Kultur doluaz

Uste dut ohiko zerbait dela, ez zaidala niri gertatzen soilik; sekula ez naiz oso originala izan. Kontua da liburu edo telesail bikain batekin elkarbizitza luzea izan ostean, amaitzen denean, kosta egiten zaidala hurrengora salto egitea, hots, unibertsoz aldatzea, nolabait esateko. Egoerak atsekabetu egiten nau, eta ez naiz erraz nire onera itzultzen –orain “normaltasun berria” deituko genioke, agian–. Imajinatzen dut horretaz ari direla, beste ikuspuntu batetik, “ez dut liburu hau amaitzerik nahi” diotenak eta, ondorioz, irakurketa luzatzen eta luzatzen ibiltzen direnak, fikzio jakin horretan goxo jarraitzeko amiñi bat gehiago, sikiera –ni, aitor dut, grinatsuegia naiz bide horretatik ekiteko: zerbaitek apasionatzen nauenean azken bururaino iritsi nahi dut lehenbailehen, gaua eguntzera eraman nauena, behin baino gehiagotan–.

Azken aldi honetan bitan gertatu zait. Lehenengoz, Lev Tolstoiren Gerra eta bakearekin (1869). Zaila da beste zerbait irakurtzen hastea Pierre Bezukhov, Andrei Bolkonski, Natasha Rostova, Maria Bolkonskaia, Vasili Denisov, Platon Karatev eta are Mikhail Kutuzov mariskala bezalako jendearekin harremanetan egon ondoren, luze, halabeharrez, nobelak, bere lau atal eta bi epilogoekin, lerro trinkoez estalitako 1473 orrialde betetzen dituelako etxean daukadan edizioan. Zaila, zure sendiaren eta lagunartearen parte handi bat baino kideago bihurtu zaizkizunean pertsonaia –pertsona– horiek guztiak. Historia –historia “handia”–, idazle errusiarrak eraikitako mikrokosmos konplexu, dramatiko, goibel, filosofiko eta, batzuetan, ironiko horren bitartez bizitzera ohitu zarenean.

Bigarrenez, oso bestelako maila batean, Justified telesailarekin (Amazon Prime, 2010-2015). Ez da telesail arranditsu eta sakon bat, Cultural Studies alorreko guruei analisatzeko hainbeste gustatu eta, ezinbestean, aro berri bat markatzeko ekoizten den horietakoa: oso telebista saio “klasikoa” da, ongi eginiko entretenimenduzko produktu bat, westernaren eta noir generoaren topikoetatik abiatu, eta mundutxo biribil bat zirriborratzen duena krimenak eta opiazeoek jotako Kentucky garaikidean, batez ere gidoi eraginkorren eta elkarrizketa are ikaragarriagoen bitartez. Horko pertsonai batzuk, Raylan Givens, Ava Crowder, Dickie Bennett, Dewey Crowe, Wynn Duffy eta, batez ere, Walton Goggins aktoretzarrak gorpuztutako Boyd Crowder karismatikoa, luzaro ibiliko dira etxekoen artean, konfinamenduan zehar kasik gauero gurekin egon ondoren.

Baina zer egin amaiera iristen denean? Dolua pasatzea ezinbestekoa iruditzen zait niri, errespetua gorde egin behar zaiolako luzaroan horren konpainia ona egin dizun zerbaiti. Arazoa da dolu horri nola egin aurre.

Berehalako aukera ordezkapenarena izango litzateke, jakina. Maila bereko edo antzeko zerbaitekin jarraitzea, aurrekoa amaitu bezain laster. Arazo logistiko handiak planteatzen dituen konponbidea izateaz gain –ez da horren erraza purutasun bereko droga aurkitzea kultur eskaintzaren eremuan: kontu handiz hartu beharreko erabakia da, eta arrakasta ez dago betiere ziurtatua–, ez zait nahikoa errespetuzkoa iruditzen, utzi berri duzun –utzi berri zaituen– lanarekiko. Alde horretatik, fideltasunari tarte bat gordetzearen aldekoa naiz ni. Kontu honi dagokionean, behintzat.

Beste aukera hutsunearena da, hots, kultur kontsumo orori uko egitea denbora batez. Oraintxe arte –horrenbeste– lagundu zaituen lanari, pertsonaiei, egoerei… zure baitan bizitzen jarraitzen uztea aldi batean zehar, bestelako mutur-sartze arrotzik gabe. Aipatu berri dudan errespetuzko jarrera gisa, ziurrenik, kontsekuenteena litzateke, eta are zen-ena. Nahiz eta muturrekoegia suertatu, akaso, kultur kontsumora ohituegia bazaude: aipatu dut lehenago nire izaera antsiosoegiak alde horretatik ipintzen dizkidan  oztopoak.

Jarrera horren aldaera erradikal bat, edonola ere, (auto)degradazioarena izan daiteke, hots, zaborraz elikatzera jotzea tarte batez, Sálvame edo Greyren 50 itzalak gisako lanen ordezkapenezko kontsumo zuhurgabeari ekitearena alegia –El Conquis edo Jon Arretxe izan daitezke horren eusko labeleko ordainak, esaterako–. Dolutzen ari zaren lanak, egoera horretan, nekez utziko dio zure baitan oihartzun egiten segitzeari, eta zure burmuinaren –edo erraien– sekzio bat okupatuta mantenduko duzu, sikiera, bien bitartean. Metodologia horren erabileratik ondorioztatu daitezkeen epe laburreko zein luzeko albo-kalteak direla eta, ordea, ez zait edonorentzako gomendagarria iruditzen.

Adiskide batek, bestalde, genero-aldaketaren baliabidea erabiltzen du, eta ondo doakiola komentatzen dit: inpaktua izandako nobela baten ondoren saiakera bat hartzea, adibidez –edo alderantziz, noski–, edo telesail gogoangarri baten ostean film klasikontzi bat edo batzuk berrikustea –nahiz eta azken horri, komentatu nion, lotura motaren bat ikusten diodan aurretik komentatutako ordezkapenaren konponbidearekin–. Beste aukera bat da, beraz.

Nik, askotan, trantsiziozko produktuaren komodina erabiltzen dut. Horrenbeste inplikatzen ez nauen zerbait, baina gutxieneko maila bat ziurtatzen didana, dolua igarotzeko aldian. Telebista kontuetan ez daukat horretarako ohiko formularik –Justifieden hutsuneari, adibidez, The Expanserekin egin diot aurre, neurri batean: space opera duina da, efektu berezi onak dituena, gidoi arrunt samarrekoa baina ondo taxututako biraketekin, nahiz eta pertsonaiak pixka bat eskematikoak suertatzen diren, azken buruan–, baina irakurketen alorrean askotan jotzen dut Simenonengana, halakoetan, Maigret komisarioaren inguruko haren nobeletara bereziki: genero poliziakoaren zale porrokatua ez banaiz ere –edo horregatik, hain zuzen ere–, ondo irakurtzen ditut nobela horiek, formulazkoak izanda ere, pixka bat harago begiratzen dutela iruditzen zaidalako. Izan ere, giza jardueraren xehetasun psikologiko eta sozial batzuetarako begi zorrotza zeukan egile belgikarrak, eta ederki txertatzen zekizkien tankera kasik industriala zeukaten bere nobela laburretan. Baina imajinatzen dut bakoitzak bere komodina bilatu dezakeela; nirea adibide bat besterik ez da, niri funtzionatzen didana, gehiago edo gutxiago.

Kultur dolua modu batean edo bestean igaro ondoren, edozein modutan ere, prest egoten naiz hurrengo epifaniari aurre egiteko. Noiz iritsiko den, horretara nola iritsiko naizen ez dakidan arren, oraindik.

Baina hori, zer esanik ez, beste kontu bat da.

mourning

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2020ko ekainaren 6an].

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s