Hiru (bigarren) disko penagarri samar

Topiko bat da “bigarren disko zailaz” edo are “arriskugarriaz” hitz egitea rockaren munduan, eta, topiko guztiek bezala, asko du faltsutik (berehala aterako ditu norbaitek talde edo bakarlarien bigarren disko zoragarriei buruzko adibideak), baina baita egiatik ere, batez ere lehenengo lana (oso) arrakastatsua edo bikaina izan baldin bazen. Ituan aurrenekoan jotzea arazoa da, batzuetan, musikarientzat, lehenengoaren maila berdinduko duen bigarren diskoa osatzea ez delako erraza eta, gainera, dilema bat planteatu ohi duelako: hura mimetikoki errepikatzen saiatzea (beti dena perilos), edo ildoa guztiz aldatzea (aurreneko diskoaren zaleak urrun ditzakeen zerbait). Edonola ere, ez dira gutxi ahalegin horretan huts egiten dutenak: musikariak nahikoa sendoak badira, aurrera aterako dira (The Clash-ek egin bezala Give’Em Enough Rope flojotxoaren ondoren: London Calling izan zen haien hirugarrena, hain zuzen), edo bertan behera geratuko dira (Propaganda eta Frankie Goes To Hollywood taldeei gertatu zitzaien bezala, beren bigarrenak argitaratu eta gero); beste batzuek aurrera jarraitzen dute, baina ez dute lehenengo lanarekin eskuratu zuten arrakasta edo onespen kritikoa berreskuratzen. Literaturan ere antzeko fenomenoak gertatzen dira, noski: nor gogoratzen da Mark Haddon-en helduentzako bigarren nobelaz (edo hurrengoez), Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia mega-arrakastatsuaren ostean? Edo (klasikoen eremura joz) Mary Shelleyren Valperga nobela historikoaz, Frankenstein ostean argitaratu zuenaz alegia? Oraintsuko euskal literaturan, hor daukagu Danele Sarriugarteren bigarren nobelaren kasua, esaterako… Edonola ere, gaurkoan, eta musikaren arlora itzuliz, halako hiru adibide diskografiko (niretzat) trixte.

knife

Aztec Camera, Knife, Sire, 1984.

Badakit nire lehenengo aukera pixka bat eztabaidagarria izan daitekeela, baina  zer egingo diogu, sail honetan kronologiak agintzen du eta nik beti izan dut dezepzio-sentsazio bat disko honekin, Aztec Cameraren lehenengoak guztiz liluratu ninduelako. Eskoziarrak sentsazio berria izan ziren 1982-83ko bueltan, beren lehenengo singleak eta, batik bat, High Land, Hard Rain estreinako LPa argitaratu zituztenean: Duran Duran eta Spandau Ballet-ek menderatutako panorama bigun-artifiziosoan, aire freskoko bafada izan ziren, gitarretan oinarritutako beren pop sinple, bizkor eta optimistarekin (disko hark, The Smiths-ek eta Lloyd Cole-k laster argitaratuko zituztenekin batera, itxaropena itzuli zigun zaleei, une batez). Baina bigarren ahalegina eztarrian trabatu zitzaigun batzuoi, estreinakoa (asko) gustatu zitzaigunoi bederen. Lehenengo kantak, “Still On Fire”-k, ez zuen, horratik, itxura txarra eta, aurreko LPkoenek baino erritmo mantsoxeagoa bazuen ere, eusten zion mailari. Ez zen gauza bera gertatzen hurrengoekin, ordea: “Just Like The USA”-n sintetizadore nabarmenegiak zeuden (horreur!), ez ondoegi kokatuta gainera, eta “Head Is Happy (Heart’s Insane)”-ren pianoak eta haizeek beste talde bat iragartzen zuten, ez gure Aztec Camera; errematatzeko, azkeneko abestiak, diskoari izenburua ematen zionak, bederatzi minutu irauten zuen! Laster jakin genuen norena zen errua: Mark Knopfler zen diskoaren produktorea, hots, hondatzailea; garai haietan, M-ak taldeak kantatzen zuen bezala, leku guztietan zegoen Mark, eta ez onerako. Diskoak badu kanta salbagarririk (“All I Need Is Everything”, adibidez), eta, izan gaitezen egiatiak, lehenengoa baino gorago iritsi zen zerrendetan, argitarapen multinazionalari esker. Baina Knifek dezente xahutu zuen Aztec Cameraren kreditua: sekula ezin izan zuen, niretzat, lehenengo disko haren maila gainditu (1990eko Stray izan zen, akaso, disko gisa horretara gehien hurbildu zena), eta hurrengoak, pixkanaka, indiferentziaren itsasoan joan ziren hondoratzen.

neither fish

Terence Trent D’Arby, Neither Fish Nor Flesh, CBS, 1989.

Nork ez zuen egin dantza, 1987 eta hurrengoetan, Terence Trent D’Arby-ren “Dance Little Sister” edo “Wishing Well”-ekin? Are soul-popa gehiegi maite ez genuenok errenditu behar izan ginen D’Arby estilosoaren eztarri izugarriaren gora-beheren eta erritmo kutsakorren aurrean: Prince-k (gero eta eszentrikoagoa bihurtzen ari zena jada, une haietan) bazeukan oinordeko sendoa (eta poztutzen ginen). Baina, ai ene, D’Arby ez zen entertainer soil bat, jeinu bat baizik, edo hori uste zuen berak behintzat, eta bigarren diskoa ezin artefakto dibertigarri soil bat izan, sakontasun handiko obra baizik. Diskoaren izenburuko “deklaraziotik” hasita kontuak itxura txarra zeukan, eta, izan ere, A aldea handiustearen horroreen museo bat da: kanta egitura apenas duten aldarrikapen solemneak (“I Have Faith In These Desolate Times”), orkestra batek zamatutako pasarteak (“It Feels So Good To Love Someone Like You”), xarmarik gabeko melodia eri/deseraikiak (“To Know Someone Deeply Is To Know Someone Softly”: izenburuak ikaratzeko modukoak dira, alajaina)… Bigarren aldea pixka bat hobeto zegoen (korte batzuk lehenengo diskoaren deskartetzat har zitezkeen kasik…), baina emaitza orokorra ezin desastrosoagoa zen, eta kritikak ondo jipoitu zuen Neither Fish Nor Flesh. Izan ere, orduz geroztik artista izenez eta guzti aldatu zen (2001etik
Sananda Francesco Maitreya da, eta marka horren pean diskoak argitaratzen jarraitu du, bai, zuzen zaudete: batere nabarmendu gabe), eta D’Arby 80ko hamarraldiko bildumetarako erlikia soil bihurtu zen (ez, hain justu, iruzkintzen ari naizen disko honetako kantei esker). Froga: LPa iruzkin hau egiteko erreskatatu, platoan ipini, eta ez diot ezta hautsa kendu behar izan ere, nire bildumako binilo gehienekin behar izaten dudan legez. Bigarren aldia zen entzuten nuela.

second coming

The Stone Roses, Second Coming, Geffen, 1994.

Nik ere, aitor dut, mana bezala itxaroten egon nintzen disko honen argitarapena. 1989an, Madchesterren eklosioa gertatu zelarik, Irletatik iritsi zen diskorik gurtuena, zalantzarik gabe, The Stone Roses-en debut homonimoa izan zen, gitarra kristalinoez ehundutako psikodelia berrituaren mirari hura. Hurrengo diskoa, ordea, atzeratzen joan zen, atzeratzen, atzeratzen… bost urtez: bigarren bat ateratzeko tarte handiegia, rock & rollaren edozein estilo-libururen arabera, ondo jakina baita arrakasta lortzen delarik berehala jo behar dela berriro ere burdin goria. Fama lortu berriaren zorabioak eta lehenengo diskoa ez berdintzeko beldur logikoak izugarri luzatu zuten grabazioa, produktore eta ingeniari ekipo ezberdinen gidaritzapean, gainera, eta emaitza ahultzen joan zen bidean, taldearen kohesioa bera bezala: prozesuaren amaierarako elkar gorrotatzen zuten kide guztiek, eta (ez da harritzekoa) kritika eta salmenta txarren ostean, taldea desegin zen (multinazional batera pasatu izanak ez zuen lagundu, kasu honetan). Ez dut uste, hala ere, disko guztiz txarra denik (izenburu apokaliptikoa alde batera utzita), eta, izan ere, hauxe izango litzateke sail honetako hiruretatik gomendatuko nukeen bakarra: “Ten Storey Love Song” beren kanta onenen mailan dago, eta “Daybreak” eta “Your Star Will Shine” ez daude horren gaizki. Baina, lagunak, musikan, matematiketan ez bezala, faktoreen hurrenkerak aldatzen du, baiki, emaitza: disko hau izan balitz Stone Rosesen aurrenekoa, eta lehenengoa bigarrena, entzuten jarraituko genuke, handitasunaren aurrekari gisa sikiera. Baina alderantziz gertatu zen, eta horrek kondenatu zuen diskoa, eta, bide batez, baita taldea ere (Ian Brown kantariaren bakarkako karrerak une on batzuk izan dituen arren, eta 2012 eta 2017 artean banda atzera elkartu bazen ere, kontzertuen bitartez eta oharkabe pasatu ziren pare bat singleren bitartez nostalgiaren dibidenduak jasotzeko, taldekideen kontu korronteen bixigarri). Requiescant in pace.

[Artikulu honen lehenengo bertsioa Nabarra aldizkarian argitaratu zen, 2011ko apirileko zenbakian].

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s