Fikzioa

[Apirilaren 1ean Adam Schlesinger hil zen, berrogeita hamabi urterekin, COVID-19 eritasunak jota. 1990eko eta 2000ko hamarraldietan sona dezente lortu zuen Fountains of Wayne power-pop taldearen eta Ivy dotorearen partaide eta konpositore gisa; agian batzuek gogoratuko dute “That Thing You Do!” abesti-pastixe sesenteroagatik, izenburu bereko komedia musikaleko kanta nagusia -Espainian The Wonders deitu zen-, Tom Hanks-ek zuzendu zuena 1996an. Nire Biodiskografiak liburuko ipuin bat oinarritu nuen Ivy taldearen albumetako batean, eta, omenaldi gisa ote den ez dakidan arren, blogean berreskuratzea bururatu zait. Gora Adam Schlesinger].

FIKZIOA

Ivy, Long Distance, Nettwerk, 2001.

–Nola, orduko hire neskalaguna? Ez al ninduan ni jada hire orduko neskalaguna? Zer dela eta orduko hori, jakin badaiteke?

A. bere gelatik dator, liburu honen eskuizkribua eskuan; ni negutegiko ziza batzuk prestatzen ari naiz, afalduko dugun nahaskia osatzeko. Kostatu zait ulertzea zalapartaren nondik norakoa. Azaltzeko eskatu diot, zizak zartaginean iraultzen jarraitzen dudan bitartean.

–Hire “biodiskografiez” ari nauk, “Winterthur” ipuinaz; ez egin despistatuaren plantak, oso gaizki ateratzen zaizkik eta.

–Fikzioa dun, badakin…

–Fikzioa, bai eta zera ere. Ez al hintzen ba hi etorri nire unibertsitate egoitzara egun batzuk pasatzera, udako ikastaro hartan nengoela, Konstanzen? Eta zer esaten didak Dannyren istorioaz?

–Danny? Hor ez dinat Dannyrik aipatzen.

–Tira, izena aldatu diok, noski: David. Zelako diferentzia, ezta? Niri, edonola ere, ez didak izena ere aldatu.

–Nola ezetz? “A.” ipini ninan, oker ez banago. Begira.

–Horixe ba: nire iniziala. Kristo guztiak jakingo dik nitaz ari haizela.

–Ez al haiz oraintxe bertan kexatu “orduko neskalaguna” erabili nuelako? Beste bat zela pentsatuko ditek.

–Ezagutzen gaituztenek ez.

–Zer nahi dun jartzea hemendik aurrera? Ane? Aurora? Arantza?

–Zergatik hasi behar dute guztiek a-rekin, nire benetako izenak bezala? Ezin al da izan desberdinagoa? Nik zer zekiat, Elena, edo Garbiñe. Edo Josune.

–Ados; Elena erabiliko dinat hemendik aurrera.

Elenak ez du etsitzeko asmorik, hala ere. Buelta pare bat eman dizkio sukaldeari; garagardo bat ireki du, trago bat lapurtu dio botilari.

–Dena dela, ez diat ulertzen zergatik jarri huen orduko hori.Zer esan nahi duk:orduan ni beste bat nintzela? Edo beste bat izatea desio hukeela,  orain?

–Fikzioa dun, neska…

–Joder, nahikoa duk fikzioaren kontuarekin…

–Félix de Azúak zion ez garela beti gu geu, denboran zehar… eta duela hogeita hamar urteko niari sekulako higuina diola, adibidez. Baina, harrigarriro, beti berberak ez garen arren, pertsona edo pertsonaia berdina ordezkatzen dugula bizitza osoan zehar. Izana aldatzen dugunez, izena ere aldatu beharko geniken gure bizitzen aro ezberdinen arabera, ez dun uste?

–Ez hadi sofismekin hasi. Ipuin hura idaztean buruan huena jakin nahi diat, besterik ez. Zergatik ipini huen “nire orduko neskalaguna”.

–Entzuten ari al haiz jarrita daukadan musika? Aspaldian ipini gabe nengonan; kasualitatez hartu dinat gaur. Hasieran, erosi nuenean, etengabe jartzen ninan. Ivy taldea, New Yorkekoak: partaideen artean Adam Schlesinger zagon, Fountains of Wayne-koa; bale, bazakinat ez dunala ezta arrastorik ere. Ni emozionatuta nengonan haiekin; Radio 3-en kanta bat entzun eta diskoa erostera jaitsi nindunan ia segituan. Konpaktoa “erre” eta guzti egin ninan: fijatzen bahaiz, seigarren kantak salto egiten din. Baina bazeuden disko batzuk, lehenengo sukar horren ondoren, xarma galtzen dutenak. Ez ditun higatu entzunaren entzunez, ez. Halako batean, derrepente, diskoaren ahulezia guztiez konturatzen haiz: lehengo doinu itsaskorrak errazkeria bihurtzen ditun, eta himno hilezkorrak iruditu zitzaizkinanak, garaiko modaren menpeko melodia prefabrikatu hutsak. Egun batetik bestera diskoa jartzeari utzi, eta oso noizik behin ekartzen dun gogora; are gutxiagotan jogailura. Halere, hori ere aitortu behar dinat, halako diskoetan beti zagon kanta bat, gainontzekoen errautsen artean osorik irten eta entzuteaz sekula nekatzen ez haizena: kanta horrek eramaten hau, gutxitan bada ere, CDa erreskatatzera. Disko honetan hirugarrena dun, “Edge of the Ocean”. Baina kanta bat besterik ez dun; kanta bakar bat.

Bai, Elenari halako zerbait erantzutea gustatuko litzaidake, baina ezin izan dut.

–Ez hadi sofismekin hasi. Ipuin hura idaztean buruan huena jakin nahi diat, besterik ez. Zergatik ipini huen “orduko nire neskalaguna”.

Isilik geratu naiz; eginda daude zizak. Bozgorailuetatik Ivyren kantariaren ahotsa iristen zaigu, xuxurlatuz ia: “Ohhh, we can begin again. / Shed our skin, let the sun shine in. / At the edge of the ocean / We can start over again. / Shaa lah lah lah lah lah lah lah sha lah lah sha lah lah / Shaa lah lah lah lah lah lah lah sha lah lah sha lah lah”.

Arrautzak kraskatzen hasi naiz.

[Biodiskografiak liburutik, Donostia, Erein, 2011]

long distance

1 thought on “Fikzioa

  1. Nere postekin loturak: Ficción | Oharrak & Hondarrak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s