Ursula K. Le Guinen hamahiru irakaspen

[Pasa den urteko irailaren 6an, artean beste distopia batean bizi ginela, Bilbon antolatu zen zientzia fikzio feministaren AnsibleFest jaialdiaren II. edizioan, Ursula K. Le Guin idazlearen inguruko mahai inguru batean parte hartu nuen Arrate Hidalgo eta Ana Moralesekin batera. Horretarako prestatu nituen materialen artean manifestutxo moduko bat inprimarazi nuen, entzuleen artean banatzeko, hausnartuta neramana laburbiltzeko-edo. Oharrak & Hondarrak blogean ipintzen dut oraingoan].

Konbentzituta nago Ursula K. Le Guin idazlearen karrerak eta lanak kontuan hartzeko zenbait lezio utzi dizkigutela, probetxuzkoak izan daitezkeenak hala bere jarraitzaileentzat nola, besterik gabe, uneren batean berarekin gurutzatu daitezkeen irakurle zein idazleentzat.

Hona niri, mahai ingurua prestatzen ari nintzela, eta Ana Morales eta Arrate Hidalgorekin edukitako ideia-trukeen ondorioz, bururatu zaizkidan batzuk.

1.- Berandu argitaratzen hastea abantaila bat izan daiteke. Egia da Le Guinen kasuan hori ez zela hautu kontziente bat izan, temati saiatu zelako, txikitatik abiatutako idazle bokazioari jarraiki, bere “literatura orokorreko” lanak plazaratzen, argitaletxeen ezezkoekin topo egiteko behin eta berriro. Baina lortu zuenean, zientzia fikzioaren alor ezkutuago eta (berarentzat) adeitsuagoan (37 urte betetzear zegoen lehenengo nobela argitaratu zuenean, Rocannonen mundua, 1966), hobeto hornituta plazaratu zen, eta berehala egin zuen gora, klasiko moderno bat bihurtzeko.

2.- Ez dago (azpi)genero literario txikirik: kontua da zer egiten duzun marko horrekin. Le Guin zientzia fikzioa argitaratzen hasi zenean genero hura azpiliteraturatzat jotzen zen, oro har; hil zelarik, eta ñabardurak egin daitezkeen arren, zientzia fikzioaren onarpena, Literaturaren familia barruan, askoz ere ezarriagoa zegoen. Le Guin ez zen horren erantzule bakarra izan, zer esanik ez, baina bai nagusienetako bat, nagusia izan ez bazen.

3.- Ipuina nobela bezain bide duina da sorkuntzarako. Zientzia fikzio alorreko egile estatubatuar askok bezala, ipuinak idatziz (eta aldizkari espezializatuei salduz) hasi zuen bere ibilbidea Le Guinek. Eta kontsagrazioa / profesionalizazioa nobelaren bitartez iritsi bazitzaion ere (ohikoa eta betebeharrezkoa den legez, horrek inolako justizia literarioarekin zer ikustekorik ez duen arren), ez zion sekula ipuinak idazteari utzi, eta bere lan nagusien artean kokatu beharko lirateke Haizearen hamabi aldeak (1975) eta Munduaren urtebetetzea eta beste istorio batzuk (2002) ipuin bildumak.. Izan ere, askotan bere nobelek jendarteratu zituzten kontzeptuak eta ideiak, ipuinetan izan zuten beren lehen hazia, edo ondorengo garapen zehatzagoa.

4.- Le Guinek fikzioaren, irudimenaren garrantzia azpimarratu zuen beti, literaturaren motor nagusi bezala, eta besteengana hurbiltzeko bide gisa. Garaiko estatubatuar literaturan nagusi zen errealismo arrunt eta maskulinoegiaren aurka “altxatu” zen, eta, nagusitan, behin baino gehiagotan kritikatu zituen ildo horretako itxurakeriak, adibidez fikzioa eta ez-fikzioa (biografia eta autobiografia barne) nahasteko joera ustez “berritzaileak”, idazlearen eta irakurlearen arteko ituna apurtzen zuten neurrian.

5.- Alde horretatik, idazle bereziki oparoa izan zen, bere ideien (ideia berrien) emankortasuna dela eta. Munduaren ikuspegia zabaldu zigun, irudimenaren tresnen bitartez, Le Guinek. Batzuek berak baino etekin (ekonomiko) handiagoa atera bazioten ere: George R. Martinen Tronu dema nobela (eta telesail) zikloa nekez existituko zen, Le Guinen Erbeste planeta nobela gabe (1966); ezta Avatar filma (J. Cameron), Munduaren izena Basoa da gabe (1972); ezta, ziurrenik, J.K. Rowlingen Harry Potter saila, Lurritsaso ildoko fantasiazko nobelak eta ipuinak gabe (1968-2001).

6.- Kritika eta autokritika beharrezkoak dira norberaren obra garatuko bada. Le Guinen lanetako asko polemikoak izan ziren, eztabaida eragin zuten (batzuetan gogorra), bera ere ez zen isilik geratzen zen horietakoa, eta jaso zituen kritikek eragina izan zuten bere hurrengo lanetan. Denborarekin pentsamendu feminista kontzientea bere obran irabazten joan zen protagonismoa horren isla argia da. Beti ere ahaztu gabe eragin hori elkarrekikoa izan zela, ezin delako ukatu feminismo(ar)en beraren bilakaeran Iluntasunaren ezkerreko eskua bezalako lanek izan zuten inpaktua (1969: bertan generorik gabeko gizarte bat irudikatzen du, Gethen planetakoa, gizaki anbisexualek osatutakoa).

7.- Idazlea irakurlea da oroz gainetik. Irakurle porrokatua izan zen gaztetarik, eta baita hurrengo urteetan ere: ez zen entzerratu, egile askok egin ohi duten bezala une batetik aurrera, bere obraren solipsismoan; hala, liburuak gomendatzen eta kritikatzen aritu zen idazle ezaguna bihurtu zenean ere (bere saiakera hautatuen bildumak halako bat baino gehiago jasotzen du, bere jardueraren alor horri ematen zion garrantziaren lekuko…).

8.- Ideiekin, eta, batzuetan, are ideia arriskutsuekin jolastu arren, idazlea ez da ideologia sortzen eta bere irakurleei inposatzen dien pertsona bat, Le Guinentzat, askatasunez aritu eta, batik bat, galderak planteatzen dituen norbait baizik. Esploratzaile bat, eta ez esplikatzaile bat.

9.- Alde horretatik, dogmatismo(eta)tik ihes egin beharko luke fikziozko idazleak: horrela soilik izango da aske eta, ondorioz, eraginkor/oparo. Le Guinek berak zioen bezala, “Istorio bat sortzea edo manipulatzea istorioaren beraren kanpoko xede baten baitan (…) obran konfiantzarik ez izatea da, hari begirunerik ez izatea (…). Idazleek injustiziak zuzentzeko asmoa izan dezakete, edo izugarrikerien testigantza eman, edo besteak konbentzitu beren ustez egia den horretaz. Baina helburu kontziente horiei haien lanaren kontrola hartzen uzten badiete, azken horren irekitasuna eta ahalmena mugatzen dute. (…) Arteek sekulako gaitasuna daukate giza erkidegoak eratzeko eta kohesionatzeko. Kontatutako eta idatzitako istorioek, zalantzarik gabe, besteak ulertzeko balio digute, eta baita munduan dugun lekua ulertzeko ere. Erabilera horiek berezkoak dira artelanean, haren parte intrintsekoak dira. Baina, ziurtasun osoz, edozein helburu definitu, kontziente edo objektibok esentzia hori ilundu edo deformatuko du”.

10.- Hala ere, horrek ez du esan nahi idazleak kritikoa izateari utzi behar dionik, inguruarekin, edo sistema  politiko eta ekonomikoarekin. Le Guinen lana, hasieratik, oso konprometitua da, eta baita bere eguneroko bizitzako jarduna ere (Stanislaw Lem idazlearekiko elkartasunez sari bati uko egin zionean bezala, edo Sari Nazionala jasotzean bota zuen diskurtso antikorporatiboak frogatzen duen bezala).

Baina, esan bezala, ez zion konpromiso horri utzi bere obraren kontrola hartzen.

11.- Aniztasuna problematikoa izan daiteke (bere lan askoren muinean dago, eta korapilorik sortuko ez balu istorioak ez luke funtzionatuko, maiz), baina balore positibo bat da: gai batean laburbildu beharko bagenu Le Guinen obra, aniztasunaren gorazarrea izango litzateke hori. Berak idatzi bezala, “gure diferentzia gure edertasuna da”.

12.- Umorea ez dago inoiz soberan. Batzuetan oso agerikoa ez bada ere (tragiko eta poetiko jartzeko bere joera ezaguna baita), badago lurrazpiko soka bat bere obra osoa zeharkatzen duena, eta horixe burlaizezko umore arin bat dela esango nuke, gauzei buelta emateko, azpiak ateratzeko ahalmena duena, eta (agian) ipuinetan ageriago badago ere, nobeletan ere, batez ere “antropologikoenetan” filtratzen dena. Eta, gehienetan, gure gizarteetan horren ohikoak diren portaerak eta eskemak zalantzan jartzea helburu duena.

13.- Idaztea gauza handia da (sortzea itxarotea eta lan egitea zen batik bat Le Guinentzat), baina ez da neurrigabe goretsi behar: sortzailearen mito tragikoaren aurka zegoen, oso osasuntsua iruditzen zaidan zerbait. Horren harira, Virginia Woolf aipatzen zuen Le Guinek: “Zalantza egiten dut ea idazleak heroi izan behar duen. Zalantza egiten dut ea heroia idazle izan daitekeen”. Amatasuna eta idazketa uztartzeko bere ahalegina, ikuspegi kritikoa alde batera utzi gabe, baina dramatismorik eta feminismoren batetik egindako arbuio batzuei jaramon handirik egin gabe, testuinguru horretan ulertu beharko litzateke, adibidez.

uklg

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s