Plana

[Pasa den urriaren 22an, Liburutegien Eguna zela eta, Donostiako biblioteken udal sareak, Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Medialabek hitzaldi bat ematera gonbidatu ninduten Tabakaleran, eta, ondoren, mahai inguru batean parte hartzera, bibliotekak eta pandemia gaiaren inguruan, Cristina Novoa, Juanjo Arranz eta Estela Gonzalorekin batera. Nire hitzaldiari amaiera emateko ipuin berri bat irakurri nuen, “Plana” izenburukoa, hementxe uzten dizuedana gaur].

Best seller hark hilabeteak zeramatzan liburu salduenen zerrendan. Peterri ez zitzaion gustatzen –gorroto zuen egile haren prosa hanpatua, eta perpetratzen zituen nobelen hutsaltasuna–, baina onartu besterik ezin zuen egin: merkatuaren kapritxoak beti izan dira ezin ulertuzkoak. Peterrek jasaten ez zuena, ordea, zen jakitea nobela txar hura zela, orobat, bere hiriko biblioteka-sareko libururik mailegatuena: ohiko erabiltzailea izanik, ondo zekien hori, maileguen erakusmahaiaren inguruan entzuten zuenagatik, eta, horroreen horrorea, pare bat alditan liburuzainek –gutxienez bi liburuzainek!– bezeroei nobela hura nola aholkatzen zieten bere begiekin ikusi zuelako. Biblioteka sareko webguneak konfirmatu zion kontua: liburua mailegatuenen artean egon zen hilabeteetan zehar, sukurtsal ia guztietan.

Orduan pandemia iritsi zen, eta liburutegiak itxi zituzten.

Peterrek asko sumatu zuen hutsune hura: ikaragarri atsegin zuen apalategien artean noraezean ibiltzea, ustekabeko enkontru bibliografikoak egitea, are liburuzainek prestatzen zituzten berritasunen mahaia aztertzea –liburu hura aholkatzen ikusi zituenetik haiengan fedea pixka bat galduta zuen arren–. Berrogeialdiak, edonola ere, nahigabe txiki hura pixka bat ahazteko balio izan zion, bederen. Bazeuden arazo handiagoak munduan.

Halako batean, ordea, nahi baino beranduago, bibliotekek berriro zabaldu zituzten beren ateak. Eta lehenengo egunetik auzoko liburutegian agertu zen Peter, pandemiak ezarritako mugak muga, bere ohiko erronda egiteko, eta liburu batzuk, DVD batzuk edota CD batzuk ateratzeko prest, etxean hilabete batzuk lehenagotik zeuzkanak itzuli ondoren, noski.

Bi gauzez ohartu zen orduan. Baga, errenkadan bere aurretik zihoan bezeroak egin zuen gauza bakarra nobela hura maileguan hartzea izan zela, zelako herra zion gogorarazi zion zerbait. Eta, biga, erakusmahaiko bibliotekarioak adeitsuki ohartarazi bezala, itzuli beharreko maileguak kartoizko kaxa batean utzi behar zirela, hamalau eguneko berrogeialdi bat igarotzeko, berriro maileguan ipini ahal izango ziren arte.

Plana une horrretan bururatu zitzaion.

Internet bitartez nobela haren eskuragarritasuna konprobatu ondoren, egunero joango zen udal liburutegi sareko sukurtsal ezberdin batera. Egunero hartuko zuen liburu madarikatu haietako ale bat, eta hurrengo egunean itzuliko zuen, ondoren beste sukurtsal batera joz, operazio bera burutzera. Eta horrela hurrenez hurren, erreserba elektronikoak eginez, beharrezkoa bazen, liburu haiek guztiak zirkulaziotik at utzi arte, hamalau egunez bederen. Eta hasieratik ekitea berriro, sareko liburutegi guztiak korritu ondoren.

Modu horretan, pentsatzen zuen, erabiltzaileek, liburu hura hartu ezinik eta besteren bat hartzeko behartuta, aukera urrunen bat izango zuten, azkenik, kasualitatez bazen ere, benetako literatura irakurtzeko. Tira, behintzat ez zuten zarama hura irakurriko.

Peterrek katalogo elektronikoan konprobatu ahal izan zuen, pozez, bere planaren martxa: sareko ale guztiak “ez mailegagarri” bezala sailkatuta ageri ziren kontuarekin hasi eta aste bitara. Ondo baino hobeto funtzionatzen ari zen dena.

Edo hori pentsatu zuen, bibliotekako web orriak iragarri zion arte  izenburu haren eskaera handia zela-eta, erakundeak erabaki zuela, egilearen dohaintza eskuzabal bat probestuz –pandemia garaiko elkartasun-uhin kultural berrituaren ikur txalogarri–, sareko egoitza bakoitza nobela haren hamar alez hornitzea. Eta, esker onez, nobela udal liburutegi guztietako irakurle klubetan ipiniko zutela eztabaidagai, eta are nobelaren inguruko irakurketa maratoi bat antolatuko zutela, zeinaren amaiera gisa egileak hitzaldi bat eskainiko baitzuen streamingez bere kostaldeko jauregitik, bibliotekek haren bizitzan bete izan zuten rol ordezkaezina laudatzeko, hain zuzen ere.

1 thought on “Plana

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s