Izurria kapitalismoa da

Patricio Pron idazleak gaztigatzen zigun berrogeialdi honetarako irakurgaiak ez zirela zertan izan, halabeharrez, Albert Camusen Izurria –zeinaren benetako gaia ez bailitzateke gaixotasuna edo konfinamendua izango, okupazio alemaniarra baizik–, ezta Giovanni Bocaccioren Dekamerona ere –1348ko Izurrite Beltzaren rola guztiz zirkunstantziala litzatekeelako bertan, istorioak hariltzen hasteko aitzakia; hala ere, egile argentinarra amiñi bat zuzentzeko arriskua hartuta, erantsiko nuke hasierako orrialdeetako epidemiaren eraginaren deskripzioa, Florentzian izan zituen ondorioei buruzkoa, zirraragarria dela oraindik ere–. Pronek zioen egunotan leitu beharrekoa Daniel Defoeren Izurriaren urteko egunerokoa dela (1722), eta nahikoa ados nago berarekin: liburu horretan, ezaguna den bezala, idazle ingelesak 1665eko Londresko izurri bubonikoaren epidemiaren bilakaeraren berri ematen digu, urte hasiera eta batez ere udaberritik aurrera zabaltzen hasi zenetik, udazkenean atzera egiten hasi zen arte.

Adiskide batek, aholkuari men eginez, liburua leitu eta, biok literaturzaleak baikara, iruzkin batzuk egin dizkit –telematikoki– haren inguruan. Horietako bat hauxe zen: “Harrigarria da zein gutxi aldatu garen XVII. mendetik”: histeria kolektiboari eta legenda urbanoen hedapenari buruz ari zen, garai hartako Londres gaur eguneko sare sozialak bezain fuerte jo zituztenak, Defoeri sinetsiz gero.

Nik erantzun nion baietz, hala dela. Baina hori ez litzatekeela horren txundigarria, Defoek deskribatutako mundua gurea delako jada, funtsean, eta izurria eta berrogeialdiak ez direla beti Erdi Aroarekin nahastu behar –Erdi Aroa berehala ateratzen da hizpidera halakoetan, oker–, kontu modernoak direla. Baina ez bakarrik hori: Defoek, boterearen, ordenaren eta kapitalismo –orduan– jaioberriaren defendatzaile zintzoa zenak, zerbait azpimarratzen badu liburuan zehar, errepikakorra izateraino, da zein eraginkorra izan zen udal erakundeen ekintza hiriaren hornikuntza ziurtatzeko orduan: merkatuak irekita mantendu, eta hirira elikagaiak saltzera etortzen ziren inguruetako laborariak erakartzen jarraitzeko eta ez izutzeko neurriak hartu zituzten, hala nola kaleen garbiketa zaintzea eta, gaueko iluntasunaren babespean egindako lurperatze masiboen bitartez, hilotzen ikuskizuna saihetsaraztea. Nahiz eta, bistan denez, eta gaixotasuna deklaratzen zen hiriko etxeen itxialdia ziurtatzeko neurri gogorrekin kontrastean –eraikinetatik debekatuta zuten ateratzea, berrogeialdia igaro arte, gaixoekin batera zeuden kutsatu gabeek ere–, modu horretan arriskuan jartzen zituzten inguruko baserritarrak ere, beren herrixketara itzultzean epidemia zabaltzeko aukerak handituz horrela. Gertatu zen bezala, alegia. Baina Merkatuak, gobernuaren esku ez bereziki ikusezinek bultzatuta, behar bezala funtzionatu zuen, eta prezioak ez ziren apenas hazi, narratzaileak, pozik, azpimarratzen duen bezala.

Izurriaren eraginak sozialki desberdinak izan zirela gogorarazten digu, orobat, Defoek. Aberats gehienak, ohi bezala, gaixotasuna zabaltzen hasi bezain laster ihesi atera ziren Londrestik, eta langabezia bizkor zabaldu zen, lehenengo haientzat lan egiten zuten mirabe eta zerbitzarien artean, eta, ondoren, artisauen eta dendarien artean: hiriak karitatezko egintza zabalak antolatu behar izan zituen haientzat, matxinaden arriskua ekiditeko. Defoek behartsuen ausarkeriaren inguruko gaitzespen hitzak dauzka, zuhurtziazko gutxieneko neurriak mesprezatzeagatik, eta lana egoera arriskutsuetan egiten zutelako, maiz. Eta, halakoengatik galdetuta, pobreek erantzun ohi zutena jasotzen du: “Zer beste egin dezaket? Ezin naiz gosez hil. Berdin dio izurria harrapatu edo gabeziaz hiltzen banaiz. Nik ez daukat lanik. Zer nahi duzue egitea? Hau egiten ez badut, eskean hasi beharko dut”.

Hau guztia, berriz ere, ez da harritzekoa: Defoeren lanik ezagunena, Robinson Crusoe (1719), izpiritu kapitalistaren haragitze goiztiarrenetako bat kontsideratzen da, eleberrigintzaren alorrean bederen. César Renduelesek honela laburbiltzen zuen nobela horren funtsa: “XVIII. mendeko esklabista amoral baten istorioa, uharte jendegabe batean naufragatu, eta bertan gizarte burges unipertsonal bat eraikitzen duena”.

Bestalde, Izurriaren urteko egunerokoa oso liburu garaikidea da beste zentzu batzuetan. Adibidez, zaila da zein generotakoa den zehaztea. Argi dago, lehenengo pertsona erabiltzen badu ere, ez dela liburu autobiografiko bat –Defoek bost urte inguru zituen 1665ean–, baina nobela bat da? Ala erreportaje moduko bat? Galdera pertinenteak dira, are kontuan hartuta nobelaren generoaren sorreraren garaian gaudela –aipatu berri den Robinson Crusoek bide horretan zer paper jokatu zuen gogoratzea baino ez dago–. Kontsentsu nagusiak dio Izurriaren urteko egunerokoa nobela bat bezala irakur daitekeela, baina, ziurrenik –idazleak pista lausoegi batzuk ematen ditu horren inguruan–, bere osaba baten izurriaren garaiko oharrak erabili zituen oinarri bezala lana eraikitzeko –narratzailea bezala, osaba hura hedagilea zuen–. Ikuspuntu horretatik, agian gehiago kontsideratu beharko litzateke “ez-fikziozko nobela” bat, batzuei horren berria iruditzen zaien azpigeneroa…

Azkenik, Defoeri, aurrera eraman zituen beste merkataritza-negozio batzuetan ez bezala –ez zuen zorte handia izan alor horretan, antza denez–, aitortu behar zaio, kasu honetan behintzat, egokieraren zentzu enpresariala izan zuela: liburua Marseillako 1720ko epidemia bubonikoaren inpaktuaren eraginpean idatzi, eta hura amaitu eta berehala argitaratu zen, helburu komertzial argi batekin alegia, eta salmenta arrakasta dezente izan zuen harekin, nahiz eta ez Robinson Crusoe best-seller jatorrizkoarekin bezainbeste, noski.

Ikusiko dugu koronabirusarenaren ostean gure liburu denden apalategiak inbadituko dituzten berrogeialdiaren inguruko lanetatik zenbatek duten Izurriaren urteko egunerokoaren zori bera. Argitaratzeko unean bertan, eta epe luzean, aro oso baten lekuko iraunkor gisa… Kapitalismo biralarena,  zeinetan, beldur naiz, optimista batzuek pentsatzen dutenaren kontra, jarraituko baitugu larrialdia pasatu ostean ere, baldin eta pastu dela esan badaiteke behintzat. Hori baita kapitalismoaren esentzietako bat, hala gaurkoarena nola Defoeren garaikoarena: larrialdia. Izurritea beti da, eta beti izan da, kapitalismoa.

PlagueYear

[Artikulu honen bertsio askoz ere laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2020ko apirilaren 10ean].

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s