Herrira

(Pasa den abuztuan, ohiko artikulugileen oporrak zirela eta, Berria egunkariko Iritzi sailak niri –eta beste batzuei– astero zutabe bat idazteko eskatzeko zuhurgabezia izan zuen, eta nik baiezkoa eman nuen, are zuhurgabeagoki. Ez nekien neurria hartuko nion –urteak neramatzan iritzigintza formatu hori praktikatu gabe–, eta, hasi aurrretik, proba batzuk egin nituen. Hauxe izan zen horietako bat –”Uda guztietan bezala” izenburua ipini nion lehenengo unean–, azkenean erabiltzera iritsi ez nintzena, ezarritako 1600 karaktereak gainditzen zituelako, eta nahiago izan nuelako iritzi-iritzizko zerbait konbentzionalagoarekin hasi. Ondoren, beste gai batzuk sortzen joan ziren, eta hauxe tiradera elektronikoan utzi nuen. Uda osteko rentréerako berreskuratzea aukera bat izan zitekeela bururatu zait).

Herrira

Udaro asperraldi bera: puskak bildu eta, tira, egun osoa autoan, mila eta koska kilometro nekagarri, «herrira» joateko abuztua pasatzera. Herrira! Lau etxe sakabanatu, eguzkiak apenas jotzen duen ibar estu batean, eta han agureak eta atsoak besterik ez. Gazte ia bakarrak, ni bezala, etorkinen seme-alabak edota bilobak, bakoitza Espainiako punta batetik inguratuak.

         Bai, lehenago aitzakia hori zen, aiton-amonak bisitatzearena. Txikitan gustuko genuen. Opariak eramaten genizkien, horregatik kargatzen genuen hainbeste autoa. Baina hil ziren bata bestearen ondoren, eta autoa berdin-berdin segitzen dugu topera zamatzen. «Osaba-izebentzako eta lehengusuentzako», esaten digute, baina ez daukagu jadanik haiekin zer ikusi handirik. Jende atzeratua iruditu zait beti. Azentu itxikoak: ez zaie tutik ere ulertzen. Eta alfer galantak. Andaluziarrekin konparatuta, bederen. Ez, ez da arrazakeria. Gauzak diren bezala: hemen langileagoak gara, prestuagoak, hitzezkoak. Izaera kontua da, besterik gabe.

         Eta gero eguraldiarena dago, noski. Bai, badakit ez duela egiten hainbeste bero, atsegina ere izan daitekeela, gure Malagaren aldean. Baina niri beroa gustatzen zait. Eta herrian gaudenean ez dakigu sekula hondartzarako plana aldrebestuko zaigun, azkenean. Itsaso hori, gainera, hotzegi dago, gure Mediterraneoarekin konparatuta.

         Bai, gorroto dut Elgoibar, zer esango dizuet ba. Eta nahi dutena esango digute gurasoek sustraiez-eta, baina datorren udan ez naiz joango, hemen geratuko naiz. Kito.

[Testu hau ukronia honetatik abiatzen da: XIX. mendeko lehen erdialdeko industrializazio-foku siderurgiko andaluziarrak aurrera egin zuela, abortatu gabe, eta, ondorioz, Hego Euskal Herria industrializazio maila baxuko lurraldea izango litzatekeela, egun].

A partir de 1834 la industria siderurgica de Manuel Agustín Heredia, la  Constancia, entra en una fase de gran actividad, y este sector en Málaga  las llevaría a …

2 thoughts on “Herrira

  1. Ukronia ona, Iban. Baita “herririk” izan ez dugunontzat ere.
    Bukatutakoan, Imanolek kantatzen zuen “Euskadin Castillan bezala ” gogoratu dut, Segurako aitonak egindako bidaiak zirela-eta seguruenik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s