Kontsolamendua ala anbizioa

Aurreko batean komentatzen zidan Ana Morales itzultzaile eta adiskideak: harrigarria da nola ekin ahal izan zion Charlotte Brontëk Shirley bere eleberri mardularen idazketari eta zuzenketari, inguruan zorigaiztorik handienak metatzen ari zitzaizkion bitartean, hots, Branwell, Emily eta Anne haren neba-ahizpen heriotzak, 1848ko irailaren eta 1849ko maiatzaren artean gertatu zirenak, bata bestearen atzetik. Shirley, XIX. mende hasierako Yorkshireko gatazka ludditen testuinguruan girotutako maitasun istorio bikoitza –funtsean, gehiago dagoen arren, noski: jatorrizko edizioak 572 orrialde zituen, hiru aletan banatuta–, 1849ko urrian eman zen argitara.

Ez da, bistan denez, Charlotte Brontëren eleberririk ezagunena, Jane Eyre indartsuaren itzala (1847) luzeegia baita. Baina merezi du irakurtzea, bere erretratu sozial zorrotzengatik –apaizgoaren irudia ez da bereziki onik ateratzen liburuan–, umore finagatik eta hausnarketarako eskura uzten dituen aukerengatik. Nobela konbentzionalagoa da Jane Eyre baino, eta are gehiago Emily ahizparen Gailur ekaiztsuak handiarekin konparatuta –azken hori leitu ez baduzue, edo gaztelaniaz egin bazenuten, ez galdu aukera Irene Aldasororen itzulpen ederrean disfrutatzeko (Erein-Igela, 2007): ez zaizue damutuko–. Baina Shirleyk ere gozamenerako aukera handiak ematen ditu: Jane Austenen nobelen eitea dauka, neurri batean, bitxia dena, Charlottek berandu samar irakurri zituelako –Jane Eyre argitaratu ondoren, britainiar literatur munduan “murgiltzen” hasi zenean, editoreek-eta akuilatuta–, eta ez zitzaizkiolako gehiegi gustatu, antza (nik gaztelaniaz irakurri dut Shirley, Alba argitaletxeko edizio zainduan, Gema Moralen itzulpenean).

Misterioa hor dago, alabaina: zoritxarren erdian,  maluraren “zero gunean”, liburuarekin aurrera egiteko gai izan zen Charlotte. Azalpen bat bilatzekotan, hautagai on bat izan daiteke kontsolamendua, literaturak eskaintzen duen ondasun preziatu hori: nobela horren bitartez bere ahizpak “berpiztu” ahal izan zituela, paperean bederen. Izan ere, duda gutxi dago Shirley Keeldar indartsu eta  independentearen pertsonaia Emilyren ezaugarri batzuen gainean eraiki zuela, eta –honetan aditu guztiak bat ez badatoz ere– beste protagonista nagusia, Caroline Helstone apal-lotsatia, Annerengan oinarrituta egon zitekeela; horren alde hitz egingo luke, adibidez, liburuaren amaieran azken hori bizirik mantentzeko idazlearen erabakia, jatorrizko plangintzan hiltzea pentsatzen zuen arren. Izan ere, deigarria da zenbat jende jartzen den oso gaixo Shirleyn, eta azkenean sendatu eta onik ateratzen den: Charlottek, sei neba-ahizpen artetik bizirik geratzen zen bakarrak, mundu errealean esperimentatu ez zuen zerbait, alegia. Fikzioa, bizitzaren emendakin eta, ondorioz, kontsolagarri gisa, alegia.

Beste azalpen alternatiboa anbizio literarioarena litzateke. Brontëtarrek osatutako “sorkuntzarako sozietatean” Charlotte izan zen, zalantzarik gabe, handinahiena, loria literarioaren atzetik irmoen aritu zena, are huts eginiko Branwell neba harroxko eta mozkor-opiomanoaren gainetik –zeinarekiko lehiakortasuna oso nabarmena baitzuen, bestalde–. Bera izan zen, Emilyren poemak ustekabean deskubritu ostean, argitaratzeko plana bilbatu zuena, maila apalagoko bereak eta Annerenak sartuta bilduman; Emilyren inposizioz, ezizenez sinatzea onartu behar izan zuen –Currer, Ellis eta Acton Bell nom de plume famatuak–, baina hondar literariora jauzi egitea lortu zuen horrela. Charlotte izan zen, halaber, proposamena egin zuena ahizpak nobelagintzan saiatzeko, arrakasta eta, bide batez, diru apur bat lortzeko helburuarekin –emaitza denok ezagutzen dugu: 1847ko urte miresgarri berean argitaratu ziren Jane Eyre, Gailur ekaiztsuak eta Agnes Grey eleberriak–. Charlotte izan zen, ziurrenik,  urrats horiek ematean, Branwell “arerioa” plan horietatik eta, ondorioz, Brontëtarren erkidego literario zaharretik at utzi zuena, Laura Ramos saiakeragileak Infernales. La hermandad Brontë aipagarrian iradokitzen duen bezala (Penguin Random House, 2018). Charlotte izan zen, azkenik, ahizpek bizirik zirautela, pixkanaka, ezizenen sekretua zabaltzen hasi zena, eta guztiz desestali zuena haiek zendu ostean. Eta Emilyren eta Anneren lanak, bereak baino erradikalagoak zirenak, egoki irakurrarazteko, hots, leuntzeko eta gizartearen aurrean onargarriago bihurtzeko lehenengo saiakera postumoak egin zituena, hitzaurreen eta bestelako baliabide paratestualen bitartez –ez dezagun ahaztu aro victoriarraren hasieran argitaratu zirela liburu horiek–. Izan ere, Charlotte izan zen Wildfell Hall-eko maizterra Anneren bigarren nobela gogorraren berrargitarapena bertan behera uzteko erabakia hartu zuena –jatorrizko edizioa 1848an kaleratu zen–, ahizparen ospe ona babestearen aitzakiaz, Anneren obraren zabalkuntza oztopatuz modu horretan, agian.

Charlottek sekulako arrakasta izan zuen Jane Eyre lehenengo eleberriarekin, eta orduko merkatu literarioaren legeak ez ziren gure garaikoetatik horren ezberdinak: bigarren lan batekin jo behar zuen fuerte, berriro ere, eta ahalik eta bizkorren, Letren Errepublikan finkatu behar bazen. Eta, akaso, horixe saiatuko zen erdiesten, kosta ahala kosta.

Kontsolamendua, beraz, ala anbizioa? Egiazki, batak ez du bestea kentzen, ziurrenik.

(PS.- Egun ingelesezko nobelagintzaren klasikotzat jotzen bada ere, Shirleyk ez zuen oihartzun handiegirik izan, argitaratu zenean, eta salmentak ez ziren Jane Eyrenenak bezain ikusgarriak suertatu: berriro ere Currer Bell gisa sinatu zuen arren, ordurako –esanguratsuki– ezaguna zen egilearen benetako identitatea eta, ondorioz, emakumea zela: sexismo literarioa, ahizpak ezizen horiek aukeratzera eraman zituen mehatxua, agertu egin zen azkenean, beldur ziren bezala, eta nobelarekiko isiltasuna nagusi izan zen kritikarien artean. 1853ko Villette nobela autobiografiko(ago)arekin –hori bai lehenengo pertsonan idatzia, Jane Eyre bezala– arrakasta handiagoa erdietsi zuen, behintzat. Baina Charlotte Brontëk ezin izan zuen hartaz gehiegi gozatu: 1855ean hil zen, lehenengo haurdunaldiak eragin zion gaixotasun baten ondorioz, idazten ari zen hurrengo eleberria, Emma, amaitu gabe utziz. Hogeita hemezortzi urte zituen).

Shirley

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2020ko martxoaren 7an].

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s