu, Poesiaren– alde noski. Eta, hara non, Nobelaren loteria egokitzen zaiolarik, eta Nemesi ezin egoki baten eskutik –Andrew Wylie mega-agente literarioa, zeinari huts egin gabe eransten baitzaio bere Txakala ezizen ezin esanguratsuagoa–, poza putzura: eskaintza onenaren bila, bere obra guztiarekin Pre-Textos abandonatzeko prest agertu da poeta –soilik agente maltzurraren azpikeriaren kontua zenik laster baztertu da–, eta ez hori bakarrik, Pre-Textosek jadanik argitaratuta zeuzkan liburuen aleak suntsitu beharko lituzke, argitaletxe berriak berrargitara ditzan. Andrés Trapiello inefablea –eta Pre-Textoseko autorea– buru, elkartasun uholdetxoa abiatu zen berehala sareetan, Goliathek zanpatutako Daviden alde.

Baina istorioak, askotan gertatzen den bezala, ifrentzua zeukan: kasu honetan, Pre-Textos argitaletxe “txiki” –independeenteen egonda ere, ez da preseski txikienetakoa– eta “gaixoaren” praktika ez bereziki eredugarriena: antza denez, Glücki egindako ordainketetan atzeratuta ibiltzen ziren, azkeneko liburuaren azalari buruz ez zuten egilea kontsultatu, eta, okerrena, liburuen gaineko eskubideak iraungita zeuden arren, horien aleak saltzen jarraitzen zuten –nik auziaren inguruko artikuluetan irakurri ez dudan laugarren jokabide negatibo bat ekarri nahiko nuke gogora, kontsumitzaile naizen aldetik: Pre-Textos argitaletxearen liburuen prezio txit altuena, are azken urteotan bataz beste nahikoa deskontrolatu den sektoreko salneurrien testuinguruan–. Azkenean, jakin denez, Visor argitaletxeak onartu du Andrew Wylieren agentziaren eskaintza, eta hura izango da Glücken obra gaztelaniaz (ber)argitaratuko duena: Pre-Textos bezain “txikia”, “independentea” eta “purua” den argitaletxe bat alegia –nik biei buruz entzun ditut, adibidez, literatur lehiaketei buruzko ustelkeria istorio polit askoak–. Goliath erraldoi-zanpatzaile bezala ez zait iruditzen “maila” ematen duenik, zer nahi duzue esatea…

Baina, bestetik, kontuak grazia egin dit, batez ere, berriz ere berresten duelako, besterik esaten duten ahotsen kontra, zein lurtarra den poesia, genero goren hori, zeinari buruz beti egongo baita, askotariko alibietan babestuta, defendatuko duenik ez dela literatura, hortik harago dagoela, horren gainetik alegia, eta ñi-ñi-ñi-ñi. Irakurri dudan azkenekoetariko bat Joan Margaritena izan zen, azkenaurreko Cervantes sariarena, ama hizkuntzaren aitzakia zela bide, eta poesia, musikarekin batera, “kontsolamendurako tresna bakarra” dela lasai asko adierazi ondoren –azpimarra nirea da–, hala erantzun ziona, kartsu, elkarrizketatzaile bati: “Poesia ez da literatura, joder. Musikatik gertuago dago, hiztegitik urrunago prosa baino. Badira poesiarako negargarriak izan diren bi pertsonaia. Eta hori Platonekin hasten da, poeta hiritik bota baitzuen. Adituak eta irakasleak dira. Eta ni berrogei urtez izan naiz irakasle, beraz, aldarrikatu dezaket. Poesia genero literario bat dela… baina zer demontre esaten didazu? Orduan zergatik ezin dut idatzi ama hizkuntzarik gabe? Poesiak, ados, katedral baten itxura izan dezake, arbotanteekin, gangekin, zerbait miragarria… Baina hori ez da garrantzitsuena, kripta da garrantzitsuena, eta kripta lurrean dagoen zulo arrunt bat da, eta hori ama hizkuntza da; kripta hori gabe ez dago katedralik, ez dago ezer”. Ez dakit Arestik zer esango zukeen halako adierazpen batzuen aurrean, baina imajinatu dezaket. Ni, beti bezala, zur eta lur geratzen naiz halakoak, poeten artean nahiko ohikoak direnak, irakurtzean edo entzutean.

Tira, ikusi dudanagatik, Glück ez da tankera horretako poeta, eta poztutzen naiz. Edozein idazlek bezala, badaki literaturaren unibertsoaren katebegi ahula dela –ekonomia kapitalista batean, merkatuarena–, eta testuinguru horretan aurrera egin nahi izan du, argitaletxeen praktika zalantzagarrien kontra, irabazi handiagoak eskuratzeko ahaleginean –hortik ere probetxua, ziurrenik ez bereziki handia, aterako duen agente marrazo baten laguntzaz–.

Edozein literatok bezala, hain zuzen ere. Izan ere, oraindik ez da ezagutu Literaturako Nobel Sariari uko egin dion poetarik, ezta?

(Honek guztiak argitaletxeen praktiken inguruko hausnarketa bat zirriborratzera eraman nau, dekalogo moduan antolatu dudana. Baina asteburu honetako Ortzadar gehigarriko nire zutaberako utziko dut, axola ez bazaizue).

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s